-
El Drogas
Hunkituta.
Dokumentala ikustean, eta are gehiago bukatzean. Rockumentala. Txantrea, Barricada, rocka eta beste borroka batzuk. Lekukotasunak, memoria,kantuak eta bizitza. Adiskideak, maitasuna, heriotzak eta haserreak. Bizitza, rocka. Kontatzeko modua.
Hunkigarria egin zait bart El Drogas dokumentala ikustea. Beti atsegin izan ditut Enrike Villarreal El Drogas eta bere hainbat proiektu musikal. Barricada zalea izan naiz beti. Amaiera enuen gogoko izan, enintzen azken boloetara joan. Enaiz damutzen. Orain El Drogas ikusteko gogoa daukat, banda eta lagun berri hauekin. Gauza askok gainezka egin didate dokumentala ikustean, baina film eder bat ikusitakoan bezala sentitu naiz amaieran.Nire aberria Txantrea eta Arga erreka ziren
Gonbidatuak
Horrelako dokumental batean, ahots ugari entzuteak laguntzen du. Drogas bera eta bere sozia dira ahots nagusiak filmean. Baina Marino Goñi baten kontaketak erabat harrapatu nau. Nafarroatik egindako lana dela nabarmendu delako. Beste musiko batzuk agertzeak ondo egiten dio lanari: Rosendo, Fito edo beste batzuk. Bereziki atseginak egin zaizkit Mareako Brigi eta Gorka Urbizurenak. Gertukoagoak niretzat, sinesgarrienak.
Etxekoak agertzea asko eskertu dudan kontua da. Bere emazte eta bidailaguna. Seme alabak. Ilobak. Arreba edo alzeimerrak jotako ama. Etxe giroan egindako lana da. Maitasun handiarekin.
Drogak, lagunak eta beste etsai batzuk
Tipo irekia eta apala daDrogas. Morroi ona. Jatorra, hitz baten. Bizitzaren kontaketa honetan amorrua doinuetan isladatu du. Indarra musikari dario, eta bizitzaren pasarte ezberdinak bere kantuetan zelan islatu diren ederto baten agertzen da filmean ere. Musika pasarteak, bat egiten dute pelikularen erritmoarekin; gidoiaren -elkarrizketak- hariak ez du etenik, eta musika eta zuzeneko irudiek -izan mobilizazio gogorrak, izan poliziaren jarrera basatia edo zuzeneko kontzertuetako samurtasuna- edertu egiten dute filma bera.
Drogen pasartea egin zait gogorrena, ezezagunetakoa delako besteak beste. Farlopara engantxatua egote hori, ateratzeko erabaki kolektiboa. Bizitza berreraikitzekoa. Arrakastaren droga. Eta hortik aurrerako ikuspegia.
Barricada taldekoen erabakia gogorra da protagonistaren ahotik ezagutzea. Baina ez du arrangurarik erakusten. Mina askatzen du. Kontatzearekin batera. Errelatoaren abantaila.
Lagunak ez dira etsai bilakatzen. Kontra egiten dioten arren, bidailagun hobeak aurkitzean datza irtenbideak. Eta aurkitzen ditu. Eta sekulako banda dauka aldamenean orain Enrike Villarreal Drogas-ek.
Ura eta harria
Argazki ona dauka lanak. Asko artxiboa da. Eta oso artxibo lan ona. Elkarrizketak edo zuzeneko irudiek pasarte handia betetzen dute. Baina badago film honetan irudi ederrik ere. Maiz musika errepidearekin lotzen da. Hemen errepideak basora garamatza, ur ertzera. Harriaren metafora baliatzen du Drogasek zenbait pasartetan. Eta ederra iruditu zait. Erreka maite du. Harria sentitzen da. Jaurtitzeko edo hondora betiko erortzeko. Bizitza. Rocka. Drogas.
-
Bizitza txakurra
Aztoratuta daude lau hankakoak. Gure urte amaierako ospakizunek beldurtu izutu zoratu egin dituzte baserrietako zein kaleko txakurrak. Haien beldurra ez digu askorik axola.
Aztoratuta gauzkate lau hankako txakurren bi hankako jabeek. Beraien txakurrek botatakoek edertu egin dute gure paisaia azken urteotan. Kalez kale, etxeondo eta bide bazterrak. Parke edo atari. Berdin du. Guztietan ageri dira bonbatzarrak.
