• ikusi eta ikasi,  literatura

    Askotariko zapalkuntzak

    Bisita bat. Joan etorriko bidai bat. Paris. Aspaldiko lagun bat. Eskutitzetatik aurrez aurreko bisitara. Laguna. Lagunak. Harremanak. Egoerak.
    Turista klasea kronika bat da. Talegora joan etorria ez da aitzakia bat, leit motiv nagusia da. Baina ez da dena. Han, han asko dago. Paris. Txiletar lagunak. Eta zapalkuntza asko. Ezberdinak. Askotarikoak. Izan daiteke trenean, edo Pariseko karriketan. Izan daiteke lantokian. Kalean. Emakume izateagatik, edota zapaldutako beste kolektibo batzuetakoa izateagatik (lgtb+), baina gure ikuspegitik, gu geu geratzen gara agerian.
    Abiadura handiko tren bateko bidaiaren kronika da, hiri handi bateko taupaden hotsa somatzen da, kartzela handi bateko bizipenak ageri dira… guzti hori koktel batean lehertuko zaizu, eskuartean. Letra artean.
    Kattalin Minerrek kapitulu labur laburrak egin ditu, baina azken parrafoetan beti dago kolpe txiki bat. Eta hurrengoa irakurtzeari ekingo diozu, gogo berdinarekin.


    Bi jezarrialditan irentsi dut kontakizuna. Eta gehiago jakiteko eten nuen bezperakoa. Pedro Lemebel nor zen ezagutzeko gelditu nintzen. Kantuak, elkarrizketak, argazkiak eta beste bildu nituen. Arnasaldia izan zen niretzat.

    biharamunean

    Bigarren jezarraldian, eguzki izpiak eta Anariren musika lagun… kapitulu pare bat gordeta eten dut irakurketa. Eta bukaeran, musika gehiago. Azkenean playlist bat osatzeraino. Ni ere, non je ne regrette rien kantuan hasi naiz Edith Piaf abeslariarekin batera. Ederra!

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    Udan ez dago etenik

    • Ideiak sortzeak eta ideien garapenak udan ez du etenik. (i+g)
    • Komunikazioaren gerrilla freskotu egiten da hondartzan, pankarten brilloa nabarmentzen da eguzkitan… grafitiek kolore biziagoak behar dituzte egun eguzkitsu zein lainotuetan.

     

      • Harean margotzen dute gorputz biluziek, txoznetan pankartek estaltzen dituzte zuloak, irratietan saio freskoagoak egin nahi dituzten arren, berunezko gaiekin ari gara oraindik…
      • Ideia zoragarriak sortzen dira, gurean bezala munduko beste leku batzuetan: #yeswecanvies


    #yesWeCanvies

    Oporretan, lan barik, letra eta kantu artean jarraitzen dugu oraindik: bietan jarrai. Bitartean, Gazako gorputzen gainean suak darrai, lurra txikitu eta jendea erruz hiltzen ari dira. Eta munduaren beste erdiak erasoa gelditu ezinik, elkartasuna erakusten dio Palestinari, herriari, herri izan nahi eta uzten ez dioten horri. Hemen Urkullu bezalakoek txorradak esaten jarraitzen dute, txistua jotzen dute ekitaldi ofizialetan eta nazioarteko bakegileak atenditzeko astirik ez dute izaten.

    Eta guk irratian, horretaz guztiaz berba egiterik besterik ez daukagu, udako saio fresko izan nahi duen horretan. Karelean, info7 irratian.

    Hau guztia eta gehiago da uda, ez dago etenik. Ez ur etenik, ez su etenik. Atxiloketak hemen, bonbardaketak han.


    Bakegileak nazio artean bidaiatzen. Gu hondartzan etzanda. Tertulianoak oro jakile. Kazetariak galduta. Iparrorratzen garaia behar luke honek.

     
    udagiro
    Uda gerra da, beste modu batera, beste eguraldi batekin. Guztiontzat.

    breaakaway_1
    agit/prop 2.0

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Udazkenean murgilduta

    Eroriko dira hostoak, paisaia berriak parez pare.
    Ikasturteak normaltasunean murgilduta.
    Telebistak eta ikusleak futbol ligak zelan ordaindu pentsatzen.
    Ziklo politiko berria hasi nahi dute batzuek eta egurra zelan eta non banatu petsatzen besteak.
    Udako eztabaida bukatu du ETAk eta udagoienean besteek zer egingo/esango begira.
    Ikurriña batekin estali du burua alderdi jeltzaleak, eta Ibarretxe urrutitik mintzo da.
    Bidasoa igerian igarotzea errazagoa da Beratik Hendaiara bitarte dauden polizia kontrolak pasatzea baino.
    Arrasaten dena dago debekatua lana izan ezik. Eta Maritxo Kajoik milagro bat egiten ez badu, bera ere egurtuko dute.
    Mundua gero eta okerrago dagoela diotenek, sinesgarritasuna irabazten dute unetik unera.

