• hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  info 7,  teknologia berriak

    kultura digitalaz


    Kultura digitalaz aritzeko baliatzen dugu asteroko tartea Info7 irratian. Eta sarean gertatutakoak, ikusi eta ikasitakoaz aritzen gara. Maiz, irratiko edukiak sarean ere hdatzen ditugu, eta eztabaida sortzen ere saiatzen gara, gaiak garrantzia duenean.

    euskal kulturaz, GAUR
    behatoki digitala

    Huheziko fakultatean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin ostean, euskal kultura eta kultura digitala arreta gehiagorekin begiratu eta jarraitzen dut. Eta ekultura.net gunea bera, gogoetarako eta zabalkunderako baliatzen dut. Ikasketa prozesu etengabea, egoera jarraitzeko talaia ezin hobea da; hizkuntza, kultura, sorkuntza, sarea eta orohar kultura eta teknologia berriekin zerikusia duten gaiak lantzeko.
    ekultura.net euskal kulturaz GAUR

    Hemen eta orain, aztertu eta ikasi, erakutsi eta hedatu. Eztabaida sustatu eta sareko joerak arretaz jarraituz badugu nahiko lan. Ikusi eta ikasi, arreta galdu barik eta sozializatzen saiatuz.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Bo hizkuntza, euskara, bertsoak eta software librea

    Irratia.com ez da filologia

    null

    Irratsaio bat egiten dugu astero Jabi Zabala eta biok: irratia.com. Eta 10 urte betetzen ari gara, sarean, lanean.
    Euskal kultura digitalaz aritzen gara, gure apalean. Eta zer da ba euskal kultura digitala? Duela hamar bat urte hasi ginen termino horrekin, eta hori izan da gure iparra, hori gure egitekoa. Gure kultura digitalizazioaren alorrean murgiltzea, kultura digitala euskaldunduz, bidenabar. Eta horretan dihardugu oraindik, zalantza berdinekin, gogo itzelarekin, galderak egiten, erantzunak bilatzen. Google bilatzaileak ez digu erantzuna eman, baina software librea baliatuta igual garatuko dugu zeozer, kode irekian edo…

    Hizkuntzak, kultura, teknologia, musika, albisteak, irratiak…. ditugu hizpide eta  euskaraz ari gara, baina gurea ez da filologia, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Konturatzen gara, aspaldion eztabaida filologiko gehiegi dabilela euskal blogosferan, zelako zalaparta eta kalapitak sortzen diren hizkuntzaren inguruan, formaren inguruan batipat… fondoaz ez dugulako duda asko egiten. Eta horrek are gehiago kezkatu beharko gintuzke. Sarritan, hala ere kezka filologikoa da nagusi hala ere…

    Eta bitartean Bo hizkuntza desagertu da munduan, eta guk Ruper Ordorikaren kantuak entzuten ditugu irratitik. Eta gogoeta munduaz, globalizazioaz, progresoaz, gureaz…. pentsatu lokalki, eragin globalki esan eta play tekla zapaltzen du Ibon gure disko jartzaileak. Eta sareko berri eman, software librearen azken bilkurari buruzko elkarrizketa edota albiste teknologiko oso bat osatzen dugu, apurka apurka.

    Horrelako saioa izan da aste honetakoa, Bilbo Hiria irratian egiten dugun 169. saio hau. Fosdem-en hasi, Flandriako hiriburu Bruselan burutu den software libre garatzaileen bilkuraren karietara, Bertso egunetik pasa, eta Bo hizkuntzaren gainean filosofatzen amaitu dugu. Eta gure kezka tekno/etniko/identitarioak nabarmendu ditugu podcast batean. Eta musika, rockanrolla batez ere entzun dugu, hitzekin uztartuta…. euskara eta Bo, irratia.com saio gogoangarri batean. Euskara eta biok, irratia eta gu. Podcasting-a eta zu.

    irratia.com 169. saioa: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100208.mp3]

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi

    webtv

    ez da besterik entzuten aspaldion.
    telebistaren aurrean ordu gitxi pasatakoa naiz. txikitan bezala geroagokoetan.
    ez naiz inoiz oso ikusentzunezkoa izan. aitor dut hori aurretik.
    prentsa ta irratia maite izan ditut beti gehiago, sortzeko zein jasortzeko. kontsumitu esaten da?

    kontua da baina, aspaldion sarean bideo irudiak ari direla etengabe nagusitzen. Internet kontsumo azkarra. eta irudiak lilura dakar; irudien kudeaketak ere bai.

    ni neu be, horrelako proiektu, egitasmo eta zereginetara jarria nago aspaldion.
    albisteak 2.0 eraberritzen ari gara Ibaizabal Telebistakoekin batera, greba orokorraren inguruko telebista sortzen laguntzen ari naiz, herriko bideoei beste ateraldi bat zelan emon pentsatzen dugu tabernetako poteoetan, irudiak zuzenean ematea erraztu den honetan, irratigintza eta letrak horrenbeste maite dituen honek, aukera berriak ditu buruan. begien aurrean.

    webtv hitz arrunta da. telebista egitea beti izan da garesti, boteretsuenen kontua. eskurago dago orain, baliatzeko ordua da beraz.
    webtv, telebista interaktiboa, partehartzailea, zabala bultzatu gura duenetakoa bazara, maizago elkartuko gara, izango dugu elkarren berri.
    kontua da, egitasmoak egitasmo, sarean zer egin franko dagoela oraindik. baina, egin egingo ditugu.
    web telebista, kaletik pantailara
    aste honetako irratia.com emankizunean kontua hauek guztiak izango ditugu aipagai. kezkak badirauelako. egunean jarri beharra dagoelako. ikuspegi kritikoarekin landu behar delako hau guztiau.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    neke digitala

    Astelehen goiza. Goizetik esnatu arren, logure ia egun osoan. Telefonoan mezuak entzungai, e-posta kontsultatu eta barikutik hainbat mezu irakurtzeko moduan, twitter edo facebook kontsultatzeko nagia, eta han ere mezu barri mordoa. RSS irakurgailuari erreparatu orduko, negritaz beltzune handi bat pantailan. Blogak, albistegiak… zer ez dagoen holango goiz batean.
    Eta gainera, asteburuko argazkiak kamara digitaletik deskargatu barik. Hau da hau!

    Kalera joan, kafea hartu eta egunkaria kioskoan erosita autobus geltokira. Autobusean neska baten ondoan jezarri eta umekerietaz berbetan hasi. Egunkaria motxilara.

    Bilbon, kutxazainera, eta hau ere hutsik. Diru digitalik ez, antza.

    Wifi bidezko kafe bat eskatu eta konexioa barriro pantaila txikian. Gauzak irakurtzen saiatu, eta hau parrastada…. paso! gaur neke digitala daukat, geroko kontuok.

    Astelehenak hori dauka, gauza asko batera… jende asko berbaz, eta guztiari kasu egiteko astirik eta gogorik ez.

    Twitter-en arratsaldean galdetu dut neke digitalaren gainean, eta erantzunen bat izan da. Neke fisikoa daukat orain, orduak pasatu ahala, baina idazteko tartetxo bat hartua dut. Neke digitala joan zaidala ematen du.