• agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Pride pelikula ikusi ostean, erabat harrapatuta

    Aspaldiko partez zinemara joan ginen aspaldiko hiru lagun. Badira 20 urte baino gehiago astero batzen ginela… bizitzak urrundu gaitu, barraren alde banatan gaude orain barrikadaren alde berdinean egondakoak.
    Bilboko Alhondigan hitzordua egin, elkarrekin afaldu eta pelikularako txartelak erosi genituen. Futbolaz, politikaz eta bizitzaz berba egin genuen artean…
    Pride pelikula ikusi genuen. Txundituta hirurok.

    80. hamarkadan gay mugimenduko kide bakan batzuek greban zeuden meatzarien alde jardun ziren, gogotsu. Eta errealitatean oinarritutako filmea eskaini digute 30 urte beranduago.
    PRIDE

    Pelikula gomendagarria

    Eta pelikularen ostean soinu bandarekin aritu gara, kantuak entzunez, 80. hamarkada hit batzuk gogoratuz, wikipedian orduko pertsonaien biografiak irakurri ditugu, bereziki Mark Ashton protagonistarena; eta Hiesaz arduratu gara, eta aurreko mendean gure herritik ihes egin zuten gay batzuen kontu zaharrak gogoratu ditugu, eta ezkerreko kantariak kantatu… eta… pelikula batek barrenak zelan mugitzen dizkizun konturatu gara.
    furgoneta

    garaykoak

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Ikasle mugimendua indartzen ari da, nabarmen

    Leihotik ikasleak ikusten ditut autobus paradan. Normalean hor egoten dira goizeko 8etan. Mordoa doaz egunero Deriora, institutura. Ia autobuskada bat Larrabetzutik.
    Gaurkoan baina, greba eguna dute. Hiru ordu beranduago doaz, 11etako manifestaziora. Greban daude. Baina ez dira etxean geratu.
    Leihotik begira, konturatu naiz asko direla. Gaztetxoak, karpeta barik. Baina ikasteko gogoz.
    Eta sarea sutan dagoela konturatu naiz gero. #ekinM27 etiketarekin, ikasleen mobilazioen berri jaso dugu sare sozialetan. Itxialdiak, entzerronak, pankartak, mobilizazioak, koloreak…. eta etorkizuna marrazteko tresna guztiak eskuetan.

    #ekinM25 ikasle greba orokorra!

    Sendo ikusten dut, indartsu somatzen da ikasle mugimendua. Atzo unibertsitateko irakasle batek ohartarazi zidan, eta gaur ene begiekin ikusten dut.
    Eta poztu egin naiz…. hezkuntza tresna garrantzitsua delako. Gure alde, edo gure kontra.

     

    EGUNERAKETA
    Hori guztiori goizean idatzi dot, ikasleak 10:30etako autobusa hartzen ikusi ditudanean.
    Egunean zehar itzelak izan dira manifestazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta arratsalderako ere gehiago deituta daude.
    Bilboko irudiek adibidez, oso ondo adierazten dute. Ikasle mugimendua indartzen ari zela nioen goizean, oso sendo dagoela frogatu dugu eguerdian. Zer pentsatua eman beharko liguke biharamunean.
    itzelabilbo

    bilbogreba

    ikasleztanda
    iruñea

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    grebaorokorra.info larriki saritua

    ARGIA saria eman diote maiatzaren 21eko grebaorokorra.info ekimenari.
    Grebaorokorra.info

    Biba zuek! pikete informatiboa egin zenuten guztiok.

    gaztelumendi.org blog honetan grebaorokorra etiketarekin, m21eko grebari eta grebaorokorra.info proiektuari eskainitako albiste eta iritziak.

  • agit/prop,  i+g

    greba orokorrari gogoz heltzeko

    Grebari buruz gogotsu ari gara egunotan, grebaren alde dagoenak badu lana franko.

    Greba bera zelan izkutatzen duten batzuek ere sinestezina da. Guai asko ibiltzen dira ia gehienetan, snobismoak kutsatzen ditu, baina horrelako kontu solidario eta konprometituetan isiltasun iheskor bat. Tira, nabarmena da. Demokratak dira, hori bai. Sasi enpresariak, aberats berriak edo pijo totalak! Eta harritzekoa ere, euskal instituzioetako funtzionari modelo D guztiak. Ondo daudenez, daudela besteak…
    Uste nuen greba honek bazuela LAB/ELA, baina keba… sindikatu abertzaleetan ere transfugo gehiegi ez ote dagoen. Athletic ikusteko jai hartu eta greba egiteko gogorik ez! hori da hori.

