• agit/prop,  baserritik mundua,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Elikadura burujabetza eta tokiko garapena eskolan lantzen

    Eskubide sozialen aldeko jardunaldiak antolatu dituzte Oarsoaldean. Ostegun honetan Elikadura burujabetza eta eskubide sozialak landuko dira mahai inguru batean, Oiartzungo udaletxean.
    tokiko
    Eskolako jantokiko esperientzia kontatzera noa bertara, baina Elikadura burujabetza, ekonomia iraunkorra eta tokiko garapena uztartu gura ditut gure herriko esperientziaren berri ematean.
    Hitzaldirako aurkezpen hauxe prestatu dut.

    Elikadura herritarron eskubidea

    eskubidealandan
    Elikadura izan ere, herritarron eskubide bat da. Mundu osoan bermatzen ez dena. Gurean ere, gero eta mugatuago, gero eta zanpatuago dagoen eskubidea da.
    Eskolan, zer jan eta zelan jan erabaki genuen aspaldi guraso elkartekook. Eta ariketa demokratikoa ez ezik, ingurugiroan, lurraren inguruan, tokiko ekonomian eta beste hainbat arduratan murgiltzeko balio izan digu. Irakaspen itzela benetan. Osasuna, kalitatea, zaporea, elkartasuna, eta beste balio askoz gehiago lantzen dira sukaldean, jantokian eta eskola inguruan, egunero egunero.
    Gaztelumendi
    Eskubide sozialen karta

  • agit/prop,  baserritik mundua,  Elikadura Burujabeta,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Eskoletako jantokien ikasgaia

    Baserri Bizia

    Ikasturte bukaerako jaia antolatzen ari gara eskolan. Aurten ere, egun osoko egitarau aberatsarekin batera, bazkaria izango da eskola komunitatearen elkargune nagusia. Ikasle eta ikasle ohiek bazkalduko dute lehenengo, eta gero kalean eta patioan olgetan dauden bitartean, jantoki bete guraso batuko da, ezin menu ederragoa dastatzen.

    Urte guztiko asmo, gogo eta nekeen gailurra izaten da eskolako jaia, gurean bezala Euskal Herri osoko eskola, ikastetxe, ikastola eta abarretan. Eta gurean, egia esan, oso giro positiboa,baikorra, emankorra eta aberatsa bizi dugu, jantokiaren inguruan batez ere.

    Badira urte batzuk -seigarren ikasturtea irailean- Eusko Jaurlaritzak eskoletako jantokien dekretua inposatu zuela -Wert legea baino txungoagoa dela komentatzen dugu patioan- EAko Tontxu Camposen esku zegoen orduan Gasteizko Hezkuntza saila. Osteko bi kontseilariek ere; Isabel Celaa (PSE) eta Cristina Garmendiak (PNV) ez dute zirkinik egin egunero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskoletan jaten duten 100.000 haurrek jantokian zeozer ikasi dezaten, elikaduraren garrantziaz ohar daitezen, osasunaren aldeko neurri gutxi somatu ditugu, dena esan behar bada.

    Gure eskolan, erabakia gure esku zegoela pentsatu genuen. Eta erabakia hartu genuen, guk geuk antolatzea jantokia, sukaldea eta elikaduraren inguruko ardura guztia. Dekretua bete barik, egunero egunero sukaldean herriko denda eta baserritarren artean erositako elikagaiak izan dira, herriko ogia, arraultzak, okela… dastatu, gozatu eta jan dituzte gure neska mutikoek.

    Jaurlaritzak diru laguntza oro ukatu zizkigun hasieratik. Ehundaka mila euro ukatu dizkigute azken 5 ikasturteetan. Baina guk herriko produktuekin, Gipuzkoako jogurrekin, Nafarroako olio, arroz eta lekaleekin ikasi dugu jaten. Sukaldatzen. Bizitzen. Herriko baserritarrak egunero etortzen dira eskolara, sasoian sasoiko produktuak ekartzera. Sukaldariek bihotz guztiarekin prestatzen ditzute gero. Eta ikasle eta irakasleek jan. Gure haurrak maiz joaten dira herriko soloetara, baserrietara, ikusi eta ikastera. Eskolan bertan solo bat daukagu.Sasoian sasoikoa. Berdin letxugak landatu edo marrubiak dastatu. Egunero mahaia ikasleek jartzen dute, batu ere bai, eta konpostaren ardura daukate. 2 tona konpost egin genituen iaz. Solorako baliatu dugu gero.

