-
gonbidapen #irekia
Ez naiz ni, zurekin ahaztu dena
beste norbait izango zen huraHarrituta somatu nuen lagun baten emaila atzo, irratia.com ez zelako agertzen #irekia delako ekitaldi horren gonbidatuen zerrenda zabalduan. Ikatz kopia gorderik (BCC) gabe egindako emailketa batean.
Ez zuten irratia.com gonbidatu Ajuria Eneara, nahiz eta blogari pintxozale asko gonbidatuak izan. Eta ez ninduen harritu. irratia.com ez baitute gauza askotara gonbidatzen, ohituak gaude, aspaldian. Gurea, ez da erreferentzia euskal kulturgile gehienentzat ere; beraz, PSOEko trepa berrien kezka izateko moduan.
Blogariak joan dira, eta idatzi dute, eta gutxik jarri du zalantzan Gasteizko status quo berri hau; irekiaz mintzo den gobernu berri bat, hauteskundeetan ateak batzuei itxi ostean. Hortik abiatzen da irekitasuna, gero gerokoak. Pertsona guztien eskubide sozial eta politikoak bermatzen ez dituen gobernu bat, munduko software libreena erabilita ere, munduko blog eta creative commons guztiak baliatuta, ezingo da inoiz irekia izan…euskal kultura irekia
Ajuria Eneara gonbidatzen ez gaituzten moduan, ez gara inor ARGIA astekariarentzat adibidez, Sareko ARGIA sariak banatzen dituenean. Ez gara inor sarean, nahiz eta astero astero sareari buruz ari garen, argi eta garbi. Sareko ARGIA merezi izan genuen duela ia 10 urte, baina geroztik ez dugu han izateko paradarik izan. Baina ez gara horregatik kexatzen. Ulertzen dugu. Gurea beste zeozer da. Subentziorik gabe egiten dugu saioa, militantzia eta sarea zaletasuna uztartzen saiatzen gara. Euskaraz egiten dugu, munduko txoko askotan entzuten den irrati emankizuna. Agian, nabarmen geratuko lirateke asko eta asko… diru asko gastatu arren, erredakzio, bulego, funtzionari, lege eta enparauekin… egiten dutena…. nabarmen geratzen delako.(Argiako hau, adibide bat besterik ez da, urtarrilekoa, esaterako)
Baina gu ez gaitu horrek kezkatzen. Gure lanean dihardugu, batzuetan apal, bestetan harro. Astero podcast bat egiten saiatzen gara, sareko edukiak, kultura digitala…
Gu kultura irekiaren alde gaude, parteharzea sustatzen dugu gure eginkizunetan, software libre eta irekiaz mintzo gara, erabilita. Aurrera goaz, nondik gatozen ahaztu barik. Jendea gonbidatzen dugu, hitz egiteko, musika jartzeko, iritzia emateko, gauzak salatzeko… eta jarraitzen dugu gurean. Eta lasai gaude. Kontent gaude. Pozik gaude. Sarean gero eta gehiago isladatzen delako egin nahi dugun hau. Egiten ari garen hau. Eta gurea, euskal kultura irekiaren zati dela uste dugu. Eta aldaketa garaiak datozela, eta kurea, txungoa, hipokrita… berez eroriko direla. Apurka apurka. Eta gauzak aldatzen joango direla, aldatuko ditugula.Herri eta auzo irekiak
Berdin ez gara molestatzen ere, zure etxeko atari edo portalean doan -eroski edo carrefourreko propaganda bezala- uzten duten euskarazko aldizkari horretako ekitaldietarako deitzen ez zaituztenean. Ez zara vip. Ez duzu izan nahi gainera. Eta berdin dizu. Izan ere, batzuk gonbidatu eta besteak alboan uzten dituen ekitaldi bat, ezin daiteke izan hizkuntza baten aldeko ekitaldia. Hizkuntza denok bagara, denok behar dugu gonbidatuta egon. Ateak zabalik. Banaketak, ezberdintasunak… jarrera itxia adierazten du.
Vip izan nahi duen hizkuntza hori ez dut neure egiten. Baserritarren hizkuntza, salerosketetako berbeta, dendarako jario, tabernan eskatzeko, eskolan ikasteko, autobusean joateko gura dot nik euskeria. Ez dot ulertzen, zelan euskarazko aldizkari batek, herritarra behar lukeenak… gonbidatzen dituen batzuk, eta besteak ez. Zergatik aita bai, eta semea ez. Zergatik irakaslea , eta ez ikaslea. Zergatik esataria bai, eta buzodun langilea ez. Nor da pedigree hori banatzen duena?
