• gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Asmo berri(tu)ak sarean

    Soziologia digitala aldarrikatzen

    Urteak joan, urteak etorri, ari gara sare bat osatzen.
    Edukiak, informazioa, denborapasa, bideoak, irakurgaiak… denetarik daukagu, baita euskaraz ere.
    Baina soziologia digitalaren aroan ere murgildu beharko gara.

    soziologia digitala | zenbat gara | gure eragina | ?? |

    Zuzeun marka berriak dituzte helburu. Azken urteko datuak jarri dituzte agerian, lehenago ere datuak elkarren aurrean erakusten aritu ginen. Baina afera edo kontua ez da zeinek gehiago, zeinek handiago. Ondo sartzea, ondo sortzea baizik. Eta ondo ari al gara?

    • zenbat da asko, euskaraz? Galderari erantzunak ematen hasi beharko genukela iruditzen zait. Mahainguruan, barcamp batean, blogetan eztabaidatuta, edo blogak eta zerbezak uztartuz. Baina emaitzak aztertzen hasi beharko genuke, gure emaitzak prozesatu. Bada garaia, intuizio hutsetik haratago jotzeko. Heldutasunera heltzen ari da euskarazko blogosfera bezala, euskarazko sarea bera ere.
    • zenbat gara? Euskaldunak Interneten. Eustaten datuak baino ez ditugu, lantzean behin, Euskal Erdian (EAErkidegoan) egiten dituztenak. Baina euskararen sareak, zazpi euskal herriak gainditu ditzake gainera. Euskara dagoen lekuan dagoelako euskarazko sarea ere. Soziologia apur bat behar dugu, estadistika. Soziolingustika aplikatua, sareari aplikatua, hain zuzen be.
    • Soziologia digitalerako
      abiapuntuak sarean

      Horregatik, soziologia eta sarea uztartuko dituzten adituak behar ditugu. Gure datuak interpretatuko dituzte soziologoak, ikerlariak, entusiastak. Merkatu legeetan ez dugu euskara sartu eta lehiatzerik izango, publizatate euskarria ere ez gara izango agian… baina komeni zaigu euskaldunoi zenbat garen, zelan ari garen, zer interesatzen zaigun, eta zertan ari garen jakitea.

    gu eta gure sarea(k)

    Beraz, euskaldun batzuk batu, mahaiaren bueltan ahal bada, hitz egin, garagardoak hartu… eta hurrengo pausuak zehazten hasi gaitezke. Urte hasierako proposamen edo erronka bezala.

  • 18/98+,  hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    zenbat da asko euskaraz?

    Gaur, batetik eta bestetik euskarazko hiru webgune -nire ustez garrantzitsu- ezberdinen bisita datuak jaso ditugu.
    Kazeta.info agerkari digitalak albiste bat egin du goizean horren inguruan.
    Twitter saretxoan horretaz mintzatu garenean, Sustatuko datuak erakutsi dizkigute -berez publikoak dira- mezu batean.
    Eguerdian edo Berria.info guneak Zinemaldi sasoian izan duen hazkundearen berri izan dugu.
    Eta nire kezka, ondo ari dira/gara?

    • Zenbat da asko euskaraz?
    • Gehiago behar genuke, gutxiago…
    • Euskarazko webgintzak asetzen du euskaldun erabiltzailea?
    • Kioskoa behera doan heinean doaz gorantza euskal guneak?

    Galderak bota  ditut, guztion artean berba egiteko modukoak. Nik ez dut erantzun bakarra eta magikoa. Nik ere eztabaida horretan parte hartu nahiko nuke. Zuokin batera. Horra hor galdera.

    Zenbat da asko?

  • gaztelumendi.eus

    21.454 bisitari 2007an

    Harrituta nago. Ez diot normalean, jaramon askorik egiten kontagailuari. Baina wordpress plugin bat badaukat jarrita. Lantzean behin begiratzen diot, gai batek edo besteak ze harrera duen begiratzeko ez bada be.

    Egunotan begira egon natzaio. Eta kalkulagailuan datuok batzean: 21.554. Arraioa! Asko dira ba… eta egunotan gainera, milatik gora bisitari astero.. 1100, 1200… harritzekoa. Asteburuetan ez da kopuru nabarmentzekorik egoten

    Eta apurka apurka, gero eta bisitari -beraz, irakurle pentsatu nahi nuke- gehiago direla ikusita… iazkoak hilez hile zenbatzeari ekin diot. Hori izan da arrazoia. Eta horrek gogoetara eroan nau.

    Eguneroko bisitari kopurua
    Eta egunero egunero 200dik gora zaretela jakiteak, zer pentsatua ematen dit. Azekn egunotan, 300 baino gehiago ere pasatu zarete gainera. Euskaraz baino idazten ez den gune pertsolanala izateko, asko iruditzen zaizkidalako. Kopuru garrantzitsua da dudarik gabe. Eta apurka apurka, hazten doa gainera.
    Euskarazko liburuak, euskarazko prentsa, euskarazko telebistak ze oihartzun duen badakit gutxi gora behera…. eta proportzio hoietara egokituta… 300 lagunek blog hau bisitatzea… luxua iruditzen zait. Neurrian erantzuten saiatzen naiz, saiatu beharko, aurrerantzean ere.

    euskarazko sarea
    Igoera horretan, bereziki estimatu behar ditut hiru gune: Aurki.com, Zabaldu.com eta Gaur8.info. Hiruretatik trafiko gero eta gehiago bideratzen da aspaldion. Hirurak dira garrantzitsuak… eta alde horretatik, gure sarearen onurak ikusten ditut horrela. Euskarazko sareak, elkar laguntzeko balio du. Euskarazko sarean, batek besteari eskaintzen dizkio irakurleak. Loturen bidez, aipamenen bitartez, erantzunetan, hari eta kateetan. Estimatzekoa da hori, baina lanaren ordaina ere badela pentsatu gura dut.

    Euskarazko blogosfera gora doa
    Hori pentsatzen du nik behintzat. Egunero egunero idazten dugunak, ez gara asko. Baina egunero erreferentzia bila dabiltzanak ordea, gero eta gehiago dira. Jendeak, beste informazio mota bat bilatzen du. Zuzenagoa, subjetiboa, erreferentziak emango dizkiona, ikuspuntua nabarmenduz, ertzak estimatzen ditu gure irakurleak.
    Irakurleen iritzia jasotzea ere ez da erraza. Aukera ematen diogun arren, beti ez da lortzen, baina hori bai, lortutakoan eskertzen da hori ere.
    Euskarazko blogosferak, gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta hori da erakargarriena. Apurka apurka, ikusmolde ezberdinetako guneak ditugu gurean. Informazio orokorra, kulturaren inguruko ekimenak, gai teknologikoak lantzen dituzten blogak, partehartzeko aukerak, ideologiaz mintzatzeko gunetxoak… denetarik daukagu. Apurka apurka, sare handiago da gurea.

    Tresnak ere, gero eta gehiago ditugu. Gero eta eskurago. Eta tresna bakoitzaren inguruan ere, komunitateak sortzen dira. Komunitateek irakurleak sortzen dituzte… eta komunikazioa lantzen da horrela. Joan, etorri, geratu, erantzun, sortu… badakizue.

    Esan beharrik ez dago, baina mila esker, berbok irakurtzeko ahalegina egiten duzuon guztioi.