    Ni neu, gogotsu nago grebaren kontuarekin. Pentsatzen nuena baino motelago dago gizarte mailan, uste bainuen egoera politikoak, abertzaleen bide berriek, egoera sozioekonomikoak eta baldintza objetibo onak zirela grebaren aldarrikapenetarako. Baina ostia! uste baino hobeto bizi da jendea oraindik, antza.

    Hala ere, belaunaldi berrietan gogoa ikusi dut, ilusioa, kemena. Gauzak aldatzeko irmotasuna. Gudari zaharrek ere bere horretan jarraitzen dute, sekulakoak eta bi pasa dituzte, eta gogoz eusten diote oraindik aldarrikapen sozioekonomikoei. Eragile sozialak berriz, bulegoetako politika ikusten ditut, zoritxarrez.

    Kalean bada giroa. Eta sarean, zer esanik ez.

    Sareko grebak motibatzen nau gehien. Jende konprometitua, teknikoki prestatua, berrikuntza eta garapenean sinesten duen jendea topatu dut bidean aspaldi honetan. Asko ikasten ari gara elkarrekin, elkar komunikatuz, wiki bidezko antolaketan, posta zerrendetako erabakietan, twitter bidezko kordinazioan. Sarea mundu bat da, eta mundua aldatzeko dago.

    Bereziki gustatu zait Nafarroan.com gunekoak egiten ari diren lana. Greba egunerako grebaorokorra.info bultzatzeaz gain, gune propioa ere sortu dute. Eta dagoeneko telefono mugikorretarako bideoak eta sarean zabaltzeko bideo labur eta luzeagoak ekoiztu dituzte.

    nafarroan.com bideo interesgarri bat:

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    maiatzaren lehenean tailerrera

    Maiatzaren lehena, langileen nazioarteko eguna. Manifestazioak hiriburuetan. Ekitaldiak mundu osoan.
    Eta gu, tailerrera goaz. Zarautzen elkartuko gara, Putzuzulo gaztetxean, greba orokorra sarean prestatzeko.
    greba orokorra

    Grebaorokorra.info, sindikatuek greba iragarri eta aste berean sortu zen sarean. Blogariek, twitter bidez kordinatutako ekimena izan da. Hego Euskal Herrian egingo den grebari buruz, mundu guztiari esateko.
    Wiki bat eta posta zerrenda bat ditu momentuz kordinatzeko. Irudiak, ideiak eta asmoak sarean elkarbanatzen ari dira eta besteak beste #grebaorokorra etiketa hedatzen hasi da.

    GOerreportariak eta telebista
    Kazetaritza digitaletik asko du egitasmoak, norberak kontatzetik, norberak iritzia/informazioa sortu eta plazaratzetik. Digitalki argitaratu eta hedatzea da kontua. Kronikak, bideoak, informazioa zuzenean, informazio dezentralizatua. Digitala eta multimedia. Irrati libreetakoa, herriko albistegietako, blog pertsonal eta kolektiboetakoa, twitter bidez, youtube bidez… edozelan, baina informazioa. Guzti hori bildu eta zabaltzeko ekimen bezala ikusten da GOerreportarien lana. Euskal Herriko mapa batean ikusiko dituzu erreportariak, hemen eta han. Eta kopurua igoko da, nabarmen, datozen asteetan.

    Horrez gain, telebista propioa ere sortu du grebaorokorra.info ekimen honek. Telebista partehartzailea, teletestu propioarekin (twitter bidez, aizu!) eta albistegi propioekin. Telebista ekimen bezala arrakastatsua izan daiteke, baina horretarako jendearen partehartzea ere beharko du. Informazioa eskainiz, bideoak sortu eta editatuz, lagunduz, kamarak utziz, ekitaldietara joanez….

    greba orokorra Telebista

  • agit/prop,  info 7,  larrabetzutik,  teknologia berriak

    Zenbait mezu labur

    Astelehena da, eta zenbait gai izan ditut buruan. Zeini heldu asmatu ezinik ibili naiz, eta labur labur aipatu gura nituzke, ahal dela.

