-
Tokiko garapena eta berrikuntza
Asko erabiltzen diren terminoak edo kontzeptuak dira. Ahoan hitzetik hortzera, txostenetan barra barra…. Erabileraren podasuz usteltzeraino ia ia.
Egoera sozioekonomiko honek, kapitalismoaren unean uneko krisiak baina… gero eta gehiago harrapatzen gaitu, aktiboan edo pasiboki… zer egin, zer irakurri eta denbora zertan eman da kontua.langabezia datuak
Gure herrian kasurako 110 lagun baino gehiago dago Lanbiden izena emanda. Inoizko langabezi tasarik handiena bizi dugu, txalet eder, taberna bete eta jai giro etengabearen artean. Kirolak eta kulturak dena estaltzen dute, eta euskal herri zoriontsu bat ematen dugu, hala ere. Eta kezka gutxi pizten dute etxebizitzak, edo krisi ekonomikoak, edo ikasleen etorkizunak, edo…. ikurriña, hizkuntza eta kontzertuak dira gure pentsamendu nagusiak une honetan.
Tokiko garapena
Asko harritu naiz Ernaik bultzatu duen kale inkestan, gazteek lan saria edo laguntza eskatzen dutenean langabeziari aurre egiteko. Eskaera justifikatu daiteke. Baina ezer egin barik bizi baino, hobeto izango da egoera aldatzeko tresnak sortzea, ezta?
- zer egin dezakegu egoera ekonomikoari, herri mailatik, buelta emateko?
- zelan sortu gazteentzako lanpostu berriak?
- Egoera ekonomikoa ez du Troikak konponduko, ez da bake prozesuaren ondorio izango…. alternatibak gure eskutik sortu behar dira, sortzekotan.
Larrabetzu ez da salbuespena. Oraindik krisiaren aurpegi ederra baino ez dugu bizi, ez dute inor etxetik bota, enbarguak ezkutuan bizi dira, enpresen galerak eta EREak familiako laguntzarekin konpesatzen ditugu… baina etorkizun argirik gabeko herria da gurea, planteamendu serio eta alternatiborik sortu ezean.
Udalak ez dauka langabetuen poltsarik, sortzen dituen lan guztiak kanpoko enpresa handiei subkontratatzen die, lehiaketa bidez… eta plazan gero eta jende gehiago batzen da. Emakumeak eta gizonezkoak gehien, baina gero eta gehiago beti ere.. eta kafeak gora egiten du. Gora eta gora. Ogiak ere bai.
berrikuntza, zer berritu baina?
Teknologia berrien lilura bizi dugu ordea. Watssapp bidez komunikatzen gara, sare sozialetan mila lagun ditugu, pantailaz bete ditugu gure bizitzak, eta monitoreak behar ditugu komunera joateko ere.
Teknologiarekiko subordinazioa lantzen ari gara, sujeto izan eta teknologia librea garatu barik. Eta enpresa erraldoien menpe bizi gara, telefono konpainiak, Google bezalako bilatzaileak, Sagarraren markaren azpian edo Facebook bezalako harrapakariekin.
Tokiko garapena eta berrikuntza #eskura
Langabetu kezkatuen antolakuntzatik datoz alternatibak. Herriko pentsamendu librea antolatzetik. Autogestioa… lema bat baino gehiago dela pentsatzetik. Adin guztietako jende zoriontsua batu, eta gauzak elkarrekin egitetik. Apurka apurka. Alternatibak posible direla ikustaraziz. Hemen eta han.
Larrabetzu #eskura proiektua horrela sortzen ari gara. Orpoz orpo. Etxe zuloan. Garajeetan. Gaztetxeko doinuen artean. Frogatuz. Ikertuz. Ikasiz. Erakusten. Ahalegintzen. Indarrak batzen.
Informazio lokala, kultur agenda, ezagutza partekatua, software librea, elkarlana, ilusioa eta kode apur bat landu dugu. Apurka apurka erreferentziazko tresna bat jartzeko herritarren eskura. Etorkizuna agenda batean. Agenda bat poltsikoan. Telefono mugikorra herriko informazioaren zerbitzura jarriz. Elkarteen lana bisibilizatuz, ikusgarriago eginez. Adin ezberdinetarako elkarteek prestatutako programazioa jendeari erakutsiz. Informazio lokal guztia -politikoa, kulturala, kirolak, udal gaiak, jaiak….- eskura jarriz, klik bakar batean. Eskuarekin, erraz erraz.Gogo eta izerdi, batzar eta programazio ordu nekaezin ugari, ilusio eta froga, merienda eta kontzertuetako komentario asko daude hemen inbertituta. Giza kapitalarekin eginda. Maitasun infinitu batekin. Apurka apurka, baina lotu barik. Herrigintzan ari garelako, auzolanean, tokiko garapena eta berrikuntza 1:1 eskalara ekarriaz. Gure artera.
