• gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  literatura,  teknologia berriak,  transmedia

    Itsasoaren isiltasuna

    Etxean aspertuta nengoen. Mutikoak mugikorretik youtubeko gauzak pantailan ikusten erakutsi berritan, pantaila txikikoa egongelan ikusteko froga egin nahi nuen. Youtuben bilaketa egin eta pelikula lasai ikusteko. Ondo jezarrita edo etzanda, aukeran. Eta eskuak libre.

    Le silence de la mer hautatu nuen, ezer ere jakin barik. Ez norena zen, ez nongoa, ez noizkoa. Frantsesez gainera, eta gaztelaniazko azpitituluak eskaintzen zizkidan tresnak berak. Ederto. Ikusten hasi, eta aproposa izan zitekela pentsatu. Aurrera. Pause asko sakatu barik.

    Bitartean, pelikularen atsegina ikusiaz, sareari galdetu nion ea zer ikusten ari nintzen. Egilea, bertsioa, liburua, idazlea. Dena interesgarri. Dena zoragarri. Jean Bruller idazlearen liburu batean oinarritua. 1942an argitaratutako nobela labur bat, ipuina. Filmarekin jarraitu nuen, arras interesatua. Garaia, okupazio nazia, erresistentzia. Eta batez ere pelikularen planteamendua. Desobedientzia ekintza bat da isiltasuna bera. Gogorra. Etengabea. Itzela. Pelikularen ardatza. Protagonistetako baten bakarrizketak. Jarrera. Ikuspegia.

    Filmak erabat harrapatuta,euskarari ekarriak atarian bilatu nuen J e a n Bru ll er idatzi, eta deus ez. –Zelan ez daukagu halako gauza eder bat euskaraz? pentsatu nuen. Eta pelikularekin gozatzen jarraitu. Amaierararte. Ederra. Ezin ederragoa. Gomendagarria.


    Wikipediak pista gehiago irekitzen ditu. Bilaketaren xarma. Jean Bruller idazleak, Vercors ezizenarekin sinatu zituen lanak. Le silence de la mer ere bai. Eta bilaketa berriak egiten hasi nintzen. Eta hura ezustekoa, euskaraz badugu Itsasoaren isiltasuna. Birritan gainera. Ibon Sarasolaren itzulpena eman genuen armiarma.eus sarean, eta Booktegik, Josu Zabaletak euskaratutakoa pantailaratu zuen, Iban Zalduaren hitzaurrearekin.
    Filma bukatu eta irakurtzeari ekin nion. Pantaila txikian. Eskuan, mugikorrean. Gozatuz.

    FR: Vercors (alias Jean Bruller) lors de la remise du prix liiteraire de laResistance

    Gaur, Varcors idazlearen efemeridea da. Eta kontatzeko gogoa piztu zait. Gogoratzeko. Erresistentziako idazleari omenaldi txiki bat eta zuei proposamena. Irakurri eta ikusteko. Gozatzeko sikiera. Itsasoaren isiltasuna ederra delako. Orduan bezala orain. Erresistentzia ederra da. Desobedientzia ere bai. Eta kultura, zelan ez.