Famatuen homologazio bat behar dute antza gure ekitaldiek. Ez garena erakutsi gura dugu… baina dirua eskatu behar denean, pobreari eskatzen zaio, mundu guztiari. Ez dut ulertzen, ezin dot ulertu. Eta ulertuko banu ere, ez nuke onartuko. -
Liburuen poliziaz
Irati Jimenez | Berria
Liburuaz ari ginen. Liburuaren lekuaz. Ergelkeriak pentsatzen hasi naiz, as usual. Liburuak politak direla pentsatu dut, baina leku gehiegi hartzen dutela (apalategietan) eta deserosoak direla etxez aldatzeko (aurten bitan egin dut, amesgaiztoa). Liburuak maite ditut, baina nireak direnean ere ezin ditut erre jendeak gaizki begiratu gabe. Halako txotxoleriak pentsatzen nengoenean irakurri dut Victor Manuel kantariak esandakoa. «Guardia Zibilean baino ez dut sinesten», dio, musikarekin bukatzear omen dauden webgune ustez ilegalen itxiera eskatuz.
Emadazue tiro. Euskarri elektronikoa hementxe daukagunean eta jendea jo eta su dabilenean liburuak doan eskuratzen Interneten, liburu bategatik ematen didatena defenditzearren polizia etor dadila eskatzen badut, emadazue tiro.
Hara, nire ustez musikarekin miraria pasa da. Sistema horizontalagoa daukagu, abestiak doan, diskografia osoak eskura. Musikoak ezin dira kantua latan sartzetik bizi, egia. Musika zuzenean egin behar dute, antzina bezala, eta, horri esker, iaz hiru aldiz ikusi nuen Springsteen, etxetik kilometro gutxira. Diskografiken gainbehera? Baliteke. Kontzertuak antolatzen dituztenen mesedetan. Industria aldatu, moldatu edo hil egiten da. Berdin musikarena, zein liburuena, zein ontziolena. Gizakiak beti nahiko ditu ozeanoak zeharkatu eta beti nahiko ditu ipuinak entzun. Idazleoi sistema aldatuko zaigula? Hala dirudi. Beharbada poemak zuzenean irakurtzen hasi beharko dugu, herriz herri, pintxoak eman eta sarrera kobratuz. Beharbada, egunen baten, dena horizontal, dena doan, dena Sarean jarriko duen balizko etorkizunean, inor ezingo da kultura sortzetik bizi, inork ezingo duelako kultura kobratu.
Beharbada ez da hain etorkizun distopikoa. Jendea Interneten nire liburuak elkar trukatzen eta bilatzen, nire lanen gosez? Utopia da! Beharbada utopia horretan kulturaren profesionalak desagertu dira edozein erabiltzaile sortzaile delako, irakurle eta blogari, iritzi emale eta biltzaile. Eta?
Gutenbergen asmakizunak liburua fraideen eta artisauen eskuetatik askatu zuen duela mende batzuk, eta gizartearen esku zikinagoetara bota. Beste iraultza batek liburua liburutik askatuko du, beharbada. Eta pantailaren begira bota. Ipuinak iraunbiziko duela, horixe baino ez dakit. Eta kulturaren izenean Guardia Zibilari deitzen diotenen lanak ez ditudala Sarean bilatuko. Ezta doan ere.
pott datak: Artikulua irakurri eta blogean zabaltzea otu, dana bat. Berriatik sarera, pentsatuaz egilea bat datorrela edukiak holan barra barra zabaltzearekin. Edukia interesgarria da. Inor konforme ez balego esan beza… ez diogu eta jaramon askorik egingo. Distopia, ze ona!
Idazle bat liburuen poliziaz zabaldu gura baduzue.
-
Gaur bi hitz: #letrARTean Andoainen
Letren herria dugu Andoain. Euskaldunon Egunkariaren itzala, Berriaren argia. Letrak ere saritu ohi dituzte Andoainen, Rikardo Arregiren omenez. Letrek, euskarazkoek berezik kultur parkea ere badute, Martin Ugalde zenaren izenean. Letren herri bilakatuko dugu gaur arrastian ere, LetrARTean ekimenarekin.
Finean; kultura eta artea, informazioa eta komunikazioa edota Internet eta teknologia berriak jorratuko ditugu alde zaharreko Itzala gunean. Berba egitera goaz, sortzera. Ondoan dagoena ezagutu, eta ondoan, alboan, gertu jarraitzeko asmoarekin. Sortzen jarraitzeko, egiten, erakusten, ikasten.Kultur esperimentu bat ere bada letrARTean, teknologiaren alde ez teknikoa jorratuz. Letrak. Edukia. Hizkuntza. Sorkuntza artistiko eta kulturala. Mezuari erreparatuko diogu, kanalari baino gehiago. Izan ere, kanalei begira gaude ohituegi aspaldion. Teknologiaren lilurak, edukiari garrantzia kentzen diola dirudi. Zer egin daitekeen pentsatzen pasatzen ditugu egunak pantaila aurrean, eta zer egiten dugun jakin beharra dago. Zertan ari garen, zer sortzen, zer ikasten…
Alde horretatik, letrARTean plataforma fisiko eta humanoa ere bilakatu dezakegu, beharbada. Gure gogoa eta indarraren arabera izango da. Eta letrak, gureak, bultzatzeko tresnen beharra aldarrikatu eta profitatu dezakegu. Elkartzen bagara, egiten badugu, pentsatu ezkero, hasi eta abiatu ondoren.