    • no time for love Harrituta geratu naiz duela astebete abiatu genuen ekimenak, ze indar hartu duen. Munduari bira eman dio dagoeneko, han eta hemen irakurri ditugu mezuak. Ordezkari politikoek baliatu dituzte, egunkarietako portada izan da, eta irratietan entzungai jarri dute kantu bera. Zorionak blogari ekintzaile guztiei!
    • greba eta jarraipena Pozik emaitzarekin. Larrabetzuko argazkiek dena adierazten dute.Herriz herri mugitutako jende kopurua ere ikaragarria izan da, aurreko urte batzuetan baino gehiago. Egin diren kritikak nahiko eskasak eta argudio gabeak izan dira. Greba eskubidea eskubide bat dela ere ahantzi dute politikari profesionalek.Horrez gain, komunikabide alternatiboek eta sarean gabiltzanok egindako lana goraipatu nahiko nuke. Sarea gero eta gehiago baliatzen dugun seinale, baita horrelako ekimenetarako ere. Bereziki aipatu gura nituzke Hala Bedi, Tas Tas eta Eguzki irrati libreak hiriburuetan, Euskalerria irratia eta Bilbo Hiria irrati euskaldunak, eta batez ere Info7 irratia. Euskal Herrian zehar 20-30 esatarirekin aritu zena, goizeko 8etatik iluntzeko 8etako albistegi luze eta nagusirarte. Itzela.
    • mikel artetxeri omenaldia herrian. Domekan 19 urtez bizikleta gainean ibili ostean, gure herrikide Mikel Artetxek bizikleta profesionala itxi eta merezitako omenaldia jaso du. Azken 9 urteak profesionaletan egin ditu. Herrian, bizikletaz ibilibide bat egin genuen goizean, omenaldi txiki bat gero plazan, bazkari eder bat Ankapalu sagardotegian, omenaldi ezin hunkigarriagoa han, eta parranda ederra gauean. Ez ahazteko moduan.
    • larrabetzuko blog politikoak. Gero eta blog gehiago dago herrian. Aipatzekoak dira, udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek blog bana dutela dagoeneko. Auzoblogean ANVkoa, Danon artean -IU-Aralar izan zena- eta Larrabetzuko jeltzaleen proposamen berria. Pozik egoteko moduan. Informazio gehiago izango dugu horrela. Larrabetzu.org gunean denen jarraipena egiten da dagoeneko.
    • Egunkaria libre! Eta otsailaren 20an 5 urte Egunkaria itxi zutela. Guardia Zibila, epaileen aginduz eguneroko euskarazko prentsa itxi eta zuzendaria eta arduradunak atxilotzen. 5 urte igaro diren arren, ondo gogoan daukagu. Guk be, Egunkaria libre! esango dogu.

  • agit/prop

    No time for work (greba orokorra)

    nik ere gaur greba egin dut lanean.

    Bilboko kaleetan ikusiko nauzue beharbada, grabadora eta telefonoarekin, Info7 irratirako kronikak egiten.
    Gaur Bilbo Hiria irratian eta Info7 irratian albistegi bereziak. Grebari buruzko berbak.

    greba orokorra

    Grebaren jarraipena grebaOrokorra izeneko blogean.

  • 18/98+,  agit/prop

    maitasunaz irratian

    info7 irratiano time for love kantuarekin abiatu dut aste honetako kronika laburra info7 irratian. Hertzainak taldearen kantua ekarri dugu gogora, baina kantua entzutea ere posible egiten du Internetek. Irrati kronika izanik… zer hobea kantuarekin hastea baino.

    No time for love kanta ederra da, eta beharbada horrek egin du hain azkar, hain ausart sarean zabaltzea. Egia esan ikaratzeko moduko abiadura hartzen dute etiketek sareen sarean.

    Salaketa bat egiteko modu polita izan da, ezberdina. Betiko lelo errepikakorretatik haratago, etiketa bat, kantu bat, mezu bat, jarri dugu hizpide. Eta jendeak erantzun egin du… bestela begiratu bildu.net honetan notimeforlove etiketarekin zenbat gune dagoen.

    Eta technorati ere jabetu da horretaz, ez da dudarik. Euskal Herritik abiatu den ekimenak, gure mugak gainditu ditu, nazioartean ari da, eta eman ditu zenbait itzuli dagoeneko, batean eta bestean.

    Maitasuna; maiteminduen eguna izango da otsailaren 14koa ere. Greba orokorra dago deitua gurean. Beraz, no time for love.

    notimeforlove info7 irratian entzun gura baduzu:

    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/02/20080212_400.mp3]