-
[kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa
LetrARTean ekimenean proiektu ezberdinak aurkeztu genituen, jendaurrean. Eta jendeak bere izena eta kontaktua -zer egiteko gogoa duen gehitzearekin batera- eman eta idatzi zituen. Hainbat ekimen interesgarri ezagutu genituen, eta jende gehiagoren artean, hauetako bakoitza burutzeko bidean jarri ginen.
[kafe hutsa] proiektuaren nondik norakoak azaldu nituen orduan, ahoz. Eta apurka apurka garatzen joango ginela adostu genuen zelanbait. Eta jende dexente agertu zen auzolanerako prest. Eta proiektua zertan bilaka zitekeen, hainbat buelta eman dizkiogu geroztik. Hemen proposamena, guztion artean osatu eta gauzatu ahal izateko.
sorkuntza kolektiboa- Kafe hutsa sorkuntza kolektiboa izango da. Guztion artean sortutako lan librea. Parte hartzea oinarri duen sorkuntza prozesua. Pentsatu, asmatu, sortu, ekoiztu, gauzatu, aurkeztu, zabaldu eta eragin. Erantzuna jaso eta kritikatu. Berriro sorkuntzan murgiltzeko.
- Ikusentzunezkoak eta arlo multimedia landuko du. Kultura digitalaren baitan, artea, sorkuntza, musika, irudia…. uztartuko ditu.
- Elkarrizketa izango du etiketa nagusia. Hitza, berbak, komunikazioa, elkarrizketa…Â tag bezala. Ez bakarrak ordea.
- Librea izango da. Copyleft. Gure helburua ez da komertziala izango, eta gure sorkuntza guztia sarean eta kalean banatuko dugu, ahalik eta leku gehienetara, jende gehienarengana heltzeko helburuagaz.
- Euskaraz sortuko dugu. Eta gure sorkuntza beste hizkuntza batzuetara itzuli, azpititulatu eta marraztuko dugu.
- Parte hartzea bultzatuz. Auzolanean lan eginez. Kode eta jarrera irekian, aportazioan oinarrituta. Modu horizontalean, jerarkia barik.
[kafe hutsa] lehen proiektua: laburmetraia
Eta lanean hasteko, hilabete batean ikusentzunezko laburmetraia sortzea da lehen erronka. Internetera zuzendutako lana. Euskarazko laburmetraia partehartzaile eta librea. Guztion artean pentsatu, idatzi, grabatu, errealizatu, zuzendu, editatu, gorde, aldatu eta aurkeztutakoa.
Gaurdanik, lantaldea osatu eta lanean hasteko. Posta zerrenda, wiki, bloga, eposta bidezko harremana, bazkari, kontzertu osteko garagardo… guztiak balio digu, gure sormena martxan jarri, medioak aurkitu eta lanean hasteko. Erronka botata dago. Otsailaren 26rako lana bukatzea da erronka, eta bide batez sarean euskaldunok daukagun lehiaketa interesgarri honetarako martxan jarri. Adibidez.
Kanalak baditugu, materiala eta ideiak ere bai. Lantaldea osatu, eta lanean, auzolanean jarriko gara. Gura duzuenean.
-
gora galizia ceibe!
Beste behin, eredugarri galegoak.
queremosgalego.org plataforma herritarra sortu dute, nunca mais berri bat. Hizkuntzaren alde, hezkuntzaren alde.
Hemen, badirudi euskararen alde gaudenok, adiago gaudela hurrengo subentzioak boletinean noiz argitaratuko, beste ezeri baino. Euskalgintza deritzona indarge ikusten dut nik, begi okerrotatik; baina bada ostantzeko asmo eta ekimenik ere gurean, ze erremedio! martxoaren 13an ikusiko dira gure indarrak eta ahuleziak, Bilbon.
Biba zuek! galegoz bizi gura duzuen adiskideok. -
Ogi birrinak banatzen
Euskalduna naizen arren, enaiz langileak bota eta Azkue izeneko baten omenez montatu duten aurkezpen partyra joan. Egia esan, enau inork gonbidatu, eta enaiz gonbidatua sentitu.
