-
Elurra ez dakit, zurikeria mara mara gurean
edo ustelkeria Larrabetzun
Eguraldiak sarritan, bestelako gaiak uxatzen ditu. Zer esan ez dakigulako aritzen gara aroari buruz berbetan, edo zeresana dagoenean, hura ezkutatzeko. Telebistetan ohikoa da eguraldiaz jardun eta jardun, euria denean euria ari duelako, udako beroaz ala neguko hotzaz.
argazkia: eitb.com
Hala ere, eguraldiaz dihardugun arren, inoiz baino pobreagoa da gure hiztegia, aroari buruzko gure jarduna… zer egingo diogu bada.
Zurikeria nagusi
Hala ere, barra barra gailentzen ari den zurikeriak ematen du bai zer pentsatua. Ni neu hausnarrean nauka aspaldion. Urte amaiera eta urte hasieragaz gainera, gailendu egiten ei da. Eta zuriago, zurbilago ageri zaizkigu bazterrok. Jende xaloa, jende jatorra nonahi, profiden iragarkietakoak baino hortz zuriagoak agintari edo jabeen ahoetan…
Politikari profesionala besterik ez zela uste genuen, baina herri txikiak kudeatzen dituzten alferren ahora be heldu da zurikeria.Alkate eta agintari ustelak gurean
Guk herrian, denbora gutxian fortuna handia egin duen jauntxoa daukagu. Tomas Ordeñana alkatea. Ezertarako gauza ez, loragintzan hasi, Enba sindikatuko kide egin, EAJko hutsuneak profitatu, eta azken 10 urteotan alkate moduan jasan behar duguna. Ezertarako gaitasunik erakutsi balu sikiera, baina bai zera, norbere lukrazio eta harrokerirako baino ez du baliatu Larrabetzuko udala, herritarron zeregina, aginte makila.
PNV-k kandidatorik ez zuenean urratsa eman, eta gerora alderdikoek ere aguantatzen ez duten arren, bera da oraindik nagusi gurean. Aurreko legengintzaldian, ezker abertzalea ilegalizatu zutela eta, sekulakoak eta bi egiten saiatu arren: soldata paregabea, goizeko 8etan egiten ziren zenbait pleno -egiten zirenean-, dana alkaldia dekretu bidez gobernatu, obra lizentzia ilegalak banatu, sariak jaso, ordainpekoak eskuratu, lioak gazteekin, lioak eskolarekin, lioak kultur eta kirol taldeekin, jai herrikoiak lagun baten eskutan pribatizatzen saiatu… zer ez zuen egin gure Tomas jaunak.
Heldu ziren hauteskundeak. Hiru hautagai herrian. Eta alderdi jeltzaleak historiako emaitzarik txarrenak. 30 botogatik da alkate. Eta ezker batua/aralarrekoek bera kentzeko nahikoa ausardiarik izan ez zutelako. Minorian alkate, eta hala ere uste du bera dala nagusi herrian. Bere esanetara behar dugula egon besteok. Hori da lotsabakoa izatea.
Eta oraindik ere bere horretan jarraitzen du Tomas Ordeñana alkate jaunak. Bereak eta bi egiten. Negozio ilunenei babesa ematen, informazioa ezkutatzen, on plantak egiten…. baina aurpegia eman behar duenean, orduan isilik da egoten. Plenoetan publikoan esateko gai ez dana, gero bere morroiek blog edo paperezko fotokopia txatxu batzuetan esaten dute.
Marroi galanta deskubritu dute ezker abertzalekoek berriki, eta herrian aspaldian ez da beste hizpiderik.
Zuek egin kontu: Golf zelai bat, hotelak, baimenak, salerosketa ilegalak…. korrupzioa Larrabetzun, eta PNV -zelan ez- tartean.Nik nire ikuspegia eta iritzia libreki azaldu ditut, eskatu didatenean.
Bilbo Hiria irratian, herriko kontuetaz
Orain asko ez dala Bilbo Hiria irratian aritu nintzen gai honi buruz berbetan, eta pentsatu nuen, herritik kanpo be, komeni zala gauzak ahalik eta garbien erakustea. Horrelako gaiak ez direlako maila lokalean geratu behar, politika egiteko modu zikinak, nahinon eta nahinoz zabaldu behar direla… salatu, aldatu, aurre egin.
entzuteko: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/solas091221patxi.mp3]Zuen iritzia be, gustatuko litzaidake jakitea. Ustelkeria, zurikeria, eguraldia edo…. golfari buruz.