• agit/prop,  e-hizketan,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Gazteak sarean territorio libre propioak sortzeko gai dira

    #faceguk

    Heldu da Prest! aldizkaria etxera. Hilero bezala. 150. zenbakia osatu dugu honetan.
    Eta hasieratik komunikazio proiektu xume eta herritar honetan murgildurik gabiltzanontzat, guk eta gure lagunek borondate onenarekin idatzitakoa gure etxeetako buzoietara heldu eta jasotzea, pozgarria izaten da.
    Prest! aldizkaria etxean
    Azken ale honetarako Koldo D. Bizkarguenaga elkarrizketatu nuen, facebook bidezko elkarrizketa izan genuen.

    #faceguk

    Faceguk, sare sozialak eta euskal identitatea ikertu dituzu. Zerk eroan zaitu horretara?
    Euskal gazteek eurek. 2009an gazte koadrilen inguruko ikerketa egin nuen eta eurek esan zidaten gaur egun Internetekin geratzeko beharrik ez zutela. Hari horretatik tiraka hasi nintzen.

    Tiraka hasi, eta ze ondorio nagusi atera duzu?
    Euskal identitatea egun ez dela soilik lurralde geografiko batean eraikitzen. Nazio identitatea lur eremu bati atxikita egon da, baina Interneten egonkortzearekin beste territorio bat dugu.

    Internet diozu baina batez ere sare sozialak eta facebook aztertu dituzu, ezta? Zergaitik?
    Euskal identitatearen eraikuntza aztertu nahi nuen, horretarako harreman sozialetan zentratu nintzen eta online sare sozialak dira hauek bultzatzen dituzten plataforma nagusia. Datuen arabera, Facebook da hauetan erabiliena eta hor murgiltzea erabaki nuen, gazteek zer egiten zuten eta euskal identitatea nola eraikitzen zuten aztertzeko.

    Zeozerk harritu zaitu? Zer deskubritu duzu ikerketarekin?
    Bufa! Ikasketa prozesu polita izan da: unibertsitatea eta bere harremanak ezagutzeko, beste Herri batzuetan egindako ikerketa-egonaldietan beste errealitate eta egiteko moduak ikusteko.
    Ikerketa zehatzari dagokionez, maiz gizarteari hitza eman behar zaiola esaten den arren, gizartea entzun behar dela. Ondorio asko, parte-hartzaileek eurek atera dituzte eta.

    Eta zure ustez, zein da sare sozialen eragina gaurko gazteen artean, euskal identitateari dagokionez? euskaldunago? espresiorako bakarrik…. zein da sareon erabilpena?
    Batetik, kalean aurkitzen ez duten espazio bat dute gazteek onlñine sare sozialetan. Espaizo pribatu bat. Baina hau, kontrolpeko espazioa dela ez dute ahazten, horregatik, euskal identitatea eraikitzeko zenbait modu auto-ukatzen dituztela esan zidaten.
    Kontrolpeko espazioetatik territorio propioak sortzeko aukera dagoela azaldu zigun sarrionandiak “euskara da gure territorio libre bakarrarekin”. Sarean ere antzeko zerbait gertatzen dela deritzot: gazteek kontrolpeko espazio batean territorio libre propioak sortzeko gai baitira.

    Zuk ere, ikerketa hau gauzatzeko buru belarri aritu beharko zenuen sarean…
    Asko ikasi duzu horretaz?

    Guztia. Izan ere, ikerketa hasterakoan ez nuen Facebook konturik. Horregatik, kontua sortzean Euskal Herriko hainbat aditurekin bildu niintzen, ikerketaren nondiknorakoak finkatzeko asmoz. Facebookeko erabilera ikerketa parte hartu duten gazteen bidez ikasi dut. Eta ikasketa prozesu hau Tesian txertatzen saiatu naiz gazteen testigantzak zuzenean sartzen.

    Eta orain, behin ikerketa bukatu eta aurkeztuta, ezberdina al da zure jarrera eta zeregina sare sozialetan? Zelan bizi dituzu egun?