    Jantokia ikasteko leku bilakatu da. Gure baserria, gure elikadura, gure etorkizuna bertan lantzen dugu. Jaten duguna garelako, gure herriko tokiko garapena bultzatzen ari gara, herriko dendak -harategia, komertzio txikia, arraindegia-, ogitegia, soloak, hezitzaileak… guztia guk kudeatutako sistema libreago batean lantzen ari gara. Herriko ekonomian motore ere bada eskola eta guraso elkartea. Eta etorkizunean horrela jarraitu gura dugu.

    Erabaki garrantzitsuak hartu behar dira orain. Jaurlaritzan Hezkuntza sailak eta Nekazaritza departamenduak urratsak eman nahi dituzte. Gu laguntzeko eta egiten jarraitzeko prest gaude. Baserritarrekin, sindikatuekin, gizarte eragileekin, eskola komunitatearekin batera. Elikadura burujabetza lantzeko aukera aparta daukagu, eta guztia gure esku dago. Baliatu dezagun aukera historiko hau.

    Baserri Bizia 54. aldizkaria osorik:
    Baserri Bizia 54

  • larrabetzutik

    Inoiz herrian egin den mendi martxa handiena

    Elkartasuna eta herrigintza

    Pozik gaude, asteburua itzela izan zelako. Hasi barikuan, jarraitu zapatuan eta domekan bertan be ekitaldi mordoa herrian. Eta asteon gainera, ezin albiste hobea: Eider Zuriarrain libre!

    Kontua da, Garmitxaren aldeko ekitaldiak oso oso arrakastatsuak izan dirala. 80 ume inguru antzerki saioan eskolako jantokian, 120 lagun dokumentala eta Gaztelumendi abesbatza ikusten, 220 lagun inguru Garmitxaren aldeko mendi ibilbidean. Eta herrian egon zen giroa, eta elkartasun pintxoak, eta Garmitxa elkartearen postua, eta frontoian sortutako giroa…. Elkartasun bete asteburua.

    Larrabetzuko eskolaren webgunean daude argazki eta kronikak. Hor batzen da poz guztia:

    Garmitxa
     

    Larrabetzun urte asko daroagu mendi ibilbideak antolatzen, eskolako irteerak, Hori Baiek antolatutakoak, ostantzekoak… baina inoiz ez dogu lortu horrenbeste jende batzea. Hasi ume txiki txikietatik, gaztetxoak, gurasoak, helduak, eta baita Gure Etxea jubilatu elkarteko jendea ere. Arrakastatsua duda barik, eta guztiontzako modukoa.
    Birritan egin dugu ibilbide bera, iaz eta aurten, eta aurrerantzean ere bide berdinetik joango garela erabaki dugu, eta ibilbideari ere Garmitxa izena jarriko digou.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    euskal eskola publikoaren alde

    Aurten, ekainaren 1ean ospatuko dugu Euskal eskola publikoaren aldeko jaia, Balmasedan.
    euskal eskola publikoa

    nola ulertu eskola
    gure herritik harago?
    Eskola gure herriari
    lotuta baldin badago

    Eta milaka izango gara, herriz herri, autobusez eta garraio publikoa baliatuz Balmasedara hurbilduko garenak. Milaka dira, Euskal Herri osoan, herriz herri, auzoz auzo… hezkuntza publikoa jasotzen duten neska eta mutikoak. Helburu ditugulako, euskarazko hezkuntza eta publikotasuna, baloreak eta elkarlana.

    Aurten baina, Bizkaiko ikastolek txarto eta berandu, Ibilaldia egun berean egitea erabaki dute, aurretik prestatuta zeukaten egunean Europa mailako hauteskundeak izango direlako. Ez dute egun bat aurreratu eta zapatuz egin, ez dute beste egun bat hautatu… ez, eskola publikoaren jaiaren egunean berean egingo dute, ospatuko dute jaia.