    Gurean, salmenta ona plazan. Porruak eta tomateak gora, piperra ere erretzeko moduan dago.
    Astelehena da, eta aldaketa klimatikoari esker fraka laburrekin ibiltzen gara kalean.
    Esandakoa, udazkena badator, eta korteingelesaren iragarkirik ez dugu behar.
    Bihar jai. gora Aralar! gora san miguel!
    gora gu, eta beste asko!

  • agit/prop

    Hizkuntza eta aldarrikapenak

    Gaur jet lag apur batekin esnatu gara. Ordu bat aldatzea nahikoa izan da, ezker hankagaz altxatzeko.
    Mezuak irakurtzen hasi, eta okerreko bidetik sartu Korrikari buruz lagun batek idatzitakoa. Eta horren gainean gabiltza twitter bidez, gaurko gaia bada.
    Horregatik bada, egunean zehar laburrean idatzitakoak, orain luzeago, lausoago idazteko gogo berezi hau.

    Zer da Korrika?

    Korrika, Euskal Herri osoan euskararen alde egiten den etenik gabeko laisterketa da. Euskararen alde egiten den etenik gabeko (gau eta egunez) ekitaldi jendetsua. Kilometroz kilometro, lekukoaren atzetik, euskararen aldeko korrikalariak aritzen dira korrika. Euskararen aldeko oihuak jaurtiz, eta euskararen aldeko pausu eta urratsak emanez.

    Aldarrikapenen lekua euskararen aldeko ekitaldi jendetsu honetan.

    Euskararen aldeko ekitaldia izanik, tokian tokiko elkarte, herri mugimendu, sindikatu, alderdi, lagunarte, eskola, ikasle talde, guraso batzar,  soziedade, udal eta jendarteko kide ezberdinak parte hartzen dute. Beraien eskariak, euskararekin uztartuz, modu normal batez. Euskarak beste aldarrikapen batzuetan duen leku bera hartuz, beti ere euskara eta Korrikari lehentasuna emanez.

    Zelango aldarrikapenak bizi izan ditugu Korrika ezberdinetan?

    Txikitatik egin dut Korrika. Eta azken 15 urteotan, hainbat korrika osorik egin ditut prentsa taldean. Egin ditut kronikak Egunkariako, irratia.com digitalerako, Indymedia Euskal Herrian kontatu ditut bizitakoak, euskal irrati ezberdinetan kronikak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Hala Bedi, Xorroxin, Eguzki, Euskalerria irratia, Bizkaia irratia…)

    Urtez urte ikusi izan ditut gertakari, eskaera, oihu ezberdinak. Beti euskaraz, eta beti patxadaz. Korrikan boluntario doazen antolatzaileek, ondo zaintzen dute Korrikaren pankarta nagusiari besteak ez aurretzea, eta furgonetan doazen esatari/animatzaileek ozen egiten dute Korrika, euskara eta AEKren alde.

    Entzun eta ikusi ditut langileen aldarrikapenak (sindikatuen eskutik bezala, langileen eskutik buzo eta laneko erropa kendu barik), entzun ditut ikasle euskaldunak eskola aldarrikatzen, Seaskako erakasleak, Egunkariako langileak 2003an Egunkaria indarrez itxi eta denbora gutxira, gogoratzen dut ere Lasa eta Zabalaren gorputzak agertu zirenean, Korrika erdian zelango omenaldi hunkigarria egin zitzaien Bentaundi inguruan, Iparraldeko Demoen eskaerak, Euskal Herriko intsumitu askoren aldarriak, nekazariak, antzerkilariak klowna egiten, presoen senide eta lagunak, gazteak, gaztetxeak, kulturgileak….  hala ere Itoiz inguruko aldarrikapenak ezin ahaztuta ditut, Korrika bakoitzean.
    Itoitz
    Gogoan dut Korrika hura. Egunkariarako idazten nuen orduan, kronikak telefono bidez pasatuz, aldez aurretik kuadernoan idatzitakoa. Ez genuen emailik. Aspaldi? 1995. urtean edo. Egin egunkaritik Kepa Petralanda, Egunkariatik nik, Joxi Ubedak korrikako kronikak egiten zituen irratietan, Klaudio Landa orduan Aizu!ko kazetaria zen, Ibon Gojeaskoetxea gidari moduan, eta AEKko kide bera ere, telebistan zerbait ibilia ordurako.