Aske dabiltza beharbada txakur batzuk, ihes eginda edo auskalo zelan.
Kuadrilako gure lagun bati gabon zaharra geroztik baserriko txakurra falta zaio. Bere bila dabiltza auzoan eta inguruetan. Itzuliko den esperantzan. Ikarak auskalo nora eraman duen. Bat baino gehiago izango ziren, kateak apurtu, etxetik ihes egin edota basoan izkutatu diren txakurrak.
Zenbat ete dira etxetik ihes egin duten txakurrak?
Zenbat dira, bere sen basatia galdu ez duten etxeko piztiak?
Zenbat txakur arriskutsu bezala katalogatuak daude herrian?
Galdera asko, eta erantzun gutxi, zoritxarrez.
Eta ondorio kaltegarriak ere baditu horrek, atzo bertan, urte berriko albistea eman zigun lagun batek:Horrela tope dot sasitza jateko amarreta dekodazan ahuntzetako bat. Gurean otsorik ez dau.
Bere parientea, ordea, bai.
Asko solte, inoren begiradapetik urrin. Sen basatiari bide ematen.
Ernari zegoen. pic.twitter.com/dYI9frWp6L— Alberto De Abajo Gonzalez, "Zoro" (@Zorosky) January 1, 2021
Goiritxuko landan, ahuntza hilda. Aske zebilen txakurren batek eraginda. Auskalo zein, noiz eta zelan. Urteberriko oparia. Ernari zegoen ahuntza, galera bikoitza beraz.zer egin?
Herrian, txakurren gaia ez da bando bidez konpontzen, argi dago. Txakur kaka, txakur kontuak ondorioetarik batzuk baino ez dira. Baina txakurrek eragindako beste ondorioei zelan aurre egin?
Txakur zentsoa eguneratu behar da. Osatu. Zenbatu. Arautu.
Ikusita sorrarazten diren kontuak, ondorioak ere zenbatzen hasi beharko da.
Lanerako txakurrak, baserriak zaintzeko, abereekin aritzeko edota kaleko txakurren “tarifa” bat planteatu beharko da. Asegurua edo mutua. Kalteordainei aurre egiteko. Garbiketa, eta abereen “garbiketa”.
Kontua ez da zigortzea, egoerari aurre egitea baizik.Bi eredu, aurrez aurre
Argi dago baserri edo landa inguruko ereduak eta kalekoak talka egiten dutela. Batzuen aisialdia edo segurtasuna, edo laguntasunak… aurrez aurre klak egiten du baserri ereduarekin.
Batzuen ospakizunak, besteen ernegua dakar. Bolanderak urian, baserrietako txakurrak airean.
Ereduei buruz berba egitea izango da kontua. Baserri mundua sustatzea helburu bada, horrek eragina izan beharko du kaleko bizitzan ere. Ostantzean arpeleko berbak dira gureak; eta egoera gero eta latzagoa izango da. -
Horrelakoa da bizitza! #blacklivesmatter
Errealitatea berria, nazioarteko mobilizazioak arrazakeriaren kontra, beltzen aldarrikapenak, Spike Lee zuzendariaren lanak, Negu Gorriak taldea sortu zela 30 urte. Koktel kultural izugarria da. Egunotako pentsamenduak, kantuak, mobilizazioak eta irudiak sailkatu eta gogoeta txiki bat egiten saiatuko naiz.
Bart DO THE RIGHT THING pelikula ikusi dut, @SpikeLeeJoint zuzendari eta ekoizlearena.
Ederra.
Gauza asko testuinguruan jarri eta hobeto ulertzeko. Han zein hemen.Eskerrik asko @negugorriak #radioRahim Horrelakoa da #bizitza! pic.twitter.com/fGy1azqFpZ
— gaztelumendi 📢 (@iPatxi) June 11, 2020
Do the right thing!
Spike Lee zuzendariaren filma ikusi eta biharamunean guztia berrosatzeko beharra ikusi dut. Filmea ikusi aurretik, azken egunotan Spike Lee beraren mezuak, iragarpenak, bideoak ikusten aritu naiz. Eta gogoa piztu zait filmografia osoari ekiteko. Duela bi urteko Zinemaldian, bere azken lana ikusi nuen, Harkaitz Canok gomendatuta. Kasualitatea edo ez, Black is Beltza Fermin Muguruzaren lana jaialdi berean estreinatu zuten.