    Ikerketan parte hartu zuen gazte batek Facebook lagunentzako eta Twitter lan kontuetarako erabiltzen zuela esan zidan. Bere bidea jarraituz, horrela erabiltzen saiatzen naiz. Are gehiago, uda osoa ia Facebooken sartu gabe egon naiz. Beraz, hauetatik apur bat aldentzen ari naiz, distantzia hartzen edo.

    Eta gazte mundutik haratago, uste duzu sare sozialek badutela eraginik nazio identitatean, naziogintzan?

    Erabat. Bai dimentsio sozial zein politikoan. Euskal identitatea eraikitzeko beste tresna batzuk eskaintzen ditu Internetek (argazkiak, bideoak) eta batez ere beste espazio bat (lehen aipatutako muga geografiko gabeko territorioa).

    Eta aurrerantzean, zure ikerketa eta irakakuntza esparru izango da sarea? Ala beste zeregin edo eginkizunetan zabiltza egun?

    Sarea eta euskal identitatea. Bietan jarraitu nahiko nuke. Sarea gure artean gutxi ikertu den espazioa izanik oso interesgarria iruditzen zait. Baina nire motibazioa euskal identitatea eta honen eraikuntza izanik, honekin jarraitu nahiko nuke. Aurtengo kurtsoa Tesitik ondorioztatutakoak dibulgatzeko eta eztabaidatzeko hartuko dut: bai artikulu zientifikoak idazten eta bai blogari lanetan. Oso kurtso polita izan daiteke.

    Eta etorkizuna zelan ikusten duzu, bi esparruotan?
    Ekonomistek esaten ohi dute aurreikuspenak oso zailak direla eta are gehiago etorikzunari buruzkoak badira
    Azken hamarkadatan euskal identitatea Haiek batzuei begira (bereziki estatu espainol eta frantsesari begira) politikoki eraiki dela uste dut. Gaur egun, talde barneko harremanak eta sinboloak indartzea garrantzi berezia dutela ikusi dugu Tesian. Gainera, euskal identitateari kutsu politikoaz gain (batez ere kanpotik egindako irakurketa da hau: identitate espainola eta frantsesa “normala” den neurrian, euskalduna politikoa besterik ez da eurentzat), kutsu sozial eta kulturala aitortzen ari zaio. Etorkizunean euskal identitatearen eta gizartearen etorikzuna dimentsio sozial eta barneko erreferenteak indartzean datza
    Interneti dagokionez, ordea, honen inguruan asko ikertzeko dago gure Herrian. Izan ere, beste leku batzuetan (Bartzelonan, Oxforden edo Buenos Airesen kasu) gai hauek aztertzeko laborategiak eta behategia dauden arren, Euskal Herrian ikerketa espazio ia ezagutu gabea da. Etorkizuna beraz, honen inguruko ikerketak bultzatzean egon daiteke

    Elkarrizketaren bertsio digitala URIOLA.info atarian.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Suagaz olgetan

    Suarekin jolasean

    Atxilotuen facebook-eko argazkiek, zeresana franko ekarri dute gure blogosferan be. Atxilotutakoen argazkiekin prentsak egin duena ez du parekorik, baina berdin egingo lukete youtubeko bideoekin, blogarekin edo beste zerbaitekin ere….
    Atxilotuek baina, Espainiako selekzioaren kamiseta soinean izateak…. eztanda egin du.

    Jon eta Adur Espainako selekzioaren kamisetarekin

    [ jon rosales eta adur aristegi Rojaren jarraitzaile moduan ]

    Eztandaren ondorioak e-blogosferan

    Mikelek facebook-eko kontua itxi berri du, eta Xabierrek ez du izango ziurrenik… Fredik gerizpetatik ibiltzea gomendatzen digu facebooken bertan, eta Joxeri FUD bat iruditzen zaio guzti hau.
    Eztabaida badagoenez… nik be parte hartu gura dut. Sare sozialen alde, oraingoan. Eztabaida zabaldu da dagoeneko, eta eztabaida sustatzen gabiltza, guztion artean.

    eitb.com gunean, eztabaidarako iritzi interesgarriak topatu ditut.  ¿Son públicos los muros de Facebook y Tuenti?

