• agit/prop

    Ino libre

    Bulegoan sartu, eta irratia piztu dena bat. Ordenadorea abiatzen. Arratsaldeko lauretako albistegia Euskadi Irratia. Informatiboak esaten zuena ezin sinetsi nuen.
    Bulegorako bidean, margoketa erraldoia ikusten dut egunero. Eta, benetan diotsuet, Ino ateratzen denean margoketa horrekin zer egin beharko litzatekeen pentsatzen egon naiz.
    -Ez da posible! halakorik.

    Albiste ona dudarik gabe. Laurak, bostak, seirak, zazpirak, zortzirak…. Bederatziak igaro direnean kaleratu omen da. Sms bat jaso dut Soto del Realetik, kanpotik. Ordurako etxera bidean ziren zinegotzi, lagun eta Ino Galparsoro.

    Orduak erraz joan dira gero. Minutu etengabeak. Kazetariek kontatu dute herri mailan, albistegiak ireki ditu Euskal Herriko eta Espainiako komunikabideetan. Jendearen bihotz taupadak azkartu dira. Besarkada estuak. Hitz gozoak.

    Ino libre

    Albiste ona. Albiste on bat. Ez da gutxi.

    Arrasatek aspaldi honetan zer bizi izan duen, hangoek bakarrik dakite. Aurrera bolie!  Merezi duzuen alkatea daukazue, benetan. Inok herri zoragarria duela aitortu du plazan bertan, jendeaurrean.

    Goizaldeko laurak. Autoa hartu eta irratia piztu. Dena bat. Albistegia hasi dute. Kontatu behar duten guzti hori badakigu. Gainera leherketa txiki bat izan omen da Andaluziako kostaldean, krisiaz berba egin du ekonomia ministroren batek, Errealak marokoar bat fitxatu du. Etxera bidean noa. Pozik. Jornada laborala ez dakit, baina egun itzela izan da gaurkoa. Ez daukat astelehenik.

    Eta gaur, berriz, irakurri eta idazteari ekin diot.

    Albistea Goiena.net eta Mondraberri Arrasateko herri komunikabideetan.
    Kontakizuna aurrerabolie.org gunean
    Wikipedia entziklopedia librean dagoeneko eguneratu dute Inori buruzko sarrera, txapo!
    Iban Arantzabal adiskidearen post-a.

  • agit/prop

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz

    Astea egin du dagoeneko Arrasateko alkateak espetxean. Egunero ari gara gogoratzen, egunero daukagu zerbait. Baina Ino eroan zutenetik, oraindik sinestu barik gaude guztiok gertatutakoaz.

    Arrasaten nabil egunero, Ino bera ezagutzeko parada izan dut. Andre atsegina, langile porrokatua, eta egun hauetan guztietan frogatu dudanez, oso maitatua gainera.

    Aste bete Ino barik, baina herrian kezka egunetik egunera areagotzen joan da. Aspaldian Espainiako politikaren zentru bilakatu da Gipuzkoako herri hau, euskal politikariek ere ez dute atsedenik hartu Arrasatek sortutako buruhausteekin. Udalbatzarrak, mozio etikoak, alderdi ezberdinetako ordezkarien aipamenak, komunikabide espainiarren manipulazioa, agobioa eta presentzia polizial handia. Mota guztietako txakurrez betea dago aspaldion Mondragoe.

    • GREBA OROKORRA

    Arrasatera etorri naiz gaur ere, inoiz baino goizago. Langileek greba egiten duten arren, Info7 irratirako zenbait kronika egin asmo ditut, kaletik, telefono mugikorrarekin. Euskal Herrian, hemengo audio_argazkia eskaintzeko helburuagaz.
    Eta egia esan, goizean dagoeneko harrituta geratu naiz. Normalean autoa aparkatzea ez da broma izaten hau bezalako herri batean. Lekuak soberan gaurkoan. Lehen irudia.
    Autoa gura izan dudan lekuan itxi ostean, egunero ikusten dudan liburutegia zarratuta ikusi dut, eta kartel asko inguruetan, atzo baino propaganda gehiago. Eta dendak itxita. Eta kafetegiak. Eta tabernak. Eta herri batean egoten den oro, bidai agentziak, estankoa, kirol dendak, banketxeak, biztanleen arreta zerbitzua, udalaren egoitza guztiak, bulegoak…. buelta bat baino gehiago eman diot herriari. Ez nuen inor ikusten gainera.

    Portaloira joan eta jendea ikusi dut. Gazteak gehienak. Informazioa banatzen aritu dira goizeko lehen orduetatik. Eta parean ertzainen furgona bat baino gehiago. Oldarkor. Bideo kamara bat eta pelotak botatzeko hamaika jaurtigailu.

    Kazetariak ere ikusi ditut, kolegak, baina aspaldion sarritan datozen arren, ez dira batere maitatuak. Sekulakoak esan dituzte Arrasateri buruz, eta gaur kamara eskutan, irudi bila ari ziren. Ikusten zutena filmatzen ez ditut ikusi baina. Bilbotik bistaz ezagutzen dudan bat, -telebista espainol batekoa- albotik pasatzean esan diot: -Kostako zaizue ezer zabalik topatzea! Baietz esan didate beraiek, kolegazoa banintz ere.

    Ino, guk ere maite zaitugu

    Txokotxo batean, ordenadorea piztu, 11etako informatiboa egin, eta aspaldian lagata dudan blogari ekin diot. Hamaiketako albistegia entzun gura baduzue:
    info7 irratia: [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/albistegiak/boletinak/080508_1100ae.wav.mp3]

    Astebete Ino barik, egunero Inogaz.

    Zer kontatua asko eman du hileotan Arrasatek. Asko ikasi dugu guztiok. Politikaz, etikaz, konpromezuaz, justiziaz, kudeaketaz, elkartasunaz, salaketaz… baina batez ere pertsonen balioak nabarmentzeko aukera izan dut. Eta orain badakit, egunero Ino gogoan izango dudala, egunero ondoan, egunero egingo dugula zerbait bere alde. Itzuli dadin, etorri daiten, berean jarraitu dezan. Herritarrek erabaki bezala, alkate. Herriak hautatu bezala, Arrasaten.

    www.aurrerabolie.org