Do the right thing pelikula berezia da. Beltzen auzoko errealitatea irudikatzen du. Eguneroko bizitza. Italiar-amerikar (zuri) batzuen pizzeria. Familiak. Harremanak. Polizia. Musika. Irratia. Liskarrak. Eta Radio Rahim maitagarri bat tartean, bigarren plano baten hasieran, baina zurrunbiloaren eta gatazkaren erdigunean gero.
Negu Gorriak 30 urte
Aste honetan bertan Fermin Muguruzak gogoratu du efemeridea. 1990an beraien orduko proiektu musikal berriari eman zioten hasiera. Rap musika euskaraz. Public Enemy Parisen zuzenean ikusi ostean suspertutako sukarraldia. Kortatu itxi eta hurrengo proiektuari ekin zioten Muguruza anaiek, besteak beste. 90ko hamarkadako hasierako kantu hoiek narratiba eta estetika berri bat eskaini zioten gure kultur panoramari. Hiru harmakada beranduagoa nabarmena da guzti hori.
30 urte
30 años
30 ans
30 years
Negu Gorriak gara, betirako gogoan.#iñigoadiorikez pic.twitter.com/Sr3Tq67qCx— Fermin Muguruza (@muguruzafm) June 5, 2020
Urtebete lehenagokoa da Spike Lee zuzendariaren Do the right thing filma. Estetika hori, sanpleak, dantzariak, maitasuna eta gorrotoa… isladatzen ditu Irungoen proposamenak, Euskal Herrian berritzailea izango dena.Eta beste irudi hauek testuinguruan kokatu ditut, 30 urte beranduago.
Agian, orduko zurrunbilo hura orain beste patxada batekin aztertuz. Begirada mantsoagoarekin, ia antropilogikoki. Begirunearekin. https://t.co/4BN9TiEBUj— gaztelumendi 📢 (@iPatxi) June 11, 2020
George Floyd gogoan
Blacklivesmatter mugimendua nazioartean
Poliziaren eskuetan hil zen George Floyd. Irudiak mundu osoan ikusi ditugu. Bere lekukotasuna mugikorrek grabatu zuten. Ikusgarritasun globala izan zuen bere heriotza ankerrak. Poliziaren kontrako oldarrialdia abiatu zen, bere hiritik mundu osora. Beltzen eskubideen alde ez ezik, faxismoaren kontrako mugimendua antolatu zen nazioartean. Trump bera izutzeraino. Blacklivesmatter mezuak, ozenki adierazi du beltzen bizitzak duen garrantzia.
Euskal Herrian ere mobilizazio potenteak egitea lortu da. Iruñean Gora Herria! mezuarekin eta hiriburuetan beltz eta afroeuskaldunek deitutako mobilizazioak jendetsuak eta ikusgarriak izan ziren.✊ðŸ¿Justiziarik ez badago, ez da bakerik izango.
If there is no justice there will be no peace.
Orain Bilbon#BlackLivesMatter pic.twitter.com/QViGRc79dx
— Komite Internazionalistak (@Komiteak) June 7, 2020
✊ðŸ¿George Floyd oroimenean, bizitza beltzak garrantzitsuak dirá esta arrazakeriaren aurka.
✊ðŸ¿En memoria de #GeorgeFloyd, las vidas negras y contra el racismo.
Justiziarik gabe bakerik ez.
No hay paz sin justicia.@CnaaeB @sosracismobiz #BlackLivesMatters#AllAfricanLivesMatters pic.twitter.com/qf5PFwqzWJ— Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia (@oeebizkaia) June 7, 2020
3 brothers
Hiru anaia ekarri gura izan ditu gogora Spike Lee zuzendari eta aktibistak ere. Film labur bat osatu du atoan. George Floyd hil berriaren heriotzak, Radio Rahim nola hil zuten gogorarazi digu bapatean, baina filmea egiteko, antzeko beste egoeraren bat ere ezagutzen zuen zinema zuzendari konprometituak. Lan honetan, Radio Raheem. Eric Garner eta George Floyd gogoratu eta omendu gura izan ditu, fikziozko irudiak eta errealak parekatu eta partekatuz.