    • Sare sozialak beharrezko ikusten ditut, interesgarri, erraz eta oso potente
    • Pribatutasuna eta Internet eztabaida interesgarria da, askok zeharo antzutu arren. Norberarengandik hasten da kontua
    • Sarean esperimentatuz ikasten da, bizitzan bezala. Eta ikasi ahal jardun, eta ikasten jarraitu
    • Zer daukagu jakintza, esperientziak, bizipenak sozializatzearen kontra?
    • Internet hain txarra da? zer da ona GARA eta egunkariak? Hedabideak onak dira?
    • Uste nuen, sexuan bezala… bizitzan bezala, argi ibili beharra dagoela. Alegia, kondoia, kaputxa… behar ditugula erabili.  Hiesagatik da txarra sexua? Ajeagatik ez gara mozkortzen? Nekeagatik ez goaz mendi tontorrera? Kartzelagatik ez dugu burrukatzen?
    • Facebook kritikatzea modan jarri da, eta facebook maila handi batean bere erabiltzaileek gura dutena izango da… facebook ez da txakur bat, txakurrak ere facebooken dauden arren, baina gutariko bakoitzaren barruan ere badago txakur bat.. hori argi izan. Guk geuk jakin behar dugu zertan ari garen…
    • Suarekin dabilenak jakin behar du, suarekin jolasten… erreko ez bada. Ni ez nago, holan, beste barik sua etetearen alde, maite ditulako kea, kafeina eta mari landara…. horregatik erretzea gustatzen zait, laket dut…. Surik ez balitz?!

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  maitatasunetik,  teknologia berriak

    Pirritx eta Mari Mototsek agurtu gaituzte sare sozialetan

    kutxi kutxi


    Polita izan da play teklari eman eta Pirritxek facebook-erako beren beregi egindako bideoa ikustea. Pailazoek sare sozialetan ere, arrakastarako bidea urratzen dihardute…. umorea ez da faltako. Torkemadaren zentsoreak ere, laister izango dituzte atzetik.
    Euskal irria berriz, barre egiteko prest. Nagusi eta txiki, zahar eta gazte… katxiporreta.

  • maitatasunetik

    gurasoen kezka: sare sozialak

    Ezagutzen duzue guraso.com?
    Arrasaten Txatxilipurdi elkarteak eta Goiena kooperatibak elkarrekin abiatu duten proiektua da.  Sareko proiektua da, baina ez da Internetera mugatuko. Hasieratik nabil beraien ondoan, eta batez be teknologia berrien gainean idazteko hurbildu naiz.


    Argazkiak.org | guraso.com atari parte hartzailea © cc-by-sa: gaztelumendi
    Hainbat kolaboratzaile dago, hamaika gairen inguruan. Kontua da mutilezko bakarra naizela. Antza gurasoentzako gaietaz, andrazkoek baino ez bide dute berba egiten. Nik klaro, mekanikoarena egingo dut. Tresneria hizpide.

    Ekipoa funtsezkoa
    Lantzean behin artikulu bat landuko dugu bakoitzak. Txandaka. Eta beste horrenbeste gai eta eremu jorratzen ditu atariak. Informazioa eskaintzen du, euskara hutsez. Eta hasiera hasieratik oso arrakastatsua ari da suertatzen. Horretan zeresan handia daukate bi kudeatzaileek ere. Oihana ari da Goienatik, eta Egoitz Txatxilitik. Biak onak dira nor bere eremuan. Oihana kazetaria da, ama da. Egoitz oso dinamizatzaile ona, gaztea izan arren.

    Sare sozialak hizpide
    Gurasoei zuzenduta izanik, kezkak eta argibideak eman baino, eztabaida bultzatzea izan da hasieratik nire asmoa. Hautatutako lehen gaiak, eman du zeresana. Nik ez nuen dotrinarik egin nahi. Hau ona, hori txarra kontsigna ez zait gustatzen. Eta eztabaidarako ateak zabalik uztea izan da nire kezka. Hori bai, gu baino gazteagoei entzun egin behar zaiela aldarrikatuz.

