• gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Euskararen ezagutza eta erabilera Larrabetzun

    Euskaraldia dator, eta bezperetan badaukagu kezkatuta egoteko arrazoirik. Aurten datu asko plazaratu da. Udaberrian Soziolinguistika Klusterrak Euskal Herrian 2021ean egindako neurketaren emaitzak plazaratu eta argitaratu zituen. Udazkenean, herriz herrikoak ezagutzen ari gara. Eskualde mailako datuak jakin genituen Txorierrin eta herrikoak aztertzen ari gara orain.
    Ezagutzari dagokionez, herri euskaldun bezala definitzen ditu UEMAk -Udalerri euskaldunen mankomunitateak- gure bezalakoak. Larrabetzuk %70tik gorako ezagutza dauka. Azken erabileraren neurketek baina, bestelako datuak eman dizkigute. Guztiak kezkaz eta arduraz jardutera eraman behar gaituzte. Neurriak hartu, hizkuntz politika egoki bat egin eta kontzientziak astindu eta euskararen lana berritzera. Badago lana, ahobizi, belarriprest eta ostantzeko jardueretan.

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    jalgi hadi mundura!

    Urtea pozik hasi dut.
    Asmo berrien bila ari nintzen, lan berri baten bila alegia. Eta sare sozialek horretarako ere bere balioa dutela ikusi dut. Gogorra da batzutan norberaren egoera edo ezintasuna sarean azaltzea. Baina, jende on asko dago bazter guztietan. Eta bazterretik, ertzetik ari garenean, aldamenean sentitzen dituzu asko. Eta oso eskertzekoa da hori.

    Urrian idatzi nuen mezu hau:

    Eta berehala hedatzen hasi zen. Mezuak, galderak, bertxioak, eta baita proposamenak ere. Eta oso eskertzekoa da hori. Harrituta batzuk, kezkatuta baten bat.

    Zientzia astea
    Baina ia egun berean lan eskaintza bat izan nuen, eta hurrengo astean Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Zientzia astea kudeatzen ari nintzen Gasteizen, eta handik aste batera edo Arkeologia museoan ekitaldi guztiaren ardura hartu nuen. Hizlariak, zientzilariak, umeak, gurasoak, unibertsitateko arduradunak, museoko kudeatzaile eta langileak, unbertsitateko langileak, webmasterra… Gasteizera joan etorriak, eta pozarren lanean. Kontratu mugatua, bi astekoa edo. Baina lana. Eta ardura. Eta kudeaketa. Eta emaitza eta harreman onak. Eta hori, oso garrantzitsua izaten da.

    Durangoko azokan
    Hitzordu garrantzitsua neukan azoka egunetarako. Aurretik zerbait hitz eginda neukan, eskaintza bat izan nuen, serio hartzekoa. Bazkaltzeko eta hitz egiteko geratu ohi gara horrelakoetan euskaldunak. Azoka egunetan urtero egoten naiz Durangon Susa argitaletxearekin lanean, 25 urte baino gehiago izango dira. Eta networking sare emankorra da dudarik gabe. Aurten ere. Eta bateko eta bestekoagaz berbetan, huntaz eta hartaz aritzeko lekua izaten da gure merkatua. Eta nik agendan, gorriz neukan egun bat baino gehiago ere. Abenduak 6 zuen egutegian. Konstituzioaren eguna. Gogotsu eta umoretsu altxatu nintzen Abadiñoko Murueta baserrian. Eta serio jarduteko tenorea zela neritzon orduan.

    Arratsalde iluntzean, baten batek txioa ahotsez bergogoratu zidan. Serio zebilen. Ohartua zen. Azkarra da. Harratu zuen, ez_ironia. Baina nik hitzordu garrantzitsua nuen. Eta bazkaritarako lekua lotu beharra neukan. Egin nituen pare bat dei, eta normalean baino jende gehiago ibili da azoka inguruko herrietako jatetxeetan. -Ze poza! lekuak okupatuta egotea eta jendeak jatetxeetarako gogoa izatea. Garaiko herriko tabernako jatetxera deitu nuen, eta zenbakia markatzean telefonoak gogorarazi zidan duela bi urte ere egun berean deitu nuela -eta ze ondo bazkaldu genuen orduan! Hertzainak taldekoei elkarrizketa egin ostean joan nintzela gogoan dut, pozik- . Handik egun batzuetara publikatu zen GARA egunkarian elkarrizketa. Eta orduan hitz egindakoak, eta arraina ze gozo zegoen….

    Tira, kontua da 2021eko abenduaren 6an bazkari garrantzitsua neukala. Eskaintza bat. Baiezko bat. Adostasun bat. Bide berri bat. Urte berriarekin lanean hasteko konpromezua. Ilusioa.

