-
Enric Duran ekintzailearekin berbetan
Iruñean gosaldu, egunkaria irakurri eta alde zaharretik mugitzea, dena bat. Karriketatik oinez, lagun bat, ezagun hori, norako, harako. Eta Eguzki irratiaren estudio berrietara.
Zuzenean ari da Fertxu Izquierdo, Pasealeku bere magazine interesgarrian. Eguzki irratiak gogotsu ekin dio denboraldi berriari, eta goizeko apustua da magazinea. Ordu beteko Iruñerriko edukiak eskaini ostean Hala Bedi irratiaren Suelta la olla entzuten da FMko 107.0an, eta eguzki.net webgunean.
Giro onean, estudiotik Enric Duran atera den arte. Aupa! aupa! eta berbetan hasi arte. Zer moduz? -zer galdetuko diozu, kartzelatik atera den berriari, sekulakoak eta bi egin ostean-.
Bartzelonako giroaz, Berlinen ezagutu ginenekoa, gerora burutu diren zenbait proiektu, egokitu beharrean diren software eta gune batzuk, burruken norabideak…. elkarrizketa arin eta atsegina. Tipoa bezala.Burrukalari nekaezina da Enric Duran. Eta atzo hitzaldia eman zuen Zabaldin. Gainezka aretoa, emankorra hitzaldia. Pantaila handi bat eta guzti baliatu behar izan zuten, eta jendea pozik, Kapitalismo barik bizi daitekela amesten.
-
Enric Duran berbetan
Kontatu nizuen ba, zelan Bartzelonako ekintzaile batek, desobedientzia finantziero ekintza izugarri bat egin zuen. Inguruko komunikabideek, irakurtzen ditudan egunkariek ez zioten jaramonik egin gertatutakoari. Blog hau irakurtzen dutenek, arretaz irakurri eta komentatu izan dute/didate gaia. Eta gaiak askotarako ematen du.
Euskal Herrian dugun irrati interesgarrienetako batek -Gasteizko Hala Bedi irratiak- elkarrizketatu egin du Enric. Eta sarean jarri.
Bestalde bideo hau ere sarean dagoenez, eta cc lizentziari esker, hona ekarri dut. Interesgarria -oso- delakoan. Halan iruditu zait. Eta pentsatzen jarraitu beharko dugu.
-
Biba zu Eric! edo zelan izan Patakon XXI. mendean
Entzungo zenuten. Gu twitterzaleok, txio txioka albisteak elkarri trukatzen aritu gara. Eric Duran gure Patakon berezia. Bartzelonako ekintzailea da Enric, eta sekulakoa liatu du.
Bankuz banku, kredituak eskatzen eta ez ditu ba ia 500.000 euro eskuratu… orain kapitalismoaren kontrako mugimendu eta elkarteetan banatzeko! Biba zu!
Webgune bat sortu dute guztia azaltzeko.
Bartzelonatik azkar abiatu da albistea mundu osora, eta asaldatuta daude sistema hau justifikatu, bultzatu eta loratzen duten kazetari, bankari, bulegari, ekonomia aditu eta enparauak. Biba zu Patakon!Finanzas.com: Un activista antisistema logra “expropiar” 492.000 euros a 39 bancos
El Mundo: Un antisistema logra 492.000 € en créditos y dice cómo hacerlo antes de huir del paÃs17-s.info Irailaren 17rako prestatutako ekintza berezia izan da, argi itzalketa planteamendu bategaz batera.
Bartzelonako indymedia ere informazio mordoa eskaintzen ari da. Bertatik jaso daiteke argitaratu duten aldizkari bereziaren pdf-a adibidez.
Berriak asko poztu nau. Arretaz irakurri eta ekintzaren sofistifikazioa, pazientzia, estiloa eta oihartzunaz jabetzen ari naiz. Enpresa bat sortu, enpresaren izenean gestioak egin, dena ondo ondo kudeatu. Erosketak, salerosketak, soldatak, nominak, hazienda… dena kapitalari ostiko handi handia emateko. Handiagoa izan zitekeena, gainera.
Ekintza polita eta ausarta dudarik gabe. Irakaspen ona Enric Duran eta atzean daukan kolektibo osoak egin duena.
Niri egia esan, Larrabetzuko Patakon ekarri dit gogora. Globalizazio garaian baina, Internet bidez jakingo dugu horrelakoen berri. Banketxeetan pistola eskuan lapurtu barik, aberatsen etxera sartzen ibili barik, kudeaketa elektroniko hutsa aski da, finantza munduen iruzurra agerian uzteko. Gu enpufatu gura gaituztenak, agerian geratu dira oraingoan. Eta ea zer dioten bertsio ofizialek.
albistea zabaltzen hasi da euskal blogosferanPatakon-eri buruz gehiago jakin gura baduzue, hona hemen Joseba Agirrezkuenagak gure herriko jende nagusia elkarrizketatuta, testigantzak hartu eta egindako ikerketa lantxoa. Pdf artxiboa da. Oso oso interesgarria.