    Gaur egun, blogek eta horretarako aukera ematen digutenez, erantzunak modu onean joan direnez, gogotsu nago hurrengo artikulua idazteko. Debekuen gizartean, sorkuntza eta irudimena aldarrikatuz. Frogatzea, dastatzea eta gozatzea, alegia.
    Umeen arteko balizko elkarrizketa bat ozen aldarrikatu gura izan dut. Eta gure kontraesanak agerian ipini gero. Eta uste dut, tono onean joan dela gero eztabaida. Ia konturatu barik, dozena erditik gora erantzun sortarazi dituelako.  Orain hurrengo gaia zein izan daitekeen pentsatzen nago, pantailari begirik kendu ezinik. Proposamenik?

  • ikusi eta ikasi

    Zorionak Rainy Stanford

    Kaixo, I was wondering if someone could help me… I listen to the podcast on iTunes for irratia.com because I’m learning, but I don’t understand enough to know who sings this song!!! In the 2/11 podcast there’s a really good song that starts after about 20 minutes, it’s a guy singing with a guitar. I’m sorry for posting in English but I can’t ask in Basque! :[

    Horrela ezagutu genuen Rainy Stanford. Mezu hori utzi zuen irratia.com sarean (facebook, dagoeneko 170 lagun). Gure podcasta entzuna zuela, azken saioa Itunesetik jeitsita. Eta kantua gogoko. Zein ote zen kantaria? Zein kantua…

    Nik ere, otsailaren 11an egindako saioa entzuteari ekin nion. Bezperako saioa. Eta erdialdera entzuten zen Proposamena kantua, Txuma Murugarren kantariarena, Ibon gure dj eta teknikariak maisuki hautatua. Eta kantua, eta programa entzun ostean bilatu nuen facebooken Rainy.  Irratia.com sarean dago, baina ez zegoen nire lagun/ezagunen artean.

    rainy standford

    Hasteko bere lagun egin, berak onartu. Eta gero beragaz hizketan hasi. Berak ez omen daki euskaraz, nik ere ingelesez… ozta ozta. Lotsa gutxirekin aurkeztu nintzaion eta irratia.com egiten dutenetarik bat naizela esan. Eta hau eta beste. Eta ea kantua hau ote zen, eta berak baietz, hori dela kantua. Polita berarentzat, atsegina. Eta nik Txuma nor den, zelan berak be saio bat -Musibla- egiten duen gure irrati berean, hau eta beste.

    Bostongoa da Rainy. Eta gaur urtebetetze eguna du, facebook bidez jakin dut hori. Nire urtebetetze egunean ezagutu genuen elkar. Eta bera zoriondu nahi dut. Munduko beste alde horretan ere, baditugulako entzuleak, euskara ikasi gura luketenak, irratia eta musika maite dutenak… eta sarea hedatzen doanez… lagun ere badirenak. Zorionak Rainy!

  • gaztelumendi.eus

    Arnaldo Otegi jendaurrean elkarrizketatzen

    GARA egunkarikoek, sortu zeneko 10. urteurrena ospatzeko, ekitaldi sortari hasiera eman diote. Lehenengo hau, bere berri eman zutenetik ona begitandu zitzaidan. Eta baita joateko gogoa piztu be.

    Arnaldo Otegi hiru kazetariren aurrean, milaka begiren lekukotasunarekin. Nazioarteko bi kazetari eta GARA egunkariako politika berriemailea. Data jakitearekin, adostu nuen nire buruarekin Donostiarakoa.

    A8 autopistak zelango sustuak ematen dizkigun Euskal Erdiko biztanleoi;  ez dago kontatu beharrik be. Pesa autobusa hartu arren, ordebete beranduago Gipuzkoako hiriburura. Tira, harira.

    Kursaalera heldu, eta eskilaretan jendea, hall handi batean jendea zain, eta pantailetatik ekitaldi hasiera zuzenean. Atarratz eta biok baina barrura sartu gara, gaurko esperimentorako (net) aulkiak gordeta geneuzkan eta.

    Gaurko ekitaldia sare sozialen bitartez zabaltzeko saiakera egin asmo genuen. Han zegoen bere Mac handiarekin Iñaki Olano kazetaria. Telebista pantailatik aspaldi ezagutzen genuen, sare sozialetan duela aste batzuk egin dugu topo, eta gaur elkarren ondoan kokatu gara Kursaaleko lehen lerroan.

