• hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    Geometria eta matematika, sarea eta euskarari buruz berba egiteko

    Zuzeu.com agerkari digitalak urtea bete duela eta, mahai biribil batetara deitu gintuzten Lasartera.
    Digitalak ekoiztetxearen egoitzara joan, eta hamaika kamera txikik grabatu zuten gure solasaldia.
    Emaitza, norberak kudeatu dezakeen irudi sorta da. Soinua entzutearekin batera, ezker eskuin eta goitik behera, teklatuko gezitxoekin maneiatu daitezke irudiok.
    zuzeu.com

    Euskara eta Internet genuen mintzagai bertan batutakook. Eta sei zatitan eskaini dituzte bertan esandakoak.

    geometria eta matematikak
    Mahai hartan esandakoak, grabatuta geratu dira. 6 agerralditan daude gure partehartze guztiak. Eta batzutan etsipenezko berbak dauden arren, aurrera egiteko, hedatzeko, gehiago izateko eta hobeto jarduteko gogoetak ere badaude tartean.
    Ordu bete luze hartan esandakoak batu behar izan ezkero, azken bideoan daude nire ustez interesgarrienak.

    Euskara eta Internet bideoa.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    zer ari da gertatzen Euskal Herrian?

    euskalherrian.info

    Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdetu dugu asteon, eta sareak damaigu erantzuna. Sarean ari da jendea idazten, sortzen, erakusten gure herrietako berri. Gure herri mugimenduetako albisteak -hedabideetan aipatzen ez diren hoiek berak- eta sareak eskaintzen digu sarelarien, blogarien, hacktibisten barri. Sarean sortzen dena erakustea du xede EuskalHerrian.info ekimen xume honek.

    Sareko proiektu herritar eta libreei, bisibilitatea ematea da helburua. Bizitasuna, bisitak lortzea ekimen hoietako bakoitzak. Eta ez ordea, Euskal Herria. info berak.

    Bereziki da interesgarria twitter eta facebook sare sozialetako saiakera. Berria eta teknologikoki aurreratua, RSS jarioen logikaren gainean eraikitako proiektu multimedia bat. Blogak, webguneak, argazkiak, bideoak….

    Albisteak 2.0 egiten hasi ginen, baina sareko dinamikari kolorea ematea dugu helburu. Horretan ari gara astetik astera, eta benetan pozgarria da, bide horretan bidelagun asko eta asko topatzen ari garela. Hackerrak, webmasterrak, diseinu grafiko arloko kideak, irakurleak, telebista ezberdinetako profesionalak, literatura munduko adiskideak…. denetarik. Guztioi mila esker anonimo bana. Eta auzolan digital honetan, jarraitu dezagun bide berriak urratzen. Beharrezkoa da eta.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Bisiten bizitza

    Bisibilitatearen erronkak gure webguneetan | sareko hauspoa

    Interneten proiekturen bat duen edonork hainbat buruhauste eta kezka ditu, bisiten gainean, bisibilitatearen inguruan.

    • zelan lortu bisita gehiago?
    • zer egin behar da jendearen arreta erakartzeko?
    • zer da zilegi egitea? Etikoa?
    • euskaldunok zelan jokatzen dugu sarean….horrelakoetan?

    bisibilitatea

    Friki izatetik, euskara Japonen entzutera
    Aurreko astean, froga moduko bat egin genuen sarean. Galdera bat bota genuen, Sustatun lehenengo eta sare sozialetan behin eta berriro.
    Albisteak 2.0 frikia iruditzen zaizu? Sustatun idatzi eta elkarrizketa sortu zen.
    Sare sozialetan, galderak erantzunak, gogoetak, adibideak eta elkarrizketa sortu zuen.
    #basqueFREEk etiketa asmatu eta irudi/pegata moduko bat ere egin genuen.

    Argazkiak.org | are you basqueFREEk? © cc-by-sa: gaztelumendi

    Ikusgarriagoa egitearren
    Helburua xaxatzea zen, kezka eragitea… eztabaida sortu ezkero, pozik. Gainera, inguruan izandako komentario batzuen inguruan be, jendearen ikuspegia jaso nahi genuen… eta eskuartean geneukan saiorako…. giroa sortzeko aproposa. Aitzakia horrekin, aurreko Albisteak 2.0 bideoak gogoratu -aste santuko nagiak astinduz… bidenabar- eta gure telebista ekimenari ikusgarritasun apur bat eskainiz. Beste munduko ezer ez, baina ahalegin apur bat. Post horren inguruan, gauza batzuk idatzi, komentatu, tweeteatu eta jendearen erantzunei so egin. Erantzunak etorri ziren, elkarrizketa sortu zen… eta ikusten genuen jarraitu behar genuela hori elikatzen.
    Tagline bezala hautatu dugun esaldiak, bere indarra erakusten du horrelakoetan, baieztatu egiten da: Internet elkarrizketak dira.

    Bisiten gorakada
    Eta konturatzen zara, ahaztuta zaituenari gogoratu diozula zertan ari zaren. Beste batek kuriositatez eman diola klik, jendearen musturraren aurrean jarritako bideoa ikusteari ekin diotela batzuk… eta azken egunetan bisitarik gabe zegoen guneak, bizitasuna irabazi duela. Bisiten bizitzari hauspoa ematen zaio horrela.
    Eta sarean, gero eta tranpa gutxiago dago. Datu asko eta asko publikoak dira.
    Gure aurrek saio horrek vimeon ditu erakusgai astez asteko ikustaldiak oro.