    Azalpenik? urri eta eskasak. Balorazioa: nork berea. Niri lotsagarria iruditzen zait, eta elkarrekin mokoka ibiltzeko garaiak ez direnez… ba are eta larriagoa.
    Ziur naiz, asko izango garela, inoiz baino gehiago Balmasedara joateko hautua egingo dugunak. Baina izango da bat baino gehiago dudan egongo dena, nora eta zelan joan….eta zergaitik.

    eskola publikoaren alde, egunero

    Larrabetzutik adibidez, inoizko ahaleginik handiena egingo dugu eskola publikoaren jaira joateko, autobusak antolatuz, kartelak jarriaz, kanpaina eginez… aktiboa. Herriko eskolan 220 ume baino gehiago ari dira ikasten, Derioko ikastetxera DBH egitera doaz beste mordo bat… eta hezkuntza publikoaren alde, eta LOMCEren kontra ari gara gogotsu aspaldi honetan.
    lomceriEZ
    Begirune osorarekin elkartasuna, herrigintza, ingurugiroa, hizkuntza eta beste gauza askoren aldeko hezkuntza lantzen ari gara, eraikitzen… gurean ere. Eta eskola publikoaren alde jarraituko dugu lanean, egunero… hezkuntza komunitate osoak: hezitzaileak, langileak, gurasoak, ikasleak….

    Aurten SIROKA taldeak egin duen kantu eder hau lau haizetara hedatzen ari da, zorionez. Guk geuk ere horretan dihardugu.

  • Elikadura burujabetza,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    olgetan, lurra lantzen eta irakurtzen

    • Zer da ikastea, jolastea ez bada.
    • Zer landu, jorratu, garatu… lurrarekin ez bada.
    • Zer irakurri, erakutsi, bizitza bere ez bada.

    Olgetan hasi gara arrastian, eskola ondoko txinboetan, eta ostean belar eta lur artera joan gara, negutegian sartu eta atxurra eta ostantzeko tresnakaz lurra lantzen eta ezagutzen hasi gara. Handik txiri txiri liburutegira egin dogu. Jakintza gehiagoren bila. Eta liburu artean, elikaduraz gehiago ikasi dugu.
    elikadura eta eskola

    • Zer da eskola? Zer da ikastea?

    Holango galderak ditugu oraindik buruan, kolkoan….

    Herriko ume batzuen artean, arrastian, bi ordu eskasetan irudiak grabatu, ikusi eta montatu egin ditugu. Kantu bat aukeratu, eta 90 segunduko bideotxoa sortu dugu. Lagun artean, di da. Batzuk azkar ikasi dute, besteoi gehiago kostatu zaigu ulertzea…. baina ikasketa prozesu bat izan da hau ere.
    Elikadura eta eskolari buruzko jardunaldiak
    ditugu asteburuon eskolako jantokian. Jende anda batuko da, Elikadura burujabetza, jantoki eredu autokudeatuaz edo elikaduraren garrantziaz berba egin eta eztabaidatzera.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik,  maitatasunetik

    zelan jan…

    Autogestioa ez da soilik gaztetxeen lema bat. Ez horixe.
    Autogestioa, autokudeaketa, ekonomikoki antolatzeko modua ere izan daiteke. Eta bada.
    Herrian, esperientzia aparta ari gara bizitzen, Eskolako jantokiaren kudeaketarekin. Herriko dendetan (harategia, okindegia, denda, arraindegia…), herriko ekoizleekin (arraultzak, baserriko produktuak…)
    Gurasoek kudeatutako jantokia eta sukaldea daukagu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak -EAko Tontxu Campos sailburu zela- sukaldariaren soldata, langileen kostoa eta subentzioak ukatu zizkigun, gure erabakian mantentzearren. Eta horretan dihardugu.
    Gurasoek bilera luze eta interesgarriak izan genituen orduan. Gatazkan sartu ginen, zer eta Jaurlaritzarekin. Hasieran eskola gehiago ere baginen, baina presioa itzela izan zen… Larrabetzun halan da be, aurrera jarraitu genuen. Jarraitzen dugu.
    Gaur da eguna, ekonomikoki bideragarria egiteaz gain -eta ez da gutxi- osasun arlotik, kalitate aldetik pozik baino pozago gaudela.
    zelan jan, halan izan!
    Eguneroko jatekoak, guraso elkarteko batzorde batek erabakitzen ditu. Horretarako, aholkulari talde bat ere badago. Eguneroko erosketak ere guraso elkarteak bideratzen ditu.
    Horrez gain, sukaldeko eta jantokiko langile guztiak, Guraso elkarteak kontratatzen ditu. Herriko ekonomia, zeozelan suspertu eta abian jarriz.
    Jakiekiko sentsibilitatea asko igotzen ari da gurean, baserriarekiko begirunea, produktu fresko eta kalitatearekiko arreta, nekazaritza ekologikoaren inguruko kezka, soloen etorkizuna, baserriaren geroa… hizpide ditugu ohiko elkarrizketa eta berbaldietan.
    Bizkaiko EHNEk argitaratzen duen Baserri bizia aldizkarian, bi elkarrizketa mamitsu argitaratu dira, Julen Guraso elkarteko partaidearekin bat, eta Aitor sukaldariarekin bestea. Biak be, esanguratsuak. Jan kontuekin jolastu ezin daitekela eta, gauza harrigarriak kontatzen dituzte biek.