Horretara noa ni. Eta ikastera. Eta jende berria eta gazteagoa ezagutzera. Eta auzolanean, lan berriak eskaintzera auzokei, eta auzokoarenean murgiltzera azken finean.
Kultura, Informazioa eta Teknologia. Horra hor KIT eder bat. Euskaldunontzako tresna erabilgarri bat, dezakegun armarik potenteena gure esku. Teklak eta jarioa. Sorkuntza eta kodea. Hedatzeko eta ikasteko. Ezagutzeko eta zabaltzeko. KIT on bat gure zerbitzura. Balia dezagun.
gauez, letrak dantzan jartzeko asmoz
Arratsaldean bezala, gauez ere jarraituko dugu gure ekimenak. Ludikoago. Sorkuntzaren aldetik, erremixaren logikarekin. Komuneko paperean idatzitakoak irakurri eta entzun, argitaratutakoak eskuratu… eta gero Bi hitz: beats_bits. Teknologia, doinuak, hitzak, musika.. pantaila eta ingurua. Eta dantzarako grina, gogoa.. giroa. Ea asmatzen dugun. Horretan saiatuko gara, eta zuek ere jarraitu dezakezue, pantailan, twitter bidez, streamminga jarraituz… gura bazela. Hurbiletik bezala urrunetik.
dj kaikuren musika, 2tz hashtag berria eta #letrartean dantzan egiteko gogoa.
-
gora euskal piratak!
Eztabaida dabil egunotan, sarean eta politikan. ZPren gobernuak, presidenteak eta gobernukideek jakin barik… ekonomiaren aldeko lege berri batean, Interneteko webguneak ixteko proposamen bat zekarren. Hautsak harrotu dira, han eta hemen.
Euskaldunok badakigu zer den webgune bat porelmorro ixtea, baina musika deskargak direla kausa… ba ez dago hori onartzeko bat baino gehiago.
Hemendik bi gogoeta, gora euskal piratak! gora kultura librea eta adierazpen askatasuna.
Bi hitzetan: gora piratak! eta euskaldunak badira… ba zer egingo diogu! -
euskal pop gizarteaz
Josu Larrinaga musikazale moduan ezagutu nuen, soziologoa da, irakasle unibertsitatean, erdi familiakoa dudala ohartu nintzen gero eta batez be kontzertuetan egiten dut berarekin topo.
Proposatu zidan udako ikastaro batean zebilela burubelarri eta ea zeozertan laguntzerik neukanez.
Baietz, gaia jakin ostean. Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla? galderari erantzun asmo diogu, soziologiatik. Ikasiko dugu musika entzunez. Apunteak disko zaharren gainean hartuko ditugulakoan.Iruñeako eremu unibertsitariotik, Lekeitioko hondartzara hurbilduko gara. Euskal unibertsitateari eremu berri bat eskainiz.
Pop hitza pijotzat du ezjakin askok. Pop popularretik dator ordea, herrikoi, alegia. Horretaz jardungo gara, ia konturatu barik. Eguraldia eta musika lagun. Zozologian.euskalpop.mundua.com bloga sortu eta hor emango dugu ikastaroaren berri, orain eta gero. Ikastaroan zehar, pop musika hitzaldiak, emanaldiak, entzunaldiak eta podcast batzuk izango dira.
Inork bere musika ikastaroan zehar jarri eta komentatu nahi balu, arazorik ez, kontrakoa. Gustura asko. Pop atseginez. -
Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoaz
Kioskoan erosten dut goizetan. Irakurtzeko lain badaukat.
Mesanotxean liburuak ditut, apaletan gehiago.
Diskoak erosteari ez diot inoiz itxi, gero eta garestiagoak diren arren.
Antzerkizaleago naiz zinemazale baino. Lagunek badakite hori.
Kontzertuetara joatea atsegin dut oraindik, Antzokia ordu laurdenera daukat.Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoan pozik egon daitezke, gu bezalakoekin. Durangon dirutza uzten dugu, Elkar txartela izan genezake, Berriako harpidetza egin, Kutsidazu ikusi eta kultur etxera joan, gauean Mihiluze ikusten dugun bitartean. Ibarretxere bozka emateko ez genuke arazorik, badakizue erabakitzeko eskubidea.
