• agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Plateruena, XXI. mendeko kulturgintza berri baterako oinarri

    Kooperatibaren amaiera

    Orain arte ezagutu dugun Plateruena kudeatzeko ereduaren amaiera ekarri du bart ezagutu genuen albisteak. Plateruena desagertzea.
    Egoera ekonomiko larriak, ekarri du kooperatiba desagertzera eramateak. Langile eta bazkideen batzarrak erabaki du.
    Eta langile/bazkide/kulturgile/ekintzaile kooperatiba horretan eredu izan da. Sortu zen momentutik bertatik.
    Eta gardena izan da azken unean ere.
    Anboto Durangoaldeko agerkarian informazioa zabaldu zen lehen unetik, eta Igor Elortza bertsolari durangarrak ere datuak jarri zituen sare sozialetan, aspaldiko isiltasuna hautsiz twitter sarean. Biak ala biak, eskertzeko modukoak.

    20 urteko ibilbidea. Berbaro hura gogoan

    Durangoko alde zaharrean kokatuta zegoen Berbaro taberna ezagutu zuenetakoa naiz. Orduko kontzertuak gogoratzen ditut. Giroa. Gorakada. Gogoa eta ilusioa. Gertutik ezagutu nituen tabernari eta kudeatzaile boluntarioak. Eta beraien eredu berritzailea. Gehiago egiteko gogo hura.
    Plateruena proiektua sortu zen gero Hutsetik. Huts hutsetik… ilusio ikaragarriarekin. Auzolanaren zentsu pratikotik. Inplikaziotik. Zabaltzetik. Bilbon funtzionatzen hasi zen ereduaren bidetik. Eta lan asko. Asko. Eta euskal kulturak ikusgarritasun, pratikotasun eta dinamika foko berri bat piztu zuen beste eskualde baten. Ekonomia, kultura, herri mugimendua, dinamika soziokulturala… eredugarri. Durango, urte osoan kulturaren erreferentzia. Nazionala. Lokala.

    Bidea -baina- ez da amaitzen

    Etena dator orain. Ezina. Ekonomikoki. Kultur zikloa oso ondo bete du Plateruenak. Fase ezberdinak izan ditut, prozesu ezberdinak. Baina eredugarri.
    Igor Elortzak publikoki emandako datu hoiek kudeatzea zailagoa izango da kultur programazio eta produkzioa sustatzea baino, bistan denez.
    Baina Plateruena espazioaren beharrizanak bere horretan jarraitzen du. Beharra dago, eta espazio hori edukiz, kulturaz eta jendez nola bete berrasmatu beharra dago. Hemen eta orain. Beste behin.
    Lokalaren jabetza -duela 20 urte baino askoz balio gehiagorekin, bidenabar esanda- Durangoko udalarena da. Plateruena kooperatiba -eta bere zorrak- desagertu egingo dira.
    Eta pliego berri bat, eredu berri bat, kafe antzoki berri bat bersortu beharko da hemendik laisterrera. Eta horrek ematen dit baikorra izateko esperantza. Orain arte ikasi den guztiak ekarri dezakela Durangorako alternatiba berri eta on bat. Behar beharrezkoa.

    Antzokien eredua: Ostalaritza eta kultura

    Bilboko kafe antzokia sortu zenean, eztanda egin zuen gure kulturgintza osoak. Eredu eder bat sortu zen Bizkaiko hiriburuan. Hiria, gaua, kultura, hizkuntza, ostalaritza… funtzionatzen hasi zen. Lehertzen. Ikaragarria izan zen hastapena eta osteko garapen guztia. Eredu berri bat kulturgintza osorako. Euskaratik abiatuta gainera. Hiriaren basamortua. Panorama kulturala -batipat musikala- gogor astinduz.
    Eta hainbat kafe antzoki sortu ziren han hemenkda. Ondarroa, Elgeta, Durango, Bermeo…. eta proiektuak ere ugari, han hemenka.
    Itsasoa baretu da. Hainbat ekaitzaldi izan ditu. Bilbokoa, gaur gaurkoz itxita dago COVID 19 gaitzaren erdian. Noiz zabaldu ahal izango duen zain gaude guztiok. Besteen garai onenak joan ziren.
    Ostalaritzak sustengatu behar izan du kulturaren zama. Eta egiturarena. Langileak. Lanpostuak. Egunak ta gauak. Inbertsioak. Krisiak bata bestearen atzetik, eta azken pandemiarena… itzela.

    Publikotik haratago, ez dago beste eredu iraunkorrik?

