• agit/prop

    Zakurrak epaile

    Mikel Elorza

    Halaxe dabiltza Espainia aldeko bere izena sekula ahaztuko ez zaidan Mantxako paraje batzuetan. Zakurrak epaile, haien usaimen guruinek erabakitzen dute, eta kito, ez dago errekurtsorako aitzakiarik, zaunka apelaezinak dira.

    Lau hankako zakurrez ari naiz, Canis lupus familiaris deitutako horiei buruz (familiaris norberarena izango dela, arraioa, ezin erantsi gabe utzi!).
    Gatozen harira: Jose Luis eta biok joan ginen joan den larunbatean preso bat bisitatzera, itzalpean 25 urte daramatzan Jokin bisitatzera, Herrera de la Manchara. 630 kilometrotik gora eginda, iritsi ginen ezerezaren erdian dagoen espetxe horretara. Bisiten ohiko tramiteak egin —nortzuk garen, nori bisita, hatz-marka, argazkia— eta azkar pasarazi gaituzte, vis-a-vis bisita dutenekin batera. Zortzi bat lagun, lau preso bisitatzera joanda.

    Metal kontrolak pasatu eta bisitetarako eraikinaren aurreko patio modukoan ustekabea. Funtzionario mordoxka eta guardia zibilak daude, eta zakur bat, Canis lupus. Agindu digute lerroan jartzeko —hagindu ere esan genezake—, elkarrengandik bizpahiru metrora, gu geu presoak bagina bezala, eta guardia zibil batek abisatu digu hura dela momentua deklaratzeko inolako substantzia toxiko edo debekaturik gainean daramagun edo haiekin kontaktuan egon berri garen edo norbaitek zerbait eman digun… Hura dela konfesiorako unea. Inork ezer aitortu ez eta tipo handi bat zakur handiago batekin hurbildu zaigu banan-banan, zakurrak mia gintzan. Hantxe etorri da zakurtzarra mihia zintzilik zuela gure hankarte eta abarrak usaintzen, milikatzen. Ni usainduta zaunka egin du, eta beraz positibo eman dut! Contadorren azpizuna bezala nire hankartea (emaitzaz ari naiz, ez beste ezertaz noski). Ni bezala beste gizon eta beste emakumezko bat.

    Niri, hala ere, bisitara sartzen utzi didate eta, bueno, zakurrarenak komentatzen barrura joan gara. Han genuen kristalaren beste aldean zain Jokin, kristaletik gertatutakoaren lekuko, zatitxo bat bada ere, hura ere komentatzen, “zer ez ote diguten egingo…”!

    Gizajoa ni, umiliazioaren haizea pasatu zela uste banuen, paraje haietako errotak mugitzera joana zela uste banuen. Son gigantes, Sancho… gigantes de la impunidad. Funtzionarioa etorri da kabinara esanez nik positibo eman dudala eta joateko berarekin.

