• agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  musika

    supernova aroan bizi gara atzo geroztik

    Etzanda zaude eta postariarena izan daitekeen txirrin hotsa. Paketea dakar mezulariak. Eta jadanik ahantzia duzu crowfunding ekarpena egin zenuenetik
    Liburua dela diotsu berak, eta bada liburua. Bada filme bat ere, eta diskoa, eta sorpresa ugari gehiago.
    Kerobia taldearen azken Kerobia talde ausarta izan da beti, talde interesgarria. Bide berriak urratu ditu azken diskoetan, kopiak modu librean banatu, sarean zabaldu, bideklip interesgarriak egin, zuzenean jo, emankizun bereziak eskaini… eta aitortu behar dut, asko atsegin dudala. Asko.
    Orain irakurtzeari ekin diot, ikusteari, entzuteari… gero gerokoak, aro berri honetan gusturago egongo garelakoan.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika

    Herria eta hizkuntza 1220 eurotan

    Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
    Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.
    Xalbador, Wikipediako argazkia
    Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.

    Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…


    Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
    bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
    hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
    berek nahi daukute konpreniarazi
    bata bertzea gabe daizkela bizi.

    Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.

  • gaztelumendi.eus

    [kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa

    LetrARTean ekimenean proiektu ezberdinak aurkeztu genituen, jendaurrean. Eta jendeak bere izena eta kontaktua -zer egiteko gogoa duen gehitzearekin batera- eman eta idatzi zituen. Hainbat ekimen interesgarri ezagutu genituen, eta jende gehiagoren artean, hauetako bakoitza burutzeko bidean jarri ginen.

    [kafe hutsa] proiektuaren nondik norakoak azaldu nituen orduan, ahoz. Eta apurka apurka garatzen joango ginela adostu genuen zelanbait. Eta jende dexente agertu zen auzolanerako prest. Eta proiektua zertan bilaka zitekeen, hainbat buelta eman dizkiogu geroztik. Hemen proposamena, guztion artean osatu eta gauzatu ahal izateko.
    [kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa
    sorkuntza kolektiboa

    • Kafe hutsa sorkuntza kolektiboa izango da. Guztion artean sortutako lan librea. Parte hartzea oinarri duen sorkuntza prozesua. Pentsatu, asmatu, sortu, ekoiztu, gauzatu, aurkeztu, zabaldu eta eragin. Erantzuna jaso eta kritikatu. Berriro sorkuntzan murgiltzeko.
    • Ikusentzunezkoak eta arlo multimedia landuko du. Kultura digitalaren baitan, artea, sorkuntza, musika, irudia…. uztartuko ditu.
    • Elkarrizketa izango du etiketa nagusia. Hitza, berbak, komunikazioa, elkarrizketa…  tag bezala. Ez bakarrak ordea.
    • Librea izango da. Copyleft. Gure helburua ez da komertziala izango, eta gure sorkuntza guztia sarean eta kalean banatuko dugu, ahalik eta leku gehienetara, jende gehienarengana heltzeko helburuagaz.
    • Euskaraz sortuko dugu. Eta gure sorkuntza beste hizkuntza batzuetara itzuli, azpititulatu eta marraztuko dugu.
    • Parte hartzea bultzatuz. Auzolanean lan eginez. Kode eta jarrera irekian, aportazioan oinarrituta. Modu horizontalean, jerarkia barik.

    [kafe hutsa] lehen proiektua: laburmetraia

    Eta lanean hasteko, hilabete batean ikusentzunezko laburmetraia sortzea da lehen erronka. Internetera zuzendutako lana. Euskarazko laburmetraia partehartzaile eta librea. Guztion artean pentsatu, idatzi, grabatu, errealizatu, zuzendu, editatu, gorde, aldatu eta aurkeztutakoa.

    Gaurdanik, lantaldea osatu eta lanean hasteko. Posta zerrenda, wiki, bloga, eposta bidezko harremana, bazkari, kontzertu osteko garagardo… guztiak balio digu, gure sormena martxan jarri, medioak aurkitu eta lanean hasteko. Erronka botata dago. Otsailaren 26rako lana bukatzea da erronka, eta bide batez sarean euskaldunok daukagun lehiaketa interesgarri honetarako martxan jarri. Adibidez.

    Kanalak baditugu, materiala eta ideiak ere bai. Lantaldea osatu, eta lanean, auzolanean jarriko gara. Gura duzuenean.