• info 7,  teknologia berriak

    basquecamp bigarren edizioa zapatuan

    info7 irratia
    Info7 irratian teknologia berrien inguruko gaiak hizpide hartuta, ezin aipatu barik utzi basquecamp-2 edizio berria.

    Urrunan du egoitza nagusia Info7 irratiak, eta handik kilometro gutxira ospatuko da zapatu honetan basquecamp2. Ekainean Larrabetzun egin bagenuen, udazkenean Lapurdin burutuko da euskaldunok batzen gaituen barcamp berezi hau.

    Irrati kolaborazioan, horretaz mintzatu gara. Barcamp bat zer den, nortzuk antolatu dute oraingoa… hau eta beste.

    Bidarteko zita interesgarria suertatu da. Joatekoak gara gutako batzuk… zuek ze asmo daukazue asteburu honetarako?

    infozazpi irratiko kolaborazioa.

  • larrabetzutik,  teknologia berriak

    #basquecamp hizpide ARGIAn

    ARGIA aldizkariko Eli Pombok elkarrizketa bat egin dit asteon, bertsio digitalerako. Hari@ buletinarekin be, banatu dute gainera. #basquecamp ekimena azaldu eta datorren ekainaren 7an Larrabetzun egin asmo dugunari buruzko xehetasun batzuk eman, eta Interneteko panoramaz iritzia eman dut. Titularra deigarria egin du gero!

    Sareko ARGIA

    Patxi Gaztelumendi: “Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta”

    Elisabeth Pombo, 2008-05-28

    barcamp bateko partaideak

    Larrabetzu.org ekimeneko partaideak lehen Barcamp euskalduna ari dira antolatzen, Interneten eta euskaraz lan egiten dutenen artean esperientziak elkartrukatzeko. Ekainaren 7an (eta agian 8an ere bai) izango da, printzipioz Larrabetzuko Gaztetxean. Barcamp bat hainbat jenderen arteko elkargunea da. Ekitaldi irekiak dira eta kolektiboki antolatzen dira. Horrek esan nahi du edukiak parte hartzaileek beraiek prestatzen dituztela.

    Patxi Gaztelumendi antolatzaileetako bat da eta berak eman dizkigu lehen Barcamp euskaldunari buruzko xehetasun gehiago. Gaur egun Internet euskaldunak bizi duen egoerari buruz ere galdetu diogu:

    Lehenengo euskarazko Barcamp elkargunea ari zarete antolatzen. Nondik sortu da ideia? Zergatik orain?

    Ideia Interneten trukatzen ditugun mezuetatik sortu zen. Nazioartean gero eta garrantzia gehiago hartzen ari dira horrelako hitzaldi sorta parte hartzaileak. Gai konkretuei zein orokorrei buruz berba egiteko ekitaldi irekiak dira.

    Euskal Herrian ere, gauza asko ditugu komentatzeko. Tresna askoren berri daukagu sarean, baina batzuetan komeni da aurrez aurre ikustea, elkartzea, gauzak gertuagotik ezagutzea, eztabaidatzea, eta elkarrekin lanean jarraitzeko indarrak biltzea.

    Eta orain, Interneten beti da orain. Gaur bizi dugu sarea. On line eta orain, sinonimoak dira. Atzo memoria da, eta biharkoa gaur asmatzen ari gara.

    Izan al zarete inoiz Barcamp batean? Nolakoak izaten dira eta zertarako egiten dira? Interneti soilik lotuak daude?

    Hemendik gertu ez da oraindik horrelakorik antolatu. Baina barcamp.org gunean, noiz eta nola antolatzen ari diren ikusten ari gara. Zuzenean. Eta gaiak, oro har teknologia berrien gainekoak dira. Baina Parisen aurki bookcamp antolatuko dute, liburugintzaren erronkak aztertzeko. Mota askotako Barcamp-ak daude une honetan antolaketa fasean.

    Egitarau zehatzik finkatuko da edo inprobisaziorako gunea izango da?

    Basquecamp hau antolatzen hasi, sarean iragarri, eta jendeak gaiak eta hitzaldiak proposatu ditu, wiki batean. Orain guztiari orden bat ematen saiatuko gara, jendearen iritzia kontuan edukiz. Eta egunean bertan, hitzalditxo sorta hau guztia denon artean erabakiko dugu. Bukatzeko presarik gabe ibiliko garenez, laburrak izan arren, sakontzeko aukera egongo da. Jendeak ere, zaletasunaren arabera, gauza batzuetan gehiago sakondu gura izango du, beharbada .

