• musika

    Iron & Maider

    Xiberuako tradizioa metal ukituekin. Zinez gustagarria. Iaz EHZ festibalean ezagutu genituen, eta Kanaldude Baxe Nafarroakoa herri telebistan topatu dugu bideo hau. Xiberuako dantzak, hango jantziak, heavy metal musikarekin, rockarekilan uztartzen dute. Maisu dira langintza horretan.

    Ezagutu gura badituzue: hemen Iron eta Maider.

  • literatura,  musika

    Itoiz zenbat urte

    Egunotan Itoiz dabil inguruan. Atzo artikulu polita idatzi zuen Anartzek GARA egunkarian Itoizen lehenengo diskoaren inguruan, 30 urte joan dira Donibane Lohitzuneko estudioan grabatzera sartu zirenetik.
    itoiz
    Asteon bukatu dut Zulo bat uretan nobela be, Itoizko urtegiak urez estali behar dituen herrietan kokatzen den liburu irakurgarria. Zenbait egunez, erabat harrapatuta izan nauen Inigo Aranbarriren lana.
    Itoizen doinuak, Artozkin emandako egunak… danak datozkit burura, tupustean…

    artozki
    Entzun eta irakurri, kultura. Garena eta izan garena, gogoratzen duguna eta gogoan duguna. Historiaren zabortegia. Oroimena.

  • info 7,  musika,  teknologia berriak

    kerobia

    info7 irratia
    Info7 irratiko Talaiatik tartean Kerobiaren doinuak entzun ditugu. Libre banatzeko kantuak dira, beraien Materia organikoa eta gainerakoak azken diskokoak. Egia esan, aspaldi honetan oso Kerobiazalea bilakatu naiz. Lehen ere gustuko nituen, baina gutxiago entzungo nituen ziurrenik. Jarrera argia erakutsi dute, harremana euki dugu azken asteotan, eta asko gustatzen ari zaizkit.

    I like it. laket ditut. Gustuko ditut, laket zaizkit. Eta horrela nabarmendu dut Info7ko irrati kolaborazioan.

    Entzun gura baduzue:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/05/20080513_939.mp3]
    kerobia.com

    Azken laneko bideoklipa ere ederra egin du Lohitzune errealizadoreak. Ez da ohikoa horrelako lanik ikustea gure musikarien artean. Zinematik badu, argiztapena itzela, gidoia oso ona eta musikariak instrumentu barik agertzen dira. Biba zuek! Youtube garaian, bideo txar asko ikustera behartuak gaude, txispa dutelako, mezua garrantzitsua delako, edo auskalo zergatik, oraingo hau, ikusteko modukoa dela iruditzen zait.

    Hilabete bakarrean 3.500 bisita baino gehiago izan ditu lanak, ez da broma! Eta lana zelan grabatu zuten ikusteko, making off berezia paratu dute beraien kanalean, minutu bateko lana.

    A ze jendetza behar den, horrelako lan baten egiteko.

    120 ordu libre


    irratia.com Tira, kontua da irratia.com emankizunean ere, elkarrizketa egin genuela beraiekin, musikaz, diskoaz, bideoaz.. gauza askotaz mintzatu ginen. Aurretik Ruper Ordorika elkarrizketatu genuen -Zugarramurdin zen mugalaria- eta Kerobiarrak, Iruñeatik irratia.com entzun zuenez, Ruperrek errandakoak aipatu zituen, interakzioa.
    Horrenbeste gustatuta, orain kontzertua ere antolatu dugu Kerobiarekin. Datorren ekainaren 12an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta eskenatokia partekatuko dute Donostiako Lauroba talderarekin. Guk entzuleak batu gura ditugu ostegun horretan, ikasturteaz mintzatu, gaiak proposatzeko aukera eskaini, kritikak jaso, eta proiektu berrien barri eman, ahal bada. Aste horretan bertan, gauzak ondo doazela, 120. saioa eginda izango dugu Bilbo Hiria irratian. 120 ordu musika eta eduki libreak sortzen eta entzuten.
    Beraz, badakizue; gonbidatuta zaudete. #e12

  • musika

    josetxo anitua joan zaigu

    josetxo anituaBilbo ilunago esnatu da gaur. musikazale, rockero, antzokiko lagunak, loreak mendian dendako erosleak, disko jartzailearen doinuetara dantzan egindako horrenbeste belaunaldi… triste gaude.

    josetxo anituak agur esan digu.

    musikari handi bat galdu dugu. musikazale petoa joan da. ez adiorik josetxo.