Josune Ariztondo buru izan dezakeen ezein fundazio etzait erakargarria egiten, aitortzen dizuet aldez aurretik. Ondarroa herri euskalduna datorkit burura… bazterkeria bultzatzen duen agintari politikoak ez ditut laket. Edo Rekalde aretoa datorkit burura, eta autoritarismoz kargudunak kentzen dituen politikaria…
Azkue fundaziora batu dira botere faktikoak ere. Unibertsitate pribatu eta subentzionatuetakoak, Azkuna buru duen udala, Euskaltzaindia jainkotua…. eta ez ditut sobera maite, egiaren aitortzeko.
Eta er nahi duzue esatea? Wikipedia lagunduko dutela diotenean, ez diet sinesten. Bapez.
Orain arte ere wikipedia hor egon da, eta zer egin du UPVk, zer Euskaltzaindiak, zer Deustuko jesuitek, zer Azkunaren aginpekoek… zer Diputazioak?
Sarea josi gura lukete euskaraz. Ba nik ez diet sinesten.Zergatik ez daude Fundazioan euskalgintzako bestelako elkarteak? Akorduan daukat Topagunea adibidez -Bizkaian horrenbeste elkarte eta herri aldizkari batzen dituena-, AEK -euskaltegi sare interesgarriarekin-, Euskaldunon Egunkaria -eduki mordoa sortu ditzekena euskaraz-, EITB -euskarak munduan duen multimedia talde eraginkorrena- Hamaika telebista, Bizkaiko bertsozale elkartea, Athletic bera… nork erabakitzen du nor dagoen eta nor ez? Ba, Josune Ariztondok, argi eta garbi. Ezagutzen dugunok badakigu zelango den.
Sarea guai da. ONdo dago propagandarako. Behar da… eta horretarako dirutza bat bideratu dute. Dirutza itzela, (dagoeneko kendu dute saretik, zenbat milaka euro dituzten marketing eta publizitaterako soilik, gardentasunaren izenean). Dirutza itxura egiteko.
Eta egia da sareak behar dituela ekimenak. Baina sarea ezin daiteke goitik behera egin, wikipedia ez da goitik behera egiten, euskara ez da normalizatzen goitik behera….Gure lagunak han
Subentzioen politikaren menpe bizi direnak joan zaizkie Azkuerengana, ondo ari direla esaten, jarraituko dutela subentzioak banatzen, jasotzen; biziko direla elkarrekin, proiektuak partekatzen… baina ez dut politika horretan sinisten. Sentitzen dut.
Ez dut ogi birrinen politika honetan sinesten
Sarearekin baikorra naiz, euskararen etorkizuna begi onez ikusten dut, eta itxaropena jendearengan daukat. Ez fundazio, ez instituzio, ez pelotazo, eta pilotaka. Gutxiago euskararen izenean, ogi birrinak batu eta auzoko labeak ixten dituztenekin.
Erlea soilik paperean argitaratzen duenak ze itxaropen sortuko dit.
Bilboko euskarazko aldizkariei subentzioak murriztu eta euskara ikasteko gai ez den alkateak zer erakutsiko dit josteaz.
Artea zentsuratzen duenak zer horizontaltasunaz.
Eduki librerik sortzen ez duen unibertsitateak zer aipatuko jakintzaren sozializazioaz.
Azkue fundazioa, jeltzaleen azken inbentoa da. Hor irauteko, egiten ari direla sinestarazteko… baina ez digute ziririk sartuko. Eta jarraituko dugu lanean, sarean, diskriminazio barik, egiten, ekiten, sortzen, asmatzen, eragiten….
Ez dira kea saltzeko garaiak. -
Kanpainak eta kanpainak
Sarean egiten diren kanpainei so ematen ditugu orain egunaren zenbait tarte.
Iragarkiak, kanpainak, mezuak jaso eta irensten ditugu.
Gustatu ezkero gainera, lagunei ere igortzen edo aholkatzen dizkiegu. Nolabait sinpatiko zaiguna hedatzen laguntzen dugu. Modu biralean.
Eta hartzaileak, kontsumitzaile, edo sikiera partehartzaile izan gaitezkenez, zenbakiak baino gehiago bilakatzen gara horrelakoetan.