    16. orrialdetik 19. ra agertzen dira bi elkarrizketok.
    Informazio gehiago: www.larrabetzukoeskola.org

    Baserri bizia aldizkaria osorik

  • larrabetzutik

    Herriko eskola eta Hori Bai auzolanean

    herrigintza oinez ikasten da

    Herri giroaz berba asko egiten da. Giroa eta herrigintza zerutik eroriko balira lez. Giroa sortu egin behar da, saiatu, baldintzak bilatu, eragin, proposatu, egin, lagundu.
    Gurean aspaldion, giro itzela dabil. Ekimen ugari eta ezberdinak ari dira sortzen, eta sarritan ekimenok alboko indarrak ere baliatzen dituzte, aurrera egiteko.
    Herri bizia da gurea, bizirik egoteko arnasa ondo hartu behar da, ez da geldirik egon behar, eta lozorroan geratzeak be, ez dakar bizitasunik. Bizitza gimnasia ere bada, herrigintzan ari garela, eta aspalditxo honetan oso adibide onak eta joriak ditugu.
    Larrabetzutik oinez
    Asteburukoa izan da horretarako aproposa.
    Ikusi dugu zelan herri baten, gurea bezalako herri txiki baten, belaunaldi ezberdinen arteko lana, auzolana posible den. Eskolako ikasle eta gurasoak, gaztetxeko kideak, belaunaldi ezberdinetakoak auzolanean. Zer eta herria ezagutzen, basoan kantari Olentzeroren bila, auzoz auzo berbetan edo Hori Bai gaztetxean Olentzeroren kartelak margotzen.
    herriko gaztetxoak Hori Baien

    Larrabetzuko eskola eta Hori Bai. Eredugarri.
    Baina auzolanaren logika horretan, herrian badaude adibide gehiago be, eskola eta herriaren arteko harremanaren eredu.

    • Eskolako jantokia eta Gurpide elkartea be batera ari dira baserriko produktuak bultzatu eta kalitateko menuak prestatzen.
    • Literatura Eskola eta guraso elkarteak, Literaturia egunetarako Literaturiatxue prestatzen dute elkarrekin, eta bi urtetan oso emaitza politak eman ditu.
    • Txorierriko AEK (txepetxa euskaltegia) eta gurasoak be, egin beharrekoak eta bi ari dira egiten, guraso guztiak euskalduntzeko lanean.
    • Kukubiltxo antzerki taldeagaz, hartuemona dago, eta antzerki tailerra martxan jarri da ikasturte honetan, eta astelehenero, bi talde Josu Kamara lagun eta maisu dutela ari dira antzerkigintzan murgiltzen, lau bost sei urteko neska mutikoak denak, bihar etziko antzerkizale edo antzerkilariak izan daitezkenak.
    • Bertso eskola eta ikasleen arteko harremana be, aspaldikoa 20 urte baino gehiagokoa jadanik, eta gaur egun Etxahun Lekue aritzen da eskolan, bertsolaritza eta ahozkotasuna lantzen. Duela 20 urte, ni neu Etxahun eta beste ume batzuekin aritu nintzen bezala.

  • albisteak 2.0,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

    Lanez lepo

    work in progress

    Gertatzen da, eta batez ere ikasturte hasiera hauetan. Ekin beharra dago, zeregin ezberdinei eutsi, eta berrietarako gogoa be pizten da sasihasiera hauetan. Eta horrela gabiltza. Batean eta bestean. Neurria eman nahi, baina pasatu barik.
    Ikasturtearen hasierak baditu gauza onak, planak burutzea, egitasmoak fintzea, eginbeharrak zehaztea…. baina hasiera fasean, denak batera abiatu behar direnean, elkar ere jo dezakete. Denbora ordenatu, pausatu, ikusi, aztertu eta ekitea da ziurrenik aproposena.

    work in progress
    Eta horrelakoetan, blogak ez du izaten lehentasunik. Konturatuta nago, zenbat eta denbora libre gutxiago, blogak nabaritzen duela gehien. Lana dela, ardurak direla, proiektuak… hau eta beste, Interneteko proiektuetan eman arren denbora, azkenean blog pertsonala ateratzen dela galtzaile. Horregatik dute, hain zuen, horrenbeste arrakasta sare sozialak, mikroguneek eta ostantzekoek. Denbora gutxi eskatu arren, besteen arreta azkar bereganatzen dute.

