• larrabetzutik

    Txorierri asmakuntza barria dala eta…

    Heldu da Aikorrefur gure atarira. Asteon be, lurrean topatu dot, beste propaganda orri batzuekaz batera. Azalari erreparatu eta Sabin Arana bertan, eta aitortu behar dot nahiko aranista naizela…. holangoetan.
    Sabin Arana. Aikor aldizkaria
    Eta irakurtzeari ekin diot. Ez zait gatxa egin azaletik mamira joatea, tartean galtzua kenduta…tartean diñot.. askotxo dalakoan.
    Eta Sabin Arana historiazalearen kontuak irakurri ditut. Onartu behar dut, elkarrizketa egin dionak oso galdera obioak, oso azalekoak egin dizkiola Sabineri, tartean Sabineri buruz gitxi -gitxiegi- jakingo zuelakoan. Eskerrak Sabin jakituriaz gainezka dagoen tipo jantzia dela, eta mami ugari eskaini diola. Mami hori bereizten, kazetariak hartuko zuen lanik handiena… galdera zabalak egin ezkero, erantzunak be gero halangoak izaten direlako… luzeak, zehaztasun bakoak… eta noranahikoak.
    Kontua da, gauza interesgarri asko botatzen dituela Sabin Aranak gure herriari eta herriaren historiari buruz. Batzuk berari entzun eta irakurritakoak, eta beste batzuk interesa pizten dutenak.
    Elkarrizketa sarean dago: Aikor.com
    Gure herriaren historiari buruz zertzelada batzuk ematen dituen arren, burdinola, errota eta herriaren garapenari buruzkoak zaizkit interesanteenak.

    Larrabetzuren garapena:

    Garapen hori burdinolen eskutik etorri zan. XV. mendean lau burdinola egozan berton, eta hori oso datu bitxia da, Larrabetzu oso herri txikia dala kontuan hartzen badogu. Burdinoletatik horreen jaubeek ez eze herritar askok be ateraten eben bizimodua. Baserritik ozta-ozta ateraten zan jateko, eta herritarrek bertoko basoetan bildutako egurraz egindako ikatza saltzen eutseen burdinoletako jaubeei. Kintal bat burdin egiteko, lau ikatz zama ziran beharrezkoak… beraz, atera kontuak! Beste alde batetik, Larrabetzukoa burdinolaren jaubea zan Euskal Herriko uri bakarra zan, beste guztietan errotak baziran be.

    Baina bitxiena gero dator, titularretara eramateko modukoa dena eskualde aldizkari baten. Zer eta eskualdearen beraren izaera jartzen duelako ezbaian Sabin Aranak.

    Inoz Txorierriren ganeko ikerketa egitea pentsau dozu?
    Beno, nik batez be Larrabetzuren ganeko datuak arakatzen dodaz, baina, ez garanez bakarrik bizi, ikerketa horretan Txorierriko datuak be topau dodaz: Lezamako jentearen ganekoak, Zugazti eta Zamudio leinuek bat egin ebenekoak… Baina nik uste dot Txorierri XX. mendean asmautako izena dala. Ez dot atxinako dokumentuetan ezer topau. Ganera, Asua bailara Lezaman hasten da, han Asua ibaia dagoalako. Eta Larrabetzuko errekek, barriz, Ibaizabal ibaira joten dabe. Larrabetzu Ibaizabal bailarakoa da eta guk Arratiarako joerea euki dogu beti. Hori guk berba egiten dogun euskeran beran be bada nabaria… Baina Txorierriko Mankomunidadea sortu zanean, Larrabetzuk han sartzea erabagi eban.

    Beharbada, bereziak zariela horregaitik esango dabe gainontzeko txorierritarrek…
    Bai, ezbardinak gara, orain dala gitxi arte harreman txikia izan dogulako Txorierriko gainontzeko herriakaz. Ganera, Bilborako trenbidea bakarrik Lezamaraino ipinteak be egoera hori areagotu egin dau.

    Kazetariak berezi izate hori esaten dioenan, tenplea mantentzen du elkarrizketatuak, gutxiezteko baieztapena den arren, beste inoren ahotan jarri baina…. bota. Tira, badaukate txorierritarrek, gure egoera ulertzen hasteko beste arrazoi bat gehiago. Larrabetzun ez dago Asua errekarik, gure errekak Ibaizabalera egiten deu. Urak nora, ahuntzak basora! Eta akarrak gurean gagoz gustura….

  • hurrengo geltokia

    gonbidapen #irekia

    Ez naiz ni, zurekin ahaztu dena
    beste norbait izango zen hura

    Harrituta somatu nuen lagun baten emaila atzo, irratia.com ez zelako agertzen #irekia delako ekitaldi horren gonbidatuen zerrenda zabalduan. Ikatz kopia gorderik (BCC) gabe egindako emailketa batean.