    Bitartean, cancer moon taldearen kantuak entzun, athom rumbarekin grabatutako disko hori berriro jarri eta kafe antzokian dantzan egin beharko dugu, gora begira… diskoen kabinara. hutsunea binilozko diskoen zulo handi bat izango da.

    ARGIA aldizkarian elkarrizketa polita egin zion behinola fermin etxegoien kazetari eta lagunak.

  • info 7,  larrabetzutik,  musika,  pasahitza

    gora gtg eta beste asko

    info7 irratiaBadira zenbait egun, Gu ta gutarrak taldea gurean egon zela. Gaztetxean. Jende mordoa ikusten. Gozatzen. Bertsolaritzaren bide berrietan Unai Elortza eta Igor Iturriagak zeresan asko daukate, zer kantatu gehiago. Disko polita plazaratu zuten iaz, eta urte borobila egin dute eskenatokietatik zehar. Urte hauetan -Korrika kulturaleko proiektu izan ziren, besteak beste- gaztetxe oso gutxitan egon direla aitortuta, pasadan barikuko saioa berezia izango zen beraientzat ere. Bertso plaza bihurtuta genuen aspaldian gaztetxea, baina Gu ta gutarrak bezalakoak ikusteko be, aproposa.

    gtg lararbetzuko gaztetxeanSaioko argazkiak, grabazioak, bideoak sarean daude. gtg blogean bezala, larrabetzu.org gunean ere. Aukera asko eskaintzen dizkigu kulturzaleoi Internetek. Bideoak, audioak, argazkiak, testuak… oso modu errezean jarri ditzakegu sarean, eta herritarrekin, zaletuekin konpartituz. Eta iritziak emon, loturak trukatu, harremana sendotu. Eta gozatu. Saioaz beste behin gozatu. Bapatekoa dena, iraunkortuz. Bertsoak landu, zaletasuna zabaldu.

    Niri gtg fenomenoak ematen dit zer pentsatua. Eta iragan martitzenean, halan egin nuen Info7 irratirako asteroko tartean.
    gtg info7 irratian:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/04/20080415_763.mp3]

  • agit/prop,  musika

    Sorkun abeslariaren kantu berriak zentsuratuta

    adierazpen askatasuna!Ematen du ezetz, baina zentsurak oraindik gurean dirau. Gaztea deitzen diote, baina kontserbadore jokatzen du. Musikari buruzko irrati monografikotzat du bere burua, baina gazteenak anestesiatzeko moduko teknikak baliatzen ditu Ibarretxeren gobernuaren morrontzapean den irrati publikoak.

    Musikoak maiz kexu ageri dira, baina gero single guztiak, zoroan pare igortzen dizkiete. Kalitaterik ez du, musikaz gutxien dakitenak geratu dira irratian, eta esatari onenak bota dituzte -sarritan protestatzeagatik-, baina tira, beste bat. Beste zentsura kasu bat.

    Sorkun Estatu Batuetan izan da, Vicepresidentes taldearekin diskoa grabatzen. Pozik itzuli dira handik, eta aurki lan berria plazaratuko dute. Orain single bat entzutea gura dute, eta irratietara ere bidalia dute.

    Berrian elkarrizketa irakurri eta zabaldu.com bitartez haizeratu da albistea. Euskadi Gazteak ez du Sorkunen singlea onartu.

    sorkun & vicepresidentesUste dut, inoiz baino gehiago entzun beharko litzatekela Goiz zen kantu hau. mp3 hori zabaltzea dagokigu. Jendeari erakustea. Nik neuk, bideoa ikusi dut myspace.tv delako horretan, txukuna da, oso iparamerikarra, kotxeak, gasolina geltokiak, basamortua eta rockanrolla. Kashbad ikutua somatu diot kantuari. Rockanrolletik gertuago dago, Oreretako abeslariaren azken bi diskoetatik baino. Eta gustatu egin zait. Eta entzuten jarraituko dut.

    Sorkun & Vicepresidentes - Goiz Zen


    Añadir a mi perfil | Más Videos
    Adierazpen askatasunaren alde, irrati libreak. Gaztea hipokrita!#Eguneraketak 

    Sarean oihartzuna izaten hasi da kontua. Bideoa zabaltzen, post ezberdinak blogetan, eztabaia hariak, Sustatun ere agertu da idatzitako gogoetatxo bat.
    Egazteak ere, jarrera aldatu du zelanbait, bideoa jarri dute eta beraien gunean.
    Badakite jakin, Internet sareak, sekulako haize erauntsia sortu dezakela Sorkunen kantu honen aitzakian.