aurkezpena herrian
Herrian aurkeztuko dugu azken bertsioa. Tabletean ikusteko moduan, elkarteentzako atal bereziekin, sare sozialetan hedatzeko aukerarekin, webapp bat sarean, agenda edozein gailu eta markarekin ikusteko moduan (iOs, Firefox Os, Android…) eta beste berrikuntza gehiago. Sasoian sasoikoa, tokian tokikoa.
www.larrabetzu.net -
Kultur eremu berriak
berrikuntza soziala eta kultur eremuak
Luzuriaga fabrika garbitzen ari dira antxotarrak, Astrak urtebeteko ibilibidearen balantzea aurkeztu du gernikarren aurrean, Sestaon labe garaien sasoiko bulegoetan kultur eremu librea osatu zuen Txirbeleneak, Iruñean Katakrak liburu denda baino zerbait gehiago da kale nagusian, antzerki obrak ikusten ahal ditugu asteburuetan Deustuko Erriberakok Pabellon 6 arte eszenikoen aretoan, Bilboko alde zaharrean berriz Zirikak etengabeko dinamika sozio politikoa dauka, Donostiako Bidebietan eskola zahar batean zentru soziala egin gura dutela jakin berri dugu, Gasteizen Errekaleor auzoa berritzeari ekin zioten ikasleek, Iruñean Jaso ikastola zaharrean artistak batu dira, Baionan egurrezko etxeak okupatu dituzte, Donaixtin eskola kulturgune bilakatzeko lan izugarria egin zen aurretik….
Euskal Herrian mapa berria osatzen ari da kulturgintzaren eremuan. Asanblada irekiak, parte hartze kolektiboa, berrikuntza eta kulturgintza eskutik ari dira lanean. Kultura ofizialetik landa, eremu eta gune berriak ari dira sortzen, eraikitzen, apurka apurka. Beste dinamika bat, beste prozesu batzuk, beste adibide berri eta berritzaileak orain arte izan dugun kultur panoramara.
Merezi du gogoeta bat egiteak mugimendu berri guzti hauen inguruan.
- zergaitik sortzen ari dira gazte mugimendua baino esparru sozial zabalagoetatik?
- kulturari lotutako, sorkuntzarekin harremanetan diren espazioak dira… kulturgintza berrikuntza fase baten murgilduta?
- maiz okupazioarekin lotura dute, orain arteko EHko okupazio mugimenduaren eskaerekin zerikusi handirik ez badute ere
- Eremu lokaleko ekimenak dira, parte hartze irekia, ikuspegi alternatiboa eta antolatzeko modu berriak bere baitan ezaugarri moduan dituztenak: kooperatibak, asanbladak, bizitza, kultura, eraldaketa helburu
Donaixtiko adibidea Kanaldude telebistan
Erreka lehorra hondartza nahi dute Gasteizen
gogoetarako ekintzarako garbiketarako antolaketarako uneak bizi ditugu. sorkuntza ez da eten, espazio berriak berreskuratzen ari da, bizi gara! biziko gara! -
Hurrengo geltokia
Eta halako batean fisioterapeutak bizkarreko minaren zergaitiaz jakiteko, galderak egiten dizkizu. Bizitzaz. Lanaz. Erritmoaz… eta mina arindu beharrean kezka eragiten dizu. Bizkarretik burura.
Gero hazurrak, eta bestelakoak bideratzen saiatzen da. Minak ekarriko du atsegina. Ekaitzak barea.
Eta galderak zeure buruari. Kezkak irakuten du. Minak ere bai.
Ezer ez da kasualitatea. Jezartzen zaren aulkiak, bileren edo lan ildoen dinamikak, kilometroek, autoaren gaitasunak, egoera ekonomikoak… denek eragiten digute, buruan, gorputzean…. edota bihotzean.
STOP jartzen duen seinaleari so, gelditzea erabakitzen duzu. zedaelpaso bat izan zitekeen, laburra, azkarra… edota geldiune bat. Pausatuagoa.
Orduan, orduak. Gauak eta egunak. Asteak. Buruhausteak.
Zirt edo zart. Bart pentsatua, zelan adierazi gaur. Bilerak. Tentsioa. Borondatea eta aurrera begirako kezkak.
