• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  musika

    Delorean musika eta musikari atseginak

    Asteon Delorean taldeko Ekhi Lopetegi elkarrizketatu dugu irratia.com saioan.

    DLRN taldea gustukoa dut, Mikel Elortzarekin Donostiako Bilintxen lehen diskoa erosi nuenetik -Mikelek oparitu zidan, han bertan- B-core disketxeak plazaratutakoa.

    Gerora, lan guztiak eta taldearen bilakaera jarraitu dut. In to Plateau bikaina iruditu zitzaidan, eta handik honako dantzagarritasunak, areagotu egin du nire zaletasuna.

    Zuzenean ere maiz ikusteko aukera izan dut. EHZ, Bilboko antzokian, Durangon… eta egia esan, zuzenean ere zer egiten duten gustatzen zait. Enau harritzen, nazioartean lortzen ari diren arrakasta musikala. Benetakoa da. Zaleen artean, lorpen itzelak egin dituzte.

    DLRN @ Bilboko kafe antzokia

    Atseginak
    Baina, batez ere taldekideen xalotasunak txunditu nau. Igor bateriajolea aspaldi xamar ezagutu nuen, taldearen izena Makalak esan zidanean, izena bera ere txundigarria egin zitzaidan: de_lo _re _an. Igor Makalarekin zetorren gaztetxera, eta berak be pintxatu zuen zertxobait… -10 urte baino gehiago pasa dira…-
    Irratia.com saioan, bigarrenez elkarrizketatu ditugu, eta Ekhi Lopetegigaz berba egitea plazer bat izan da. Elkarrizketan aritu ginen Jabi eta biok, eta txundituta. Ibon teknikari eta disko jartzailea ere pozik, baina estudioan zeuden beste batzuk ere zur eta lur geratu ziren… txunditu antzean. Tartean rockero zaharren bat be bai.

    Onena elkarrizketa entzutea, nik neuk esateak ez dekolako balio handirik. Baina nik sentitu dudan hori transmititu eta eskertu nahi nuen.
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100517.mp3]
    delorean biba zuek!

  • ikusi eta ikasi,  musika

    DLRN entzuten gau ta egunez

    Musika asko entzuten dudan arren, zenbaitetan denbora gehiago izatea gustatuko litzaidake. Albisteei, liburuei, blogei kasurik egin ez, eta bazkalorduan zein lan denboran musika aditzen egon.
    Kontzertuetara joan, eta irratian kantuak pintxatu. Atsedenik gabe egongo nintzatekela ziurta dezaket. Ez naiz aspertu azken 25 urteotan, eta grinak jarraitzen du.

    Aspaldian Euskal Herriko talde bereziak entzuten ditut. Bereziki motibatzen naute euskaldunak izan arren, kanpoan arrakasta itzela duten bi proiektuk: We are Standard eta Delorean.
    Getxokoak lehenengokoak, blog honetan aipatuak eta  bideoren bat jarrita ere banago. Delorean ere maiz izendatuko nituen. Zuzenean biak ikusitako naiz, baina barriro ikusteko arazorik ez. Oker ez banago WAS Heletan dira asteburuon, han be ikusi beharko.
    DLRN ez oso aspaldi Bilbon ikusi nituen, ikusiak ditut EHZn ere, eta beste kontzerturen batean… lokal txikietan, handietan baino hobeto.
    Baina zarauztarrak, entzuteko be badira. Dantza egiteko musika eta erremixak egiten iaioak dira, eta plazaratu duten azkena, entzuteko modukoa da.

    Ayrton Senna eta mixtape berezia
    Berriki, Ayrton Senna izenburuko lana plazaratu dute. Sarean mixtape berezi bat plazaratu dute, musika eta bideoak jartzeko sortu duten blog berezian Desparrame.

    Hauek dira kantuok:
    1. El Guincho “Kalise (Delorean Remix) – Short Edit” (Young Turks 2009)
    2. Delorean “Deli – Short Edit” (Fool House)
    3. Mystery Jets “Half In Love With Elizabeth (Delorean Remix)”
    4. The Teenagers “Love No (Delorean Remix)” (Xl)
    5. Delorean “Big Dipper – Short Edit” (Fool House)
    6. Delorean “Moonson – Short Edit” (Unreleased)
    7. Lemonade “Big Weekend (Delorean Remix)” (True Phanter Sounds 2009)
    8. Glasser “Glad” (Delorean Remix) (True Phanter Sounds 2009)
    9. The Big Pink “Too Young To Love (Delorean Remix)” (Unreleased)

  • musika

    Mugimendua adierazten duen musika

    Pantaila musika ikusteko erabiltzen dut. Talde berriak deskubritu, webguneetatik surf eginez gustuko ditudan taldeen loturak eginez. Kalitateari baino jarrerari egiten diot so, eta sarea musikagune itzela iruditzen zait. Berdin dit facebook edo blogak, google bilatzailearen emaitzak edo nazioarteko wikipedietako azalpenak.

    Mugimendua adierazten duten doinuak atsegin ditut. Gero eta gehiago. Rocka ez da sekula amaituko. Nahastuko da, birsortuko da. Bere horretan iraungo du. Kitarra baxua bateria eta ahotsa aski dira gu mugitzeko. Mugiarazteko.

    Musika elektronikoa, baxua, konputagailuek sortutako doinuak.. hoiek ere asko atsegin ditut. Loopak mugiarazten dituzte mundu osoko gorputzak orain. Perkusioaren erritmoak dantzarazten du mundu erdia. Eta beste erdiak begira jarraitzen du, ertzetik, mugitu guran, baina mugitu ezinik.

    Euskal Herrian ere, talde asko eta onak dauzkagu. Zorteko gara, horrenbeste jaialdi, horrenbeste areto eta horrenbeste emanaldi antolatzea lortu dugulako. Bilbon kontzertu apurrak izatetik, azken hamarkada honetan egunero eskaintza oparoa izatera igaro gara. Anoetako belodromoa ez ezik, areto garrantzitsu nazioartekoak ditu orain Euskal Herriak. Eta hori ona da musikazalearentzat.

    Aste berean ikusi dezakegu Asian Dub Foundation Miarritzen, Ruper Ordorika Bilbon edo Alproja herriko gaztetxean. Eta hori demasa da, musika maite duenarentzat. Horrek gogoeta merezi du, eta begirunea, eta eszena lokalaren alde lanean ari denari aupada.

    Movement kantua hautatu dut gaur, LCD sound system taldearena. Gustuko dudan taldea da, Internetetik ezagutzen ditut… eta gurera etorriaz, lotura egingo nuke DLRN delorean– edo Standardwe are standard– taldeekin. Euskal Herrian une honetan ditugun talde interesgarrienetakoak, bidenabar esanda.