• agit/prop

    Gora & behera

    Lehen abisua jo dute Ordizian. Zelatan dabiltza. Sarean ere. Zer nork noiz non esaten dugun entzuten dute. Begira dabiltza. Asko dira, eta erne daude. Fiskaltza, polizia, audientziak, epaileak, komunikabideak alboan dituzte.

    Dena terrorismoa den garaiotan, adi egotea ez da aski. Idaztea, pentsatzea, jarrera adieraztea delitu bilakatu dute. Pentsamendu politiko kritikoa, jarrera militantea, desadostasuna agertzeko gai izatea aski dute. Zigorra dute tresna. Manipulazioa estilo. Eta ordiziar gazte bat txakurrek Madrileko Audientziara eraman dute.

    Adi egon! pasa seinalea. Zer idazten dugun, kasu! hitzak elkartzeko darabilgun edozein berba delituzkoa izan daiteke. Hain da arraroa gure hizkuntza hau. Aspaldi idatzia utzi zigun Iurretakoak.

    Funtzionarioak zelatan ditugu beti:
    bazterretik jarraitzen digute patioan,
    atzetik jarraitzen digute komunera,
    aurretik jarraitzen digute bisitara,
    ateko mirilatik zaintzen gaituzte zeldan
    eta gure loa ere zelatzen dute.
    Haiengandik ezin dugu aldegin
    ez patioan, ez komunean, ez bisita
    kabinan, ez zazpigarren loan.
    Euskara da gure territorio
    libre bakarra.

    Euskaraz solasean hasiez gero
    hara hor funtzionario bat berehala
    ezkutuan gure ondora datorrela.
    Zihur ez duela deus ulertzen euskaraz
    baina bertan geratzen da zelatan,
    espioi filmetako espioiaren moduan.
    Dena dela, guk ez diogu euskarazko
    lehen ikasgaia ere emanen eta,
    gutako batek oharkabean bezala dio:
    emukatup tab kogaid erug naedlakezta
    ae neztidnufnok nugud…

    joseba sarrionandia, Gartzelako poemak

    esandakoa emukatup oksa naurugni, at karrukaxt natalez.

    kontuz beraz!