    Gogoan dut Agoitzetik pasa ginenean Itoizko kordinadorakoak sekulako abarrotsa egin zutela karreran, Itoitz herri ingurutik obrak ditut gogoan, oraindik hasi barri, oraindik egiteke zegoen presa, proiektua zen, ez askoz gehiago… eta lurra eta hizkuntza ulertzen hasi ginen. Uztartzen. Gogoan geratu zitzaidan Agoitzko elkarte batean izan genuen elkarrizketa. Gogoeta.

    Urte batzuk beranduago, berriz handik pasatzean, ordurako presa eginda zirudien, Nagoreko bide zaharretik joan ginen. Eta begietatik negarra urten zitzaidan -kontatua dut hau ETBko dokumental baterako, egunotan ETB3an ematen ari direna, bidenabar- eta albotik lagunak ea zer gertatzen dan, korrika biok. Eta nik ezin eutsita, uste nuela gehiago handik ez ginela pasako. Hura guztia, urez bete behar zutela. Egonda nengoen lehenago Artozkin, eta bete zituzten herriak, estali zituen urak. Eta bide zaharrarenak eginda zuela, bizitzen ari ginena betiko estalita utzi behar zuela presak. Eta korrika jarraitu nuen.

    Aurtengo korrikak ez du urratsik eman lekuotatik, Itoitzik ez dago Euskal Herrian. 15 urte beranduago orduko aldarrikapenak ulertzen ditut orain. Euskarak ere eremua galdu du, presarekin. Zer ikustekorik zuen Itoizeko aldarrikapenak euskararekin? galdetuko zuen baten batek. Gobernuak, Nafarroakoak, orduan ere ez zuen Korrika laguntzen.

    Bidean botata geunden korrikalariok. Gure kabuz antolatzen genuen errepidea bera, zenbaitetan bizia jokatuz, ezer ulertzen ez zuten kamiolari castellanoekin. Baina egin egiten genuen, boluntarioki, euskararen alde. Oztopo guztien gainetik.

    Zein da aldarrikapenen esparru naturala.
    Herri mugimendu bat da euskararen aldekoa. Beste aldarrikapen eta mugimendurekin batera bizi da egun, Euskal Herrian. Nork bere esparrua eta jarduna duela ukatu barik, badago konbibentziarako lekua ere. Modu naturalean, elkareraginez, interaktuatuz, zehartasun batez. Sareko logikan, gura baduzue. Aldarrikapenetan murgilduta dagoenak, badaki herri mugimenduen artean elkar eragiteko gaitasuna badagoela. Lekua eginez aldarrikapen ezberdineti. Eta pentsatuko dut Abiadura Handiko Trena igaroko den esparruetan, euskararen aldeko oihuak lurraren aldeko aldarrikapenekin bat egingo duela, modu naturalean.

    Euskaldunon Egunkariaren alde, Martxelo Otamendirekin, IñakiUria preso zegoela oraindik gogoratzen ditut Iruñean bukatu zen Korrikako azken urratsak. Mikel Aldasoro Nafarroako AEK-ko arduraduna eta Martxelo Korrika. Mauletik abiatu zenak, bukaera Iruñeako alde zaharrean. Egun batzuk lehenago ez genekien non eta zelan bukatuko zen, dena debekatu asmo zutelako UPNkoek. Barcinak. Ez zen ETAgatik, ez zen Independentzia aldarrikatzeagatik… euskarak berak jartzen ditu aztoratuta. Euskaldunok gara beraien burukomina. Eta jakin genuen aurrera egiten, ez gelditzen, ez isilik geratzen… eta heldu ginen. Eta euskaltegiek gora egin zuten hurrengo ikasturtean Euskal Herri osoan, Martxelok ordurateko agindu bat hautsi, eta gaztelaniaz eta frantsesez deitu zituen euskaltzale ez euskaldunak euskara ikastera… eta abian den herri bat garela irudikatu genuen han.