    Ez zuten irratia.com gonbidatu Ajuria Eneara, nahiz eta blogari pintxozale asko gonbidatuak izan. Eta ez ninduen harritu. irratia.com ez baitute gauza askotara gonbidatzen, ohituak gaude, aspaldian. Gurea, ez da erreferentzia euskal kulturgile gehienentzat ere; beraz, PSOEko trepa berrien kezka izateko moduan.
    Blogariak joan dira, eta idatzi dute, eta gutxik jarri du zalantzan Gasteizko status quo berri hau; irekiaz mintzo den gobernu berri bat, hauteskundeetan ateak batzuei itxi ostean. Hortik abiatzen da irekitasuna, gero gerokoak. Pertsona guztien eskubide sozial eta politikoak bermatzen ez dituen gobernu bat, munduko software libreena erabilita ere, munduko blog eta creative commons guztiak baliatuta, ezingo da inoiz irekia izan…

    euskal kultura irekia
    Ajuria Eneara gonbidatzen ez gaituzten moduan, ez gara inor ARGIA astekariarentzat adibidez, Sareko ARGIA sariak banatzen dituenean. Ez gara inor sarean, nahiz eta astero astero sareari buruz ari garen, argi eta garbi. Sareko ARGIA merezi izan genuen duela ia 10 urte, baina geroztik ez dugu han izateko paradarik izan. Baina ez gara horregatik kexatzen. Ulertzen dugu. Gurea beste zeozer da. Subentziorik gabe egiten dugu saioa, militantzia eta sarea zaletasuna uztartzen saiatzen gara. Euskaraz egiten dugu, munduko txoko askotan entzuten den irrati emankizuna. Agian, nabarmen geratuko lirateke asko eta asko… diru asko gastatu arren, erredakzio, bulego, funtzionari, lege eta enparauekin… egiten dutena…. nabarmen geratzen delako.

    (Argiako hau, adibide bat besterik ez da, urtarrilekoa, esaterako)

    Baina gu ez gaitu horrek kezkatzen. Gure lanean dihardugu, batzuetan apal, bestetan harro. Astero podcast bat egiten saiatzen gara, sareko edukiak, kultura digitala…
    Gu kultura irekiaren alde gaude, parteharzea sustatzen dugu gure eginkizunetan, software libre eta irekiaz mintzo gara, erabilita. Aurrera goaz, nondik gatozen ahaztu barik. Jendea gonbidatzen dugu, hitz egiteko, musika jartzeko, iritzia emateko, gauzak salatzeko… eta jarraitzen dugu gurean. Eta lasai gaude. Kontent gaude. Pozik gaude. Sarean gero eta gehiago isladatzen delako egin nahi dugun hau. Egiten ari garen hau. Eta gurea, euskal kultura irekiaren zati dela uste dugu. Eta aldaketa garaiak datozela, eta kurea, txungoa, hipokrita… berez eroriko direla. Apurka apurka. Eta gauzak aldatzen joango direla, aldatuko ditugula.

    Herri eta auzo irekiak
    Berdin ez gara molestatzen ere, zure etxeko atari edo portalean doan -eroski edo carrefourreko propaganda bezala- uzten duten euskarazko aldizkari horretako ekitaldietarako deitzen ez zaituztenean. Ez zara vip. Ez duzu izan nahi gainera. Eta berdin dizu. Izan ere, batzuk gonbidatu eta besteak alboan uzten dituen ekitaldi bat, ezin daiteke izan hizkuntza baten aldeko ekitaldia. Hizkuntza denok bagara, denok behar dugu gonbidatuta egon. Ateak zabalik. Banaketak, ezberdintasunak… jarrera itxia adierazten du.
    Vip izan nahi duen hizkuntza hori ez dut neure egiten. Baserritarren hizkuntza, salerosketetako berbeta, dendarako jario, tabernan eskatzeko, eskolan ikasteko, autobusean joateko gura dot nik euskeria. Ez dot ulertzen, zelan euskarazko aldizkari batek, herritarra behar lukeenak… gonbidatzen dituen batzuk, eta besteak ez. Zergatik aita bai, eta semea ez. Zergatik irakaslea , eta ez ikaslea. Zergatik esataria bai, eta buzodun langilea ez. Nor da pedigree hori banatzen duena?
    Famatuen homologazio bat behar dute antza gure ekitaldiek. Ez garena erakutsi gura dugu… baina dirua eskatu behar denean, pobreari eskatzen zaio, mundu guztiari. Ez dut ulertzen, ezin dot ulertu. Eta ulertuko banu ere, ez nuke onartuko.