-
zelan zaindu maite dugun hau hori hura?
Durangon eman ditut lau egun eta hiru gau. Baina 4+3 ez dira beti zazpi. Ez gurean.
Musika entzun dugu, letrak irakurri, berba asko, irudiak, doinu eta ahotsak, papera eta pankartak….
Besarkadak eta agurrak, keinuak, ferekak… zer ez dagoen Durangon.
Ruper Ordorikaren bertsio ederra egin dute Arrasateko Anger taldekoek, oraindik hobea den Sute perfektua diskoan.
Eta Durango beharbada, hori da izan be: sute perfektu bat. Ez gehiago.
Ez dut kantu hau entzun, beste asko ere ez…. ez daudelako zerrenda ofizialetan, ez daude alternatiboen mainstream-ean ere ez… baina urtez urte, egunero… jendeak jarraitzen du bere letrak idazten, bere ametsak euskarri ezberdinetan marrazten, lantzen, bultzatzen.Angertarrak holangoak dira, militante eta langile porrokatuak. Musikari finak, eta pertsona hobeak.
Anger gaur metafora bat da. Ruper Ordorikaren kantua bezala. Himno apalagoen garaia bizi gura dugunontzat.
Egia esan, batzuen hautua ez da erraza, bestelako mundu batean bizi gura dugulako beharbada….
bitartean, zaindu dezagun hau hori hura! Izan be, hitzek beti garamatzate norbaitengana…
Eguneraketa
Durangoko azoka honetan Kanaldude herri telebistak lan bikaina egin du. Besteak beste bideo hau zabaldu dute sarean, bertan euskal musikariak azokari buruz mintzo dira.
-
Txinaurri lana
euskal kultura gaur, eta bihar
Argazkiak.org | Liburu eta diskoak, euskarazko edukiak © cc-by-sa: gaztelumendiDurangoko azoka hasten da gaur. Urteroko zita, aspalditik. Euskal kulturgintzan, sorkuntza diharduenarentzat garrantzitsua. Sosak batetik, eta topagunea bestetik. Urteko balantzea, eta urteko uzta. Merkatua da Durango. Eta merkatua ere elkarrizketak dira… ezta?
Euskarazko kultura, sorkuntza maite ditugunok badakigu ze garrantzia duten horrelako uneek, guneek. Eta gurean, sorkuntzaren adierazpenari dagokionez, garrantzitsua da, urte osoko, eta batez ere udazkeneko guztia ikustarazten baita bertan. Euskarazkoa eta bestelakoa ere.euskal kultura eta sarea
txinaurri lana
Iñaki Perurena eta
Zuzeu Komunitatea
Argazkiak.org | Iñaki Perurena eta ZuZeu komunitatea, biba zuek! © cc-by-sa: gaztelumendi
Abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan, Durangoko Plateruenan, zita bat daukagu Iñaki Perurenarekin. Zuzeu komunitate osoa dago gonbidatua bertara: sortzaile, erredaktore, kolaboratzaile, partehartzaile, irakurle… eta zu zeu!lip dub Euskal Herrian
beste zita bat
Azkenik, abenduaren 6a, egun berdetzat deitu du Independentistak sareak. Eta besteak beste, egun horretan Independentziaren aldeko lip dub koloretsua ere grabatuko da Durangon.
-
Durangoko azokara Guardia zibilarekin
Euria ari zuen. Geltokian zain, Bilboko Atxuritik 12ak aldera abiatu zen trena Galdakaora heldu zenerako. 12:10 baino ez. Bagoira igo eta ezagun baten aurrean jezarri nintzen. Ez dakit inoiz elkarrekin berba eginda geunden, baina iepa aupa eta parean tokatu nintzaion.
Lagun izoztua zekarren esku artean, eta irakurtzen ari zen. -Durangora? Bai hau eta bestea. Lasai gindoazen. Hiru argitaletxearena genuen aipagai. Lagun batek deitu eta telefonoz hasi zen arte.
Lemoako geltokian baina, berdedun gizon uniformatuak ikusi nituen. Ostia! esan baino lehen bagoian sartuak ziren. Nire lagunarengana joanak ziren artez bi pikolo. Nortasun agiria eskatu eta motxila zabaldu arazi zioten.
-A donde va?
– A Durango
-A la feria del libro? interes aurpegia jarrita guardia zibila.Uffa, libratu naiz, pentsatu nuen nik. Honengana etorri dira artez, hau gauza arraroa. Flipatuta nengoen, baina harridurak ez zuen luze iraun, ondoko guardiazibilak niri ere karneta eskatu zidalako. Eta eman nik, eta atzetik entzuten nuen, zenbakiak mikrofono batetik pasa eta gure abizen ahoskaezinak irakurtzen.