    Berak egin du zuzeneko kronikarik aipagarriena. Hiru hizkuntzatan bapo moldatzen den kazetari multimedia da Olano. Azkar idatzi, 140 karakterreko neurrian kontatu eta gainera hizkuntza ezberdinetan. #basque etiketarekin hasi ditu Otegiren aipamen guztiak.

    Twitter eta facebook baliatuta, hona hemen gaurkoan zuzenean, minutuz minutu Iñaki Olanok egin duen jarraipen eredugarria.

    Arnaldo Otegi GARAk antolatuta 600 lagunen aurrean, eta kalean kriston kola, jendea sartu ezinik. LA JORNADAko zuzendaria, Julietta Sgrena kazetari italiarra eta GARAko Iñaki Iriondo solaskide. Ekitaldia zuzenean eskeini dugu FACEBOOK eta TWITTER bidez. Jarraian esaldiak hiru hizkuntzatan:

    Aitormen interesgarria egin du azken bake negoziaketen inguruan:

    “Nazioarteko bitartekariek sintesi proposamena jarri zuten mahai gainean eta guk onartu, baina espainiar gobernuak ez.”

    “los mediadores internacionales hicieron propuesta de mediador de sintesis, España no lo aceptó, nosotros sí con alguna pequeña variación.”

    “mediators made a synthesis proposal, we accepted with some corrections, spanish government didn’t”
    ————————–

    ———————–

    “Es nuestra responsabilidad el no haber sostenido durante el proceso una fuerte movilización popular, un fallo importante”

    “Ezker abertzalearen erantzunkizuna da prozesuan zehar herri-mobilizazio sendo bati eutsi ez izana, akats garrantzitsua”

    “It was our fault not to maintain a strong popular mobilization during the process”
    ————————–———————-
    “En el proceso hubo prensa beligerante y en el futuro habrá que hacer un pacto de responsabilidad en ese terreno”

    Komunikabide batzuk beligeranteak izan dira prozesuarekin eta aurrez arduraz jokatzako hitzarmena behar da esparru horretan.

    Some media were beligerant during the process and for the next time we must come to an agreement of responsability in that area”
    ————————–—————–
    “Nazioarteko begiraleak oraindik ere laguntzeko prest daude negoziaketa bidez euskal gatazka konpontzeko”

    “Los observadores internacionales aún están interesados en ayudar a una solución negociada del conflicto vasco”

    “International observers still interested in helping solve the basque conflict via negotiation”.
    ————————–————–

    “Aurreneko lana Estatu espainolaren blokeoa hausteko konfrontazioari eustea da, estatua ahulen eta gu indartsuen garen esparruan: Argudio politikoetan”.

    “la primera tarea para superar el bloqueo de España es mantener la confrontacion donde es mas debil, en los argumentos politicos”.

    ” Our task for overcoming the spanish blocade is keep on confronting where there weakness is: Political arguments”.

    ————————–———-

    “non gaude blokeatuta? Ezin marko berria eraiki, eta Estatua erresistentzian dago statu quoari eusteko”

    “Dónde estamos bloqueados? En la imposibilidad de construir un nuevo marco, y el Estado está en actitud de resistencia para conservar el statu quo”

    “Where are we stuck now? We cannot build a new frame and the State is holding a resistance to keep the statu quo”

    ————————–————————–
    “Independentismo aro bat amaitu da. Eskaintza politikoa egin ezean belaunaldi berriak erakarriz, arazo larriak izango ditugu”.

    “Se ha completado una etapa para el independentismo. Si no somos capaces de hacer una oferta política implicando a las nuevas generaciones, vamos a tener serios problemas”

    “The independentist movement has completed an era. If we are not able to make a political offer involving the new generations, then we`ll be in serious trouble”

    ————————–———————-

    ” ez dut uste independentismoa behera doanik gure herrian”.

    “no creo que el independentismo esté en declive en nuestro pueblo”

    “I don’t think independentism lives a decline in our country”

    ————————–—————

    “Hauteskundeotan ezker abertzalearen mezua present egongo da. Egunen batean irabazi egingo ditugu hauteskundeak”.

