-
Ezin gozoago Arantza
Aspaldi ez nuen bere berri. Baina Josu Orbek bere blogeko sarrera zabaltzeko bota duenean, irakurtzen hasi eta Zornotzako Arantza etorri zait burura. Blogean murgildu, irakurtzen hasi, argazkiak ikusi… eta, bera da ta!
Urteak dira ikusten ez nuela, badakit Estatu Batuetara joana zela, ez nekiena zen horrelako saltsatan zebilenik. Janari argazkilari, erreposteria erreportari edo. Blog eta webgune izugarri politak ditu: arangoyoaga.com eta cannelle-vanille.
50 of the world’s best food blogs
Hau ezustekoa Timesonline aldizkari digitalean, munduko food blog onenen artean bigarrena izendatu dutela jakitean. Arrazoi du Josuk, ez da albiste. Nik uste interesgarria dela kontua, euskal talentua hedatu beharra dagoela. Eta jatekoak tartean direnean, estilismoa ere badugula euskaldunok. Batzuk behinik behin bai.
Musika kontzertuak gogoan
Nik Zorrontzako neska hura dut gogoan, power pop musika izugarri gustatu eta kontzertuetara beti joateko prest zegoena. Ingelesez ondo mintzatu eta taldekide guztiak ezagutzen zituenak. Egin genituen kontzertu batzuk elkarrekin, erosi nituen pastel batzuk ere bere amaren gozotegian. Eta orain twitter bidez jarraituko ditut bere gozoak. Eta Yo la tengo taldearen kantu bati play sakatuko diot. Gogoratzeko.