Erabakia hartu eta gauzatu. Bukatu da, norabide aldaketa bat derrigorrezkoa da, funtsezkoa aurrera egiteko. Estrategikoa esango lukete gidariek, beharrezkoa bidailagunek…Norabide aldaketa
Lanbideren bulegora joatearekin batera, paper mordo bat daramatzazu eskuan, bateko eta besteko. Eta gehiago behar dituzu beharbada. Atsegin osoz mintzatzen zaizkizu bertakoak, ilarak daude. Aurpegiak. Jendea. Derrigorrean lanik gabe daudenen pare, lana uztea erabaki duenaren lotsa. Aurrez aurre.
Hala ere, ondo egin dizu etenak. Kioskora lasaiago zoaz egunkarien bila, informazioa beste modu batera jasotzen duzu orain, rss jarioek ez zaituzte itotzen, eta twitter sareari ere… tarte atseginagoa eskaintzen diozu. Txikienek ordu eskaintza eskertzen dute, etxekoek orduak -eta otorduak-, norberak bizitza zer den dastatzen duen unean konturatzen da urratsaren balioaz. Eta ez da damutzen, ez horixe.Eta orain zer?
Ikasi, ikasi eta ikasi. Formazioa, aurrera jarraitzeko. Horregatik gustatzen zaizkit horrenbeste Nelson Mandelaren aipamen euskaratu hauek.
Eta formazioari ekin diot. Ikasteko premia somatzen dut, nigan bezala inguruan. Jakintza partekatzea, sozializatzea da hurrengo helburua. Ezberdinak lanean jartzea, indar egitea, proiektu berriak sortzea, etorkizuneko erronkei gaurdanik heltzea, orpoz orpo, eskuz esku… bideak esango.
Bideak dira interesgarrienak, prozesuak. Eta prozesuak, partehartzea, irekitasuna zelan landu hausnartu, pentsatu, asmatu, ikusi, ikertu, garatu..
Horretarako zer?
- Formazio teknikoa (html5 funtsezkoa)
- Formazio ideologikoa (ekonomia soziala, berrikuntza eta identitatea)
Eta horretan aritzeko gogoz. Uda gozatu eta bideak erakutsiko du zuzenena hartua dugun. Bideari helduta, beraz.
-
Parte hartzea bultzatzeko dinamikak
Aste honetan parte hartzearekin zerikusia duten ekimen baten baino gehiagotan aritu eta jardungo naizenez, horren inguruko gogoeatxo bat botatzea pentsatu dut.
Parte hartzea gora egingo duen dinamika izango da. Berdin du ze motatako prozesuetan den: izan dinamika sozialean, politikoan, instituzionalean edo profesionalean.Larrabetzuko udalean
aurrekontu parte hartzaileakUdalak Larrabetzun, 2012ko aurrekontuak jendaurrean eta jendearekin prestatzeko asmoa agertu du. Eta horregatik, asteon bi herri batzar deitu ditu. Egoera ekonomikoaren berri eman, eta jendearekin batera hurrengo urteko aurrekontuak prestatzeko. Alkateak berak, herriko blogari eta elkarteetako webguneetara gonbidapen mezua bidali du. Herriko etxe atari guztietan deialdiko kartela dago, eta udal paneletan eta panel elektronikoan deialdiaren berri dago. Garaiz informatu, eta ahalik eta parte hartze handiena bermatze aldera.
Estatu mailan badago aurrekontu partehartzaileen inguruko informazio gune eta sare bat, eta uste dut, aurrerantzean sarriagotan begiratu beharko dugula.
Larrabetzuko dinamika honek, itzelezko harrera izan du sarean, lokal mailan. Baina sarea be, bada parte hartzerako tresna interesgarri bat. Agian, sarea eta parte hartzea zelan uztartu ikasi beharko genuke orain, maila lokalean. Eta esperientzia berritzaileak abiatu.
Larrabetzuko aurrekontu parte hartzaileak sareanMinutu bat berrikuntzarako
Lantokian, komunikazio zereginetan nabilenetik, baserri munduan gauzatzen diren esperientziak bisibilizatzea da nire arduretako bat. Eta berrikuntza sozialaren gaia interesez jarraitzen ari naiz. Horregatik EHNE Bizkaian ere Innobasque berrikuntza agentziak bultzatutako minutu bat berrikuntzarako ekimenean parte hartu dugu.
Erronka bat jarri diogu gure buruari 70 erakunde ezberdinetan. Guk, baserritarren (ekoizle) eta kontsumitzaileen arteko harremana zelan erangikorrago egin pentsatzen aritu gara. Eta lankide eta baserritar ezberdinek nork bere ekarpenak egin dituzte. Orain batu, eta ebaluatu egin beharko ditugu denak. Eta hoiek martxan jarri. Minutu bateko ideiak, handiak eta erabakiorrak izan daitezkelako aurrerantzean.
EHNE Bizkaia
Minutu bat berrikuntzarako.