Eztabaida edo mahainguru bat ukan dute aurrekoan Martin Ugalde izeneko parke jurasiko batean. Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoa. Bai?
Haur nafar baten gurasoak, Seaskako irakasle bat testuliburuetaz, laburmetraiak egiten dituen Leioako Arte Ederretako ikasle edo zinemagileren bat, Arabako rock talderen bateko norbait… ez keba. Elkar, EITB, Egunkaria-Berria, Eusko Jaurlaritza, Ernest Lluc… SS matrikuladun kulturgintzaz baino ez omen ziren aritu. E horrek euskaldun guztiona beharko lukeen arren, bestela dira gauzak. Han. Hemen.Jarrai dezagun berbetan. Eztabaidatzen. Mahainguruan, baina jaten. Kontsumitzen. Gero gerokoak. Han, eta hemen.
Loturak:
sustatu.com (Guggenheim defektua)| Berria.info (Kike Amunarrizen hitzaldia) | Martin Ugalde foroa (multimedia) -
Azokak EZtaBAIda piztu du Durangon, ez da gitxi
Sarritan mintzatu gara horretaz. Lagunartean, idazleekin, musikariekin, kolektibo ezberdinetako jendearekin. Orain eztabaidak funtsa hartu du, eztabaidatzeko marko bat –posta zerrenda bat hasieran- sortu da.
Ez da gutxi. Eztabaida beharrezkoa da. Kulturaren merkantilizazioa nabarmena da. Azokaren kolore bakarrerako joera honek -ia dena da ELKAR– kezka ere sortu du askorengan. Euskara eta beste hizkuntzen arteko aferak bere buruhausteak ematen ditu.
Liburuak diskoak eta zenbat gauza gehiagoren azoka da Durangokoa? Urtero ari gara horretaz, baina titularretan zer den salduena baino ez dugu irakurtzen ahal.
Ondo etorria izan bedi eztabaida, eman izena posta zerrendan, eta jarraitu dezagun berbetan, erosi ditugun bideo, disko, jostailu, kantu, liburu, komiki eta aldizkariak irakurri entzun ikusi eta pratikan jartzen ditugun bitartean.
herrikultura.org Eztabaida interesgarri bat.
-
Hasier Etxeberria: “Ederra litzateke zintzotasunaren araberako kategorizazioa egingo lukeen zerbait”
baga) Blogaria zergatik?
Neuk ere ez daukat argi. Esan dezagun atsegin dudala saltsa eta lagundu egiten didala sorkuntza lanetan. Orohar, gainera, maczalea naizenez, beti ukan dut tripetan ibiltzeko joera.biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?
Gogoak eman ahala idazten dut, astean hiru-lautan. Lagundu egiten dit errealitateari zehatzago behatzen. Bestalde, egiten dudan gehienaren bilduma izateko ere sortua da bloga, desordenatua bainaiz paperekin. Hortxe ditut neure artxiborik gehienak, saran, munduko edozein ordenadoretik neure eskura: artikuluak, gogoetak, iritziak, liburu osoak, proiektu hasi beriak… edonongo bazterretan ekin diezaioket lanari, hala erabaki ezkero.higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?
Izatekotan, Sustaturen inguruan eta, nire kasuan armiarmaren inguruan. Zelabaiteko zerbait bada, bai.laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?
Informatzeko bidea, batez ere. Errekreatzekoa ere bai, zenbaitetan.boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?
Dudarik gabe euskararen presentzia handiagoa. Ederra litzateke, halaber, zintzotasunaren araberako kategorizazioa egingo lukeen zerbait, kaka azken lekura botako lukeena eta urrea aurrera. Baina ni ez naiz inor, jauna.sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?
Posta elektronikoaren bidez bai. Lagun bat egin nuen, geroago neure lankide egin nuena. Duela bost urte edo.
Mexikon ere egin dut lagun bat blogaren bidez, DFko La Jornada egunkarian idaztea proposatu didana. Alonso Ruvalcaba du izenahttp://antrobiotics.blogspot.com/ eta erdi zoraturik dago. Idazle fina da. Elkar ikustekotan gara, han edo hemen.
Mikel Iturria ere blogak direla medio ezagutu dut.zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…
Ez dut arazorik liburu eder batekin arbolapean etzanda egon eta hura amaitu artean Internet ahazteko. Baita astebetez ere. Ez naiz dirudi dudan bezain lerdoa.
zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.
Doako gomendioak neure blogetan bakarrik ematen ditut. Beraz alua mundua euskaraz eta glotonia gaztelaniaz.bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.
Saltsero letrazale mokogozo zazpiki bat.arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.
Zer arraiotarako behar dira ordenadore eramangarriak bazter guztietan ordenadore tinkoak baldin badaude?tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.
Mikel Iturriari.