• gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

    Hamar kantu eder, ikasturtea gogotsu hasteko

    Egunero kantu eder bat eskaini nahi nuke, saiatzen naiz. Sare sozialetan harrapatzen ditugu batzutan, handik hedatzen… baina uda amaiera honi agurra kantuan eman nahi nioke. Entzun ditudanak, egunotan ezagutu ditudanak, oroitzapenen bat dakartenak…

    Anari

    Iraileko lehen egunean, Putzuzulo gaineko terrazatik, plano sekuentzia bakarrean grabatutako Nacho Vegasen kanta eta bideoa. Lan zoragarria. Itsatsita daukagu oraindik. Zuk ere bai?

    Diabolo Kiwi

    Garaztarrak dira. Talde aski berria. Bigarren lana dute hau. Aurreko neguan Mungian grabatu zuten, eta larrazkeneko hit asko biltzen ditu Uhin galduak berri honek. EHZ zuzenean ikusi nituen azkenekoz, aurretik beste kontzertu pare bat ikusita. Dantzarako musika, elektro pop eder bat, funky doinuak… laukote izugarri ona. Gozatu. (disko osoa paratu dute sarean)

    Ezpalak

    Aurten izan dut beraien berri. Eta entzun dudan apurrarekin oso flipatuta geratu naiz. Zuzenean makinak izan behar dute, ziur. Erritmo azkarrak, letra onak, musika itsaskorra, melodia urratu atseginak. Gogoa pizten didate, batez ere. Zuzenean ikusteko gogoa. Gehiago ezagutzeko. Eta hau pilula bat besterik ez da. Dastatzeko. Zeresana emango dute. Gehiago.

    Habia

    Opari eder bat egin zidan musikarietako baten amak, EHZ jaialdian bertan. Eskura. Hari hirukotea dira. Zinez ederra. Letrak euskal poesiak mendeetan eman dituen altxorrak dira. Musika maite baduzu, diska bikain bat. Zauden egoeran zaudela.

    Ibilbedi

    Aspaldian asko entzuten ditugu bereak. Autoan, etxean, zuzenean ere bai noizbait. Baina gehiago nahi. Eta Agerraldia egin dute. Ederra. Koloretsua. Ekialdetik hegora begira. Mendebaldean konturatu gaitezen. Bazterrak, ertzak maite badituzu, omenaldi eder bat saiatzeari.

    Joseba Irazoki

    Joseba Irazoki eta lagunak (J.I.E.L) diskoa kaleratzear daude. Orain arte kantu aurrerapen bakarra egin dute. Beti izan naiz Irazoki zalea. Denborarekin gehiago. Molde guztietan. Honek ere oso itxura ona dauka, diseinutik hasita. Bideoa artelana da, osotasunean. Josebak kantaera berria, azkarragoa. Hitz asko, hitz jokoak. Jolasa. Solas ederrak egiteko kontzertuak izanen dira disko honetakoak ere. Adi beraz.

    jotamartina

    Herrikoak dira, txikitatik auzokoak. Eta kantugintzan ezagutu ditugu beti Kattalin eta Ane ahizpak. Jabirekin hirukote itzela egin dute. Pandemiaren erdian astindu zuten gure ekosistema txikia, eta gerora sortu duten kantu eta bideo bakoitzarekin urrats bat gehiago eman dute. Bideo hau berezia da, eta aitortza den aldetik, irudi ederren jabe egingo da ikuslea. Kantak, orohar denek dute zerbait hunkigarria. Ikusteko parada baduzu, baliatu aukera. Ahots ederrak, eta ekarpen berriak gure panoramara.

    Rüdiger

    Felix Buff da. Bateriajole gisa ezagutzen dugu. Egun inguruan dugun onenetako bat da. Willis Drummond taldearekin, Joseba Irazokirekin, beste askorekin ikusi dugu. Beti bikain. Kitarra eta ahotsarekin ari da proiektu berri honetan. Diskoa entzuna nuen, single polit askoak ditu. Baina bideo hau beste gauza bat da. Usopop usaina dario. Saran grabatua, Atabalen ekoizpen bat. Beste zerbait. Txukuntasuna, ororen gainetik. Plazer handi bat. Begiratu banda. Bateria jotzeko ere ez du edonor aukeratu: Karlos Aranzegi. Bua!

    Tatxers

    Ziurrenik uda honetan buelta gehien eman duten doinuak. Behin eta berriz entzun ditut. Gogotsu gainera. Distortsiorik gabeko kitarra hoiek maite ditut. Oi! pop doinuak. Rock/roll atsegina. Baina mende eta garai honetakoa. Gaurko gazteek egina. Iruñetik, zuzen. Ikusteko dauzkat hauek ere.

    Xiberoots

    Mauleko reggae taldea. Euskal Herrian dugun onenetakoa. Zuberoeraz kantatzen dituzten kantak ederrak baino ederragoak dira. Bigarren lana plazaratu dute uztailarekin, eta anitzagoa da lehenbizikoa baino. Osoagoa ere beharbada “Honki jina”. Sarean oraindik ez duzu topatuko. Xiberoko Botza irratian egindako elkarrizketa eder hau baliatu dezakezu, bestela Mauleko Zinka ostatura fite fite joan eta eskuratu. Noizbait sarraraziko dute sareetan ere. Joanes Etxebarriak ere ele ederrak argitaratu zituen Ipar Euskal Herriko Hitzan.

  • ikusi eta ikasi,  musika

    ITOIZ zuri beltzean, baina XXI. mendean

    BiBA ZUEK!
    Txantxangorria izango da txikitan ikasi nuen kantuetatik gogokoen dudanetako bat.
    Ikastolan asko entzuten genuen Itoiz. Eta ia uda guztietan Muxikako San Roman auzoan ikusten genuen zuzenean… eta beste hainbat kontzertu be gogoratzen ditut.
    Orain bertsioak entzutean asko hunkitzen naiz.

    Joseba Baleztena Lenoir BANG taldearekin ari da emanaldiak ematen, eta Jon Iraundegi argazkilariak grabatutako kontzertu honetan eskenatokian lagun itzelak batu ditu, zer eta ITOIZ taldearen bi kantu egiteko. Petti lehenbizi, Mikel Larretxea eta Anari gero.

    Kantu bereziak eta atseginak dira.

    Udako kantu moduan

    TikTara taldeari entzun diogu beste hau, eta udako kantu atsegin bilakatu zitekeen, gehiago entzun izan balitz. Kantu onekin bertsio ederrak egin daitezke. Eta ITOIZ taldeak jarraitzen du XXI. mendeko musikazaleen talde kuttun izaten. Eta pozten naiz.

  • larrabetzutik,  musika

    Anari gaztetxean

    Azaroa ekitaldiz gainezka gurean. Antzerkia, hitzaldiak, musika, irteerak.. denetarik dago egunotan herrian. Poztekoa da gainera, maila handiko gauzak ditugula, oso modu apalean. Eta gauez, Anari izango da Hori Bai gaztetxean. Etorri izan da gehiagotan be, eta gustuko dugu gure hormetako soinuari erreparatu, eta ahots hori entzutea.

    Mikel Laboari ikasitako kantuak entzuteko gogoz, ea gurean horren aurrerapena ere jotzen duen. Diskoa bere osotasunean, binilozko bertsioan, eskuetan izateko gogoarekin… kantu hauekin gozatuko dugulakoan.