    Asmo berriak

    Eta urtarrilarekin, bide berriei heldu. Konpromezuz. Eta dagoeneko Bilboko Euskararen etxean instalatu naiz. Mundura begira Bilboko itsasadarretik. Hizkuntzaren inguruan, sarean. mintzanet.net proiektua kudeatzen, lagun berriekin. Asmo berritzailez gainezka. Eta lantokira lehen batzarrak egiten etorri, eta Uruguaiko bi euskaldun ezagutu ditut, Euskararen etxetik abiatu eta Jalgi hadi mundura! izeneko sarean ere murgildu naiz, mintzanet-eko erabiltzaileek elkartzeko osatu duten nazioarteko ekimenean. Eta poza dario nire berba eta izateari. Bilbon euskaraz. Munduari. Sarean. Iraultza digitalean murgilduta. Gaur. Hemen. Orain. Gogotsu.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g

    Ziztadak edo euskalgintzaren pintxazoa?

    Eredu ekonomiko berri bat euskalgintzarako
    EZtaBAIdarako apunteak

    Ziztada eske ari zaizkigu hemendik eta handik.
    Hiru egoeraren berri izan dugu oso denbora gutxian.

    • Berria taldearena
    • Nabarra aldizkaria
    • UEU

    …eta honek guztiak, gogoeta egitera narama. Hala beharrez. Eta uste dut, egoeraren azterketa egiteko puntu asko jarri behar direla. Eta asko apropos ezkutatzen direla, beste asko gainditutzat ematen ziren, eta gehiago etorriko dira eztabaidaren ondorioz. Ea jendeak, guk guztiok gogoeta egin, ondorioak atera, eta aterabide orokorrago bat planteatu beharko genuke, alternatiba integrala. Gurpil berria agian, pintxazoari partxea jarri aurretik.

    Aurrekariak

    Garai emankor batzuetatik gatoz, sozialean. Euskalgintzak dena zuen egiteko, eta frente horretan gauzak sortu eta eraikitzeari ekin zion duela hamarkada batzuk. Gau eskolak, ikastolak, euskararen aldeko dinamika herritarra, euskal prentsa, elkartegintza, herri hedabideak, kulturgintza, diskogintza, hiztegigintza, liburugintza…. zer ez dugun jaso gure aurreko belaunalditik?
    Nolabaiteko instituzionalizazio bat gauzatu da kulturgintzaren eremuan ere, profesionalizatu egin zaigu herrigintza zena. Lanpostuak sortu, profesionalak, adituak, lantalde teknikoak han eta hemen, Euskal Herri osoan.

    Normaltasun itxura bat hartu izan du guztiak, eta batez ere Arregi-Garmendia jaurlaritzetan, akordioen bidea urratu zenetik; ordukoak dira irudirik gogoratuenak, Iñaki Uria Joseba Arregirekin Euskaldunon EGUNKARIAko azalean, Erramun Osa eta Mari Karmen Garmendia akordioa sinatzen (AEK HABE), -nik gogoan ditudan erretratuak, izango dira beste batzuk- eta nolabaiteko normalizazio instituzionala ere eskuratu zuen euskalgintzak. Adostasun osorik ez, baina bide berri batzuk.
    Eta euskalgintzan horrek bere ajeak utzi ditu. Ez dira beti plazaratu, ez dira azaldu. Baina hor egon dira. Menpekotasunak, mugak, egin nahi eta ezinak, faboritismoak… denetarik.


    Egungo politika

    Jaurlaritza aldaketa posibleak beldurra eragin zuen, otsoa ba omen zetorren, eta Ibarretxek inoiz lehendakari batek inoiz eskuratu duen boto zaparrada handiena jaso zuen. Euskalgintzako sektore asko ere, lerrokatu ziren horretara. Nik neuk, oso gertutik bizi izan nuen. AEK-ko irakasle zirenak, Ibarretxeri botoa ematen, ETBko LABeko sindikalistak ezagutu nituen horretan. Eta otsoarenak funtzionatu zion alderdi jeltzaleari. Eta beldurra nagusitu zen gure etxeetan. Eta normala izan zitekeen agian. Eta ezker abertzaleak ere, Mayor Orejaren aukerari, ez zion alternatiba sinesgarririk erakutsi. Eta Ibarretxerekin lasaitasuna. Eta ezker abertzaleak Gasteiztik kanpo jarraitu zuen, erdizka, eta udaletatik kanpo gero, ia osorik… eta urteak aurrera.
    Mayor Orejaren ordez, Lopez Basagoitik eskuratu zutenean Gasteizko gobernua, ez zen beste munduko dardararik suertatu. Eta Lopezek euskaldun zenbait jarri zituen gobernatzen, eta tartean Lurdes Auzmendi, Ramon Etxezarreta…. euskaltzaleak, ezagunak, askoren lagunak.
    Eta horregatik, besteak beste ez zen euskalgintzaren oldarraldirik egon. Eta subentzioek iraun zuten, eta bermatu, eta Iparraldeko ikastolak, zein Nafarroakoak, eta euskaltegiek, eta prentsak… eta suak irauten zuen piztuta, baina kandelarena, ez barrikadarenak. Lasaitasun demokratikoa deitzen ahal diogu. No pasa nada. Denak bere horretan jarraitzen du.
    Baina krisiarenak amigo, dena justifikatzen ahal du. Eta garai aproposa da artaziak martxan jartzeko. Eta nahi dugun lekuetatik prakak mozteko. Eta hasi da errekortea. Hasi dira beheraldiak. Eta gora begira harrapatu gaitu, tupustean, ezustean edo.