Bagoi guztietan sartuak omen ziren, eta trenak aurrera. Lemoatik Zornotzara, Eubara gero… eta gure elkarrizketa eten egin zen.
Eman zizkiguten karnetak, baina treneko ate banatan jarriak zeuden guardia zibilak. Irteera kontrolatzen? auskalo.
Durangora heldu ginen, euskaldun mordo bat jeitsi zen trenetik. Txapelokerrek trenean jarraitu zuten. Bagoi guztietan bina.
Eta gu azokara, gehienak. Literatura? Fikzioa? Euskaldunon errealitatea, zoritxarrez.
Euria ari du, oraindik.
-
Komiki azokan
Igande euritsua herrian.
Erromon komiki azoka dagoela eta bertara joan gara, etxekoak eta lagun bat. Bi plaza eta bi karpa. Sarrerak ordaindu -2,50 euro- eskumuturrekoa jarri eta barrura.
Inpresioa egiten du, Durangok inoiz joan ez direnei egingo dienaren antzera.
Gero barruan atseginagoa da kontua. Ibilgarriagoa, ikusgarriagoa, koloretsuagoa. Leku pausatuagoak daude, hormara begira egoteko modukoak, komikiak irudiak eskegitako koloreak… denetarik.
Komikia, liburugintza bezala anitza da. Denetarik dago… hasi umeen liburuetatik, eta zientzia fikzioz marraztutako kontaketetara. Argitaletxeak, banatzaileak, dendak, fantzineak… denetarik.
Erakusketak, artistak sinatzen, kamiseta frikiak, mahai jolasak…. benetan goiz pasarako -zein egun pasarako- aproposa azoka.
Lagunak eta ezagunak ere topatzen dituzu bertan. Agurtu, berba egin, komentatu eta denetarik.Manga gunea
Handik metro gutxira dago manga gunea. Eskumuturrekoa erakutsi eta Japon bertan. zer da hau? jendea mozorrotuta, jendea alai, jendea jolasten, jende mordo bat. Manga estetika, manga komikiak, pertsonaiak, elkarteak, bideojokoak, gitar hero zaleak… mundu bat, Japonen eta Getxon batuak.
Eta gune hau askoz ere frikiagoa da. Konplexurik gabe, baina mangak jendea erakartzen du, negozio berriak sortu ditu, zaletasuna modu ezberdinetan adierazi daiteke: Bideo proiekzio erraldoi baten aurrean dantzan, mozorrotuta, japoniar kulturaz interesatuak egonik, bertako janaria dastatuz edo bideojokoetan olgetan. Ah! eta manga komikiak irakurriaz, hori ere badago eta.Badago non ibili
Getxoko komiki azoka, oso gune polita. Erakargarria. Euskal kulturgintza bertan ere ikusi ahal izan genuen. TMEOren 101. zenbakia erosi eta Matxitxakoko guduari buruzko komikiarekin ere bueltatu ginen etxera. Milaka lagun batu ditu asteburuan zehar, Euskal Herrikoak eta Euskal Herritik kanpokoak ere. Gu joan bezperan egon omen ziren bertan Olariaga, Asisko eta beste zenbait euskal sortzaile…. -
Azokak EZtaBAIda piztu du Durangon, ez da gitxi
Sarritan mintzatu gara horretaz. Lagunartean, idazleekin, musikariekin, kolektibo ezberdinetako jendearekin. Orain eztabaidak funtsa hartu du, eztabaidatzeko marko bat –posta zerrenda bat hasieran- sortu da.
Ez da gutxi. Eztabaida beharrezkoa da. Kulturaren merkantilizazioa nabarmena da. Azokaren kolore bakarrerako joera honek -ia dena da ELKAR– kezka ere sortu du askorengan. Euskara eta beste hizkuntzen arteko aferak bere buruhausteak ematen ditu.
Liburuak diskoak eta zenbat gauza gehiagoren azoka da Durangokoa? Urtero ari gara horretaz, baina titularretan zer den salduena baino ez dugu irakurtzen ahal.
Ondo etorria izan bedi eztabaida, eman izena posta zerrendan, eta jarraitu dezagun berbetan, erosi ditugun bideo, disko, jostailu, kantu, liburu, komiki eta aldizkariak irakurri entzun ikusi eta pratikan jartzen ditugun bitartean.
herrikultura.org Eztabaida interesgarri bat.