• musika

    Peiremans+

    joan ziren baina gehiago espero genuen oraindik

    Bart kontzertua Bilbon, musikaren katedralean.
    Duela 10 urte baino jende gehiago. Ezagunago. Izarrago.
    Sarrerak agortu dira eta ilada dago sartu aurretik.
    Jende gutxi Izaki Gardenak taldearekin gozatzen, areto ezin beteagoan. Berbotsa da nagusi, doinu atseginen atzetik. Onak dira hala ere. Minority. Gutxiengo musikazalearentzat.
    Lehen kontzertua bukatu eta tarteko musikaren ostean eskenatoki gainean lau rockero zahar. Urteak geroago. Gazte oraindik.
    argazkia: Tom Hagen

    Azkarra edo arina?

    Kontzertu oso azkarra izan da. Arina. Dauzkaten kantu apur hoiei zukurik gehien ateratzeko pentsatua. Disko txiki batekin taularatu ziren, eta zenbait kantu gehiago sortu dituzte orain. Oso azkar beharbada. Eta bira itzela montatu dute. Eta deabruak teilatuetan taldearen beste bi kantu -hit ederrak- eta jendea gozatzen, eta Weezer bertsio eder bat, eta beste soul bat…. eta ezer gutxi gehiago.
    Laburra egin zait, baina batez ere arina.
    Horretaz mintzatu gara elkartu garen musikazaleak. Eta gazi gozoa geratu zaigu kontzertua. Normalean, eta Antzokitik sarritan, aseago ateratzen gara. Dena emanda. Dena eman izanaren sentsazioarekin. Goian eta behean. Baina ezberdina da gaur. Eta komentatzen jardun dugu.

    biharamuneko pilula

    Goizean esnatzean, musika jartzen duzu berriro. Beste zerbait. Baina gaueko akordeak, parapapapapa hoiek oraindik gogoan. Eta kantu gehiagoren bila jo arren, ez duzu berriagorik kausituko.
    Eta galdera hori. Bart zer?


    Agian gu izan gara sentsazio horrekin pipertuta atera garen bakarrak. Eta badazpada, azalpenak emateari ekiten diozu. Galderak baino, erantzun posibleak mugatzen dutelako inkesta. Gehiago nahi zenuela aldarrikatzeko modua. Behar genuela beharbada.


    Eta besterik ezean, enegarrenez play teklari eman diozu. Zortziak bat. Rock azkarra. 80. hamarkadakoa. Gurea. Eta Evaristoren koroak euskaraz… parapapapapapaPA!

  • larrabetzutik,  musika

    gure hizkuntza berean

    split77
    SPLIT77 taldearen diskoaren aurkezpenera joan naiz gaur. Herritar musikazale moduan. Eneukan pentsatuta ezer idazterik. Handik argazki bat bota dut, facebook_era 3G konexioarekin, wifia ez zebilelako. Gero facebooken galderaren bat, eta atsegin ikur batzuk ikusi ditut, bueltan.

    6 urte isilik

    2004an atera zuten Mentura lana, izugarri gustatu zitzaidan. Eta eman zituzten kontzertuak. Antenna ere ona zen niretzat, ni ere gazteagoa izango nintzen… eta taldeak erakartzen ninduen. Zuzenean, diskoan, jendaurrean… eta traturako beti atsegina, jatorrak. Elkarrizketa batzuk egiteko aukera izan nuen, entsegu lokala ezagutzeko, kantuak…
    Ekaitz gero, teknikari eta lagun izan nuen irratia.com saioetan. Beti prest, beti sortzen, beti ganba sartzeko prest… frogatzeko, gauza berriak egiteko. Eta barre batzuk egin izan ditugu.
    Eta lokalean jarraitu dute bide honetan guztian, isilik. Isil isilik. Baina ez geldirik, bistan denez. Diskoa plazaratu dute orain. Gaur.
    Diseinuak nabarmentzen du zer dagoen barruan: split77. Ez besterik.
    Eta entzuten ari naiz… eta gauza berri asko ikusten ditut. Gauza atsegin mordoa. Detaile asko, eta zainduak daude ekoizpen honetan. Erritmoak, loop ezberdinak, kitarrak, ahotsak, hizkuntzak… eta denak egiten zaizkit gertuko, denak erakargarri.
    Pozik itzuli naiz etxera Bilboko kafe antzokitik. Musikak batzen gaitu han batu garen askori. Sintonia antzekoetan ari gara kulturalki. Hizkuntza berean mintzo garelako jarraitzen dugu berbetan, gai hauei buruz, beste gai askori buruz. Eta besteoi zer esan, zita bat daukagula bariku gauean euskal hirian, gaueko soinuei erreparatzeko.
    Herritik ere joango gara batzuk, eta herrian ere maite dugu horrelako musika doinutegia. Eta etorriko dira eurak ere gurera.

    spit77 Bilboko kafe antzokian, diskoa aurkezten