-
Fermin Muguruza musikariaren playlist eta artikulu ederra osatu du Roberto Herreros aktibistak
Roberto Herreros ezagutuko duzue beharbada. Musikaria, aktibista, idazlea ere bai. Oso tipo fina. Ez dut pertsonalki ezagutzen, baina aspaldi idazten diogu elkarri, eztabaidaren bat ere izan genuen berak eta Isidro Lopezek plazaratu zuten liburuaren pasarte batzuei buruz. Noizbait egingo dugu El estado de las cosas Kortaturen diskoaren inguruko solasaldi eta entzunaldi bat. Liburua irakurtzeko ederra izan zen, duda barik. Eztabaidagarriak ere bertako edukiak.
Baina oraingoan, eta konfinamendu garaia dela baliatuz, Fermin Muguruzaren bakarkako proiektuetako abestiekin osatutako playlist bat sortu du Robertok. Eta testu eder bat jarri sare sozialetan. Irakurtzeko eta musikaz gogoeta egiteko.
Berari eskatuta, testua hona euskaraz ekarri dut. Mila esker Roberto.
¿Está la carrera en solitario de @muguruzafm a la altura de sus dos grandes grupos? Como experimento, he elaborado una playlist con temas propios de Fermin Muguruza, tres versiones y diversas colaboraciones.
Asà lo veo yo 👉 https://t.co/HJx57dYTPq https://t.co/zBCJGysFnG
— Roberto Herreros #PlanDeChoqueSocial (@robertoherreros) May 3, 2020
El estado de las cosas de Kortatu: lucha, fiesta y guerra sucia (Lengua de Trapo, 2013) liburuan, non Isidro Lópezek eta biok euskal rock erradikala garatu zen testuinguru historikoaren azterketa proposatzen genuen, azaltzen genuen zaila dela ez pentsatzea azken hogeita hamar urteetako gure testuinguru kulturalean Kortatu etengabe agertzea ez dagoela lotuta Fermin Muguruzaren adar politiko eta musikal ezberdinekin.Ferminek, Kortatutik haratago, ikuspena irabazten jarraitu badu, Kortaturen historiako beste protagonista batzuekin batera (Iñigo anaia hil berria kasurako), une egokian urratsak egiten jakin duelako da. Beharbada, Negu Gorriak-en aldaketa izan zen bide horretan egin beharreko urrats erabakigarria, Kortaturen ospearen gailurrean, hain zuzen. Gero, Negu Gorriak taldetik bere bakarkako ibilbidera igaro ondoren, Dut taldearekin ‘Ireki ateak’ diskoa egin ostean.
Bi talde handien parean dago bakarlari bezalako egindako bide hau? Hori zalantzan jarri da. Behin Isidroren lagun belgikar batek, Fermin Muguruzaren irudiarekin interes handia duenak, galdera mamitsua egin zion: “Uste duzu egunen batean Muguruzak maisulan bat sinatuko duela, ‘Clandestino’ bezala?“. Nire ikuspuntutik, agian ez, baina baita –agian oker egongo naiz– Manu Chaok, bakarka, ‘Clandestino’-n eta, neurri txikiagoan, ‘Siberie m’etait contéee’-n dauden kantak baino askoz gehiago emango ditu.
Esperimentu gisa, playlist bat egin dut Fermin Muguruzaren kantuekin; hiru bertsiorekin eta hainbat lankidetzarekin. Azken horien gainean, a priori deigarriagoak diren batzuk utzi ditut kanpoan, hala nola Mala RodrÃguezekin Esne Beltzaren Gora! diskorako egin zuena, ahaltsuagoa iruditzen zaidalako Ari rap abeslariarekin egindako Armagideon tenoreko aztarnak, Muguruzak bere hirugarren albumean bakarka egindakoa. Irizpide berari jarraitu diot beste lankidetza batzuekin, hala nola Zebdak Ferminen bi kantutan egin dituenekin, ez baitira zerrendan sartu.
Era berean, kasu batzuetan, estudioan grabatutako grabazioen ordez, Rob Smith (Smith & Mighty), Peter D. Rose (More Rockers), Toy Selectah edo Zion Trainen kantuak jarri ditut, jatorrizkoak gainditzen zituztenak —eta batzuetan hobetzen ere bai—. Urrun-ekin, aldiz, biak sartu ditut, jatorrizkoa eta Mad Professorek egindako erremixa.
Harritu egin nau, neurri batean, 40 korte batzeak. Hain zorrotza ez zen irizpide batekin, agian, 50ra iritsiko litzateke nire zerrenda.Hain zorrotza ez den irizpide batekin, agian, 50era iritsiko litzateke.