Nork zer zelan sortu ere interesgarri da. Irudimena baliatuz, gauza politak ikusten ditugulako. New Yorken moduan, Abaltzizketan sortu daitezkelako ideia politak. Edo NewYorkeko grafitilari edo sortzaile baten irudi hori, hemen ere baliatu dezakegulako gainera… hemengo gaztaia, han ere ezagutzera eman dezakegu.
Lotsa gitxi behar da, eta dirua barik bestelako ideia izatea buruan… sarritan.
Euskararen inguruan aspaldion oso ideia estatiko, korrekto eta ez oso ausartak ikustera ohituegi gaituzte euskaltegi/aekademietako buruek, hizkuntza apolitikako arduradunek edo telebista ezberdinetako aurkEZleek. Gasteizeko irudi hauek baina, zer pentsatua eman didate… ez dute beste munduko ezer asmatu ziurrenik… baina hizkuntza zelan sentitzen, zelan bizi, zelan goza dezakegun adierazten du… bere apalean. Ausartu eta zabaldu. Mugi edo busti, edo jantzi, edo atera plazara… Etxepareren idatzi zaharrenak Gasteizko plazarat ekarriak balira bezala.. hori bai Youtubeko bideo batean. -
gaur firefox 3.5
Firefox nabigatzaileak bertsio berria du sarean gaurtik aurrera.
Inoiz baino bizkorrago, libreago, txukunago nabigatzeko modua da. Gainera euskaraz be bai!
Zuk be, nabigatzaile hobe bat eguneratzeko aukera daukazu.
informazio gehiago: softwarelibrea.org | librezale.org
-
Hizkuntza eta futbola
Espainia galtzaile euskararen erruz
Aitortzen dizuet, futbola youtubetik baino ez dut jarraitzen aspaldion. Barca, Athletic eta bestelako betekadak gogoaituta naukate, egia esan. Euskal Herriko jokalarien jarrera txalotu izan dut, euskal selekzioen aldeko jarregatik eta. Eta orain pentsatuta, beharbada partida ez jokatzea izan zen egin zuten onena… betekada bera arintzeko edo. Pentsa bat batean, Euskal Herriko selekzioaren partidak ere, modan jartzen direnean… uffa!
Tira, futbola orain Libertad Digitaletik ikusten dut, aizuek. Iniziatiba Internazionalistarentzat botoa eskatu geroztik, Jimenez Losantosen telebistan egiten dut zapping guztia. Eta hara non, deskubritu ahal izan dudan zergatik galtzen duen Espainiak Italiaren kontra. Euskaldunek, galegoek eta katalanek errua, hizkuntzagatik galdu du Espainiak. izorrai!
Bageneki!
Kontua hori da, horrenbeste euskara, galiziera eta katalan entzunda, nahastuta… espainiarrek ezin dutela futbolean patxadaz jokatu. Ven y cuentalo, Rosa!
-
Hizkuntza eta aldarrikapenak
Gaur jet lag apur batekin esnatu gara. Ordu bat aldatzea nahikoa izan da, ezker hankagaz altxatzeko.
Mezuak irakurtzen hasi, eta okerreko bidetik sartu Korrikari buruz lagun batek idatzitakoa. Eta horren gainean gabiltza twitter bidez, gaurko gaia bada.
Horregatik bada, egunean zehar laburrean idatzitakoak, orain luzeago, lausoago idazteko gogo berezi hau.
Zer da Korrika?
Korrika, Euskal Herri osoan euskararen alde egiten den etenik gabeko laisterketa da. Euskararen alde egiten den etenik gabeko (gau eta egunez) ekitaldi jendetsua. Kilometroz kilometro, lekukoaren atzetik, euskararen aldeko korrikalariak aritzen dira korrika. Euskararen aldeko oihuak jaurtiz, eta euskararen aldeko pausu eta urratsak emanez.
Aldarrikapenen lekua euskararen aldeko ekitaldi jendetsu honetan.
Euskararen aldeko ekitaldia izanik, tokian tokiko elkarte, herri mugimendu, sindikatu, alderdi, lagunarte, eskola, ikasle talde, guraso batzar, soziedade, udal eta jendarteko kide ezberdinak parte hartzen dute. Beraien eskariak, euskararekin uztartuz, modu normal batez. Euskarak beste aldarrikapen batzuetan duen leku bera hartuz, beti ere euskara eta Korrikari lehentasuna emanez.