    “El mensaje de la izquierda abertzale va a estar presente en las próximas elecciones. Algún día ganaremos las elecciones”

    “The abertzale left’s message is going to be there during next elections, in fact someday we shall win the elections”

    ————————–———-

    “EAJrentzat arazotsua da akordioa hegoaldeko 4 lurraldeen parlamentuaz, hegemonia galtzen duelako. Loiolan PSOEren alde jokatu zuten”

    “Para el PNV es problemático un acuerdo para un parlamento de los 4 territorios, porque perderían la hegemonía. En Loiola se inclinaron hacia el lado del PSOE”

    “A 4 territories’ parliament agreement troubles the PNV because they would lose their hegemony”

    ————————–—————

    “Zapatero oso ausart hasi zen baina orain atzerantza goaz, men egin die alderdiko aparatuaren presioei, bere apusturik sekula egin ez duen PRISAri.”

    “Zapatero empezó muy atrevido pero ahora estamos en retroceso, ha sucumbido a las presiones de su partido y PRISA, grupo que nunca ha apostado por él”.

    “Zapatero was brave in the beginnings but now we are going backwards, we couldn’t stand the party’s presure, neither PRISA media group’s pressure”

    ————————–———————–
    “Nazioarteko testuinguruan gaur helburuak lortu ditzakegu gehiengo demokratiko bat eratu ezkero. Nola irabazi dugu koxka”.

    “En el contexto internacional podemos lograr los objetivos si articulamos una mayoría democrática. La cuestión es cómo ganar.”

    “In this international context we can achieve our goals if we create a democratic majority. The point is how to win.”

    ————————–———————-
    “ETAk akordio politiko demokratikoa hainbatetan eskatu du, ta azken prozesuan armak desegiteko prest egon da. Tresnak egoerara moldatu behar dira”.

    “ETA ha propuesto un acuerdo político democrático en varias ocasiones, y en el último proceso ha estado dispuesta a desmantelar armas. Los instrumentos deden adaptarse a las circunstancias”

    ETA proposed a political democratic deal several times, and during last process it was even ready to dismantle weapons. The tools must be adapted to the circumstances”

    Zer pentsatzen du Arnaldo Otegik Zapaterori buruz?



    etiketa: #basque

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    sare sozialak hizpide

    Iruri Knörr eta Katixa Agirre izan dira gurekin. Berbaz. Elkarrizketa digitala izan da gaurkoa. Sareari buruz. Sare sozialak. Facebook, tuenti, twitter… sare sozialak dira. Interesgarria da fenomeno hau. Eta hor ari gara gu ere, sartuta. Eta sekulako azalpenak eman dizkigute bi neska gasteiztarrek. Badakite zertaz ari diren. Eta elkarrizketan murgildu gara… oso oso gustura. Jabik eta biok, asko ikasi dugulakoan gaude.


    MixwitMixwit make a mixtapeMixwit mixtapes


    Baina polita izan da saioa, gu berbaz. Gure entzuleak twitter eta facebook bidez erantzuten, edo adibidez Fakun-ek Koska irratiko lagunak, estudiora deitu digu, bere iritzia emateko. Gaiari buruz facebook bidez jakin du, eta irratia entzuten jarri eta deitzea otu zaio. Beste batzuk, leku ezberdinetatik ibili dira iritzia ematen. Ttirritt Baxe Nafarroako Ortzaizetik, Aiora Kataluniako webgune bat diseinatzen ari zen bitartean, Garoa liburudendako lagunek apal berriari buruz berbetan, eta ohiko gure entzuleak twitter bidez (Igortxu, Mikel…).

    Gaur ere, saioa egin, eta asko ikasi dugu. Entzun gure baduzue, hor dago irratsaioa, maketa moduan.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    Facebook blackout, greba bat sarean

    Gaur, arrastiko 18:00etarako deialdi bitxia daukagu facebook erabiltzaileok. Sare sozialean, erabiltzaileen indarra utzi gura da agerian. Asko garela, eta gurekin ez dutela nahi dutena egingo. Milioitik gora erabiltzailek esan du blackout egingo duela. Alegia, itzali egingo duela facebook.

    Bitxia da deialdia, baina interesgarria ere bai.