Fermin Muguruzak Negu Gorriak-en ostean egin duen ibilbidea desberdina da, eta ez dago hanka sartzetik salbuetsita (Zuloak proiektua buruan), baina ez dago horrelako bilduma batez harro egoteko moduko artista askorik. Kontuan hartzen badugu, gainera, Muguruzak The Suicide of Western Culture lanarekin duela hiru urte baino gutxiago argitaratu zuela B-Map 1917 + 100 ahaltsua, ziurrenik bere albumik onena ‘Borreroak milaka aurpegi hartatik, agian zentzuzkoena ez gutxiestea izango da.
Fermin Muguruza: Kortatu eta Negu Gorriak baino haratago
-
Josu eta Santi gogoan
Biharamunean idazten dut. Amets gaizto baten ostean. Gogorra da azaroaren 20a euskaldunontzat. Aurre egin diogu, baina oso gogorra da. Ankerkeria bortitzena baliatu du Estatu terrorismoak euskaldunon kontra. Amorruz. Mendekuz.
Memoria ariketa ere bada azaroaren 20 hau, eta iazkoa. Eta aurrekoak. Guztiak.
Etsaiak Santi Brouard hil zuenean, musika klasean nengoen. Piano baten ondoan. Kantuan hasteko. Gogoan dut. Eta musika Lekeitiorekin, Santirekin lotu ohi dut askotan. Lekeitioak maite ditut. Santi Brouard frontoian Mikel Laboa zelan ikusi nuen gogoratzen dut. Eta horrek lasaitzen nau. Edurne Brouardek aurrekoan emandako azken besarkada ezin dut ahaztu, hala ere. Musu bat Edurne.
Klasera joateko esnatu ninduen goizero bezala aitak. –Muguruza hil jeurek! bota zidan. –Muguruza? oraindik erdi lo nengoen. Muguruza batzuk bazeuden ordurako nire bizitzan.
Azaroaren 22an greba orokorra izan zen Euskal Herrian. Gogor erantzun genuen. Txorierrin ere mobilizazio handiak. Eta gogoan dut zipaioak lehenengoz ikusi nituela horrela egurra ematen. Eta jasotzen. Derio sutan. Larrabetzuko jendeak zelan erantzun zuen gogoan dut. Ez daukat ahazteko.
Hurrengo asteetan irakurgai bakarra izan nuen. Goitik behera aletu nuen Punto y Hora hura. Ondo gogoan daukat.
Josu Muguruza gehiago ezagutu nuen. Eta gerora maiz entzun dut hari buruz, bere militantzia, bere gaitasuna, bere ardurak, bere sinadurak. Eredu bat. Eta Amaiur gazteluaren magaletan egon naizenetan bera izan dut gogoan, oharkabean. Edo ohartuta beharbada. Ruper Ordorikaren Ez da posible! kantu ederra da oraindik. Entzuten dugun aldiro. Elena Bartolome gehiago ezagutu dut bizitzaren joanean. Besarkada bat.Urtero gogoratu ditugu. Karteletan. Manifetan. Dokumentaletan. Mobilizazioetan. Ekimenetan.
zer egin?
Atzo, hala ere, egun berezia izan zen niretzat. Irati irratian zerbait berezia egitea nuen xede. Asmoa ona zen, baina biribildu beharra zegoen. Ane Muguruzak asteburuan 7K igandekarian botatakoak zer pentsatua eman zidaten. Hausnarketak. Bizitza. Agian ez dauka gogo askorik elkarrizketetarako -pentsatu nuen-, are gutxiago Pirinioko irrati baten. Lagun bati idatzi nion. Proposamena landuz. Anek baietz erantzun zidan. Errespetutik eta begirunetik egindako galderak neuzkan buruan. Aita ezagutu ez duen umea izan zen, gaur egun 30 urte betetzear da Ane Muguruza. Gogoeta sakonak egin dituenak bizitzaz eta militantziaz, Euskal Herriaz eta kontakizuna/errelatoaren gainean, biktimak zer diren nor diren badaki. Baina nekatuta ere badago egoerarekin. Eskerrik asko Ane! Hunkitu ninduzun eta asko ikasi dut. Egiari zor, hurrengoan beste begi batzuekin agurtuko zaitut. Eta agian hitz ederren bat ere izango dut zuretzat.
