• agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika,  teknologia berriak

    Liburuen poliziaz

    Irati Jimenez | Berria

    Liburuaz ari ginen. Liburuaren lekuaz. Ergelkeriak pentsatzen hasi naiz, as usual. Liburuak politak direla pentsatu dut, baina leku gehiegi hartzen dutela (apalategietan) eta deserosoak direla etxez aldatzeko (aurten bitan egin dut, amesgaiztoa). Liburuak maite ditut, baina nireak direnean ere ezin ditut erre jendeak gaizki begiratu gabe. Halako txotxoleriak pentsatzen nengoenean irakurri dut Victor Manuel kantariak esandakoa. «Guardia Zibilean baino ez dut sinesten», dio, musikarekin bukatzear omen dauden webgune ustez ilegalen itxiera eskatuz.

    Emadazue tiro. Euskarri elektronikoa hementxe daukagunean eta jendea jo eta su dabilenean liburuak doan eskuratzen Interneten, liburu bategatik ematen didatena defenditzearren polizia etor dadila eskatzen badut, emadazue tiro.

    Hara, nire ustez musikarekin miraria pasa da. Sistema horizontalagoa daukagu, abestiak doan, diskografia osoak eskura. Musikoak ezin dira kantua latan sartzetik bizi, egia. Musika zuzenean egin behar dute, antzina bezala, eta, horri esker, iaz hiru aldiz ikusi nuen Springsteen, etxetik kilometro gutxira. Diskografiken gainbehera? Baliteke. Kontzertuak antolatzen dituztenen mesedetan. Industria aldatu, moldatu edo hil egiten da. Berdin musikarena, zein liburuena, zein ontziolena. Gizakiak beti nahiko ditu ozeanoak zeharkatu eta beti nahiko ditu ipuinak entzun. Idazleoi sistema aldatuko zaigula? Hala dirudi. Beharbada poemak zuzenean irakurtzen hasi beharko dugu, herriz herri, pintxoak eman eta sarrera kobratuz. Beharbada, egunen baten, dena horizontal, dena doan, dena Sarean jarriko duen balizko etorkizunean, inor ezingo da kultura sortzetik bizi, inork ezingo duelako kultura kobratu.

    Beharbada ez da hain etorkizun distopikoa. Jendea Interneten nire liburuak elkar trukatzen eta bilatzen, nire lanen gosez? Utopia da! Beharbada utopia horretan kulturaren profesionalak desagertu dira edozein erabiltzaile sortzaile delako, irakurle eta blogari, iritzi emale eta biltzaile. Eta?

    Gutenbergen asmakizunak liburua fraideen eta artisauen eskuetatik askatu zuen duela mende batzuk, eta gizartearen esku zikinagoetara bota. Beste iraultza batek liburua liburutik askatuko du, beharbada. Eta pantailaren begira bota. Ipuinak iraunbiziko duela, horixe baino ez dakit. Eta kulturaren izenean Guardia Zibilari deitzen diotenen lanak ez ditudala Sarean bilatuko. Ezta doan ere.

    pott datak: Artikulua irakurri eta blogean zabaltzea otu, dana bat. Berriatik sarera, pentsatuaz egilea bat datorrela edukiak holan barra barra zabaltzearekin. Edukia interesgarria da. Inor konforme ez balego esan beza… ez diogu eta jaramon askorik egingo. Distopia, ze ona!

    Idazle bat liburuen poliziaz zabaldu gura baduzue.