• i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Albisteak 2.0

    Telebista eta Internet bertsio barriagoan

    Eta lotsa asko barik ausartu gara gu ere. Inoren zain egon barik, ikusentzunezkoen sarean murgiltzeko beta izan dugu. Gerrilla komunikazioko ekintzetatik, iraunkorragoa izan nahi duen batera igaro gara, eta esperientzia metatzen ikasiko dugu telebistan jarduten, sarean eragiten.
    albisteak 2.0

    Gerrilla komunikazioak
    hori du, ekintzetan ikasten duzula, kalean ari zarela hartzen duzula esperientzia, eta esperientziatik teorizatzen dela gero. Gogoeta batzuk abiapuntu hartu, eta beharrak erakusten dizu bidea eta norabidea.

    Sarea hizpide
    Eta albisteak 2.0 egitarako orduan, sarea bera hartuko dugu hizpide. Euskal komunitatean sortu eta garatzen diren proiektuak hartuko ditugu gaitzat, sareko eztabaiden hariak oinarri, sorkuntzari boza ematea da helburua.

    TB partehartzailea
    Telebista partehartzailea dugu helburu. Sareko esperientziak hori erakutsi baitigu. Baina zelan egiten da telebista partehartzailea? Guk ere ez dakigu, baina horretan saiatuko gara. Horretarako, web tb hau ikusten dutenek, mandoaren aurrean zapping egiten geratu barik, sarean sortzen jarraitu beharko dute, komunikazioan parte hartuz, hartzaile izatetatik parte hartzaile izatera….

    Adibideak sarean

    Digg nation ezagutu dugu, sareko elkarrizketan. Irudi luke, hau hartu dugula eredu gurea egitean. Baina antza, beste askoren eredu da. Guk egin ostean jakin dugu telebista saio arrakastatsu honen berri. Zabaldu.com globala da digg eta hango albiste bozkatuenak hartzen dituzte hizpide digg nation saioko Kevin Rose eta Mickey Albrecht aurkezleek. Guk ez bezala, edaria beti eskuan dutela egiten dute saio biek. Oso sareko estetika, geek zamarra daukate, eta badirudi zintzotasun eta ondo entsaiatutako jarrera horrek laguntzen duela sarean atsegin izaten. Geek antzezpen ona egiten dute. Biek.

    digg nation

    eduki multimedia libreak

    Internet elkarrizketak direla diogunean, partehartzea, zabalkuntza, iritzi trukaketa eta erremix kultura ditugu buruan.
    Hasi gara, beta saioa egin genuen eta astero emankizun bat egitea dugu orain helburu.

    Albisteak 2.0 Beta saioa

    Albisteak 2.0  lehen saioa:

    Hemendik aurrera sareari buruzko albistegi hau, telebistan eta sarean zabalduko dugu. Herri telebistetan, blogetan, komunitatean…

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Telebista eta Internet

    Egunotan gai hauek ekarri ditugu hizpidera. Apropos? Kontestuagatik?
    Esango nuke, gaiak hor daudela, eta arretaz begiratzen diegula aspaldion. Kezka sortzen dute, irrika ere bai, gogoa, ardura…
    Videoweb10 burutu zen duela ez asko Bilboko eitb-ren egoitzan. Han izan ginen. Komunikaldiak dira gaur, eta lan kontuengatik bertan izango gara.

    Argazkiak.org | webtv web telebista telebista Interneten
    © cc-by-sa: gaztelumendi

    Greba Orokora | Egunkaria libre!
    Ikusentzunezkoen testuingurua aztertzean baina, iaz arrakastatsuak -sarearen neurrian, beti ere- izandako bi ekimen ekarri gura nituzke hizpidera: greba orokorra eta Egunkaria libre.info. Bietan, maila aktibo batean, telebista eta ikuspegi multimedia partehartzailea, librea, irekia uztartzen saiatu ginelako. Eskura genituen tresnak baliatuta -eta ez dira gitxi, egia esan- bestelako informazioa posible dela erakutsi eta frogatu gura izan genuen. Bi adibideak, auzolanean sortutako ekimenak izan ziren. Ekimen hacktibistak, informazioaren eta adierazpen askatasunaren aldekoak. Pikete informatiboa maiatzaren 21ekoa, ozen kendu digutena salatzekoa abenduaren 17aren ingurukoa.