    Bainaka hasi naiz, azalpen eske, nik ez daramadala ezer, eramanda ere ezin diodala eman, ea zer eskubide duten, ea zer absurdu den hori… Kontrol-gunera eraman naute, eta han dira positibo emandako besteak ere. Eztabaida eta kejen artean, esplikatu digute: positibo eman dugu, zakurrak baietz esan du. Beraz, miatuak izateko eskatzen digute, gure baimena behar da, gure sinadura, ezin gaituzte behartu. Hori bai, uko eginez gero bisita galtzen duzu (eta gainera, kanpora aterarazten zaituzte eta han guardia zibilek dute miaketaren ardura —bertan daude, noski, kanpora beraiek lagunduko ligukete—, eta haien gonbiteari ezin diezu uko egin, desobedientzia litzateke!). Lasai egoteko, gainean ezer ez badaramagu ez dela ezer gertatuko. Tira, gero jakin dugunez ez dela ezer gertatuko nire kasuan! Nola nirea kristalaren beste aldeko bisita den, eta noski ezin diodan ezer pasatu, ba gainean ezer ez badaramat bisita egiten utziko didatela. Miaketa onartzen badut. Eskuzabalak haiek. Besteek, visa dutenez, galdu egin dute miaketan ezer ez azalduta ere!
    Nire keja eta aldarri eta esplikazio eskaerak gero eta larriagoak dira, haien larderiaz eta umiliazioaz mintzo naiz eta nire eskubideak ezagutzen ditudala (ai, ni gizajo pastela, listo ustekoa, ezagutzen ditudala legeak…!) eta… eta une batean funtzionario batek esan dit nerabilen hizkuntza leuntzeko, bestela bisita kenduko zidala. Beraiek errespetuz ari zirela. “Errespetuz? Etorri naiz ez dakit nondik… Beste batek argiro azaldu dit, positibo eman dudala eta miaketa edo kanpora. Ordurako bisita-minutuak galtzen ari nintzela, gaineratu berak. Onartu dut miaketa, egin didate, biluzarazi naute (gela batean, funtzionario bakarra lekuko), konprobatu dute ez neramala inolako substantzia arriskutsurik, eta 40 minutuko bisitaren ordu laurdena galduta, itzuli ahal izan dut ordurako etsita zeuden Jose Luis eta Jokinengana.
    Jokinek, presoak, eman dit artikulu honen titulua, kontatu diedanean. Zakurrak epaile. Izan ere, nik funtzionarioei behin eta berriro adierazi diet ez neramala ezer, eta gainera nire kasuan ez nuela kanutorik erre ez marrarik sartu ez dakit zenbat urtean —ez dizuet, zuei, irakurleoi, nire drogatze historiala emango zehaztuko!— eta ez nintzela sustantzia horiek izan zitzakeen inorekin azken ez dakit zenbat egunetan kontaktuan izan… Zakurra ekibokatu egin zela, alegia; hori ere gerta zirtekeela. Ezetz, besteak, zakurrak ez duela okerrik egiten. Eta beraz, nola zakurrak zaunka egin zuen, positibo. Zakurrak epaile.

    Nik, nire duintasuna erasotua eta denbora galduta, bisita hala ere egin ahal izan nuen. Gaitzerdi. Beste biek ez. Lasartetik senidea besarkatzera, laztantzera joandako gizona kanpoan utzi zuten miaketa pasatu eta gero ere, nahiz eta miaketan deus atzeman ez. Bezperan bere aldamenekoak kanutoak erre eta usaina arropan zeramala (taberna batean lan egiten du!)? Edo zakurra altan dagoela? Edo berak erre zuela, zer arraio! Berdin dio. Ezer ez eraman arren, zakurrak zerbait usaindu du —ezin izan zigun esplikatu zer, ez ulertzen guk haren zaunkak—, eta nola beraiek erabakitzen duten, ba bisitarik gabe.
    Emakumezkoa ere, ez dakit nondik bere senide edo laguna bisitatzera joandakoa, kanpoan. Honek mia zezaten ez zuen onartu —miaketa onartuta ere bisita galdua zuela esana zioten, positibo emate hutsagatik—, eta beraz guardia zibilek egingo zioten segidan kanpoan miaketa —emakumezko guardia zibila deskalabro hau gertatu zen une guztian plastikozko goanteak jarrita zegoen, hantxe, piezaren zain—. Zerbait topatuz gero isuna edo auzi-zabaltzea, gainera… Neska hau preso soziala bisitatzera zihoan, funtzionarioen larderia ez da soilik euskal herritarrenganakoa —hau bada, eta handia—, oro har presoarenganakoa da. Espetxea da.
    Izan ere, ez dezagun gauzarik inportanteena ahaztu. Niri traba pixka bat egin zidaten, beste biei izugarrizkoa egin zieten, baina handiena presoek jasan behar izan zuten. Bi presok beren senideen bisita, besarkada, laztanak galdu zituzten.

    Jakitun naiz holakoak asko direla, eta ni baino askoz handiagoak eta maizago jasandakoak senide asko direla. Niri eraso egin zidaten, baina nirea hutsa da holako eta larriagoko milakaren aldean, astero, hamabostero, hilero gertatzen direnen aldean. Nik kontatzeko aukera dut, eta beraz aprobetxatu nahi izan dut, haien guztien aldarria ere neure xume honetara, baimenik gabe bada ere, ekartzeko.