    Eta gerora beste korrika bat, eta beste bat. Eta aldarrikapenek bat egiten dute irudimenarekin, Oteiza omendu genue gero, Laboa hil zaigu berriki, eta beraien asmoak, beraien gogoak irauten du. Euskaltzale zenbait kartzelaratuak dituzte, ETAkoak izateagatik batzuk, ETAkoak izan barik ETAkotzat jo dituztelako beste asko, eta holan jarraitzen dugu, aldarrikapenei lekua eginez. Eskubideak aldarrikatzen, jendearenak, mugimenduenak, hizkuntzarenak, langileenak, pertsonenak… azken finean. Gelditu barik, baina mugitzen. Korrika.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Kezkaz

    Maiz ematen du, blogean ez duzulako idatzi ez dela ezer gertatu.

    Lagunek mezua bidali ohi dute halangoetan… ea zer pasatzen dan. Eta lanpetuta zaudela ez dute sinesten, beste zeregin batzuetan be bazabiltzala. Beste blog edo webgune batzuk be elikatzen dituzula. Sarean zaudela, adi adi… eta ahal dela zerbaitetan. Ahalean.

    Hala ere, norberaren rss-ak martxan. Mezuak badatozela, baina ostantzeko jantziekin egindakoek ez dute norberaren oihartzunik hartzen, antza. Sareak hori dauka… eta horretan ari gara.

    Azken asteak topera doaz. Badago zeregin franko, non ibili, zertan aritu. Eta adi adi jarraitzen ditut jokaldiak.

    • Webgune berria daukagu lantokian. Kanpaina horrek buruhauste zenbait eman dizkit, ondo atera zaigu, eta halako oihartzun bat lortu du inguruan. Ez dugu amaitu oraindik. Horretan jarraitzen dugu.
    • Herrian skate eskola bat sortu dute gaztetxoek. Irudian eta blogean lagundu diet, baina gu baino blogeroago eta youtubeago ikusten ditut 12 urtekoak. Skate gainean duten trebeziarekin ari dira jauzika eta saltoka sarean be. Azalpen gutxi eta begirune handia herriko mutikoei. Laster hasiko dira eskola kontuekaz…. eta gustura ikusten ditut. Herria kartelez josi dute, eta sarea edukiz hornituko dute. Flip batzuk egiteko moduan gu be laster.
    • Dinamika polita piztu dute Euskal Herriko futbol jokalariek ere. Sarean ari gara hori mugitzen, laguntzen. Euskal Herria eta selekzio ofizialak aldarrikatzen. Hainbat lagun gabiltza, eta dinamika polita pizten ari da.
    • irratia.com be ondo egokitu da sare sozialen eremura. Gurea osatzen ari gara, laister ditugu ehun kide facebook sarean. Entzuleekin harreman aktiboagoa sortze bidean, nazioartean ditugun entzule -eta lagun berriak- geolokalizatzen ari gara. Elkarrizketak prestatzen. Saioak emititzen. Eta aste honetan Fermin Muguruza izango da gurekin. Aurrerapena.
    • Bizkaiko bertsolari txapelketak be kanporaketak bukatu ditu, semifinalak datoz  orain. Iparraldeko saioak bertara joan barik jarraitu ditut. Ametsek ametsa bete du. Eta gurean entrenatzen den laukoteak eutsiko al dio erronkari? Polito ikusi nituen aurrekoan, afalosteko saioan. Xabi, Etxahun, Fredi eta Arkaitzegaz barriro afaldu eta gai batzuk prestatuko dizkiet. Bertso trainer txorrada bat iruditu eta afari giroko gaiak hobeak direlako. Baita entzuteko be!
    • Asteburuan herri mugimendua 2.0 ikastaro tailerra izan da Gasteizko Saregunen. 20 lagun batu gara, hausnarketa batzuk egin ditugu. Blogintzan sakondu eta herri mugimenduen sarea sarean zelan isladatu asmatzeko daukagu oraindik.
    • Eta bizitza aurrera doa, sarean, kalean, etxean, lanean, juergan eta ohean….