3 Brothers-Radio Raheem, Eric Garner And George Floyd. pic.twitter.com/EB0cXQELzE
— Spike Lee (@SpikeLeeJoint) June 1, 2020
(oharra: txio hau eta Spike Leeren irudiak ondo ikusteko, twitter bidez zabaldu)
Zinema, musika, kalea, artea, sarea, mezuak…
Musika eta zinema, aldarrikapenak eta kaleko kartoizko mezuak, beltzen eskubideak eta arrazakeria. Atzo eta gaur. Gogoeta, kontakizun eta narratiba koloretsu bat faxismoa eta arrazakeriaren kontra. Guztien eskubideen alde.
- #bidegorritik, #Patakon, 18/98+, agit/prop, albisteak 2.0, bakegileak, gaztelumendi.eus, hurrengo geltokia, ikusi eta ikasi, larrabetzutik, literatura, musika, pasahitza, software librea, su-etena | ceasefire | tregua, teknologia berriak, telebista
13 urte blogean, ekinean, ahaleginean
sare sozialak, blogak, internet, sarea, lagunak eta norbera pantaila aurrean. 13 urtez ekinean. ezinean. ahaleginean.
gaur ere abenduaren 3a da.
ea zer diozuen, irakurtzen zaituztedalako. aspalditik. hemen nago eta asko pozten naiz. oraindik.13 urte, besterik ez
2004ko euskararen egunean jarri zen martxan gaztelumendi bloga.
orduz geroztik ahal izan dudan guztia idatzi eta kontatu dut berton -eta beste leku askotan-. irratigintza, komunikazioa, literatura, telebista, bidaiak, aldizkariak, erreportajeak, mobilizazioak, informazioaren kudeaketa, auzolana, gutunak, erreportajeak, batailak, kezkak, kanpainak, lana, iritziak, salaketak, hedabideak, teknologia berriak, musika, herrigintza, harremanak, auzoko kontuak, kultura…. izan dira nire bizitzako ardatz; eta libre konpartitzeko aukera eman didate teknologiak, software libreak, hizkuntzak eta sorkuntzak.ezin eskertuago nago.
KRONIKA DIGITALA
ARTXIBOAK, artxibologia
sarean.com sortu zuen Jabi Zabalak 2003an. Ondoan izan dudan erreferentzia, duda barik.
Egunerokotasuna hautsi gurean, bitakora 2004ko euskararen egunaren biharamunean.
Joxe Arantzabalek bloga sortu eta egun berean eman zuen gaztelumendiren berri bere orduko Faroan.
Blogei buruzko ikastaroa antolatu genuen 2005eko udan UEUn
2006. urtean Euskal Herria 2.0 inflexio puntua Interneteko euskal panoraman, iparra eta helburuak markatu genituen. EUS dominioa lortzen hasteko abiapuntua.
Blogariak, software garatzaileak, hedabideetako arduradunak, kulturgileak, irakasleak… batu ginen Donostiako Artelekun. Ez daukagu ahazteko 2006ko iraila hura. Gauzak egiteko gogoa somatzen zen Euskal Herriaren alde digitalean. Auzolanean, 2.0 logika guztiz barneraturik.
EH 2.0 > puntuEUS
Zazpi urtez idazten, gogoratzen hasten zarenean…. amaituko denaren beldur zarelako.
10 urte bloga sortzen hasi nintzenetik, lekutan dago 2004ko abendua! http://t.co/78lJEaVveH pic.twitter.com/0S8khluE7b
— patxi gaztelumendi (@iPatxi) 2014(e)ko abenduak 3
#ga1d3rantzunak
galdera asko ditut egiteko. erantzunak etorri egiten dira. sortu.
kezkak idatzi, bizitza bete, amets ugari, letra asko, irudi batzuk eta zenbait ondorio.
#ga1d3rantzunak hitza eta ekintza dira, baldintza eta ondorio, objetibo beste subjetibo, sujeto eta adjetibo. teoria eta praxia. -
zer ari da gertatzen Euskal Herrian?
Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdetu dugu asteon, eta sareak damaigu erantzuna. Sarean ari da jendea idazten, sortzen, erakusten gure herrietako berri. Gure herri mugimenduetako albisteak -hedabideetan aipatzen ez diren hoiek berak- eta sareak eskaintzen digu sarelarien, blogarien, hacktibisten barri. Sarean sortzen dena erakustea du xede EuskalHerrian.info ekimen xume honek.
Sareko proiektu herritar eta libreei, bisibilitatea ematea da helburua. Bizitasuna, bisitak lortzea ekimen hoietako bakoitzak. Eta ez ordea, Euskal Herria. info berak.
