-
Gaur bi hitz: #letrARTean Andoainen
Letren herria dugu Andoain. Euskaldunon Egunkariaren itzala, Berriaren argia. Letrak ere saritu ohi dituzte Andoainen, Rikardo Arregiren omenez. Letrek, euskarazkoek berezik kultur parkea ere badute, Martin Ugalde zenaren izenean. Letren herri bilakatuko dugu gaur arrastian ere, LetrARTean ekimenarekin.
Finean; kultura eta artea, informazioa eta komunikazioa edota Internet eta teknologia berriak jorratuko ditugu alde zaharreko Itzala gunean. Berba egitera goaz, sortzera. Ondoan dagoena ezagutu, eta ondoan, alboan, gertu jarraitzeko asmoarekin. Sortzen jarraitzeko, egiten, erakusten, ikasten.Kultur esperimentu bat ere bada letrARTean, teknologiaren alde ez teknikoa jorratuz. Letrak. Edukia. Hizkuntza. Sorkuntza artistiko eta kulturala. Mezuari erreparatuko diogu, kanalari baino gehiago. Izan ere, kanalei begira gaude ohituegi aspaldion. Teknologiaren lilurak, edukiari garrantzia kentzen diola dirudi. Zer egin daitekeen pentsatzen pasatzen ditugu egunak pantaila aurrean, eta zer egiten dugun jakin beharra dago. Zertan ari garen, zer sortzen, zer ikasten…
Alde horretatik, letrARTean plataforma fisiko eta humanoa ere bilakatu dezakegu, beharbada. Gure gogoa eta indarraren arabera izango da. Eta letrak, gureak, bultzatzeko tresnen beharra aldarrikatu eta profitatu dezakegu. Elkartzen bagara, egiten badugu, pentsatu ezkero, hasi eta abiatu ondoren.
Horretara noa ni. Eta ikastera. Eta jende berria eta gazteagoa ezagutzera. Eta auzolanean, lan berriak eskaintzera auzokei, eta auzokoarenean murgiltzera azken finean.
Kultura, Informazioa eta Teknologia. Horra hor KIT eder bat. Euskaldunontzako tresna erabilgarri bat, dezakegun armarik potenteena gure esku. Teklak eta jarioa. Sorkuntza eta kodea. Hedatzeko eta ikasteko. Ezagutzeko eta zabaltzeko. KIT on bat gure zerbitzura. Balia dezagun.
gauez, letrak dantzan jartzeko asmoz
Arratsaldean bezala, gauez ere jarraituko dugu gure ekimenak. Ludikoago. Sorkuntzaren aldetik, erremixaren logikarekin. Komuneko paperean idatzitakoak irakurri eta entzun, argitaratutakoak eskuratu… eta gero Bi hitz: beats_bits. Teknologia, doinuak, hitzak, musika.. pantaila eta ingurua. Eta dantzarako grina, gogoa.. giroa. Ea asmatzen dugun. Horretan saiatuko gara, eta zuek ere jarraitu dezakezue, pantailan, twitter bidez, streamminga jarraituz… gura bazela. Hurbiletik bezala urrunetik.
dj kaikuren musika, 2tz hashtag berria eta #letrartean dantzan egiteko gogoa.
-
#Egunkaria libre saio berezia irratia.com emankizunean
2008ko otsailaren 20an, bost urte atzera.
Guk ere, irratia.com emankizunean zeozer berezia egin gura genuen. Egin gura eta egin. Andoain, Bartzelona eta Bilbo lotu ditugu irrati bidez, eta gure uhinak zabaldu eta gure irratsaioa mundura zabaldu dugu.
Emankizu berezia izan da. Andoaingo ekitaldiari buruz berba egin digu Juan Luis Zabala Pipi kazetari eta idazleak; Bartzelonako ekitaldiak eta elkartasuna izan ditu hizpide Jon Elordik, eta Bizkaian antolatu direnei buruz berba egin digu Gotzon Hermosillak.
Sarean Egunkariaren aldeko elkartasunak izan duen oihartzunaz be mintzatu gara.
Kauta, Conxita, Ruper Ordorika, Hertzainak… izan ditugu entzuteko. Kantu hautatuak. Horretan ere fin ibili da Ibon gure teknikari eta argazkilaria.107. saioa entzun gura baduzu:
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom080220.mp3] -
Egunkaria libre!
-
Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoaz
Kioskoan erosten dut goizetan. Irakurtzeko lain badaukat.
Mesanotxean liburuak ditut, apaletan gehiago.
Diskoak erosteari ez diot inoiz itxi, gero eta garestiagoak diren arren.
Antzerkizaleago naiz zinemazale baino. Lagunek badakite hori.
Kontzertuetara joatea atsegin dut oraindik, Antzokia ordu laurdenera daukat.Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoan pozik egon daitezke, gu bezalakoekin. Durangon dirutza uzten dugu, Elkar txartela izan genezake, Berriako harpidetza egin, Kutsidazu ikusi eta kultur etxera joan, gauean Mihiluze ikusten dugun bitartean. Ibarretxere bozka emateko ez genuke arazorik, badakizue erabakitzeko eskubidea.
Eztabaida edo mahainguru bat ukan dute aurrekoan Martin Ugalde izeneko parke jurasiko batean. Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoa. Bai?
Haur nafar baten gurasoak, Seaskako irakasle bat testuliburuetaz, laburmetraiak egiten dituen Leioako Arte Ederretako ikasle edo zinemagileren bat, Arabako rock talderen bateko norbait… ez keba. Elkar, EITB, Egunkaria-Berria, Eusko Jaurlaritza, Ernest Lluc… SS matrikuladun kulturgintzaz baino ez omen ziren aritu. E horrek euskaldun guztiona beharko lukeen arren, bestela dira gauzak. Han. Hemen.Jarrai dezagun berbetan. Eztabaidatzen. Mahainguruan, baina jaten. Kontsumitzen. Gero gerokoak. Han, eta hemen.
Loturak:
sustatu.com (Guggenheim defektua)| Berria.info (Kike Amunarrizen hitzaldia) | Martin Ugalde foroa (multimedia)