    • Bideoa ostiral arratsaldean eskegitzen dugu normalean, eta asteburuan ez ditu bisita asko izaten normalean. Asteburuan ez zituen 20 ikustaldi izan.
    • Hurrengo astea ere, on ona ez. Tartean oporrak, ostegun eta ostiralean.. aste santuko jai egunak… 60 ikustaldi.
    • Aste santu osteko egunetan beste 25 bisita gehiago. Guztira 100 bisita inguru aste arraro eta opordun hoietan.
    • Friki kontuak sartu, sare sozialetan astindu, sustatun eta blogetan idatzi eta 175 ikustaldi gehiago. Badago alderik.
    • Baina bideo berria jartzean eragina biderkatu egin da. Frikiak Japonekin lotu, eta frikien elkarrizketa albistegi berrira bideratzen dugu, ia oharkabean. Elkarrizketa horrek, gehiago eragiten dio horrela, gai berriari. Eta egun gutxi batzutan 200 ikustalditik gora. Eta gora egingo du oraindik… apurka apurka.

    Gaia ez da punta puntako gaia. Baina ikuspegian asmatu dugu beharbada. Japoniar tematika ez da askorik landu euskaraz, baina saio ikuspegi transbertsal batetik egiten saiatu gara, murgilduz, blog ezberdinei buruz berba eginez… loturak eskaini eta loturen logikan arakatuz. Musika eta kultura uztartuz… ikusi eta ikasi gure filosofiarekin bat eginez. Frikismoa, albistegi batera ekarriaz. Beste estilo batean. Eta sare sozialetako elkarrizketa telebista saioari lotuz. Eta ikasi gura horretan, emaitzari erreparatzen diogu. Bere txikian, interesgarria egiten zaigu. Eta oraindik hobetu beharra dagoen arren… datu esanguratsuak iruditzen zaizkigu.

    Aldaba jo ezean, ez dago barrura sartzerik. Jendea erakarri egin behar da gure edukietara, eta horretarako aldaba ezberdinak, ate diferenteetan jo beharra dago. Modu eta doinu ezberdinetan. Saiatuz. Saioak eginez. Bideoetako edukiak blogetan txertatzu, sare sozialetan loturak eta galderak eginez, erantzunak profitatuz… eta txapa eman barik, baina isil isilik egon gabe. Neurri zehatzik ez dago, baina beti ikasten da zeozer.


    Euskaratik, beste hizkuntzetara
    Eta Japoniari buruzko saio horrek, bestelako frogak egiteko aukera eman digu. Sarea baliatuz, edukia bera azpititulatu eta bestelako publikoetara heltzeko saiakera ere egin dugu. Gaiaren unibertsaltasun horrek erakartzen duen jendearengana heltzen saiatu gara. Aipatzen ditugun blogetako egileek ere, blogetan txertatu ahal izan dute gure edukia. Eta horregatik euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jarri ditugu edukiok, azpititulaturik. Eta gure isilpeko nahia zena, gauzatze bidean dagoela dirudi. Japonierazko bertsioa ikusi dezakegu aurki.

    Gurea ez den publikoak ikusi ditu edukiok, euskaraz mintzo ez den jendeari heldu zaio, printzipioz beraiena ez den mezu edo eduki bat. Ehundaka lagun batzuk dira hoiek ere, gurera lantzean behin erakarri gura ditugunak. Gaika.

    Nork esango luke? Baina bai, euskara lehen aldiz entzun duen japoniarraren hitzak irakurri, eta ahaleginak merezi izan duelakoan gaude. Gure herri txiki baina bizi hau… munduan badela nor pentsatzen baitugu horrelakoetan. Ahaleginaren ahaleginez, ezina ekinez egitea lortzen dugulako.

  • i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Sarea eta euskara

    360ºko kamara batek grabatuko du eztabaida

    Sarean euskaraz ari garenak asko gara. Zorionez.
    Lauzpabost lagun batuko gara mahai borobil batean, mahainguruan ibiltzeko. Erdian kamera bat egon bide da, guztia grabatzen, eta ez soilik berba egiten duena.
    Euskara eta sarea, tresnarik aurreratuenekin.
    Zuzeu.com agerkariak aurki emango du emaitza.
    sarea eta euskara
    Bitartean… sarean euskaraz jarraitzea izango da gure apusturik sendoena, teknologiarik berriena baliatu, software librea lokalizatu eta erabiltzaile gehiago erakarriz euskarazko tresna eta gunetara.
    Komunitatea sendotu eta gure gaitasunak munduan erakusteko moduan jardun.

    Euskarak sarean aurrera egin dezan:

    • edukiak Webguneak, blogak, wikipedia, mota guztietako edukiak.
    • erabiltzaileak Edukiak irakurtzeko, tresnak erabiltzeko (euskarazko nabigatzaile, joko, software, gune….), parte hartzeko, gehiago sortzeko.
    • tresnak (software librea)  Apustu garbia egin beharko luke gurea bezalako komunitate batek software librea erabiltzeko.
    • komunitatea Euskaldunok osatzen dugun sarea. Globala eta lokala uztartuz. Euskal Herrian, zein munduan dauden euskaldunak oro.
    • bisibilitatea. Egiten dugunari, sortzen denari, garenari eman beharreko ikusgarritasuna. Gettotik ateratzeko ahalegina, ikus gaitzaten. Bagarela esateko.

    Horra hor, bost puntu edo berbetan neure esateko guztia. Ea besteok zer dioten.