Bereziki da interesgarria twitter eta facebook sare sozialetako saiakera. Berria eta teknologikoki aurreratua, RSS jarioen logikaren gainean eraikitako proiektu multimedia bat. Blogak, webguneak, argazkiak, bideoak….
Albisteak 2.0 egiten hasi ginen, baina sareko dinamikari kolorea ematea dugu helburu. Horretan ari gara astetik astera, eta benetan pozgarria da, bide horretan bidelagun asko eta asko topatzen ari garela. Hackerrak, webmasterrak, diseinu grafiko arloko kideak, irakurleak, telebista ezberdinetako profesionalak, literatura munduko adiskideak…. denetarik. Guztioi mila esker anonimo bana. Eta auzolan digital honetan, jarraitu dezagun bide berriak urratzen. Beharrezkoa da eta.
-
Bisiten bizitza
Bisibilitatearen erronkak gure webguneetan | sareko hauspoa
Interneten proiekturen bat duen edonork hainbat buruhauste eta kezka ditu, bisiten gainean, bisibilitatearen inguruan.
- zelan lortu bisita gehiago?
- zer egin behar da jendearen arreta erakartzeko?
- zer da zilegi egitea? Etikoa?
- euskaldunok zelan jokatzen dugu sarean….horrelakoetan?
Friki izatetik, euskara Japonen entzutera
Aurreko astean, froga moduko bat egin genuen sarean. Galdera bat bota genuen, Sustatun lehenengo eta sare sozialetan behin eta berriro.
Albisteak 2.0 frikia iruditzen zaizu? Sustatun idatzi eta elkarrizketa sortu zen.
Sare sozialetan, galderak erantzunak, gogoetak, adibideak eta elkarrizketa sortu zuen.
#basqueFREEk etiketa asmatu eta irudi/pegata moduko bat ere egin genuen.
Argazkiak.org | are you basqueFREEk? © cc-by-sa: gaztelumendiIkusgarriagoa egitearren
Helburua xaxatzea zen, kezka eragitea… eztabaida sortu ezkero, pozik. Gainera, inguruan izandako komentario batzuen inguruan be, jendearen ikuspegia jaso nahi genuen… eta eskuartean geneukan saiorako…. giroa sortzeko aproposa. Aitzakia horrekin, aurreko Albisteak 2.0 bideoak gogoratu -aste santuko nagiak astinduz… bidenabar- eta gure telebista ekimenari ikusgarritasun apur bat eskainiz. Beste munduko ezer ez, baina ahalegin apur bat. Post horren inguruan, gauza batzuk idatzi, komentatu, tweeteatu eta jendearen erantzunei so egin. Erantzunak etorri ziren, elkarrizketa sortu zen… eta ikusten genuen jarraitu behar genuela hori elikatzen.
Tagline bezala hautatu dugun esaldiak, bere indarra erakusten du horrelakoetan, baieztatu egiten da: Internet elkarrizketak dira.Bisiten gorakada
Eta konturatzen zara, ahaztuta zaituenari gogoratu diozula zertan ari zaren. Beste batek kuriositatez eman diola klik, jendearen musturraren aurrean jarritako bideoa ikusteari ekin diotela batzuk… eta azken egunetan bisitarik gabe zegoen guneak, bizitasuna irabazi duela. Bisiten bizitzari hauspoa ematen zaio horrela.
Eta sarean, gero eta tranpa gutxiago dago. Datu asko eta asko publikoak dira.
Gure aurrek saio horrek vimeon ditu erakusgai astez asteko ikustaldiak oro.- Bideoa ostiral arratsaldean eskegitzen dugu normalean, eta asteburuan ez ditu bisita asko izaten normalean. Asteburuan ez zituen 20 ikustaldi izan.
- Hurrengo astea ere, on ona ez. Tartean oporrak, ostegun eta ostiralean.. aste santuko jai egunak… 60 ikustaldi.
- Aste santu osteko egunetan beste 25 bisita gehiago. Guztira 100 bisita inguru aste arraro eta opordun hoietan.
- Friki kontuak sartu, sare sozialetan astindu, sustatun eta blogetan idatzi eta 175 ikustaldi gehiago. Badago alderik.
- Baina bideo berria jartzean eragina biderkatu egin da. Frikiak Japonekin lotu, eta frikien elkarrizketa albistegi berrira bideratzen dugu, ia oharkabean. Elkarrizketa horrek, gehiago eragiten dio horrela, gai berriari. Eta egun gutxi batzutan 200 ikustalditik gora. Eta gora egingo du oraindik… apurka apurka.
