• agit/prop

    Hemen hasi zen dena

    Mende hasierarekin, blogintza izan zen Internet berriko aurrerapen handienetako bat. Norberak nahi zuena idatzi, adierazi eta argitaratzeko aukera. Blogak ezagutu genituen. Frogatu. Eta sarean abiatu. Plataformak sortu ziren, eta gerora pertsonalizatzen joan gara.

    Garai hartakoa da nire lehen bloga. Abenduaren 3an abiatu, eta azokan zehar idazten eta kontatzen. Zirikatzen eta hausnartzen. Eta hedatzen.

    Isil isilik daude asko, sare sozialen eztandaren ostean. Ziklikoa da dena. Baina interesgarria ere bai, garai bakoitzean nola jokatzen dugun aztertzeko.


    Urteurrenetan akordatzen gara egin genuenaz, izan ginenaz. Eta nostalgia ez dakit, baina berriro ekiteko gogoa ez da izugarria izaten.

    Badira, blogari fermuki eusten diotenak. Nire begirune osoa. Blog pertsonal/kolektiboari eutsi ezinik, oraindik wordpress ia egunero baliatzen dut, lan kontu eta bestelakoetan. Izugarrizko tresna da. Eta 20 urteotan, hobetzen baino ez da joan. Hautu ona egin genuen hasieran bertan.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Plateruena, XXI. mendeko kulturgintza berri baterako oinarri

    Kooperatibaren amaiera

    Orain arte ezagutu dugun Plateruena kudeatzeko ereduaren amaiera ekarri du bart ezagutu genuen albisteak. Plateruena desagertzea.
    Egoera ekonomiko larriak, ekarri du kooperatiba desagertzera eramateak. Langile eta bazkideen batzarrak erabaki du.
    Eta langile/bazkide/kulturgile/ekintzaile kooperatiba horretan eredu izan da. Sortu zen momentutik bertatik.
    Eta gardena izan da azken unean ere.
    Anboto Durangoaldeko agerkarian informazioa zabaldu zen lehen unetik, eta Igor Elortza bertsolari durangarrak ere datuak jarri zituen sare sozialetan, aspaldiko isiltasuna hautsiz twitter sarean. Biak ala biak, eskertzeko modukoak.

    20 urteko ibilbidea. Berbaro hura gogoan

    Durangoko alde zaharrean kokatuta zegoen Berbaro taberna ezagutu zuenetakoa naiz. Orduko kontzertuak gogoratzen ditut. Giroa. Gorakada. Gogoa eta ilusioa. Gertutik ezagutu nituen tabernari eta kudeatzaile boluntarioak. Eta beraien eredu berritzailea. Gehiago egiteko gogo hura.
    Plateruena proiektua sortu zen gero Hutsetik. Huts hutsetik… ilusio ikaragarriarekin. Auzolanaren zentsu pratikotik. Inplikaziotik. Zabaltzetik. Bilbon funtzionatzen hasi zen ereduaren bidetik. Eta lan asko. Asko. Eta euskal kulturak ikusgarritasun, pratikotasun eta dinamika foko berri bat piztu zuen beste eskualde baten. Ekonomia, kultura, herri mugimendua, dinamika soziokulturala… eredugarri. Durango, urte osoan kulturaren erreferentzia. Nazionala. Lokala.

    Bidea -baina- ez da amaitzen

    Etena dator orain. Ezina. Ekonomikoki. Kultur zikloa oso ondo bete du Plateruenak. Fase ezberdinak izan ditut, prozesu ezberdinak. Baina eredugarri.
    Igor Elortzak publikoki emandako datu hoiek kudeatzea zailagoa izango da kultur programazio eta produkzioa sustatzea baino, bistan denez.
    Baina Plateruena espazioaren beharrizanak bere horretan jarraitzen du. Beharra dago, eta espazio hori edukiz, kulturaz eta jendez nola bete berrasmatu beharra dago. Hemen eta orain. Beste behin.
    Lokalaren jabetza -duela 20 urte baino askoz balio gehiagorekin, bidenabar esanda- Durangoko udalarena da. Plateruena kooperatiba -eta bere zorrak- desagertu egingo dira.
    Eta pliego berri bat, eredu berri bat, kafe antzoki berri bat bersortu beharko da hemendik laisterrera. Eta horrek ematen dit baikorra izateko esperantza. Orain arte ikasi den guztiak ekarri dezakela Durangorako alternatiba berri eta on bat. Behar beharrezkoa.