Zelango aldarrikapenak bizi izan ditugu Korrika ezberdinetan?
Txikitatik egin dut Korrika. Eta azken 15 urteotan, hainbat korrika osorik egin ditut prentsa taldean. Egin ditut kronikak Egunkariako, irratia.com digitalerako, Indymedia Euskal Herrian kontatu ditut bizitakoak, euskal irrati ezberdinetan kronikak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Hala Bedi, Xorroxin, Eguzki, Euskalerria irratia, Bizkaia irratia…)
Urtez urte ikusi izan ditut gertakari, eskaera, oihu ezberdinak. Beti euskaraz, eta beti patxadaz. Korrikan boluntario doazen antolatzaileek, ondo zaintzen dute Korrikaren pankarta nagusiari besteak ez aurretzea, eta furgonetan doazen esatari/animatzaileek ozen egiten dute Korrika, euskara eta AEKren alde.
Entzun eta ikusi ditut langileen aldarrikapenak (sindikatuen eskutik bezala, langileen eskutik buzo eta laneko erropa kendu barik), entzun ditut ikasle euskaldunak eskola aldarrikatzen, Seaskako erakasleak, Egunkariako langileak 2003an Egunkaria indarrez itxi eta denbora gutxira, gogoratzen dut ere Lasa eta Zabalaren gorputzak agertu zirenean, Korrika erdian zelango omenaldi hunkigarria egin zitzaien Bentaundi inguruan, Iparraldeko Demoen eskaerak, Euskal Herriko intsumitu askoren aldarriak, nekazariak, antzerkilariak klowna egiten, presoen senide eta lagunak, gazteak, gaztetxeak, kulturgileak…. hala ere Itoiz inguruko aldarrikapenak ezin ahaztuta ditut, Korrika bakoitzean.
Itoitz
Gogoan dut Korrika hura. Egunkariarako idazten nuen orduan, kronikak telefono bidez pasatuz, aldez aurretik kuadernoan idatzitakoa. Ez genuen emailik. Aspaldi? 1995. urtean edo. Egin egunkaritik Kepa Petralanda, Egunkariatik nik, Joxi Ubedak korrikako kronikak egiten zituen irratietan, Klaudio Landa orduan Aizu!ko kazetaria zen, Ibon Gojeaskoetxea gidari moduan, eta AEKko kide bera ere, telebistan zerbait ibilia ordurako.Gogoan dut Agoitzetik pasa ginenean Itoizko kordinadorakoak sekulako abarrotsa egin zutela karreran, Itoitz herri ingurutik obrak ditut gogoan, oraindik hasi barri, oraindik egiteke zegoen presa, proiektua zen, ez askoz gehiago… eta lurra eta hizkuntza ulertzen hasi ginen. Uztartzen. Gogoan geratu zitzaidan Agoitzko elkarte batean izan genuen elkarrizketa. Gogoeta.
Urte batzuk beranduago, berriz handik pasatzean, ordurako presa eginda zirudien, Nagoreko bide zaharretik joan ginen. Eta begietatik negarra urten zitzaidan -kontatua dut hau ETBko dokumental baterako, egunotan ETB3an ematen ari direna, bidenabar- eta albotik lagunak ea zer gertatzen dan, korrika biok. Eta nik ezin eutsita, uste nuela gehiago handik ez ginela pasako. Hura guztia, urez bete behar zutela. Egonda nengoen lehenago Artozkin, eta bete zituzten herriak, estali zituen urak. Eta bide zaharrarenak eginda zuela, bizitzen ari ginena betiko estalita utzi behar zuela presak. Eta korrika jarraitu nuen.
Aurtengo korrikak ez du urratsik eman lekuotatik, Itoitzik ez dago Euskal Herrian. 15 urte beranduago orduko aldarrikapenak ulertzen ditut orain. Euskarak ere eremua galdu du, presarekin. Zer ikustekorik zuen Itoizeko aldarrikapenak euskararekin? galdetuko zuen baten batek. Gobernuak, Nafarroakoak, orduan ere ez zuen Korrika laguntzen.