    Euskaraz eta Interneten lanean gero eta gehiago garela diozue, zer iritzi duzu euskarazko Interneteko panoramaz? Zer azpimarratuko zenuke?

    Baikorrak gara bizi dugunarekin.

    • Komunitate aktiboa du euskarazko sareak. Sare bat da. Sare anitza, deszentralizatua. Gauzak egin egiten dira, sortu, garatu. Baina oraindik komunitate hori sendotu beharra dago. Euskaldunak bagarela konturatu, eta euskaldun moduan Internet sarean jarduteko.
    • Tresnak ere behar ditugu, eta software librearekin asko aurreratu dugun arren, horren sozializazioan ahalegin handiago egin beharko dugu.
    • Edukiei dagokionez, sarean biderkatu egin dira azken bolada honetan sortutakoak. Wikipedia, blogak, udal webgune ofizialak, ohiko komunikabideen bertsio digitalak…. asko sortzen ari dira. Eta bide horretan jarraitu beharko dugu. Sortzen eta hedatzen.

    Zer botatzen duzue faltan? Zer egin beharko genuke oraindik egin ez dugunik?

    .eus domeinua eskuratzeak adibidez, ikusgarritasuna emango lioke gurea bezalako komunitate digitalari. Hizkuntza bizia da gurea, eta Katalunian bezala, horrek egoera guztia indartuko luke. Bultzada handia litzateke honetan ari garenontzat.

    Software askearen sozializazioa lortu behar dugu, eta euskararentzat tresnarik eraginkorrena dela ulertarazi behar diegu aginte apurra duten guztiei. Irakasleei, ikastetxeetako arduradunei, elkarteetako liberatuei, formazioarekin kezka dutenei, agintariei, enpresa buruei…. guztiei. Alfabetatze digitala behar du herri honek, euskalduntze alfabetatzearen fasea amaituta. Alfabetatzea 2.0

    #basquecamp

  • ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Gero eta tresna berri gehiago

    Egunetik egunera, gauza berriak ezagutzen ditugu. Batek lotura bat erakusten digu, besteak frogatu du, nik hau asmatu dut, horrek bestea kritikatu.

    Egia da, software garapena, aplikazioen lokalizazioa, APIak baliatuta egiten direnak, ikasi ahala sortutakoak, esperimentuak. Gero eta + daukagu erakusteko, gehiago ikasteko. Hori ona edo txarra al da?

    Ona delakoan nago, eta horrelako barcamp bat egin beharko genukela iruditzen zait. Euskaraz lanean ari garenok ere, gero eta gehiago gara. Iruditzen zait gauza asko ditugula ikusteko eta ikasteko, eta gutxitan elkartzen garela.

    Barcamp
    (argazkia: flickr joshb cc lizentziapean)

    Apal artean Eibarren antolatutako software librearen inguruko mintegietako karpeta aurkitu dut, IEB ere bi urterik behin antolatzen du UEUk, blogak 2.0 bi edizio izan dira Bilbon, EH 2.0 antolatu zen Artelekun, Hackmeeting batzuk egin dira honezkero Euskal Herrian (Leioa, Iruñea, Gernika), blogek eta garagardoek ere elkartu gaituzten, ikastaroak egiten ditu enpresadigitalak…. denetarik dago. Iaz Tailerrak 2.0 burutu ziren.

    Baina elkartu, erakutsi, ikasi eta gehiago egiteko aukera dagoela iruditzen zait. Zabaldu, sustatu, bildu, blogosfera komunitate bat badagoela iruditzen zait. Gogoetak eragin, tresnak erakutsi, landu, ikasi… zer diozue?

    Eztabaida luzatu daiteke, baina udaberriarekin lekuak eta hitzorduak jartzea litzateke onena. Gero eta errazago antolatzen ditugu kontuok Internetetik. Eta jendea gogotsu somatzen dut inguruan.

    barcamp wikipedian

    EH 2.0
    tailerrak 2.0

    IEB 07

    blogak 2.0

    Hackmeeting ezberdinak