-
zelan aurre egin hotzari literaturarekin
Asteburua aspaldiko hotzena izan da gurean. Ean, egutegiak tokiz aldatu dituen ekitaldiak antolatu dituzte. Lehen, uda betean Poesia egunak izan ohi ziren kostaldeko herri txiki eta eder honetan. Iaz neguan antolatu ziren egun pare bat, eta aurten ere bai. Ez dakiguna da datorren urtean horrelako saririk izango dugun.
Zapaturako Miren Agur Meaberen hitzaldi oso poetikoa zegoen iragarrita. Iluntzen Oskar Alegriaren filma eta domeka eguerdian Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia. Aurretik izena eman, bertaratu eta gozatu. Hori zen plana. H-a kendu zioten …erria. Ea.
Miren Agur Meabek Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena kontatu zigun. Virginia Woolf idazlearen liburuaren titulua aitzaki hartuta, literatura sortzeko behar diren baldintzak, aukerak, inpultso estetikoak eta gogoetak luzatu zizkigun. Hitzaldi eder bat. Entzule asko, gehienak emakumezkoak. Eta jarrera oso emankorra eta oso hartzailea. Hori asko eskertzen da. Bistan da, Ean urteetako lana dagoela. Kostaldera hurbiltzen gara denok motibatuta, Eskolondon kafea hartu eta elkarren ondoan jarri eta entzuteko prest beti. Asko ikasteko desiatzen. Literatur kontuekin gozatzen. Eta oso esker onekoak izaten dira beti Eara hurbiltzen diren idazleen motibazio eta jarrera positiboa. Zortekoak gara alde horretatik. Miren Agur Meaberena ez zen gutxiagorako izan. Hitzaldi luzea, landua, datuz eta xehetasunez betea, gogoeta eta poesia, hausnarketa eta umorea. Jendea eta literatura. Katuak eta barreak.
Jende gehiagok eman zuen izena antza igandeko saiorako. Baina bezperako itxura hartu zuen Eskolondoko aretoak. Miren Agur Meabek atondutako moduan jaso genituen Ines Osinaga musikaria eta Joseba Sarrionandia idazlea. Kuban Sarrionandiak idatzitako letrak, itsasoz Euskal Herrira heldu eta disko forma hartu zuten Gose taldearekin. Igandeko saioan berriz, bakarka aritu zen kantuan Ines, Joseba Sarrionandiak berak idatzitako abesti bakoitzaren testuingurua azalduz. Katuak, erruak, portuak, basamortuak… denetarik hartu zuten hizpide.
Loturak, bizitako uneak, gogoeta filosofikoak, pasarte historikoak…. kontalari aparta da Joseba Sarrionandia. Orain arte liburuetatik baino ezagutu ez dugun idazleak jario ederra dauka hizketan ere. Berezko umore puntua eta memoria handia nabari zaio. Ezagutza eta irakurketa oparoa. Horren emaitza da bere sorkuntza. Eta horren esker onekoa Eako portura hurbildutakoen harrera.Giroa nabarmendu behar
Hotza egin du asteburuan Euskal Herrian. Gerizpetan gehiago. Areto handietan zer esanik ez. Eskolondon hotza egin zuen zapatuan bezala domekan ere. Baina ederto girotu zuten gure letrek gure gorputzeko atal bat baino gehiago. Eutsi genion, eta gozatu genuen. Eta ostean, ardotxoa edo bermuta hartuta, barneratu genuen alegrantzia apur bat. Merezitakoa.
Neguan ere poesiak, literaturak, jendearen arteko harremanek lekua eta denbora behar dutelako, tarte bat. Are gehiago bizi dugun sasoi aldrebes honetan. Eta hori ere eskertu beharko diegu Heako antolatzaileei. Urtero bezala, beti bezala detaile guztiak zaindu, jendea babestu eta sekulako kultur eskaintza egiten dutelako. Eta eskertzeko berbak labur geratzen dira horrelakoetan. Giro beroaren parte dira beraiek ere. -
Elurra ez dakit, zurikeria mara mara gurean
edo ustelkeria Larrabetzun
Eguraldiak sarritan, bestelako gaiak uxatzen ditu. Zer esan ez dakigulako aritzen gara aroari buruz berbetan, edo zeresana dagoenean, hura ezkutatzeko. Telebistetan ohikoa da eguraldiaz jardun eta jardun, euria denean euria ari duelako, udako beroaz ala neguko hotzaz.
argazkia: eitb.com
Hala ere, eguraldiaz dihardugun arren, inoiz baino pobreagoa da gure hiztegia, aroari buruzko gure jarduna… zer egingo diogu bada.