    Aspaldi honetan, gero eta gehiago dira facebook bezalako sare sozialak erabiltzen dituztenen lagunak. Han ikusten ditugu aspaldikoak, han mintzo gara gure kontuetaz, bertan erakusten ditugu azken berrikuntzak, eztabaidatzen dugu bizitzaz, softwareaz edo kexatzen gara albokoaren zarataz.

    Sare sozialen garaia bizi du Internetek. Eta erabiltzailea da nagusi bertan, ikusiko dugu. Itzalaldiaren ostean, beharbada.

  • info 7,  teknologia berriak

    Diaspora eta Internet

    info7 irratiaAspaldian hasi ziren euskaldunak atzerrirako bidea hartzen, herbestera, lan bila, Euskal Herritik ihes batzuk, ekonomiak bultzatuta, bidaia luzeak egitera, bestelako mundu berrien bila. Guztiek osatzen dute euskal diaspora. Eta badira diasporako partaide berriagoak ere, aspaldiko joandakoen belaunaldi berriak, aspaldi honetan joandako ikasle eta irakasleak, lan bila XXI. mendean alde egindakoak.

    Azken hauek izango zituen buruan Joseba Gabilondok, bere diasporako tresnen gabezia nabarmendu dituenean. Eta egia esan, gauza gutxi dago maila horretan. Facebook-en euskaldunak batzen dituen saretxoak badira, Euskosare ere badago, baina 2.0 izango den tresna berri eta erakargarri bat falta dela, dudarik ez.

    Gai hau jorratu gura izan dut aste honetako Info7 irratiko tartean. Gogoetarako, aitzaki bat kanpoan direnak gogoan hartzeko. Eta jakin dugunez, ari dira zerbaitetan dagoeneko mutilmediaren bat, japoniar_euskaldunen bat, eta beste… jarraitu gura izan ezkero danbolinerokua blogean galdetu.

    Diaspora eta Internet entzun gura baduzu:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/03/20080311_563.mp3]

  • hurrengo geltokia

    Lagunak behar ditut | I need friends

    Urtarrilarekin berriro hasi ditut ingelesezko klaseak. Piper egin dut azken asteotan, eta goizean hasitakoan konturatu naiz desfaseaz. Gogotsu hasi naiz. Laburra egin zait orduterdia. Gustura egin ditut egin beharreko lanak. Saiatu naiz idazten, aditzak ikasten, hiztegia lantzen… eta arbelaren aurrean be txukun aritu naiz. Berba egiteko baina, zailtasun gehiago ditut. Trakets nabil.

    Egunero bost minutuz bederen, ingelesez pentsatzeko esan digu Olatz titxerrak. Eta baietz nik, baina zelan 5 minutu ingelesarentzat?

    Eta han nengoela, bururatu zait twitter bezalako tresnaren bat balia nezakeela. 140 karakterretako mezu laburrak idatziz, pentsamenduak, galderak, gogoeta hiperlaburrak pantailaratuz ibiltzen garenez.

    Eta sarean ezagutzen dudan english irakasleari galdetuko niola. Eta Gtalk bidez Maiterekin hasi naiz berbetan. Eta aholkatu dit facebook baliatzea, eta sare sozial ttiki bat antolatzea horren inguruan. Group bat sortzea, eta izena eman dut facebook-en eta lagunak egiten hasi beharko dut. Eta inork, nirekin batera ingelesez esaldi laburrak idazten hasi gura badu… ba aurrera. Ok. Eta jarraituko dugu elkarrekin ikasten, eta noizbait bloga ere egin genezake. Edo txat gela batean geratu berba egiteko, apurka apurka.

    Baina ikastolan ikasitakoa, -20 urte baino gehiago- apurka apurka globalizazioaren hizkuntza galtzen ari naizela eta, ikasteari ekin diot. Sarean hizkuntza asko dago bai, baina nagusia be komeni da hobeto jorratzea. Irakurtzeko eta idazteko gai izateko. Zer garen, nor garen, zertan ari garen azaldu gura badugu bederen.

    Animatzen denarekin, ba hori, sare sozial ttiki bat antolatzeko gogoa dudula. Maite bera prest agertu da, eta tresna hauek eta hizkuntzen irakaskuntzan trebea denez… ba laguntzaile ona izango da.

    I need friends… badakizu nondik nabilen. Orain facebook.