Bidean botata geunden korrikalariok. Gure kabuz antolatzen genuen errepidea bera, zenbaitetan bizia jokatuz, ezer ulertzen ez zuten kamiolari castellanoekin. Baina egin egiten genuen, boluntarioki, euskararen alde. Oztopo guztien gainetik.
Zein da aldarrikapenen esparru naturala.
Herri mugimendu bat da euskararen aldekoa. Beste aldarrikapen eta mugimendurekin batera bizi da egun, Euskal Herrian. Nork bere esparrua eta jarduna duela ukatu barik, badago konbibentziarako lekua ere. Modu naturalean, elkareraginez, interaktuatuz, zehartasun batez. Sareko logikan, gura baduzue. Aldarrikapenetan murgilduta dagoenak, badaki herri mugimenduen artean elkar eragiteko gaitasuna badagoela. Lekua eginez aldarrikapen ezberdineti. Eta pentsatuko dut Abiadura Handiko Trena igaroko den esparruetan, euskararen aldeko oihuak lurraren aldeko aldarrikapenekin bat egingo duela, modu naturalean.Euskaldunon Egunkariaren alde, Martxelo Otamendirekin, IñakiUria preso zegoela oraindik gogoratzen ditut Iruñean bukatu zen Korrikako azken urratsak. Mikel Aldasoro Nafarroako AEK-ko arduraduna eta Martxelo Korrika. Mauletik abiatu zenak, bukaera Iruñeako alde zaharrean. Egun batzuk lehenago ez genekien non eta zelan bukatuko zen, dena debekatu asmo zutelako UPNkoek. Barcinak. Ez zen ETAgatik, ez zen Independentzia aldarrikatzeagatik… euskarak berak jartzen ditu aztoratuta. Euskaldunok gara beraien burukomina. Eta jakin genuen aurrera egiten, ez gelditzen, ez isilik geratzen… eta heldu ginen. Eta euskaltegiek gora egin zuten hurrengo ikasturtean Euskal Herri osoan, Martxelok ordurateko agindu bat hautsi, eta gaztelaniaz eta frantsesez deitu zituen euskaltzale ez euskaldunak euskara ikastera… eta abian den herri bat garela irudikatu genuen han.
Eta gerora beste korrika bat, eta beste bat. Eta aldarrikapenek bat egiten dute irudimenarekin, Oteiza omendu genue gero, Laboa hil zaigu berriki, eta beraien asmoak, beraien gogoak irauten du. Euskaltzale zenbait kartzelaratuak dituzte, ETAkoak izateagatik batzuk, ETAkoak izan barik ETAkotzat jo dituztelako beste asko, eta holan jarraitzen dugu, aldarrikapenei lekua eginez. Eskubideak aldarrikatzen, jendearenak, mugimenduenak, hizkuntzarenak, langileenak, pertsonenak… azken finean. Gelditu barik, baina mugitzen. Korrika.
-
Korrika badator
Zer falta da ba? Tuteran hasi eta pausoz pauso dator, bihar hasi eta gaur da hemen, gero hor, atzokoa etorkizun dugu.
Tuteran hasi eta Nafarroa zeharkatuko du, behin eta berriz, herriz herri herrialdeak josiko ditu, eta mugak eta errekak gainditu, zubiak eta tunelak igaro, gauak eta egunak eman, eta ez da nekatzen, ez da gelditzen. Arin eta astiro, han eta hemen, modu batera edo bestera.
Euskararen metafora bizia da Korrika.
Euskaldunok asmatu ditugunetatik handienetakoa… gainera.
Bihar hasten den horrek, zenbat oroitzapen, zenbat une.
Txikitatik gogoratzen dugun zeozer, txikiagoei adierazi gura diegun hori…
Hizkuntza bat, herri bat, jendea, kaleak, bideak, mendiak…. bazterrak, hiriburuak, fabrikak, errepideak, estartak…
Korrika hastera doa, eta zapatillak prestatu behar.
Kaskoak jarri, izan be gaur irratia.com saioan Alicia Iribarren elkarrizketatuko dugu, Tuteran lehen kilometroan euskararen lekukoa eramango duen AEK-ko irakasle gaztea.
ongi etorri, euskara sarea egiten dugunon herrira -
zaindu maite, egin duzun hori
Pixka bat piska bat da, baina hauen muturra neurtzeko ez dago neurririk.