    Zu, ni, gu
    Esan eta esan ari gara, ikusentzunezkoen garrantziari buruz, Telebista eta Internetaren uztarketari buruz, youtube bezalako guneek munduan sortu duten aztoraketaz. Gu geu garela informatzaileak, baita bideoen aroan ere. Baina horri gauzapen praktikoa eman behar zaio. Telebistak ez du iraultza emanen, baina guri kontatzea dagokigu. Ez du balio EITBren programazioaz edo informatiboen ildoaz kexu agertu eta ezer ez egitea. Kontatu zure inguruan gertatzen dena, parte hartu elkarrizketan, sortu bloga, utzi erantzuna…. norbanakoon indarrak ez du mugarik. Blogosferak erakutsi du, Euskal Herrian bezala, mundu zabalean ere, zertarako gai den. Denbora kontua izan da, Dan gillmor egilearen We the media eta antzeko liburuetan kontatzen zena, egiaztatzeko. Guk geuk frogatzeko. Eta urrats hori ikusentzunezkoen alorrean ere bizitzen ari gara. Aukera hori daukagu.

    koloretako gogoeta irratian
    Eta irratiko argi gorria piztu denean, hizketaldiari ekin diogu Teketenek eta biok. Zalantzak uxatu, orain artekoak hizpidera ekarri, aukeren gainean mintzatu eta etorkizuna marrazten hasi da Gorka Julio. Koloretan atera zaio irudia, obikua da, efimeroa… joan etorriko komunikazioan. Globalizazioa bizi dugu ikusentzunezkoen kontsumoan ere, eta horri erantzun lokalak bilatu behar dizkiogu.
    Musika lagun, pantaila aurrean, konektatuta, eta elkarrizketa digitaletan parte hartuta egin dugu saioa. Irratia ikusentzunezkoen laguna da, sare sozialetan mintzatu daitekena, bideoa adiskidetzat lukeena, blogariak entzule…. komunikazioaren historian, uhinek aportatu dutena ikusita… bide luzea du oraindik irratigintzak. Eta sarean ondo baino hobeto murgildu da mp3ak sortu eta RSS bidez igortzen hasi denean. Podcastinga baino gauza modernoagorik!
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100308.mp3]
    Saioan zehar aipatu ditugun adibide polit batzuk:

    Teoriatik pratikara, blogosferatik telebistara
    Esan bakarrik ez, ikasitakoa frogatzea gustuko duenetakoa bazara, zu ere gutarra zara. Teoria ta pratika uztartzea, oso metodo marxista ei da. Akzioa komunikazioan. Eta horretan nahi genuke frogatu. Gauza txiki batzuk egin ostean, sareak ze aukera ematen dituen ondo asko ikasi dugu. Esanetik, eta egitetik. Bizitzetik. Eta erantzunak hor daude. Orain baina, urrats bat gehiago ematea erabaki dugu komunikazio horizontal eta libre horretan. Telebista partehartzaile bat osatzea dugu helburu orain. Eta hori zelan egiten da? Nork argituko du bidea? Zer egin daiteke?
    Galdera hoiek eta gehiago guk geuk ere baditugu sorbalda gainean. Motxila bete itaun ditu gure jardunak. Baina apurka apurka, egitera goazela dirudi. Auzolanean, eragile ezberdinak inplikatuz. Telebista eta Internet uztartuz. Blogosferako esperientziak, jendea, informazioa, jakintza sozializatzera. Berriro ere gure mezuak blogosferaren bidez zabalzeko.
    Horretan ari gara Albisteak 2.0 egitasmoan. Beta saio bat sarean jarri, eta elkarrizketa abiatu da. Izan ere, gaur atzo baino argiago daukagu Internet elkarrizketak direla.
    albisteak 2.0
    0 beta saioa

    Albisteak 2.0.000 from Albisteak 2.0 on Vimeo.

    Orain gurea, zurea da hitza. Bota pentsatzen duzuena, adierazi kezkak. Parte hartu elkarrizketan. Komunikazioa, azken finean elkarrizketa da.