-
Larrabetzu Eskura webapp eta Badok.info
Informazioaren aroan bizi gara, baita herri txikietan ere.
GAUR > Musika kultura eta teknologia berriak @LARRABETZU #Eskura eta @Badokinfo pic.twitter.com/nm8z6QDCku
— barkatu ama (@barkatu_ama) June 26, 2014
Larrabetzu eskura aplikazioaren azken bertsioak aurkeztu ditugu gaur. Orain arte mugikorretarako garatutakotik, pausu bat emon eta webapp be aurkeztu dugu jendaurrean. Sarean dago jada: larrabetzu.net/app< gunean.
Tresna honek berdin balio du FirefoxOS sistema eragiledun mugikorrentzat zein iOS edo Android telefonoentzat -iPhone eta beste guztiak…-.Aurrerantzean gure herriko berri, askoz modu eraginkorrean eskaintzeko aukera izango dugu: kultur agenda, elkarteen berri, herriko abisu eta mezuak, albisteak, blogetako informazioa….
Badok.info
Barrutik ezagutzen ari gara @Badokinfo ataria, euskal musikagintzari buruzko tresna indartsuena, eguneratuena @berria pic.twitter.com/lztvorQwsO
— barkatu ama (@barkatu_ama) June 26, 2014
Ekitaldi berean Badok.info euskal musikaren ataria ere aurkeztu du Jon Eskisabel kazetariak. Musika entzuteko eta bizitzeko sekulako tresna sortu du Berria egunkariak. Zorionak!
-
Tokiko garapena eta berrikuntza
Asko erabiltzen diren terminoak edo kontzeptuak dira. Ahoan hitzetik hortzera, txostenetan barra barra…. Erabileraren podasuz usteltzeraino ia ia.
Egoera sozioekonomiko honek, kapitalismoaren unean uneko krisiak baina… gero eta gehiago harrapatzen gaitu, aktiboan edo pasiboki… zer egin, zer irakurri eta denbora zertan eman da kontua.langabezia datuak
Gure herrian kasurako 110 lagun baino gehiago dago Lanbiden izena emanda. Inoizko langabezi tasarik handiena bizi dugu, txalet eder, taberna bete eta jai giro etengabearen artean. Kirolak eta kulturak dena estaltzen dute, eta euskal herri zoriontsu bat ematen dugu, hala ere. Eta kezka gutxi pizten dute etxebizitzak, edo krisi ekonomikoak, edo ikasleen etorkizunak, edo…. ikurriña, hizkuntza eta kontzertuak dira gure pentsamendu nagusiak une honetan.
Tokiko garapena
Asko harritu naiz Ernaik bultzatu duen kale inkestan, gazteek lan saria edo laguntza eskatzen dutenean langabeziari aurre egiteko. Eskaera justifikatu daiteke. Baina ezer egin barik bizi baino, hobeto izango da egoera aldatzeko tresnak sortzea, ezta?
- zer egin dezakegu egoera ekonomikoari, herri mailatik, buelta emateko?
- zelan sortu gazteentzako lanpostu berriak?
- Egoera ekonomikoa ez du Troikak konponduko, ez da bake prozesuaren ondorio izango…. alternatibak gure eskutik sortu behar dira, sortzekotan.
Larrabetzu ez da salbuespena. Oraindik krisiaren aurpegi ederra baino ez dugu bizi, ez dute inor etxetik bota, enbarguak ezkutuan bizi dira, enpresen galerak eta EREak familiako laguntzarekin konpesatzen ditugu… baina etorkizun argirik gabeko herria da gurea, planteamendu serio eta alternatiborik sortu ezean.
Udalak ez dauka langabetuen poltsarik, sortzen dituen lan guztiak kanpoko enpresa handiei subkontratatzen die, lehiaketa bidez… eta plazan gero eta jende gehiago batzen da. Emakumeak eta gizonezkoak gehien, baina gero eta gehiago beti ere.. eta kafeak gora egiten du. Gora eta gora. Ogiak ere bai.
berrikuntza, zer berritu baina?
Teknologia berrien lilura bizi dugu ordea. Watssapp bidez komunikatzen gara, sare sozialetan mila lagun ditugu, pantailaz bete ditugu gure bizitzak, eta monitoreak behar ditugu komunera joateko ere.
