-
deabruak teilatuetan eta colemans+ zuzenean
Kontzertu bikaina izango dugu asteon Bilboko kafe antzokian.
Gustuko bi talde, lagun atseginak denak. Azkena eta abiapuntua egun berean. Deabruak Teilatuetan 1973 diskoaren bira agurtzen, Colemans+ berriz hasi baino ez, eta ematen du gogotsu daudela maizago joteko.
COLEMANS+ PEIREMANS+ playing “Send flowers” from Unai Hot on Vimeo.
Colemans+
Peiremans sortu zuten aspaldi Imanol eta Gorkak. Berriz batzeko aukera izan dute azken gabonetan. Eta Joni eta Karlos batu zaizkie (deabruak / bidertzean). Dokan egin zuten kontzertukoa dira irudiok.
deabruak teilatuetandeabruak teilatuetan taldeak 9 urte eman zituen eskenatokietatik kanpo, gogotsu eta disko berriarekin agertu ziren duela bi urte. Eta jo eta jo aritu dira ostean. Sortu zenetik, maketa atera zutenetik maite dugu talde hau. Disko guztiek sortu digute halako zirrara bat, eta agur esan behar honek… apur bat penatzen gaitu. Horregatik gogoz ikusiko ditugu bihar Bilboko kafe antzokian.
Deabruak Teilatuetan featuring Peiremans+ from Unai Hot on Vimeo.
Bergarako gaztetxeko irudiak dira beste hauek. Hemen ere Peiremans bertsionatzen. Bihar gehiago.
deabruak teilatuetan eta colemans+ elkarrizketatu ditugu asteon irratia.com saioan. Entzun gura baduzu:
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100118.mp3] -
deabruak Inkernu_an
Astegun buruzuri bat, oporren atarian, deabruak tabernan, zintzoak garagardoa eskuetan. deabruak eskenatokian, deabruak teilatuetan, Inkertu tabernan. Eskoriatzan. Eskohitzan.
Garai bateko lau gazte, gaurko musikariak. 1973 diote, ordukoak direla, ardoa bezala. Rocka dute hizpide. Kantuak.Tabernan jende dexente batu da, musika aitzaki. Garagardoak eskuetan eta dantza gutxi. Inkernu_an ez da dantzarik. Zeru_an beharbada.
Kontzertu ona, zuzena, gertukoa, indartsua, gogoz aritu dira tolosarrak. Indarra darie kantuei, tentuz ikasi dute, jo eta jo. Eskenatoki handietan baino atseginago txikietan, zuzenago taberna zuloan.Rockanrolla maite baduzu, hardcore ikutuak eta zuzeneko emankizunak… hurbildu zaitez. Ari dira deabruak jotzen, hemen eta han… eta tarte bat duten bakoitzean, furgonetan kilometro batzuk egin eta jotzeko irrikaz izaten dira.
Lagun zaharrak ikusi, berriak egin, hizketan hasi… eta gauak harrapatu gaitu, rockanrollak bezala. horrelakoa da bizitza, infernuetan.
-
irratia.com eta musika albisteak
Irrati emankizun berezia egin behar dugu gaur. Bilbo Hiria irratian egiten dugun 95. saioa izango da eta gaurkoan gonbidatu bereziak izango ditugu.
Batetik gurekin izango dira deabruak teilatuetan 1973 diskoa aurkezten. Elkarrizketa egingo diegu beraien disko berria, eta aspaldiko etenari buruz berba egiteko.
Baina gurean -estudioan esan nahi dut- egongo direnak Gernikako Audience izango dira, kitarra akustikoekin emanaldi bat eskaintzeko irratia.com entzuten duten guztiei.
Beraz lagunok, prestatu zuen mp3 entzungailuak, sintonizatu zuen irrati zaharra FMko 96.0an edota Internet bidez entzun ezazue emankizun berri hau.
Hurrengo asteak ere, gogo bereziarekin prestatzen ari gara… eta benetako ezustekoak aurkezteko dena prest daukagu.
-
deabruak teilatuetan
gaur kaleratu da 1973 diskoa, aspaldian -berria jaso genuenetik- entzuteko horrenbesteko gogoa izan dudan diskoa.
deabruak teilatuetan, eta ilusioa, irrifarre ttiki bat, aspaldiko akorduak.
Pasa dira urte batzuk, unibertsitatean genbiltzan orduan. ARGIAko musika kritikak eta El Tuborako elkarrizketak egiten nituen orduan. Eta maketa erakutsi zidaten. Nik oraindik ez nituen ezagutzen bikiak. Beraiek aurkeztu zuten bere burua, Imanolek eta Jon Anderrek.
Maketarekin El Tubora joan nintzen. Orrialde oso bat eskatu nuen, baina ez zidaten utzi nahi, diskorik ez zutelako. Oso onak zirela esan nion Belen Mijangosi. Eta utzi egin zidan. Orduan gutxik idazten genuen euskaraz El Tubo musika aldizkarian, eta kasu dexente egiten ziguten. (Akordatze haiz Kojo?)
Diskoa kaleratu zuten gero, Esan Ozenki disketxearekin. Aurkezpenerako testu bat prestatu nuen, atera zuten zuribeltzezko fantzine batean. Eta jarraitu genituen. Kontzertuetara joan. Entzun. Kontzerturen bat antolatu… denetarik.
Orain disko berria, horrenbeste urte elkarrekin jo barik, eta diskoa egiteko elkartu dira. 1973 diskoa entzuteko gogoz nago. Eta erosi egingo dut, noski. Eta entzun. Eta kritikatu. Eta saiatuko naiz kontzertu bakar hoietako batera joaten. Eta bitartean diskoa entzun, diskoaz eta musikaz gozatu. Bonberenean jo behar dute. Joango gara. Eta agurtu. Eta besarkatu. Eta bizitzaz berbetan jarraitu. Aspaldi bezala. Atzo bezala.
Behin eta berriz kantua.
[audio:http://www.bonberenea.com/mp3/1973.mp3]deabruak teilatuetan, 1973. Bonberenea ekintzak.