    Antzokien eredua: Ostalaritza eta kultura

    Bilboko kafe antzokia sortu zenean, eztanda egin zuen gure kulturgintza osoak. Eredu eder bat sortu zen Bizkaiko hiriburuan. Hiria, gaua, kultura, hizkuntza, ostalaritza… funtzionatzen hasi zen. Lehertzen. Ikaragarria izan zen hastapena eta osteko garapen guztia. Eredu berri bat kulturgintza osorako. Euskaratik abiatuta gainera. Hiriaren basamortua. Panorama kulturala -batipat musikala- gogor astinduz.
    Eta hainbat kafe antzoki sortu ziren han hemenkda. Ondarroa, Elgeta, Durango, Bermeo…. eta proiektuak ere ugari, han hemenka.
    Itsasoa baretu da. Hainbat ekaitzaldi izan ditu. Bilbokoa, gaur gaurkoz itxita dago COVID 19 gaitzaren erdian. Noiz zabaldu ahal izango duen zain gaude guztiok. Besteen garai onenak joan ziren.
    Ostalaritzak sustengatu behar izan du kulturaren zama. Eta egiturarena. Langileak. Lanpostuak. Egunak ta gauak. Inbertsioak. Krisiak bata bestearen atzetik, eta azken pandemiarena… itzela.

    Publikotik haratago, ez dago beste eredu iraunkorrik?

    Gure herrian egitura publikoetatik landa, instuzioetatik haratago, hainbat eredu landu izan dira. Baina orain eredu hauen iraunkortasuna bilatu behar da. Ekonomikoa batipat.
    Kulturgintzan egin den ekarpena izugarria izan da. Ekonomian ere ez dira txarto ibili ahal izan duten luzaroenean.
    Baina agian eredua ahitu da. Soziala, kooperatiboa, partehartze publikoa, ehun sozialaren babesa, kulturgintzaren inplikazioa.. oraindik formulatu beharra dago. Berrasmatu. Eta ekin.

    Unai Iturriaga Euskadi irratian: Orain arte heroi batzuek mantendu dute kulturaren ikusgarritasuna

  • agit/prop,  literatura,  maitatasunetik,  musika

    Durango ugari

    Aurrekoan lagun batek, Durangorako joan etorriak urteetara ekartzen zituen. Mende laurdena urteroko zitan. Eta gogoetan jarri ninduen. Noiztik?
    Eta txikitako oroitzapena datorkit. Ikastolatik autobusean, atentatua Erletxetan. Liburu eta diskoak.
    80. harmakadako Andramari elizpeko diskoak eta estetika gogoan dut, Tijuan in Blue eta Potatoren diskoaren inguruan Soinuakoen estand hura, Kortaturen aizkolariaren posterrak, Hertzainaken kartel marroi handia, lehen diskoarena.
    Akerraren fisika liburua nire diruarekin erosi nueneakoa.
    Arkeologia esaten diote horri. Oroitzapenak. Aititerena egitea, gerra kontuetaz berbetan.
    Eta urteak joan urteak etorri, abendua, nobedadeak, musika eta letrak. liburuak eta diskoak besapean, diruak xahutu eta urte berriari ekin diogu, behin eta berriro.
    durengo

    Liburu artekoak

    Eta bapatean konturatzen naiz, liburuak saltzen 20 urte eman ditudala konturatu barik. Eta aurten ere, gogotsu aritu garela Twist edo Egarri egunak portualdean, Kartzelako poemak eta Scanner, Zaharrak ez zuen hil nahi eta Zamaontzia jendearen eskuetan jartzen. Eta aupa, eta kaixo, eta zelan, eta zu be bai, eta musu bat eta besarkada beroak, eta joandakoak, eta etorri datozenak.
    Idazle berriak, lagun zaharrak. Belaunaldiak eta ostekoak.
    Poza eta ilusioa ere egiten digu Durangoko azokak. Ez da liburuengatik bakarrik, ez dira doinua eta berbotsa soilik. Badago beste zeozer. Herrigintza zela pentsatu izan dut beti, baina badago beste zeozer be…. lagunartea, jendea, keinuak, bat izate hori, etorri, joan, elkartu, aldarrikatu, erosi, irakurri, egon, sentitu…. eta agian bai, herrigintzaren zati da hori. Herri gara. Eta herri osoa karpa baten azpian sartzen dugu agian; ahots, soinu, letra, irudi eta amets.
    Zer litzateke gure herria Durango barik?
    Durango gara gu ere, han ez gaudenean ere.
    eskerrik asko guztioi.

  • agit/prop,  albisteak 2.0,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Txinaurri lana

    euskal kultura gaur, eta bihar

    Argazkiak.org | Liburu eta diskoak, euskarazko edukiak © cc-by-sa: gaztelumendi

    Durangoko azoka hasten da gaur. Urteroko zita, aspalditik. Euskal kulturgintzan, sorkuntza diharduenarentzat garrantzitsua. Sosak batetik, eta topagunea bestetik. Urteko balantzea, eta urteko uzta. Merkatua da Durango. Eta merkatua ere elkarrizketak dira… ezta?
    Euskarazko kultura, sorkuntza maite ditugunok badakigu ze garrantzia duten horrelako uneek, guneek. Eta gurean, sorkuntzaren adierazpenari dagokionez, garrantzitsua da, urte osoko, eta batez ere udazkeneko guztia ikustarazten baita bertan. Euskarazkoa eta bestelakoa ere.