Teknologiarekiko subordinazioa lantzen ari gara, sujeto izan eta teknologia librea garatu barik. Eta enpresa erraldoien menpe bizi gara, telefono konpainiak, Google bezalako bilatzaileak, Sagarraren markaren azpian edo Facebook bezalako harrapakariekin.
Tokiko garapena eta berrikuntza #eskura
Langabetu kezkatuen antolakuntzatik datoz alternatibak. Herriko pentsamendu librea antolatzetik. Autogestioa… lema bat baino gehiago dela pentsatzetik. Adin guztietako jende zoriontsua batu, eta gauzak elkarrekin egitetik. Apurka apurka. Alternatibak posible direla ikustaraziz. Hemen eta han.
Larrabetzu #eskura proiektua horrela sortzen ari gara. Orpoz orpo. Etxe zuloan. Garajeetan. Gaztetxeko doinuen artean. Frogatuz. Ikertuz. Ikasiz. Erakusten. Ahalegintzen. Indarrak batzen.
Informazio lokala, kultur agenda, ezagutza partekatua, software librea, elkarlana, ilusioa eta kode apur bat landu dugu. Apurka apurka erreferentziazko tresna bat jartzeko herritarren eskura. Etorkizuna agenda batean. Agenda bat poltsikoan. Telefono mugikorra herriko informazioaren zerbitzura jarriz. Elkarteen lana bisibilizatuz, ikusgarriago eginez. Adin ezberdinetarako elkarteek prestatutako programazioa jendeari erakutsiz. Informazio lokal guztia -politikoa, kulturala, kirolak, udal gaiak, jaiak….- eskura jarriz, klik bakar batean. Eskuarekin, erraz erraz.Gogo eta izerdi, batzar eta programazio ordu nekaezin ugari, ilusio eta froga, merienda eta kontzertuetako komentario asko daude hemen inbertituta. Giza kapitalarekin eginda. Maitasun infinitu batekin. Apurka apurka, baina lotu barik. Herrigintzan ari garelako, auzolanean, tokiko garapena eta berrikuntza 1:1 eskalara ekarriaz. Gure artera.
aurkezpena herrian
Herrian aurkeztuko dugu azken bertsioa. Tabletean ikusteko moduan, elkarteentzako atal bereziekin, sare sozialetan hedatzeko aukerarekin, webapp bat sarean, agenda edozein gailu eta markarekin ikusteko moduan (iOs, Firefox Os, Android…) eta beste berrikuntza gehiago. Sasoian sasoikoa, tokian tokikoa.
www.larrabetzu.net -
Gero eta tresna berri gehiago
Egunetik egunera, gauza berriak ezagutzen ditugu. Batek lotura bat erakusten digu, besteak frogatu du, nik hau asmatu dut, horrek bestea kritikatu.
Egia da, software garapena, aplikazioen lokalizazioa, APIak baliatuta egiten direnak, ikasi ahala sortutakoak, esperimentuak. Gero eta + daukagu erakusteko, gehiago ikasteko. Hori ona edo txarra al da?
Ona delakoan nago, eta horrelako barcamp bat egin beharko genukela iruditzen zait. Euskaraz lanean ari garenok ere, gero eta gehiago gara. Iruditzen zait gauza asko ditugula ikusteko eta ikasteko, eta gutxitan elkartzen garela.
(argazkia: flickr joshb cc lizentziapean)Apal artean Eibarren antolatutako software librearen inguruko mintegietako karpeta aurkitu dut, IEB ere bi urterik behin antolatzen du UEUk, blogak 2.0 bi edizio izan dira Bilbon, EH 2.0 antolatu zen Artelekun, Hackmeeting batzuk egin dira honezkero Euskal Herrian (Leioa, Iruñea, Gernika), blogek eta garagardoek ere elkartu gaituzten, ikastaroak egiten ditu enpresadigitalak…. denetarik dago. Iaz Tailerrak 2.0 burutu ziren.
Baina elkartu, erakutsi, ikasi eta gehiago egiteko aukera dagoela iruditzen zait. Zabaldu, sustatu, bildu, blogosfera komunitate bat badagoela iruditzen zait. Gogoetak eragin, tresnak erakutsi, landu, ikasi… zer diozue?
Eztabaida luzatu daiteke, baina udaberriarekin lekuak eta hitzorduak jartzea litzateke onena. Gero eta errazago antolatzen ditugu kontuok Internetetik. Eta jendea gogotsu somatzen dut inguruan.
barcamp wikipedian
Hackmeeting ezberdinak