    Zapaltzen eta izorratzen eta benetan zigortzen dutena presoa dela berriro esanda. Bisita galtzen duelako, zakur baten zaunkak erabakita.
    Zakurrak epaile.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    Nelson Mandela

    20 urte betetzen dira Nelson Mandela damutu barik espetxetik atera zela.
    Nelson Mandela

    Gaur mundu guztia gogoratzen da berataz, egunkari, irrati, telebista, pazifista eta enparau. Filmea ere egin diote. Takilleroa omen. Baina Hego Afrikaren egoera, bere testuingurua, bere alderdia, ilegalizazioak, apartheid-a, bizitza osorako kartzela, burruka armatua, beltzen eskubideak, bake bideak….  ez dakit aztertzen diren, ez dakit ezagutzen diren ere. Barregura ematen dit batzutan, baina gure koherentzia edo formazioaren islada ez den pentsatzen dut bestetan.

    • Nor zen Nelson Mandela?
    • Zer egin zuen bere bizitzan?
    • Alderdia, erakunde armatua, beltzen eskubideak, apartheid-a…. ezagutzen ditugu?
    • Bake prozesua
    • Hego Afrika

    Sakontzeko Wikipedia, zelan ez

    Uste dut, sakontzeko moduko gaiak direla Nelson Mandelaren figuraren ingurukoak. Biografia euskaldun bat, testuingurua, datuak, historia eta gertaerak. Artikuluak hemen, artikuluak han… baina informazio txukunena, beste behin wikipedian ikusi dut. Wikipedian irakurri dut. Euskarazko wikipedia euskaldunok dugun altxorrik baliagarrienetakoa iruditzen zait. Guk geuk sortutako informazioa izateaz gain, etengabe hobetzen dagoen proiektua da. Eta gaur ere, ondo erakusten digu bere balioa.

    Nelson Mandela gaur

    Nelson Mandela, nor gogoratuko da bihar?

    Sarean, sormena barra barra

    Bitartean, gure sarean, euskaldunon artean, sormenak ere badu lekua, umorea izan zitekeen broma ez balitz.
    Gatza free!
    Gatza askatu!

  • literatura,  teknologia berriak

    USB sarrerarik ez duten ordenadoreen arriskua

    Kartzelatik landa artikulu hunkigarria idatzi digu Iñigo Aranbarri idazleak, Karmelo Landa kartzelan bisitatu ostean. Ezagutuko duzue Karmelo. EHUko literatura irakaslea, Gabriel Arestiren lan eta obra askoren biltzaile, Eako kultur sustatzaile, negoziazio prozesuetan aditu, aritu eta epaitua. Epaitu gabe kartzelan duten mahai nazionaleko kidea. Prentsan aritua, artikulugile fina, eta Kazetaritza eta literaturaren arteko harremanean ikerle.

    Artikuluak zer pentsatua eman dit. Eta kartzelan lan egiteko erabili asmo zuen ordenadorearen gainean pentsatzen jardun naiz berbok idazten hasi aurretik.

    Baina onena, Iñigoren artikulua bere horretan hona ekartzea.

    Kartzelatik landa

    Iñigo Aranbarri
    BERRIA 09-05-12

    Artea zelai erdian bezain eder dago Caceres udaberrian.

    Primaderarik gabeko Caceresen dagoelako Karmelo Landa ez dugu, baina, haren artikulurik egunkari honetan irakurtzen ahal. Idaztea bera langintza ikaragarri zaila bihurtu zaio dagoen tokian dagoenetik. Eta badira hamabost hilabete eraman zutela.