  • literatura,  musika

    Azokak EZtaBAIda piztu du Durangon, ez da gitxi

    Sarritan mintzatu gara horretaz. Lagunartean, idazleekin, musikariekin, kolektibo ezberdinetako jendearekin. Orain eztabaidak funtsa hartu du, eztabaidatzeko marko bat –posta zerrenda bat hasieran- sortu da.

    Ez da gutxi. Eztabaida beharrezkoa da. Kulturaren merkantilizazioa nabarmena da. Azokaren kolore bakarrerako joera honek -ia dena da ELKAR– kezka ere sortu du askorengan. Euskara eta beste hizkuntzen arteko aferak bere buruhausteak ematen ditu.

    Liburuak diskoak eta zenbat gauza gehiagoren azoka da Durangokoa? Urtero ari gara horretaz, baina titularretan zer den salduena baino ez dugu irakurtzen ahal.

    Ondo etorria izan bedi eztabaida, eman izena posta zerrendan, eta jarraitu dezagun berbetan, erosi ditugun bideo, disko, jostailu, kantu, liburu, komiki eta aldizkariak irakurri entzun ikusi eta pratikan jartzen ditugun bitartean.

    herrikultura.org Eztabaida interesgarri bat.

  • agit/prop,  teknologia berriak

    irratia.com eta musika albisteak

    Irrati emankizun berezia egin behar dugu gaur. Bilbo Hiria irratian egiten dugun 95. saioa izango da eta gaurkoan gonbidatu bereziak izango ditugu.

    irratia.com

    Batetik gurekin izango dira deabruak teilatuetan 1973 diskoa aurkezten. Elkarrizketa egingo diegu beraien disko berria, eta aspaldiko etenari buruz berba egiteko.

    Baina gurean -estudioan esan nahi dut- egongo direnak Gernikako Audience izango dira, kitarra akustikoekin emanaldi bat eskaintzeko irratia.com entzuten duten guztiei.

    Beraz lagunok, prestatu zuen mp3 entzungailuak, sintonizatu zuen irrati zaharra FMko 96.0an edota Internet bidez entzun ezazue emankizun berri hau.

    Hurrengo asteak ere, gogo bereziarekin prestatzen ari gara… eta benetako ezustekoak aurkezteko dena prest daukagu.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  musika

    Fermin Muguruzarekin berbetan

    Fermin Muguruza * irratia.com

    Fermin Muguruzak duela hilabete aurkeztu zuen Euskal Herria Jamaika clash diskoa. Donostian aurkeztu zuen jendaurrean, prentsa ere bertan zela. Gero Bartzelonan egin zuen astebeteko beste aurkezpen bat, elkarrizketak, harremanak… denetarik. Madrilen aurkezten, elkarrizketak egiten -tartean El Pais, TVE 2 Miradas, El Mundo…- ari zenean jaso zuen bere aitaren osasun egoera txarraren berri. Irunera itzuli, eta aitaren aldamenean eman zituen Fermin Muguruzak haren azken uneak.

    Parisera eta Berlinera joan behar zuen, baina lehenbizi gurekin egon da, irratia.com emankizunean lagun izan dugu. Eta elkarrizketa luze eta sakona, ordubetez, egiteko aukera baliatu dugu. Musika, Euskal Herria, Jamaika, Nazioarteko egoera, politika, kultura… zer ez dugu aipatu elkarrizketa horretan! Beti bezain zorrotz, gogoetak behin eta berriro eginez, balorazioak, azken hamarkada hauen errepasoa… diskoa atera eta hilabetera eman dizkigu bere iritzi hoiek Muguruzak. Elkarrizketa sakona da, eta une batzuetan sentimendu guztiak jarri zituen Ferminek mikrofonoaren aitzinean.

    Hamaika lotura, erreferentziak -musikalak zein artistikoak, munduko tokiak zein borrokak- aipatu dizkigu… Hitzjario izugarria dauka Irungoak, eta tartean gauza oso interesgarriak bota dizkigu, abesti tarteetan. Adi entzuteko moduko elkarrizketa, zinez.
    Fermin Muguruza * irratia.com

    Elkarrizketa gustura entzun dut beste hamaika aldiz ere. Sakontasunetik musika bezala beste hamaika bizipen eta kontakizun dauzka kontatzeko gure musikari nazioartekoenak… Entzuteko jartzen dut blogean ere. Hartu denbora, eta egin komentarioak. Blogetako jarraitzaile sutsua dela aitortu digulako Ferminek berak ere.

    Entzun gura baduzue:

    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom060606.mp3]

    muguruza | irratia.com

    Blog berri honetara audio artxiboak ekartzeko asmoa daukat, balizko podcast saio baten aurrekari gisa. WordPress-ek audio plugin mordo bat dauzka, eta zenbait frogatzen ari naiz gainera.