• gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    Bizitza txakurra

    Aztoratuta daude lau hankakoak. Gure urte amaierako ospakizunek beldurtu izutu zoratu egin dituzte baserrietako zein kaleko txakurrak. Haien beldurra ez digu askorik axola.
    Aztoratuta gauzkate lau hankako txakurren bi hankako jabeek. Beraien txakurrek botatakoek edertu egin dute gure paisaia azken urteotan. Kalez kale, etxeondo eta bide bazterrak. Parke edo atari. Berdin du. Guztietan ageri dira bonbatzarrak.
    Aske dabiltza beharbada txakur batzuk, ihes eginda edo auskalo zelan.
    Kuadrilako gure lagun bati gabon zaharra geroztik baserriko txakurra falta zaio. Bere bila dabiltza auzoan eta inguruetan. Itzuliko den esperantzan. Ikarak auskalo nora eraman duen. Bat baino gehiago izango ziren, kateak apurtu, etxetik ihes egin edota basoan izkutatu diren txakurrak.

    Zenbat ete dira etxetik ihes egin duten txakurrak?
    Zenbat dira, bere sen basatia galdu ez duten etxeko piztiak?
    Zenbat txakur arriskutsu bezala katalogatuak daude herrian?
    Galdera asko, eta erantzun gutxi, zoritxarrez.

    Eta ondorio kaltegarriak ere baditu horrek, atzo bertan, urte berriko albistea eman zigun lagun batek:


    Goiritxuko landan, ahuntza hilda. Aske zebilen txakurren batek eraginda. Auskalo zein, noiz eta zelan. Urteberriko oparia. Ernari zegoen ahuntza, galera bikoitza beraz.

    zer egin?

    Herrian, txakurren gaia ez da bando bidez konpontzen, argi dago. Txakur kaka, txakur kontuak ondorioetarik batzuk baino ez dira. Baina txakurrek eragindako beste ondorioei zelan aurre egin?
    Txakur zentsoa eguneratu behar da. Osatu. Zenbatu. Arautu.
    Ikusita sorrarazten diren kontuak, ondorioak ere zenbatzen hasi beharko da.
    Lanerako txakurrak, baserriak zaintzeko, abereekin aritzeko edota kaleko txakurren “tarifa” bat planteatu beharko da. Asegurua edo mutua. Kalteordainei aurre egiteko. Garbiketa, eta abereen “garbiketa”.
    Kontua ez da zigortzea, egoerari aurre egitea baizik.

    Bi eredu, aurrez aurre

    Argi dago baserri edo landa inguruko ereduak eta kalekoak talka egiten dutela. Batzuen aisialdia edo segurtasuna, edo laguntasunak… aurrez aurre klak egiten du baserri ereduarekin.
    Batzuen ospakizunak, besteen ernegua dakar. Bolanderak urian, baserrietako txakurrak airean.
    Ereduei buruz berba egitea izango da kontua. Baserri mundua sustatzea helburu bada, horrek eragina izan beharko du kaleko bizitzan ere. Ostantzean arpeleko berbak dira gureak; eta egoera gero eta latzagoa izango da.

  • agit/prop,  Elikadura Burujabeta,  Elikadura burujabetza,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Ondasun komunen tradizio berritzailea

    Baserritar eta nekazari gazteen nazioarteko topaketa bat burutu da ez oso aspaldi Gernikako Astran.
    Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduko kide eta partaide ugarik bertan ikasi eta eztabaidatzeko aukera eta parada polita izan du, horrelakoetan ia beti gertatu ohi den moduan.
    Mugarik Gabe erakundea eta EHNE Bizkaiaren arten antolatutako egitarau aberatsaren laburpen bilduma polita egiten du iraupen ertaineko bideo honek.

    Ondasun komunak

    Lurra, ura, haziak, jakintza eta zaintza. Funtsezkoak eta berebiziko garrantzia dutena arlo ekonomikotik zein sozialetik begiratuta. Horren sakontzean dago etorkizuneko erronka. Jagon, zaindu, defendatu, liberatu, askatu, zabaldu, hedatu… Ingurugiroaren defentsan, iraunkortasuna bermatuz, jakintza librea bultzatuz eta eztabaida sustatuz.
    Software librearen mugimenduarekin alderatu izan ditugu maiz beste gatazka hauek, eta elkarrekin zer ikasi -elkarikasi- asko dago. Partekatuz, hausnartuz eta eztabaidatuz.
    Elikadura burujabetzaren bidean, baserritar berriek, arazo zahar ugari dituztelako.

    wikipedian:
    Bien común
    Commons


  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Itxaropenerako 3diak

    Itxaropena, etorkizuna, erronkak eta beste. Irribarrearekin begiratzen diot etorkizunari. Gogotsu, ilusioarekin.
    Euskal Herriaz ari nintekeen, baina batipat herrian, inguru hurbilean ikusten ditudan irudiak dira.
    Lanean ari da jendea, auzolanean. Gogotsu ari gara, ilusioarekin. Eta etorkizuna marrazten, oso koloretsua.
    Hona hemen asteburuko hiru bideotxo, gure errealitatearen irudi.