    Zigorrik ezarri gabeko presoa den neurrian, ez zukeen bestelako arazorik izan beharko orain arte ezagutu dugun bezala hitzarekin lanean jarraitzeko. Baina Espainiako kartzeletan izugarri konplikatzen da dena. Literaturaren eta kazetaritzaren arteko harremanak aztertzen ari zen preso hartu zutenean. Hori du bere tesi proiektua. Euskal prentsan agertutako milaka artikulu utzi zituen Bilboko etxean. Ikertzen segi nahi eta preso prebentibo gisa eskubidea duelako, materiala ziegan sartzeko eskatu du. Madrilera bidali behar dutela erantzun diote, gaztelerara itzuli behar dutela. «Baimen guztiekin argitaratu izan den prentsa itzuli?». «Bai jauna, arauak, badakizu…»

    Errepide berriarekin, zuloan geratu da Bejar. Aurrerago, zezen koskortuak ageri dira larrean, arbel harriz eginiko hormak, Tajo artean gazte bat Atlantikoaren bila. Landa herriok utzita gurera etorritakoak datozkit gogora. Ez nau harritzen opor guztietan etxera itzuli nahi izana. Eskolako zein kaleko lagun extremeño guztiak. Diego Garcia tartean, gaztaroaren artadian barrena korrika. Ez dut uste haien adore laurdenik ere biltzeko gauza izango nintzatekeenik.

    Caceresko kartzelak ez du, ordea, Extremaduraren ederretik batere. Zikina da, kaserna militar zahar bat dirudi, Unescok ez ikusteko moduan hirigune historikotik urruti erauzia. Ari eta ari, Landa zerbait baldin bada ikaragarri ekina delako, Caceresen lortu du Alcalan izan ez zuen ordenagailua. Hamabosgarren hilabetera. Lehengo astean eman zioten. Atera du kaxatik, muntatu du, lotu ditu kableak, piztu du Windows Vista… eta hori, vista, begira egoteko pantaila. Ezin sagurik ere ezarri. Kendua zuen USB sarrera. Ostera ere bueltan dendara. Eta abokatuari dendariak: «Baina badira hiru bat aste-eta osorik bidali genuela!»

    Gurera heldutako langileen garaiaren aldean, erraz egiten da orain harakoa. Ezagunak zaizkidan herri izenak bata bestearen atzetik, abiadura ikaragarrian irakurtzen dira panel urdinetan. Ezustean, auto bat sartu zaigu aurrean. Senideengana doakit gogoa galgaren izerdia epeldu ostean, heriotzaren loterian jokatzen astero. Azkoitira heldu ziren gehienak Badajozekoak dira, Serenakoak. Jose Maria Piris haurra San Vicente de Alcantaran jaioa zen. Etxetik entzun nuen poltsa ostikoz jo zuenean lehergailuak atera zuen danbatekoa. Ia nire adina zuen.

    Beste hainbat absurdu bezala, absurdua da kartzelako logika, absurdua prozesua, absurdua arrazoibidea. Zer leporatu, atxilotu ostean pentsatzen da. 2002an erabaki zuen epaileak Landa ETAkoa zela, baina ez zuen 2008ra arte preso hartzeko agindu. Nola liteke hainbeste denboraz libre uztea gaizkile arriskutsua izanda? Gau erdian, kaputxadun polizien eta telebista kamera artean, eskuak lotuta atera zuten etxetik. Profesor Neiraren Espainiak ez du Landa irakasle nahi. Irudikatze lan gaitza dago ez denak nahi denaren tankera har dezan. Hiru egunez izan zuten terrorista inkomunikatuta… baina ez zioten galdera bakar bat egin.

    Hilaren 18an, Nazio Batuen Giza Eskubideen Bulegoko ordezkariaren bisita izango du… mintzalekuan. Berari ere ez diote Karmelo Landarekin era duinago batean biltzeko aukerarik eman. Kristal lohien bestaldean, zulotxoen gainera makurtuta entzun beharko dio Carlos Villan Duranek. Absurdoaren muinean, barrea ere eragingo dio gizonari, pasadizo humanoak benetan maite baititu Landak: «Badakizu kanariar preso sozial bat ezagutu nuela Alcalan justiziak ‘ahaztu’ egin zuena?». «Nola ahaztu?». «Kanarietatik Madrilera bidali zutenean gizonaren txostena, Seur-ek galdu egin zuen paketea. Ez zen inor ohartu. Prebentzioko lau urteak oso-osorik jan zituen don Inorrez hark».

    Genevara itzultzen denean, beharbada Kafkaren amesgaiztoez hitz egingo die Villan Duranek bulegokoei. Mendeku politikoaren kulturak baldintzatzen duela justizia. Osterantzean, ikusgarria dagoela Espainia udaberrian.