Gaia ez da punta puntako gaia. Baina ikuspegian asmatu dugu beharbada. Japoniar tematika ez da askorik landu euskaraz, baina saio ikuspegi transbertsal batetik egiten saiatu gara, murgilduz, blog ezberdinei buruz berba eginez… loturak eskaini eta loturen logikan arakatuz. Musika eta kultura uztartuz… ikusi eta ikasi gure filosofiarekin bat eginez. Frikismoa, albistegi batera ekarriaz. Beste estilo batean. Eta sare sozialetako elkarrizketa telebista saioari lotuz. Eta ikasi gura horretan, emaitzari erreparatzen diogu. Bere txikian, interesgarria egiten zaigu. Eta oraindik hobetu beharra dagoen arren… datu esanguratsuak iruditzen zaizkigu.
Aldaba jo ezean, ez dago barrura sartzerik. Jendea erakarri egin behar da gure edukietara, eta horretarako aldaba ezberdinak, ate diferenteetan jo beharra dago. Modu eta doinu ezberdinetan. Saiatuz. Saioak eginez. Bideoetako edukiak blogetan txertatzu, sare sozialetan loturak eta galderak eginez, erantzunak profitatuz… eta txapa eman barik, baina isil isilik egon gabe. Neurri zehatzik ez dago, baina beti ikasten da zeozer.
Euskaratik, beste hizkuntzetara
Eta Japoniari buruzko saio horrek, bestelako frogak egiteko aukera eman digu. Sarea baliatuz, edukia bera azpititulatu eta bestelako publikoetara heltzeko saiakera ere egin dugu. Gaiaren unibertsaltasun horrek erakartzen duen jendearengana heltzen saiatu gara. Aipatzen ditugun blogetako egileek ere, blogetan txertatu ahal izan dute gure edukia. Eta horregatik euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jarri ditugu edukiok, azpititulaturik. Eta gure isilpeko nahia zena, gauzatze bidean dagoela dirudi. Japonierazko bertsioa ikusi dezakegu aurki.Gurea ez den publikoak ikusi ditu edukiok, euskaraz mintzo ez den jendeari heldu zaio, printzipioz beraiena ez den mezu edo eduki bat. Ehundaka lagun batzuk dira hoiek ere, gurera lantzean behin erakarri gura ditugunak. Gaika.
Nork esango luke? Baina bai, euskara lehen aldiz entzun duen japoniarraren hitzak irakurri, eta ahaleginak merezi izan duelakoan gaude. Gure herri txiki baina bizi hau… munduan badela nor pentsatzen baitugu horrelakoetan. Ahaleginaren ahaleginez, ezina ekinez egitea lortzen dugulako.
-
Aldaketak beharrezkoak direlako, eguneratzen
Ikasturtea hasi eta jo ta fuego gabiltza aldaketak eskatzen. Eta batzuk somatu eta guzti egiten dira, nabaritu, nabarmen.
- Euskal erdiko (aupa apo!) gobernua aldatu eta egunetik egunera bizi ditugu aldaketok, eta ez beti txarrerako. Jeltzaleenak oposizioan eta bestela bizi dute politika; oposaketetan.
- Ezker abertzaleak iparrotzari astindu bat eman nahi, eta Euskal Herrirako dituzten helburuak, patio batean zehaztu beharko dituzte beharbada.
- Ekonomian ere, aldaketa garaiak. Krisiak astindu du poltsikoa baino gehiago kontzientzia. Eta urteotako mozkin, aberats izan gura eta deputamadre bizitzeak langa gainditu duelakoan…. norabide aldaketa hemen ere. Alderdi kontsumistenak bizi gaitu.
- Internet ere aldaketen gune da sortu zen unetik beretik. Informazioaren aroan baino aldaketa etengabearen garaian bizi garela ematen du. Egun osoa ematen dugu softwarea eguneratzen, unean uneko orrialdeak berritzen, refresh botoia sakatzen.
- Bizitzak ere beharko du zerbait agian, baina horretarako ez daukagu gidalibururik irakurri beharrik, goizean leihotik begiratu eta eguraldiari erreparatu ostean, dakigu gitxi gora behera egunak zer ekarriko duen.
Finean aldaketok beharrezkoak dira. Egokitu, eraberritu, berriztu, sortu, asmatu.