    • Baina sareotan, ikusten eta irakurtzen ematen dugun denbora, sarean sortzen emango bagenu?
    • Zelan uztartu, neurri txikia eta ertaina? Zer esanik ez, luzera handiko artikulugintza, ponentziak, hitzaldiak prestatu behar izan ezkero
    • Denbora eta espazioa, dedikazioa eta ardura. Proiektu kolektiboak eta pertsonalak, hor dago koxka.

    Aurrera goaz hala ere, irakurleek honezkero badakite/badakizue hemen ez bada, nondik nabilen, zertan nabilen… ezta?

    Astea programatzen duzu, eta astean zenbat aldiz daukagu horrelakoei ekiteko astia? Gauari zenbat kenduko diogu? Lagunei? Etxekoei? Ahal dala, ahalik eta gitxien.

    Eta twitter bidez, edo facebooken, telebista programan edo irratietako tarteetan harrapatuko duzue hemen gutxiago ageri den hau. Gainera unibertsitatean Euskal kulturgintzaren gaineko ikastaroetan murgilduta eta asteburuetan Literatura Eskolako dinamikari berriz heldu nahian…  gaztelumendi.org proiektuan hoien berri ematearekin, nahikoa eta lar.

    Albisteak 2.0

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  maitatasunetik

    A gripea baino A eredua kaltegarriago omen

    Ikasturtea hasi da gure eskoletan. Euskal Herriak bere eskola ekimenekoek, A gripearen txertoa jarri gura izan diote eskolari. A ereduaren kontrako medizina behar delakoan gurean. CelaA gripea izango da agian, Tontxu Camposek eta aurreko euskal erdiko Hezkuntza sailburuek osatu ez zutena.

    • Kontua da, oraindik zenbait eskolatan A erdu malapartatu hori hor dagoela. Ez du euskalduntzen, eta eredu euskaldunetan ordea, hizkuntza guztien jabe egiten da ikaslea.
    • Polita ekimena, pena prentsarako baino ez dela izan. Hobe, txertaketa hori herriz herri, eskolaz eskola hedatuko balitz. Ekimen polita litzateke.

  • larrabetzutik

    Eztabaida sarean eta kalean

    :::::::::::::::::::::::::::::::: :::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::: ::::::::::::::
    ASANBLADA OROKORRA: martitzen iluntzean egindako asanbladan (oso jendetsua 100 inguru batzartuta) ahobatez onartu dira hainbat kontu, eta besteak beste orain arteko Jantoki ereduagaz jarraitzea.
    ::::::::::::::::::::::::::::: ;:::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::: ::::::::::::::::::::::::::::::::::::

    astelehenez idaztea zailagoa dalakoan.
    Herrian giroa gori gori dago. Eskolako jantokiko erabaki batek, pil pilean jarri du aktualitatea. Informazioa eta eztabaida.
    Eztabaidatu daiteke asanbladan, eskolako pasiloetan, kalean, tabernan eta sukaldean. Interneten ere eztabaidatzen da.
    Kalean eta tabernan ozen eztabaidatzea euskal ohitura da.
    Interneten lotsa galduta egitea ere, ohiko bilakatzen ari da.

    Kontua da, gure herriko eskolan 25 urtez gurasoek kudeatu dutela jantokia. Hezkuntza sailak zaildu egiten du hori egun. Oso zail jarri du. Eztabaida dago gurasoen artean. Eztabaida herrira eta sarera hedatu da ondorioz.

    Eztabaida ona eta osasuntsua izan dadin, ahalegina egin beharko genuke denok. Ezkerretik eskumara, zahar eta gazte. Eskola hezkuntzarekin lotu beharko genuke. Kalitateagaz. Errespetu eta begirunea. Edukaziño apur bat, mesedez, umeak aurrean dauz eta!

    Baina eztabaidatzea, berez, ona da.