    Herriko baserriak, plaza, merkatua eta bertso poteoa

    Garmitxa elkartearen alde, auzolanean

    http://youtu.be/3_LE33CUVCA

    Etorkizuneko erronkak, bake prozesuan

    iturriak:

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Biba Berango!

    Kukullaga Goikoa baserria bizirik

    #kukullaga goikoa baserria

    Martitzenean (irailak 27) goiz osoa Berangoko baserriaren aldeko zereginetan eman genuen. Mobilizazioa, negoziazioa, tentsioa, informazioa, baserria, lukurreria, injustizia, polizia, epaitegiak, traktoreak, jendea, indarra, gaitasuna…

    Atzo, baserria bizirik mantentzea lortu genuen. Guztiok batera: baserritarrak, herritarrak, Berangoko udaleko alkatea (PNV), zinegotziak (Bildu + PNV), auzokideak, herri mugimenduetako kideak, lagunak, ezagunak…

    Ametza, Errigoiti, Kukullaga Goikoa

    Nire bizitzan hiru baserritarren familiaren desjabetze ezagutu ditut. Eta txiki txikitatik daukat gogoan Ametza baserria. 10 urte baino gitxiago izango nituen Ertzainek lehen aldiz Larrabetzun ostiak banatu zituztenean, pilotari kaskoa eta manga laburreko alkondara urdinekin gogoratzen ditut. Larrabetzuko Ametza baserritik, Pitxi eta bere senideak bota zituztenean. Aurre egin zieten herritarrek, eta EHNE sindikatuko baserritarrak ere borroka hartan zeuden.

    Gaztetan, Txiplas Errigoitiko etxetik zelan bota zuten bizi izan genuen. Oraindik alkate den Iñaki Madariaga izan zen horren bultzatzaile, eta bertan batutakoak jipoitzeko ertzainen beltzak deitu zituenak.

    Kukullaga Goikoa baserria bizirik!

    Atzo, Kukullaga Goikoa baserriaren defentsan, lehen lerroan egotea egokitu zitzaidan. Brasildar nekazarien ondoan, Berangoko herritarrekin, aspaldiko lagunekin, EHNE sindikatuko kideekin… irakaspen handia, garaipen txiki bat, urrats bat, bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatzen dugunontzat.

    Baserriak bizirik gura ditugu, eta espekulatzaile finantziero eta maila handiko lapur legalei aurrei egin behar diegu.

    informazio gehiago:

    Eta girotzeko, Gabriel Arestiren koplak, Joseba Tapia eta Natxo de Feliperen ahots zein doinuan.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik,  maitatasunetik

    zelan jan…

    Autogestioa ez da soilik gaztetxeen lema bat. Ez horixe.
    Autogestioa, autokudeaketa, ekonomikoki antolatzeko modua ere izan daiteke. Eta bada.
    Herrian, esperientzia aparta ari gara bizitzen, Eskolako jantokiaren kudeaketarekin. Herriko dendetan (harategia, okindegia, denda, arraindegia…), herriko ekoizleekin (arraultzak, baserriko produktuak…)
    Gurasoek kudeatutako jantokia eta sukaldea daukagu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak -EAko Tontxu Campos sailburu zela- sukaldariaren soldata, langileen kostoa eta subentzioak ukatu zizkigun, gure erabakian mantentzearren. Eta horretan dihardugu.
    Gurasoek bilera luze eta interesgarriak izan genituen orduan. Gatazkan sartu ginen, zer eta Jaurlaritzarekin. Hasieran eskola gehiago ere baginen, baina presioa itzela izan zen… Larrabetzun halan da be, aurrera jarraitu genuen. Jarraitzen dugu.
    Gaur da eguna, ekonomikoki bideragarria egiteaz gain -eta ez da gutxi- osasun arlotik, kalitate aldetik pozik baino pozago gaudela.
    zelan jan, halan izan!
    Eguneroko jatekoak, guraso elkarteko batzorde batek erabakitzen ditu. Horretarako, aholkulari talde bat ere badago. Eguneroko erosketak ere guraso elkarteak bideratzen ditu.
    Horrez gain, sukaldeko eta jantokiko langile guztiak, Guraso elkarteak kontratatzen ditu. Herriko ekonomia, zeozelan suspertu eta abian jarriz.
    Jakiekiko sentsibilitatea asko igotzen ari da gurean, baserriarekiko begirunea, produktu fresko eta kalitatearekiko arreta, nekazaritza ekologikoaren inguruko kezka, soloen etorkizuna, baserriaren geroa… hizpide ditugu ohiko elkarrizketa eta berbaldietan.
    Bizkaiko EHNEk argitaratzen duen Baserri bizia aldizkarian, bi elkarrizketa mamitsu argitaratu dira, Julen Guraso elkarteko partaidearekin bat, eta Aitor sukaldariarekin bestea. Biak be, esanguratsuak. Jan kontuekin jolastu ezin daitekela eta, gauza harrigarriak kontatzen dituzte biek.

    16. orrialdetik 19. ra agertzen dira bi elkarrizketok.
    Informazio gehiago: www.larrabetzukoeskola.org

    Baserri bizia aldizkaria osorik