Bezperan aurkeztu zuten Bilbon Antzara eguna komikia. Eleberri grafikoa. Memoria. Zuri beltzez. Adur Larrea eta Harkaitz Canok. Aurreko astean jaso nuen Iruñean. Eskutik eskura. Poltsa barruan neukan. Eta aurkezpen egunerarte ez dut zabaldu ere egin. Ez dakit zergatik. Azaroaren 20 bezperan liburuarekin sartu nintzen ohera, eta nire ondoan egin zuen lo. Enintzen askorik irakurtzeko gauza. Hunkituegi beharbada. Eta goizean irratian Harkaitz Cano elkarrizketatu nuen. Elkarrizketa ona, nire ustez. Aspaldian egin dudan txukunena, uste dut. Galderak ez dakit, baina erantzunak sekulakoak. Kontalaria da Harkaitz, freskoa, orijinala. Idazten duen gisan hitz egiteko gai da. Ekarpenak hemendik, gogoetak hortik, sakontasuna eta estiloa, argitasuna eta xumetasuna. Eskerrik asko Harkaitz. Santi Brouard bezalakoei egiten ahal zaien omenaldirik onena da literatura maitatzea, herrigintzan jardutea, sortzea, irakurtzea, gozatzea…. Euskal Herria osatzea, azken finean.
Eta jarraian Harkaitz Cano idazle eta gidoigilea Santi Brouard mediku pediatra eta politikariaren #komiki biografiari buruz: Antzara eguna pic.twitter.com/UORI36yvbM
— Irati Irratia (@Iratirratia) November 20, 2019
Herriak ez du atzenduko
Ez daukat hitzik. Hunkituta nago. Bilbotik aparte bizi izan dut egun hau.Egun hauek. Baina bete beteak izan dira. Domeka honetan Mikel Zabalza omenduko dute Orbaizetan, eta oraindik ikastolan egin genuen pintada -margoa- dut gogoan. “PSOE, non dago Mikel?” idatzi genuen horman, eta andereñoek euskarari buruz egin behar genuela margoketa esan ziguten. “Mikel euskaraz mintzatzen zen” jarri genuen. Itota hil zuten. Torturatuta. Bidasoa errekatik,Intxaurrondotik pasatzean amets gaiztoak datozkit burura. Errelatoa. Asko. Eta nork berea beharbada. Nik banuen gauza hauek kontatzeko beharra. Eskerrik asko guztioi. Ez dugu atzenduko!
-
Al jazeera euskaraz nahi dugu
Al Jazeera telebistari begira gabiltza egunotan. Arrazoiak hamaika: direla Arabiar eremuetako matxinadak, Japoneko lurrikara edo arrisku nuklearra, nazioarteko egoera, kultura eta sorkuntza, twitter zelan baliatzen duten, edo iragarri diguten The Stream emankizun barria. Hara begira gabiltza hemen. Gure pantailetaraino heldu da Al jazeera.
al bisteak 2.0
Hurrengo geltokia: Al Jazeera euskaraz
Horrelako telebista bat interesgarri egiten bazaigu, zergatik ez aldarrikatu holango telebista gurean, euskaraz?
Eta hori eskatzen ez gara hasi ba? #aljazeeraEuskaraz nahi dugula eskatzen hasi gara sare sozialetan. Broma dirudi, baina ironia baino gehiago daroa berarekin aldarrikapenak.
Aldarrikapenak, berehala hartzen du itxura eta izaera sarean. Egun bakar bat, aski da…. gori gori jartzeko eskaera bera. Zuzeu.com albistegian idatzi, sare sozialetan mugitu… eta ikasi dugu euskaldunok ere, holango tresnak zelan erabili.
Eskatu? Aldarrikatu?
Gure hacker izaera frogan jarri, eta Al Jazeera bera euskaratu dugu, euskarazko edukiak sartuta. Gure iritziemaileen artikuluak, kulturgileen sorkuntza, bideoak, elkartasun bideoak, musikarien lana, iritzi politikoak…. Euskal Herritik Al Jazeera bat behar dugula aldarrikatu eta pantailaratu dugu.
Eta bapatean, Fermin Muguruzak telefonoz deitu, sarean ekimenaren berri izan duela, blogean jarri ez ezik, Al Jazeera english kateko zuzendariari deitu behar diola, asko gustatu zaiola ekimena… flipatuta dagoela, flipatzen ari dela… hiruzpalau aldiz flipatu erabili du, mugikorrean utzi duen mezuan.Sare sozialetan oihartzuna
Eskaera aldarrikapen egiteko ere, kodeak ditugu, hoiek kopiatu, sarean jarri… eta gehiago zabaltzeko.