-
Ardiak, artzainak, musika, Bilbon
Spot bat egiten pasa genuen zapatu goiza. Bideo kamara, tripodeak, atrezzo apur bat. Ardi, ahuntz eta astoak landa batetik bestera eroan, lokalizazio egokia aurkitu eta han ibili ginen, grabatzen. Jolasten. Saiakera egiten.
Ekaitzek (split 77, Bilbo Hiria) kamara ia profesional bat eskuratu du. Eta guk irratia.com emankizunerako zeozer berezia egin gura genuen. Ideia aspalditik geneukan bueltaka. Egia esan Keith Johnsonen artikuluak zer pentsatua eman digu. Baina umorez erantzun gura izan diogu. Zirikatu.
Landa lana eginak, berriro baserrira joan ginen. Sutondoko epelean, pernila eta txorizoa jan, intxaur batzuk, ardao apur bat, eta berriz hirira.
Astelehenean ordenadore bat prestatu zuen Jabik (sarean.com, irratia.com) horretarako beren beregi, Premiere instalatu, eta Ekaitz lanean hasi zen.
Jimmy Arrabiten doinua ezagun egiten ari gara, apurka apurka. Gure sintonia da, Basque Electronic Diasporako diskotik dakargu, eta oso maite dugu.
Spot ttiki bat egin dugu, sarean zabaltzen ari dena. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu Haritzi (euskalTube, GARA), Gorkari (teketen, elurnet), eta sarean gurekin batera auzolanean ari diren guztioi (txioka sarea, irrati libreak, Info7, Bilboko kafe antzokikoak).
Bilbo Hiria irratian, giro izugarri ona daukagu. Mieltxoren gidaritzapean, teknikari eta esatari gustura ari gara. Orain 100. saioa ospatzea baina ez dugu falta. Eta hori asteazkenean, ez ahaztu.Bideoa ikusi gura baduzu. euskalTube>irratia.com kanala
-
zutun!k oraindik be
Aspalditxo diseinatu nuen kamiseta da hau. Zutun!k lema plazaratu genuen Larrabetzuko gaztetxetik. Eta hemen eta han ikusi da.
Zutun!k kanpaina horretara bertsolariak ere gonbidatu genituen, gaztetxearen alde kantatzera, tartean Amuriza eta Iturriaga. Kamiseta bana oparitu genien. Unaiek behin baino gehiagotan erakusten du gutagutarrak blogean.
Eta norbera horrelakoetan poztu egiten da. Argazki baltz hau ere polita da, Asier Arroita diseinugileak ataratakoa. Gutagutarrak blogetik ekarri dut.
-
Berri Txarrak Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean
Martxoak 2, barikua. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxea.
Gaztetuta dago Andra Mari kalea. Jendez lepo gure herria. Autoetan ez da asko nabari, baina oinezkoak nagusi kalean. Gazteleku tabernan ohikoak baino bokata gehiago egin dituzte gaurkoan, plazako jesarlekuetan ere gazteak daude. Instituto adina dute. Euskara eta gaztelania barra barra entzuten da gaur.
Gaztetxea betetzen ari da. Gaurko kontzertuko sarrerak duela egun batzuk bukatu arren, jendea etorri etorri egin da. Bete da gaztetxea. Eta laister abiatu da kontzertua. Hirukotea taula gainean. Gazteak haiei begira. Bat, bi eta hiru. Hasi da dena.
Berri Txarrak | Albiste onak
Notizia dira. Europa eta Asiara doaz, Euskal Herritik. Asteburuko kontzertuen ostean munduak ezagutu behar ditu. Taiwan, Japon, Alemania, Irlanda… bi hilabete furgonetan, bi hilabetez eskenatokietatik, aretoz areto. Bi hilabete euskaraz abestu, eta gure musika jotzen. Hemengoa han. Hemen bezala edonon. Albiste onak, duda barik.
Bira horren aitzakiarekin, elkarrizketa pare bat egin dizkiet…. eta apaltasuna eta maila nabari da. Erantzunak jarrera dira. Argi dago, argiak dira… eta argi daukate bidea.