Zurikeria nagusi
Hala ere, barra barra gailentzen ari den zurikeriak ematen du bai zer pentsatua. Ni neu hausnarrean nauka aspaldion. Urte amaiera eta urte hasieragaz gainera, gailendu egiten ei da. Eta zuriago, zurbilago ageri zaizkigu bazterrok. Jende xaloa, jende jatorra nonahi, profiden iragarkietakoak baino hortz zuriagoak agintari edo jabeen ahoetan…
Politikari profesionala besterik ez zela uste genuen, baina herri txikiak kudeatzen dituzten alferren ahora be heldu da zurikeria.Alkate eta agintari ustelak gurean
Guk herrian, denbora gutxian fortuna handia egin duen jauntxoa daukagu. Tomas Ordeñana alkatea. Ezertarako gauza ez, loragintzan hasi, Enba sindikatuko kide egin, EAJko hutsuneak profitatu, eta azken 10 urteotan alkate moduan jasan behar duguna. Ezertarako gaitasunik erakutsi balu sikiera, baina bai zera, norbere lukrazio eta harrokerirako baino ez du baliatu Larrabetzuko udala, herritarron zeregina, aginte makila.
PNV-k kandidatorik ez zuenean urratsa eman, eta gerora alderdikoek ere aguantatzen ez duten arren, bera da oraindik nagusi gurean. Aurreko legengintzaldian, ezker abertzalea ilegalizatu zutela eta, sekulakoak eta bi egiten saiatu arren: soldata paregabea, goizeko 8etan egiten ziren zenbait pleno -egiten zirenean-, dana alkaldia dekretu bidez gobernatu, obra lizentzia ilegalak banatu, sariak jaso, ordainpekoak eskuratu, lioak gazteekin, lioak eskolarekin, lioak kultur eta kirol taldeekin, jai herrikoiak lagun baten eskutan pribatizatzen saiatu… zer ez zuen egin gure Tomas jaunak.
Heldu ziren hauteskundeak. Hiru hautagai herrian. Eta alderdi jeltzaleak historiako emaitzarik txarrenak. 30 botogatik da alkate. Eta ezker batua/aralarrekoek bera kentzeko nahikoa ausardiarik izan ez zutelako. Minorian alkate, eta hala ere uste du bera dala nagusi herrian. Bere esanetara behar dugula egon besteok. Hori da lotsabakoa izatea.
Eta oraindik ere bere horretan jarraitzen du Tomas Ordeñana alkate jaunak. Bereak eta bi egiten. Negozio ilunenei babesa ematen, informazioa ezkutatzen, on plantak egiten…. baina aurpegia eman behar duenean, orduan isilik da egoten. Plenoetan publikoan esateko gai ez dana, gero bere morroiek blog edo paperezko fotokopia txatxu batzuetan esaten dute.
Marroi galanta deskubritu dute ezker abertzalekoek berriki, eta herrian aspaldian ez da beste hizpiderik.
Zuek egin kontu: Golf zelai bat, hotelak, baimenak, salerosketa ilegalak…. korrupzioa Larrabetzun, eta PNV -zelan ez- tartean.Nik nire ikuspegia eta iritzia libreki azaldu ditut, eskatu didatenean.
Bilbo Hiria irratian, herriko kontuetaz
Orain asko ez dala Bilbo Hiria irratian aritu nintzen gai honi buruz berbetan, eta pentsatu nuen, herritik kanpo be, komeni zala gauzak ahalik eta garbien erakustea. Horrelako gaiak ez direlako maila lokalean geratu behar, politika egiteko modu zikinak, nahinon eta nahinoz zabaldu behar direla… salatu, aldatu, aurre egin.
entzuteko: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/solas091221patxi.mp3]Zuen iritzia be, gustatuko litzaidake jakitea. Ustelkeria, zurikeria, eguraldia edo…. golfari buruz.