    euskal kultura eta sarea
    txinaurri lana


    Iñaki Perurena eta
    Zuzeu Komunitatea


    Argazkiak.org | Iñaki Perurena eta ZuZeu komunitatea, biba zuek! © cc-by-sa: gaztelumendi
    Abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan, Durangoko Plateruenan, zita bat daukagu Iñaki Perurenarekin. Zuzeu komunitate osoa dago gonbidatua bertara: sortzaile, erredaktore, kolaboratzaile, partehartzaile, irakurle… eta zu zeu!

    lip dub Euskal Herrian
    beste zita bat
    Azkenik, abenduaren 6a, egun berdetzat deitu du Independentistak sareak. Eta besteak beste, egun horretan Independentziaren aldeko lip dub koloretsua ere grabatuko da Durangon.
    #independentzia

  • musika

    musikabaltzapurbat jode!

    play it again!

    Aurreko astea oso gorria izan danez, hau baltzago hastea pentsatzen. facebook bidez kontzertu baterako gonbidapena jaso (sarrera ordainduta noski) ta bideoa ikusten hastea, dana bat. ikusi eta flipatu, ia ia dantzan hasteraino.


    Datorren barikuan, Durangoko Plateruenean Cherry Boopers eta Revolutionary brothers, ta King konsul be handik izango da, reggae apur bat jartzeko funky gauari.

    pottdata: bideoa Iker Trebiñorena da, pasa da bat!

  • hurrengo geltokia

    Durangoko azokara Guardia zibilarekin

    Euria ari zuen. Geltokian zain, Bilboko Atxuritik 12ak aldera abiatu zen trena Galdakaora heldu zenerako. 12:10 baino ez. Bagoira igo eta ezagun baten aurrean jezarri nintzen. Ez dakit inoiz elkarrekin berba eginda geunden, baina iepa aupa eta parean tokatu nintzaion.

    Lagun izoztua zekarren esku artean, eta irakurtzen ari zen. -Durangora? Bai hau eta bestea. Lasai gindoazen. Hiru argitaletxearena genuen aipagai. Lagun batek deitu eta telefonoz hasi zen arte.

    Lemoako geltokian baina, berdedun gizon uniformatuak ikusi nituen. Ostia! esan baino lehen bagoian sartuak ziren. Nire lagunarengana joanak ziren artez bi pikolo. Nortasun agiria eskatu eta motxila zabaldu arazi zioten.

    -A donde va?
    – A Durango
    -A la feria del libro? interes aurpegia jarrita guardia zibila.

    Uffa, libratu naiz, pentsatu nuen nik. Honengana etorri dira artez, hau gauza arraroa. Flipatuta nengoen, baina harridurak ez zuen luze iraun, ondoko guardiazibilak niri ere karneta eskatu zidalako. Eta eman nik, eta atzetik entzuten nuen, zenbakiak mikrofono batetik pasa eta gure abizen ahoskaezinak irakurtzen.

    Bagoi guztietan sartuak omen ziren, eta trenak aurrera. Lemoatik Zornotzara, Eubara gero… eta gure elkarrizketa eten egin zen.

    Eman zizkiguten karnetak, baina treneko ate banatan jarriak zeuden guardia zibilak. Irteera kontrolatzen? auskalo.

    Durangora heldu ginen, euskaldun mordo bat jeitsi zen trenetik. Txapelokerrek trenean jarraitu zuten. Bagoi guztietan bina.

    Eta gu azokara, gehienak. Literatura? Fikzioa? Euskaldunon errealitatea, zoritxarrez.

    Euria ari du, oraindik.

  • literatura,  musika

    Azokak EZtaBAIda piztu du Durangon, ez da gitxi

    Sarritan mintzatu gara horretaz. Lagunartean, idazleekin, musikariekin, kolektibo ezberdinetako jendearekin. Orain eztabaidak funtsa hartu du, eztabaidatzeko marko bat –posta zerrenda bat hasieran- sortu da.

    Ez da gutxi. Eztabaida beharrezkoa da. Kulturaren merkantilizazioa nabarmena da. Azokaren kolore bakarrerako joera honek -ia dena da ELKAR– kezka ere sortu du askorengan. Euskara eta beste hizkuntzen arteko aferak bere buruhausteak ematen ditu.

    Liburuak diskoak eta zenbat gauza gehiagoren azoka da Durangokoa? Urtero ari gara horretaz, baina titularretan zer den salduena baino ez dugu irakurtzen ahal.

    Ondo etorria izan bedi eztabaida, eman izena posta zerrendan, eta jarraitu dezagun berbetan, erosi ditugun bideo, disko, jostailu, kantu, liburu, komiki eta aldizkariak irakurri entzun ikusi eta pratikan jartzen ditugun bitartean.

    herrikultura.org Eztabaida interesgarri bat.