-
Bi hitz Kukutza gaztetxeari buruz
Maiz joan izan naiz Kukutzara. Aspalditik. Egon izan naiz bazkaltzen, teterian, kontzertuetan, bileretan, jairen baten, geratzeko leku bezala, egoteko…
Kontzertu onak ikusi ditugu hor, eta maiz.
Azkenengoz domekan joan ginen etxeko guztiak. Euria ari zuen, eta merkatua zegoen deitua bertara. Erosi genuen kafea, poster zapatista bat, kontsultatu genituen liburuak, aldizkariak, jostailuak, erropa….
Giroa zegoen, erresistentzia jarrera alde batetik, lokalaren defentsa… bestetik aurrera jarraitzeko gogoa irmoa.
Gaur goizaldean sartu dira. Horrek esnatu gaitu Euskal Herrian asko eta asko. Eta barruan zeudenak atxilotu dituzte, eta basatiki eroan… eta irudi batzuek buelta eman diote sareari, sarean.
Nik neuk amorrua hartu dut. Azkunaren harropuzkeria eta Aresen indarkeria batu dira. Baina auzo oso bat izan dute egun osoan zehar…. baina arrastian mundu bat batu gara Errekalden. Eta berriz ere, indarrez tratatu gaituzte. Poliziak ez dauka beste jarrera eta portaerarik, baina ezin jasan dezakegu milaka lagun dauden manifestazio handi batean… poliziak horrela jokatzea.
Kukutza oraindik han dago, Errekalde erdian, Bilboren bihotz bat da kulturalki, sozialki… ekonomia eta jarrera alternatiboa lantzen ditu, jendea batzen du, dinamika sozio kulturala dauka… hori gaur egun, Europako hiri batean… preziatzeko altxorra da. Jeltzaleek, eskumak orohar ez du hori maite… eta horren kontra egiten du, nahiz eta horretarako narkotrafikante eta espekulatzaileen alde paratu behar… egin egin dute, beste behin. Eta biolentzia erabiltzen dute, gauez zein egunez… hitza eta jarrera beste armarik ez dutenen kontra. Arrazoia galdu dute…. eta ez diegu barkatuko. Irabazi egingo dugu… Kukutza eta beste bataila askoz gehiago ere bai.