• ikusi eta ikasi,  software librea

    Hiztegia bete berba bueltan

    Atzean geratu da BXL. Fosdem ekitaldi jendetsu bat izatetik, etiketa bilakatu dugu sarean. Berdin flickr argazkietan, twitter-eko mezuetan edo blogetako kroniketan.
    fosdem 2009
    argazkia: polzme cc lizentziarekin

    Niretzat baina, berba esanguratsuz betetako hiztegia izango da aurrerantzean Fosdem 2009.

    Domeka iluntzean, hegazkinaren zain geundela zera galdetu zidan Julenek –Zer, ikasi duzu zerbait? eta baiezko borobil bat egin nion buruarekin. Eta hegaz hausnartutakoa, etorri zait behin eta berriro gogora.

    Antolaketa: Benetan bikaina. Autoantolaketa, irekia, partehartzailea. 5.000 lagun, ehundaka hitzaldi, arazo bat bera ere ez. Wifi libre eta irekia gela eta areto guzti guztietan, seinalizazioa, kezkak, mahaiak, informazioa, jatekoak, edatekoak… itzela. Lehen egunetik harrituta.

    Askea/irekia: Libre izendatzeko modu ezberdinak, partehartzailea, kodetik eremu fisikoetara. Lan egiteko moldea, informatzeko modua, bizitzeko era.

    Berrikuntza: Gurean ez bezala, maiz aipatu zen terminoa. Teknologiarekin ustez parekatuta dagoena, enpresa munduan gehiegi darabiltena. Gure diskurtsoetara txertatu beharrekoa. Pratikak erakutsiko diguna.

    colective creative: sorkuntza kolektiboa. Komunitatearen sorkuntza garapena. Alde grafikoa, mezua, komunikazioa, kanpainak garatzeko orduan. Jhon Slate zuzendari kreatiboak bultzatu duen ekimena.

    Garapena: Garatzaileak batzeko ekimena izanik, komunitatearekin batera jorratzen den arloa. Datozen berrikuntzak jendaurrean aurkezteaz gain, partehartzaileekin hurrengo garapenak proposatzen eta eztabaidatzen, modu irekian.

    Komunitatea: Bisualizazioa. Europa mailakoa. Milaka lagun, helburu antzekoak, lan esparru ezberdinak, topaketa batean. Sareen garaian, ezinbesteko terminoa.

    Mozilla: Software librearen eremuan, arrakastatsuena den ekimena. Jende aldetik, bere hitzaldi eta tailerrak ere oso jendetsuak izan ziren. Gure esparruan, lokalizazioak eta eguneraketetan oso present dagoena, interesgarria aurrerantzean jorratu gura dituen ildoak. Interesez jarraitu nituen hitzaldi eta aurkezpenak. Aurrerantzean sakontzeko asmoarekin. mozilla-europe.org gunean, euskarak presentzia normalizatua dauka, erakargarria.

    Open Web: Firefox eta gehiago. Datorren termino berri bat, erabili ez ezik, zabaldu eta edukiz bete beharko duguna. Zer da web irekia? gogoetak egin beharko ditugu horretaz.

    open source marketing: marketing cafe batean parte hartuta ezagutu nuen terminoa, jarrera. Kode irekiko softwarea dagoen lez, marketing eremura luzatutako kontzeptua. Kode irekiko marketinga. Interesantea, jorratu beharrekoa. Mozillakoek abiatu dute ideia, ea zer ematen duen.

    Partehartzea: ezinbestekoa horrelako saltsa batean. Informazioaren aroko oinarria. Horizontaltasuna, irekiera, arrakastaren giltza, bidea.

    Software librea: mundu oso erakargarria, bizia, dinamikoa. askea eta beharrezkoa.