    Gure herrian egitura publikoetatik landa, instuzioetatik haratago, hainbat eredu landu izan dira. Baina orain eredu hauen iraunkortasuna bilatu behar da. Ekonomikoa batipat.
    Kulturgintzan egin den ekarpena izugarria izan da. Ekonomian ere ez dira txarto ibili ahal izan duten luzaroenean.
    Baina agian eredua ahitu da. Soziala, kooperatiboa, partehartze publikoa, ehun sozialaren babesa, kulturgintzaren inplikazioa.. oraindik formulatu beharra dago. Berrasmatu. Eta ekin.

    Unai Iturriaga Euskadi irratian: Orain arte heroi batzuek mantendu dute kulturaren ikusgarritasuna

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Herri bat

    herribattxikia bizia alaia gogorra euskalduna eta kementsua.
    Atzo, gaur eta beti.
    2014ko maiatzaren 3a bereziki gogoratuko dogu larrabetzuarrok, inposaketaren kontra eta gure nortasunaren alde garen moduan agertu garelako, ez besterik.
    Herri giroa, alaia eta kementsua. Herritar guztiok. Ezkerreko eskumako handi eta txiki, kolore guztietakoak, adin guztietakoak plaza baten batuta. Argazkiak ikusi eta txunditzeko modukoa. Herrigintzan gabiz, Urkijok behartuta.

    2014ko maiatzaren 3ko argazki bilduma: gurea ikurriña
    Informazio gehiago: larrabetzutik.org

  • ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Uritarra futbol taldea herrigintzan

    euskaraz eta koloretan aluzinatzen

    2013 / 2014 denboraldiko kromo albuma atara barri du Uritarra futbol taldeak gurean. Herriko neska mutiko, gaztetxo eta futbolari nagusien talde guztiak… ehunetik gora jokalari kromoetan. Euskaraz eta koloretan.


    Argazkiak.org | Uritarra futbol albuma © cc-by-sa: gaztelumendi

    Eta orain, herriko gazteenek Mitxilota dendan, Gazteleku -Uritarraren taberna eta egoitza soziala- edota herriko estankoan bere lagun, auzokide eta ezagunen kromoak erosiko dituzte. Kolekzioa egin, izen abizenak ikasi, aurrelari atzelari atezain edo erdilari diren ezagutu, kromoak aldatu, etxekoei erakutsi, gogoratu eta gorde ahal izango dituzte

    Etxean aitite amomak non noren semea den, beste haren alaba edo suinaren neskatoa, haregaz dabilen horren lagune ete dan asmatu ahal izango dute. Eta gure herriko kontaketa egiteko tresna bat gehiago, album bat gehiago… herrian sortu eta garatutakoa. Herrigintzan. Euskaraz eta koloretan. Behar duen bezala.

    Zorionak Uritarra! Zorionak Udala, Xaker kirola, Hegoalde enbalajeak eta Petralanda eraikuntzak laguntzaileei ere.


    Argazkiak.org | Uritarra San Mamesen © cc-by-sa: gaztelumendi

  • hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Tomas Ordeñana eta PNVren estiloa zatika jausten hasi da Larrabetzun

    eraikuntza

    Ez dakigu etxebizitza sozialak desprestijiatzeko, dirua barra barra irabazteko edo txapuzak egiten artistak direlako… baina Tomas Ordeñanaren -aurreko legegintzaldietan PNVko alkate eta herrian jaun eta nagusi- aroak, oraindik zeresan asko ematen du gurean.
    Hemen ikusten dugun argazki hau, aste honetan bertan herrian ateratakoa da. Etxebizitza sozialen kalitatea, txapuzaren maila ikusteko nahiko adierazgarria.
    Errezena errua norbaiti botatzea da, baina erruaren atzean zer dagoen aztertzea be interesgarria litzateke.
    Etxe hoietan bizi direnek bakarrik dakite zelango desastrea den guzti honen atzean dagoena. Etxe hoien promotorea Pelaez ezaguna -eta inon agertzen ez omen dena- izan zen. Pelaezek dakizuenez, hainbat txapuza historiko egin ditu gure herrian -Golfa, Hotela, Hormaondo jatetxea, etxebizitza batzuk, hainbat zor, hainbat iruzur…- guztiak orduko herriko alkatearen, baimen konplizitate eta laguntzarekin.
    PNVk gainera, guzti horrek herriari ekarriko zizkion onurak gogoratzen zituen behin eta berriro.

    mirilla hoy 1.jpg
    Argazki honetan Tomas Ordeñanaren ondoan dagoen pajaro hori da Pelaez. Eskumatik hasita (nondik ostantzean) bigarrena da Tomas Ordeñana, eta bere aldean dagoena (hirugarrena) Txema Pelaez mafiosoa (janzkera ikustea besterik ez dago).

