• hurrengo geltokia?
    gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi

    Hurrengo geltokia

    Eta halako batean fisioterapeutak bizkarreko minaren zergaitiaz jakiteko, galderak egiten dizkizu. Bizitzaz. Lanaz. Erritmoaz… eta mina arindu beharrean kezka eragiten dizu. Bizkarretik burura.
    Gero hazurrak, eta bestelakoak bideratzen saiatzen da. Minak ekarriko du atsegina. Ekaitzak barea.
    Eta galderak zeure buruari. Kezkak irakuten du. Minak ere bai.
    Ezer ez da kasualitatea. Jezartzen zaren aulkiak, bileren edo lan ildoen dinamikak, kilometroek, autoaren gaitasunak, egoera ekonomikoak… denek eragiten digute, buruan, gorputzean…. edota bihotzean.
    STOP jartzen duen seinaleari so, gelditzea erabakitzen duzu. zedaelpaso bat izan zitekeen, laburra, azkarra… edota geldiune bat. Pausatuagoa.
    Orduan, orduak. Gauak eta egunak. Asteak. Buruhausteak.
    Zirt edo zart. Bart pentsatua, zelan adierazi gaur. Bilerak. Tentsioa. Borondatea eta aurrera begirako kezkak.
    Erabakia hartu eta gauzatu. Bukatu da, norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da, funtsezkoa aurrera egiteko. Estrategikoa esango lukete gidariek, beharrezkoa bidailagunek…

    Norabide aldaketa

    Lanbideren bulegora joatearekin batera, paper mordo bat daramatzazu eskuan, bateko eta besteko. Eta gehiago behar dituzu beharbada. Atsegin osoz mintzatzen zaizkizu bertakoak, ilarak daude. Aurpegiak. Jendea. Derrigorrean lanik gabe daudenen pare, lana uztea erabaki duenaren lotsa. Aurrez aurre.
    Hala ere, ondo egin dizu etenak. Kioskora lasaiago zoaz egunkarien bila, informazioa beste modu batera jasotzen duzu orain, rss jarioek ez zaituzte itotzen, eta twitter sareari ere… tarte atseginagoa eskaintzen diozu. Txikienek ordu eskaintza eskertzen dute, etxekoek orduak -eta otorduak-, norberak bizitza zer den dastatzen duen unean konturatzen da urratsaren balioaz. Eta ez da damutzen, ez horixe.

    Eta orain zer?
    Ikasi, ikasi eta ikasi. Formazioa, aurrera jarraitzeko. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste Nelson Mandelaren aipamen euskaratu hauek.
    Eta formazioari ekin diot. Ikasteko premia somatzen dut, nigan bezala inguruan. Jakintza partekatzea, sozializatzea da hurrengo helburua. Ezberdinak lanean jartzea, indar egitea, proiektu berriak sortzea, etorkizuneko erronkei gaurdanik heltzea, orpoz orpo, eskuz esku… bideak esango.
    Bideak dira interesgarrienak, prozesuak. Eta prozesuak, partehartzea, irekitasuna zelan landu hausnartu, pentsatu, asmatu, ikusi, ikertu, garatu..

    Horretarako zer?

    • Formazio teknikoa (html5 funtsezkoa)
    • Formazio ideologikoa (ekonomia soziala, berrikuntza eta identitatea)

    Eta horretan aritzeko gogoz. Uda gozatu eta bideak erakutsiko du zuzenena hartua dugun. Bideari helduta, beraz.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    neurri ttikiagoan, smart blogetan

    Horrela ei gabiltza. Laburrean, puntuari erantzuten, neurri ttikiagoetan.
    Sare sozialetako mezu laburrek, telefonoetatik heltzen zaizkigun albiste arinek, azkar irakurtzen diren berrietan murgiltzen gara orain.
    Sakontasuna zuloa da, zorigaitzez.
    Eta gure gogoetak azkar botatzen ditugulakoan… jarraitzen dugu gero mar marrean.
    Ez gaude kalaka edo eztabaida jantzietarako… eta hori da gero gure patua.

    Hona heldu bazara, jakizu beste hauetan dagoela egon gure jardunik loratsuena.
    gaztelumendi.org | ekultura.net | @iptx | facebook/gaztelumendi …

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Idatzi, sortu, ibili, zabaldu… eta erantzun

    Pantaila aurreko orduak emankorrak izaten dira. Irakurtzeko, esateko, erantzuteko, ikasteko… edozertarako.
    Batzutan, isiluneak luze joaten dira. Eta ematen du ez gaudela, ez daukagula zer esan… zer eskaini.
    Bestetan, eduki arren, gogotsu ibili arren denbora barik ibiltzen gara, eta ezin bota, ezin esan, ezin adierazi.
    Bestetan gogorik ez agian, edo lotsa, edo begirunea… auskalo.
    Baina, idazteko gogoagaz nabil asteon. Badaukat zer esan, zer kontatu, zer idatzi…

    Literaturia
    Aurreko astean, Literaturiaren osteko shockarekin nenbilen. Eta ez nekin zer idatzi be… ikusten nueulako, ikustarazi zigutelako… historikoa izango zela azoka hori, elkarretaratze eta literaturaren inguruko asteburua.
    Asko ikasi, gozatu, ikusi, entzun, dantzatu eta parrandatu genuen, eta etorriko dira berriak.

    HautEZkundeak
    ekainaren 7a noiz izan zen? Europa, zer da hori? Ondo zenbatu al zituzten ordukoak. Lapikoak sutan daude geroztik, eta #pucherazo etiketa erabiliena izan da twitter eta sare sozialetan. egianahidugu.org sinaduraz estaltzen ari da dagoeneko… Europak entzun beza, espainiarrek entzun gura ez dutena.

    Blogalizazioa
    Eta tarteka, blogen inguruan berba egiteko gonbidatu naute Gasteizko Hala Bedi irrati librean. Euskal Herrian dugun irrati libre txukunena da Hala Bedi, eta pozik hartu nuen gonbitea. Iraide izaten da mikrofonoan, eta solasaldi atseginak izan dira orain arteko biak. Zebrabidea euskarazko magazinea da arratsaldero eta pentsatu lokalki / eragin globalki filosofia edo goiburuarekin ari gara ostegun arratsaldero.

    euskal pop gizartea
    Baina ilusionatuago nabil oraindik UEUrako lagun musikazale batzuen artean montatu dugunarekin. Nik egia esan, saio pratikoetan lagundu, irrati txiki bat montatu eta Interneteko kontuekin lagunduko dut… euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla? galderari erantzun gura diogu hiruzpalau egunetan.  Udako ikastaro bat da.
    Iruñean hasiko da, UEUren hiriburua nolabait, Mikel Laboak ikasketak egin zituen hiria…  eta Lekeition jarraituko du. Hondartza, txankletak, lekeitioak, musika, uda…  ulertuko duzue ezta.  euskalpop.mundua.com horretan ari gara, eta zuretzat ere badago lekua. erdu gugaz eta egin dzanga musika popularraren gaineko ikastaro teoriko/pratiko honetan.

    pottdata

    Uda etorri behar da, atea jotzen ari da… eguraldia lagun, bideak, errepideak, lana, pantailak, izerdia… gehiago edo gutxiago idatzi, irakurri eta entzun, sortu, zabaldu… zeozer egingo dogu, ez gara geldi egongo… ez gara ahaztuko. Zuek be, lantzean behin kontatu zeozer. emailez, twitter bidez, facebooken edo blogeko erantzunetan. Txoznetako zaratak ez badizue uzten, belarrira esan….