• agit/prop

    Isilik, zintzo, zuri

    elorrio
    Isilik, zintzo, zuri. Debekuak, isunak, legeak. Maitasuna, hitza eta jarrera. Aurrez aurre. Audientzia den arren ez gaituzte entzun nahi, antza.
    Elorriokoa da argazkia. Jaietan jarri ziren jendaurrean. Egin asmo zituztenak debekatu zizkieten Madrileko Audientzia Nazionaletik.
    Ez ziren geldirik lotu. Irudimenez erantzun zioten behintzat debekuari.
    Esan ezin direnak esan ez arren, esanda geratzen da.
    Debekua eta jarrera.
    Isiltasuna eta salaketa.
    Zuria eta zurikeria.
    Elorrio eta Audientzia Nazionala Madrilen. Ezin elkar entzun, ezin entzun, ezin esan. A zer audientzia gorra, gogorra.

  • gaztelumendi.eus

    gauez bide ertzean

    Lanetik etxera nihoan, lasai. Mezularia nuen entzuteko autoko irratian. Gaua da Kanpazar gainean. Ez dago bidea azkar ibiltzeko, ez nik ere gogo larregirik horretarako.

    Kanpazar behera, gauez. Argi urdinak bide erdian. Polizia Nazionala omen. Kontrola. Geldi. Stop. Leihoa jeitsi eta linterna batekin begiratu dute auto barnera. Eskumatara. Stop.

    Karneta. Autoko agiriak.  Jeisteko. Atzeko atea ireki dute bi polizia nazionalek. Autotik aldentzeko. Nor naizen. -¿Ha estado detenido alguna vez? Ezetz. ¿Seguro? Ziur nik, ez dut jakingo ba!

    Autora hurbildu naute, dena miatzen ari dira. Autotik aldentzeko berriz, furgoneta baten albora. Paisanoz jantzitako kaputxadun bat da burua. Nire gidatzeko baimena faltsifikatuta dagoela esaten dit. Lasai nago ni, dei dezala trafikora nahi badu.

    Beste polizia batek besotik heldu eta urrutiratu egin nau. Autoko ate guztiak zabaldu dituzte dagoeneko. Goitik behera miatzen ari dira. Paperak, egunkariak, aldizkariak, iPoda, mp3 bat, diskoak, agenda… GARA egunkari bat eraman dute furgonetara. Ondoan geratu dira El Pais eta Berria.

    Koldo Izagirreri egin nion elkarrizketa bat daukat paperean inprimatuta, gustatu bide zaie, irakurtzen aritu dira. Angolillori buruzkoa zen elkarrizketan, aspaldi Ekintza Zuzena aldizkarian argitaratua, berriki blogean jarri nuena. Adi daude poliziak. 100 urte geroago.

    Gaua da. Ilun. Argi urdinak bakarrik. Auto gehienak aurrera doaz. Batenbat gelditu dute. Bakarrik nago bide ertzean. Hotz egiten du. Ez dut berotzerik nahi ordea. Luze doaz minutuak. Beldurtzen hasi naiz.

    Etorri da kaputxaduna. Non bizi naizen. Norekin. Joan da berriz ere. Furgoneta barruan norbaitekin ari da hizketan. Datuak konprobatzen arituko da. Neure alde. Etorri da furgonetako gidaria. Gidatzeko baimena eta autoaren paperak dakartza. Dena zuzen. Joateko.

    Ezetz beste polizia batek, eta miatzen jarraitzen dute. Geldi ni. Joateko desiatzen. Luzeago zaizkit minutuak. Hotzago orain. Urduriago. Joateko gogoz.

    Azkenean baietz, joateko. Dena zuzen. Hankaz gora itxi dute autoa. Autoa martxan jarri eta banoa Elorriorantz. Telefonoz etxera deitu, eta lasai egoteko. Kafe bero bat eskatu dut Parran. Elorrioko alkatea bertan. Berbetan hasi gara. Lasaitu naiz.

    Autoa berriro hartu eta lasaiago noa etxera. Non hobeto etxean baino.

    Eta orain, atzokoa kontatzen dudan une honetan, etxerantz joan behar dut berriz ere. Kanpazar igo behar dut. Kanpazar jeitsi. Etxera nahi dut, lehenbaitlehen.

  • hurrengo geltokia

    Terrorismoaz


    Carlos

    Bi argazki. Bi heriotza gehiago. Baina hau ez da terrorismoa. Hildako guztiak ez dira berdinak. Lanak 106 lagun hil ditu dagoeneko Euskal Herrian. Elorrioko Txaber 105. hildakoa izan da 2007 urtean. Beste hildako bat biharamunean Donostian.

    Carlos berriz faxista batek, militar batek, ultraeskuindar batek hil zuen domekan Legazpiko metroan, Madrilen. 16 urteko mutikoa. Arrazakeriaren kontra, faxismoaren kontra oihu egin asmo zuen kalean. Faxistak aurrez aurre metroan. Eta gazteena hil zuen pareko militar ankerrak. Ez da biolentzia politikoa. Reyerta bat dela diote sasikomunikabideek. Ez dute lotsarik.

    Heriotzak heriotzaren gainetik. Hipokresiak astintzen du gure lurraldea. Gizartea gaisorik dago, eta ez kondenatzea da kondenarik handiena. Ez dute lotsarik. Eta gu, bakea nahi dugunok ilegalak baino ez gara.

    Anoetako proposamenak 3 urte bete ditu, eta inork ez du bakerik gura hemen eta orain. Eta? Zer egingo dugu askatasunaren alde? Gure eskubideen alde.

    Terrorista hitzarekin ahoa betetzen zaien demokrata guzti hauek non daude? Ez ditut ikusten Elorrixoko argazkiotan, ez ditut ikusten Madrileko plazan. Non dira esku zuri garbi hoiek denak?

    Amorrua ezin gordeta, faxismoari eta kapitalismoari aurre egiteko garaia da. XXI. mendean, heriotza oso merke dago munduan. Nor izango da hurrengoa? eta errua ETArena dela esango dute, lotsabakook.

    Mintza gaitezen etikaz, biolentziaz, humanitateaz… gura duzuenaz. Baina gelditu dezagun dinamika hau, hilerriak toki barik itxi baino lehen.