    Iturrikoetxeko etxebizitza sozialak, nahiko barriak izan arren, hasiera hasieratik arazo asko ematen ari dira. Zein da kontua baina? Ez dagoela ardura hartzen duen enpresarik orain. Pelaez ez da inon ageri, ez dute inon topatzen, ez da ez delitugile ez iruzurgile. Eta gainera Tomas Ordeñanak ez dauka ezelango ardurarik orain.

    zer egin orain?

    • Zer egin behar dute bertan bizi direnek?
    • Zer egin beharko luke udalak?
    • Zer gainontzeko herritarrok?

    Ez da batere erreza orain esku artean daukagun arazoa. Ardurak ardura, egoerari irtenbide ahalik eta duiena eman beharko litzaioke orain. Egoeraren arduradunak ez dira etxe hoietako jabeak, ez horixe, eta behin eta berriro beraien gainera erortzen ari da zama guztia -hor bizitzeaz gain, gastuak gero eta handiagoak dira-.

    Herritarrok ere, gehiago arduratu beharko genuke gure herrian gertatzen denarekin. Eta oraingo udalak -nahiz eta ardura politikorik ez eduki horretan- neurriak hartu eta konponbidea bilatu beharko luke, nahiz eta ez asko gustatu eta bere ardurapekoa ez izan. Desgrazia bat gertatzen denean, aurre egin behar zaio egoerari. Eta gure herrian aurreko legegintzaldietan gertatutakoa desgrazia handia izan da bai, herritarrek erantzun dute, alternatiba bilatu dute… baina alternatiba horrek orain eraginkorra izan behar du, gustatu ala ez gustatu.

    Etxebizitza sozialak ezkerreko planteamendu batetik bideragarriak, egokiak eta txukunak izan behar dute, bizitzeko eta eredu sozial bat aldarrikatzeko. Horregatik, ezkerreko ikuspegi batetik… etxe hoiek ahalik eta duinenak izatea, herritar guztion ardura be bada… aurrerantzean ere, herritarren neurrira egokitutako politika sozialak bultzatzen jarraitu ahal izateko.

    EZtaBAIda soziala beharrezkoa da, alternatibak aztertu eta egoerari guztion artean erantzutea beharrezko da; herritar, udala eta auzokideak.

  • agit/prop,  literatura,  maitatasunetik,  musika

    Durango ugari

    Aurrekoan lagun batek, Durangorako joan etorriak urteetara ekartzen zituen. Mende laurdena urteroko zitan. Eta gogoetan jarri ninduen. Noiztik?
    Eta txikitako oroitzapena datorkit. Ikastolatik autobusean, atentatua Erletxetan. Liburu eta diskoak.
    80. harmakadako Andramari elizpeko diskoak eta estetika gogoan dut, Tijuan in Blue eta Potatoren diskoaren inguruan Soinuakoen estand hura, Kortaturen aizkolariaren posterrak, Hertzainaken kartel marroi handia, lehen diskoarena.
    Akerraren fisika liburua nire diruarekin erosi nueneakoa.
    Arkeologia esaten diote horri. Oroitzapenak. Aititerena egitea, gerra kontuetaz berbetan.
    Eta urteak joan urteak etorri, abendua, nobedadeak, musika eta letrak. liburuak eta diskoak besapean, diruak xahutu eta urte berriari ekin diogu, behin eta berriro.
    durengo

    Liburu artekoak

    Eta bapatean konturatzen naiz, liburuak saltzen 20 urte eman ditudala konturatu barik. Eta aurten ere, gogotsu aritu garela Twist edo Egarri egunak portualdean, Kartzelako poemak eta Scanner, Zaharrak ez zuen hil nahi eta Zamaontzia jendearen eskuetan jartzen. Eta aupa, eta kaixo, eta zelan, eta zu be bai, eta musu bat eta besarkada beroak, eta joandakoak, eta etorri datozenak.
    Idazle berriak, lagun zaharrak. Belaunaldiak eta ostekoak.
    Poza eta ilusioa ere egiten digu Durangoko azokak. Ez da liburuengatik bakarrik, ez dira doinua eta berbotsa soilik. Badago beste zeozer. Herrigintza zela pentsatu izan dut beti, baina badago beste zeozer be…. lagunartea, jendea, keinuak, bat izate hori, etorri, joan, elkartu, aldarrikatu, erosi, irakurri, egon, sentitu…. eta agian bai, herrigintzaren zati da hori. Herri gara. Eta herri osoa karpa baten azpian sartzen dugu agian; ahots, soinu, letra, irudi eta amets.
    Zer litzateke gure herria Durango barik?
    Durango gara gu ere, han ez gaudenean ere.
    eskerrik asko guztioi.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    herrigintza

    Aspaldiko berba da gurean. Herri kandidatura izan zen 1979an Larrabetzun. Eta 26 urte besterik ez zituen Jose Antonio Lekuek udaletxea gobernatu zuen beste 5 lagunekin batera. Lau urtez. Ordukoak gitxitan kontatzen dira. Egin beharko da errepaso bat. Horrenbeste urte igaro eta gero.