Etengabe ari zaizkigu aztertzen, etengabe neurtzen, trabak jartzen, gaitasun agiriak eskatzen…. noiz neurtuko ditugu guk beraiek?
Hauteskundeak al dira kotoi froga bakarra? Nork epaitzen du epailea?
Maiteri egin diotenak ez du izenik, adjetibo guztiak labur, ttiki, ez deus; euskara irakasle agiria baino gehiago merezi du gure lagunak, jo eta su ari da lanean, euskararen irakaskuntza modernoan aitzindari da, teknologia berriak eta hizkuntza uztartzen…. baina Q kalitatedun, euskal labeldun agintariekin egin ohi du topo, aurrera gura duen orok.Baina aurrera doan herria omen Euzkadi, eta ozen esan beharra dago. Jende honen eskutan dago gure hizkuntza, gure hezkuntza… hori da teknologia berrietaz, jakintza eta informazioaren garaiaz duten ikuspegia. Merkantilista eta prohibizionista. Nik agindu zuk obeditu, hori bai, demokratikoki.
Egia esatea gura duzue? Ez nau harritu jaurlaritzakoen eskaerak. Orain arte, ez badute horrelakorik egin izan da euskarazko sarean zer egiten den, zer gertatzen den ere ez dakitelako. Benetan diotsuet hori, amorrurik maitakorrenarekin…..
Zaindu maite, egin duzun hori! zaindu ditzagun guk ere, lana, borondatea, gogoa…. ilusioa.
Egin ditzagun ispiluak, isladatu dezagun euskararen gaitasun agiria gainditzeko frogak, ariketak. Euskararen alde, sarearen logikan, auzolanean…. zaindu dezagun maitek egin duen hori.
-
Euskara sarean, mugak eta kezkak
Oso artikulu interesgarria idatzi berri du Mikel Iturbek bere blogean. Zirriborroan zeukan uda aurretik, baina udazkena etortzearekin argitaratu du. Eta eztabaidarako ohiko galderetatik haratago doala iruditzen zait.
Interneten euskararen kezka dugunok, kalean euskaltzale garenok, euskaldun moduan munduan agertu gura dugunok; Mikelek idatzitakotik haratago jo beharko genuke. Irakurri, minutu pare batez pentsatu, berriro irakurri eta ostean zirriborro batean ideia nagusiak bildu. Eta erantzun. Eta pentsatzen jarraitu.
Udazken honetan ikusi dugu bai, zertan ari garen euskaldunok sarean. Pelikulak jeisten, hiztegiak sortzen, eta programa berriak euskaratzen. Euskaldun gehiago ari da modu pasiboan, noski. Aktiboan ari direnak dira gure kezka ordea. Asko gara? Zenbat gara? lau bat hiru bost zazpi? Hamaika garela sinetsita gaude eta … ez dakit ba.
Internet modu aktiboan begiratuta, badago euskal komunitate bat, sortzen diharduena. Softwarea euskaratu, webguneak sortu eta elikatu. Eztabaidetan parte hartu eta bere erabiltzaile lanetan euskaldun moduan ageri dena. Blogosferaren garapenak, ikustezinak zirenak ageriago jarri ditu, eta sortutako tresnek oihartzun zabalagoa dute egun. Ez dute uste inoiz horrenbeste jendek idatzi duenik euskaraz. XXI. mendeko datu esanguratsua da hori. Euskara Interneteko hizkuntza ere badelako.
euskara hizkuntza globala
Halan zioztan Vicent Partalek Euskal Herria 2.0 jardunaldietara etorri zenean. Horretaz konbentzitu beharra genuela. Beraiek-katalanek- hizkuntza global bezala hartua zutela beraiena, eta horrek onurak besterik ez ziela ekarri. Eta egia esan gure hizkuntzak, hedadura zabala du. Munduko hainbat bazterretan bizirik dirau, eta Interneten inoiz baino argiago ikusten ahal da hori. Euskal Herrikoak ez ezik, munduko hamaika txokotako guneetan kausituko duzu hizkuntza zahar hau. Euskalduna non, euskara han beharbada. Eta zorionez edo zorigaitzez, munduan sakabanatuak ere badira/bagara euskaldunak.
