• agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura

    Edizioa etzi

    Topaketa interesgarriak Katakrak liburudendan narratiba eta saiakera eta edizioari buruz

    Hamabost egunen buruan bi aldiz joan naiz Iruñeko Katakrak liburudendara. Solasaldi interegarriak suertatu dira narratiba eta saiakerari buruzkoak. Katakrak argitaletxe ere baden ezkero, arretaz ari dira so egiten literatura eta pentsamenduaren inguruan gurean egosten dena.
    GARA egunkarirako kronika pare bat egin ditut ia zuzenean liburudendatik bertatik. Hitzaldiak entzun, apunteak hartu eta bukatu bezain fite idazten hasi, handik ordu erdira erredakziora bidali eta biharamuneko egunkarian argitaratzeko.
    Eta ohartu naiz, bai narratiban eta baita saiakeran ere esperientzia aberatsa dagoela Euskal Herrian, argitaletxeak bizi bizi daudela, eta zailtasunak zailtasun, gure liburuek zer esana ematen dutela.

    Sare sozialetan oihartzun handia

    Katakrak liburudenda eta etzi.pm egon dira antolaketa eta logistikan. Mahainguruak sarean daude entzungai, eta horrez gain sare sozialetan ere oihartzun dexentekoa lortu dutelakoan nago. Egia esan, gurean literaturak, idazleek eta pentsamenduaren inguruko gaiek badute sona bat. Eta feminismoa adibidez, egun bizitzen ari dena oso esanguratsua da. Horrek, zelan ez, bere islada dauka sareetan ere. Erabiltzaile oso aktiboek gainera, oihartzun hori biderkatu egin dute.

    Bi kronika GARA egunkarian

    edizioa etzi: Narratiba

    edizioa etzi: saiakera

    audioak etzi.pm


    informazio gehiago: etzi.pm

  • agit/prop,  literatura

    Literatura eta memoria historikoaz

    GARA egunkarirako elkarrizketatu nuen aurrekoan Josi Basterretxea unibertsitateko irakaslea eta idazlea. Bere hirugarren nobela plazaratu berri, gerrosteko giroaz berba egiteko aukera ona izan nuen beragaz.
    Argazkiak Gaztelumendin egiteko proposatu eta Jaltzo argazkilariarekin txango polita egin genuen. Herriko hainbat leku eta kontu gogoratzeko baliatu genuen. Ordukoak dira argazkiok eta GARAn argitaratutako elkarrizketa hau.

    Josi Basterretxea GARA egunkarian
    Josi Basterretxea GARA egunkarian
    Josi Basterretxea GARA egunkarian


    Jaltzo argazkilaria Gaztelumendiko trintxeran Josi Basterretxea idazleari fotoak egiten.
    Jaltzo argazkilaria Gaztelumendiko trintxeran Josi Basterretxea idazleari fotoak egiten.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika

    Herria eta hizkuntza 1220 eurotan

    Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
    Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.
    Xalbador, Wikipediako argazkia
    Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.

    Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…


    Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
    bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
    hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
    berek nahi daukute konpreniarazi
    bata bertzea gabe daizkela bizi.

    Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.

  • ikusi eta ikasi,  musika

    Gu gira! nola aldatzen diren gauzak

    gu gira! radi0 euskadi
    Sekulako txapa ematen ari zaizkigu Radio Euskadin (eitb osoa) Gu gira diskoa dela eta ez dela.
    Zelan diren gauzak, hemendik 25 urtera agian, gaur jartzen ez dituzten diskoei omenaldia egiten dietenean AHT gelditu pegata jarriko diote iPod zahar bati.
    Botereak, radio euskadi botere administratiboaren irratia da egun, Ibarretxerena oraindik, Nuklearraren kontrako pegata batekin, a ze muturra! ez dute gogoratzen zer zioten jeltzaleek orduan? Nuklearra egin ezean, kandelekin egongo ginateke gaur egun euskaldunak. Baina orain, mundu guztia Frankismoko batailitak kontatzen, klandestinitatea, Iparraldean erositako diskoak, zentsura… mundu guztia mobilizatzen zen orduan… mundu guztia kalean, musika eta aldarrikapenaren inguruan.
    Batailitak kontatzea gustatzen zaigu bai, lehen pertsonan kontatu, hirugarren pertsonan bizi genuena. Eta orduan botereak txarto ikusitako aldarrikapenak geure egin…
    Amarru komertziala? Gu gira…. Iparraldeak lekurik ez duen direccion Franciako irrati horretan. Euskarazko disko bat, eta egunean zenbat kantu jartzen dira irrati horretan euskaraz? Zenbat berba? Gu gira… onenak, noski.

  • hurrengo geltokia

    Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoaz

    Kioskoan erosten dut goizetan. Irakurtzeko lain badaukat.
    Mesanotxean liburuak ditut, apaletan gehiago.
    Diskoak erosteari ez diot inoiz itxi, gero eta garestiagoak diren arren.
    Antzerkizaleago naiz zinemazale baino. Lagunek badakite hori.
    Kontzertuetara joatea atsegin dut oraindik, Antzokia ordu laurdenera daukat.

    Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoan pozik egon daitezke, gu bezalakoekin. Durangon dirutza uzten dugu, Elkar txartela izan genezake, Berriako harpidetza egin, Kutsidazu ikusi eta kultur etxera joan, gauean Mihiluze ikusten dugun bitartean. Ibarretxere bozka emateko ez genuke arazorik, badakizue erabakitzeko eskubidea.

    Eztabaida edo mahainguru bat ukan dute aurrekoan Martin Ugalde izeneko parke jurasiko batean. Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoa. Bai?
    Haur nafar baten gurasoak, Seaskako irakasle bat testuliburuetaz, laburmetraiak egiten dituen Leioako Arte Ederretako ikasle edo zinemagileren bat, Arabako rock talderen bateko norbait… ez keba. Elkar, EITB, Egunkaria-Berria, Eusko Jaurlaritza, Ernest Lluc… SS matrikuladun kulturgintzaz baino ez omen ziren aritu. E horrek euskaldun guztiona beharko lukeen arren, bestela dira gauzak. Han. Hemen.

    Jarrai dezagun berbetan. Eztabaidatzen. Mahainguruan, baina jaten. Kontsumitzen. Gero gerokoak. Han, eta hemen.

    Loturak:
    sustatu.com (Guggenheim defektua)| Berria.info (Kike Amunarrizen hitzaldia) | Martin Ugalde foroa (multimedia)