    Baina herrigintza, kandidatura bat eta asko baino gehiago da. Jarduteko modua da. Aukera bat. Bizitzeko modu bat ia ia. Eta horretan ari gara aspaldion 2.000 biztanleko muga gainditzear duen herritxo honetan.

    herrigintza sortzen garatzen laguntzen ikasten

    Eta horrek kezka ugari sortzen dizkigu, eta kontraesanen bat edo beste, eta nekea, eta ilusioa. Harrotasun apur bat, harrokeria batzutan, eta jarraitzeko indarra. Eta adorea.

    Herrigintza bizi dugu, umorez, gogoz, kritiko, sortzaile, kamuts, interesante eta baldar.

    Herrigintza da hirigintza, urbanismoa. Herrigintza da kultura eta hizkuntza eta kirola eta herrriko ekonomia. Baserriak eta soloak, basoak eta kale bazterrak, errekako ura eta fabriketako kea. Umeen geroa eta jantokiko janaria, gaztetxeko oihuak eta jubilatuen dantzak, bizikleta karrera eta mendi irteerak, futbola eta minbizia, wifi konexioak eta plazako iturria.

    Herrigintza da herri bat bizirik mantentzeko giltza. Funtzioa. Soziala eta politikoa.

    Herrigintza da azoka bat, jai bat, asteburu bat, ikasturtea, logurea eta biharamuna.

    Herrigintza danok gara, zu eta biok, gu, harek be bai, eta besteak. Danok beharrezko eta danok bakoitza beretik. Herrigintza da etorkizuna. hemen eta Euskal Herrian. Zorionez. Zorionak!

    literaturia | hori bai | larrabetzuko eskola | informazioa | komunikazioa | udalgintza | kultura eta kirola

  • larrabetzutik

    Herriko eskola eta Hori Bai auzolanean

    herrigintza oinez ikasten da

    Herri giroaz berba asko egiten da. Giroa eta herrigintza zerutik eroriko balira lez. Giroa sortu egin behar da, saiatu, baldintzak bilatu, eragin, proposatu, egin, lagundu.
    Gurean aspaldion, giro itzela dabil. Ekimen ugari eta ezberdinak ari dira sortzen, eta sarritan ekimenok alboko indarrak ere baliatzen dituzte, aurrera egiteko.
    Herri bizia da gurea, bizirik egoteko arnasa ondo hartu behar da, ez da geldirik egon behar, eta lozorroan geratzeak be, ez dakar bizitasunik. Bizitza gimnasia ere bada, herrigintzan ari garela, eta aspalditxo honetan oso adibide onak eta joriak ditugu.
    Larrabetzutik oinez
    Asteburukoa izan da horretarako aproposa.
    Ikusi dugu zelan herri baten, gurea bezalako herri txiki baten, belaunaldi ezberdinen arteko lana, auzolana posible den. Eskolako ikasle eta gurasoak, gaztetxeko kideak, belaunaldi ezberdinetakoak auzolanean. Zer eta herria ezagutzen, basoan kantari Olentzeroren bila, auzoz auzo berbetan edo Hori Bai gaztetxean Olentzeroren kartelak margotzen.
    herriko gaztetxoak Hori Baien

    Larrabetzuko eskola eta Hori Bai. Eredugarri.
    Baina auzolanaren logika horretan, herrian badaude adibide gehiago be, eskola eta herriaren arteko harremanaren eredu.

    • Eskolako jantokia eta Gurpide elkartea be batera ari dira baserriko produktuak bultzatu eta kalitateko menuak prestatzen.
    • Literatura Eskola eta guraso elkarteak, Literaturia egunetarako Literaturiatxue prestatzen dute elkarrekin, eta bi urtetan oso emaitza politak eman ditu.
    • Txorierriko AEK (txepetxa euskaltegia) eta gurasoak be, egin beharrekoak eta bi ari dira egiten, guraso guztiak euskalduntzeko lanean.
    • Kukubiltxo antzerki taldeagaz, hartuemona dago, eta antzerki tailerra martxan jarri da ikasturte honetan, eta astelehenero, bi talde Josu Kamara lagun eta maisu dutela ari dira antzerkigintzan murgiltzen, lau bost sei urteko neska mutikoak denak, bihar etziko antzerkizale edo antzerkilariak izan daitezkenak.
    • Bertso eskola eta ikasleen arteko harremana be, aspaldikoa 20 urte baino gehiagokoa jadanik, eta gaur egun Etxahun Lekue aritzen da eskolan, bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzen. Duela 20 urte, ni neu Etxahun eta beste ume batzuekin aritu nintzen bezala.