Facebook bezalako sare sozialak ikustea besterik ez dago, munduan zenbat euskaldun den ikusteko. Itzela da dagoen masa. Facebook bera euskaratuta (%100) egotea da seinaleetako bat, besteak beste.Euskarazko bideoak edo irratsaioak nonahitik ikusi daitezke, gure herriari buruzko albisteak gure mugetatik kanpo ere arreta eta interesa pizten dute. Euskal Herria bada, hemendik at ere. Ez da gutxi. Eta gure hizkuntzari izaera hori emateak, onura ekarriko digu guri ere. Horren kontzientzia hartzea izan daiteke xedeetako bat. Horretan ahalegindu beharko dugu, blogari euskaltzaleok.
aupatu.com | zabaldu.com
Euskarazko edukietaz dihardu besteak beste Mikelek bere post horretan. Edukien bikoiztasunaz galdera pausatzen du. Wikipedia ez den beste entziklopedia libre baterako lekurik badago? Zenbat gune behar dira informazio lokalerako? Eta adibide ezin egokiagoa pantailaratzen digu. Zabaldu.com-eko erabiltzaileok, beldurrez hartu genuen Eitb-k aupatu.com sortu behar zuenaren albistea. Beldurrak ordea, indarrak batzera eroan gintuen. Aldez aurretik euskaraz zegoen tresna bat ordezkatzera/baldintzatzera zetorrelakoan. Eitb talde sendoa izanik, nahiz eta Interneterako oso estrategia eskasa izan azken urtetoan, pentsatzen genuen zabaldu.com ezerezean utzi zezakeela aupatu-ren sorrerak.
zabaldu.com orduan baino sendoago eta partehartzaileago ikusten dugu egun. Aupatu.com -euskarazkoa behinik behin- hutsaren hurrengoa da euskarazko Internet erabailtzaileentzat. Eta argi dago, euskarazko erabiltzaileontzat ustezko aniztasun horrek ez dakarrela aparteko onurarik.
Ezberdina da blog plataformen afera. Hiruzpalau beharrean gehiago bagenitu, hainbat hobeto. Blogari.net sortu zen lehenbizi, blogak.com gero, mundua.com, nireblog…. eta hoiek guztiek euskarazko komunitatea (aktiboa zein pasiboa) hedatzea ekarri dute. Plataformen sortzaileek gerora ez diote kasu askorik egin sortutako produktuei, baina eduki mordoa sortzen da oraindik blog hoietatik.
wikipedia eredu
Euskararen mugak aztertzerakoan, wikipedia izan daiteke ereduetako bat. Dena egiteko daukan hizkuntza bat izan da gurea. Hiztunei dena eginda emanda baino, egiteko eskaini zaizkio. Eta dena ez dakit, baina hiztun ekintzaileak ditu gure hizkuntzak. Entziklopedia librea eta Interneteko izarra den Wikipedia izan daiteke auzolan telematikoaren paradigma. Komunitate txiki batek edukiak sortzen ditu, entziklopedia eguneratzen du, programak eta scriptak prestatu, argazkiak igo, herri izendegiak arakatu… eta normalizatu barik dagoen herri zahar hau, modurik ordenatu txukun eta entziklopedikoenean aurkezten du munduaren aurrean. Zein da euskararen muga Wikipedian? Noiz amaitzen da euskal jakintza? Normalizazioak ez du etenik. Artikuluak sortu eta sortzetik, eguneratze soilerako urratsa ez dugu oraindik ezagutuko. Baina belaunaldi gazte eta prestatu hau, sekulako lana egiten ari da. Musutruk baina sekulako onespenarekin.
Ondorioztatzen
Gutxi batzuen lana, erabiltzaile aktiboen jarduna, gure menua -euskarazko edukiak- dastatzen dutenen bazka, euskarazko softwarea deskargatzen dutenen kezka, ikusgarritasuna bermatzen duten webgune interesgarrien ardura… euskara ondo pasatzeko, ikasteko, ahalegintzeko, sortzeko, erakusteko, garatzeko, edozertarako darabiltenen komunitate anitz horrek bermatuko du hizkuntza. Euskarak ez du mugarik, jartzen ez bazaizkio, bederen.