    Hemendik eta handik mozten hasi direnean, gure negarrak, gure malko lehorrak. Horrenbeste niri, horrek beste guri, hau eta zera…. ez daukagula, beharko genukela, ez dagoela, itxaron beharko dela. Eta ziztadak zeinek lehenengo eskatu, azkarrago bermatu. Baina ez dut uste, orain kontu guztiak ziztatzen jarrita konponduko dugunik txolopote hau. Estrukturala baita arazoa, gurea bezala haiena.

    Euskalgintzak eredu berri bat behar du.
    etorkizunek euskal herrirantz

    Erronkak eta etorkizuneko kulturgintza

    Euskalgintzak eredu berri bat behar du. Hemen eta orain. XXI. mendeko euskalgintzak ezin du inoren morroi izan behar. Ezingo du subordinatua izan. Ez jeltzale, ez sozialista ez abertzale, ez deus. Euskalgintzak bere bidea bilatu behar du.
    Eta autogestioa da oinarri oinarrian bilatu behar duena.
    Kudeaketa eredu berri bat, irekia, parte hartzailea, zabala, anitza eta batez ere emankorra.

    Gure zerbitzuak oro ezin ditugu kapitalaren menpe jarri, argi dago hori. Baina subentzioen politikak hona ekarri gaitu. Eta aurrera egiteko gaitasunik gabe ez ote garen geratuko, hori dugu orain guztiok zalantza. Kiosko eta buzoitik erori da aldizkari bat. Ez da deus gertatzen. UEUri bere jardunaren %25 suposatzen duen dirulaguntza kendu diote egun batetik bestera, ez da grebarik izango euskal unibertsitateetan, irakasleek berdin berdin jarraituko dute nominak jasotzen, ikasleek ez zeukaten horren berririk, agian horren beharrik ere ez. Ondorioa da guzti hau. Berriak, bere plantila ezin dezake mantendu. Ez da erreala. Ez da Erreala. Badakigu.

    Gestio mota berriak bilatu behar dira, hala beharrez. Lan eredu irekia, alternatiboa martxan jarri behar da. Pentsatu dugu, genituen ereduetara gure jarduna egokituta, aski zela. Eta orain ondorioak. Militantzia edo profesionala, dikotomia horretara mugatu dugu gure operatibitate guztia.
    Eta munduan, milaka proiektu daude, euskalgintza bezain garrantzitsuak direnak, eredu ekonomiko berriekin funtzionatzen dutenak: eta jasotzen dituzte laguntzak; mikrolaguntzak, kudeaketa irekia dute; sponsorizazioak, parte hartze irekia, erabaki ahalmen handiagoarekin, kudeaketa ireki eta garden batekin. Eredu dira, eredu zaizkigu.

    Euskal Herriak, bidegurutzean den honetan, bideari heldu eta gurutzeak gainetik kendu beharko ditu.
    Erronka berriei ausardiaz eta ilusioarekin heldu. Ez dago egun handirik. Egunerokoa da gure jarduna, gure egitekoa, gure lorpena eta gure emaitza. Gutako bakoitzak behar du ziztada bat, aurrera egin dezagun.
    eredu ekonomiko berri bat euskalgintzarako

    Ikasgai eta lotura zenbait:

    Ekonomia ireki eta parte hartzaile bat euskalgintza eta kulturgintzan. Non euskaltzaleok, ez garen kontsumitzaile soil. Non badugun boza, badugun poltsikoa, badugu ere bihotza eta eskuak, batez ere. Ez gugana eskatzen soilik etorri. Guk, egin nahi dugu. Eta egiten ari gara, bidenabar.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    gora galizia ceibe!

    Beste behin, eredugarri galegoak.
    queremosgalego.org plataforma herritarra sortu dute, nunca mais berri bat. Hizkuntzaren alde, hezkuntzaren alde.

    Galicia fala galego zuzeu.com
    Hemen, badirudi euskararen alde gaudenok, adiago gaudela hurrengo subentzioak boletinean noiz argitaratuko, beste ezeri baino. Euskalgintza deritzona indarge ikusten dut nik, begi okerrotatik; baina bada ostantzeko asmo eta ekimenik ere gurean, ze erremedio! martxoaren 13an ikusiko dira gure indarrak eta ahuleziak, Bilbon.
    Biba zuek! galegoz bizi gura duzuen adiskideok.