-
Telebista eredu berriak ikusten
Egunotan ni ere Durangon izan naiz. Eta sorkuntza gertutik bizi izan dut, beste behin. Ia 20 urte dira stand baten atzetik nagoela. Lanean, saltzen, erakusten, saiatzen. Baina lantzean behin gustatzen zait beste aldean egotea ere. Urte osoan bezala, azoka egunetan. Liburuak, diskoak, bestelako kultur ekoizpenak hartzen, irakurtzen, zabaltzen, erosten, gomendatzen… eta aurten ere han izan naiz. Gaur bihar etzitan joango ez naizenik ez dizuet esango, ordea.
Izango dugu parada liburuaz berba gehiago egiteko, literaturaz, liburue be berbagai izango da -liburu elektronikoak salgai jarri dituztelako batzuk, ia ia paperezkoak baino garestiago gainera-. Literatura eta merkatua. Literatura eta irakurlea. Literatura eta bestelakoak…. eraginak, sorkuntza, plaza, prezioak, banidadea, salmentak… asko dago esateko, irakurtzeko eta idazteko beste. Hurrengoan.
Telebistaz
Gaur telebistaz jardun nahi dut. Ikusten ari garen telebista berriaz. Ikusten dena. Egiten dena. Sortzen dena. Eta Durango izan da adibide bat, xumea, apala, ezikusia agian… baina egin daitekenaren ereduetatik bat.
Azokak telebista ere egin du. Azokan telebista egin dute batzuek. Tartean hemendik aurrera euskarazko telebistari buruz zeresana, eta batez be, zerikusia izan dezaketen batzuek bederen. Zer ikusi eman behar digutenak, batez ere. Hamaika telebista, Tokiko -batipat Goienaren eskutik- eta ETB3 batera ikusi ditugu. Ez dute deus esan, ez dute askorik iragarri, ez da ia ikusi. Baina batera jardun dira, ari dira lanean egunotan telebista ezberdinetakoak Durangon. Batera? Elkarrekin?
Patetikoa bezain barregarria da gainera -Josune Ariztondo banintz ezin gorriago lotsatuko nintzateke- Gipuzkoako kulturak bere gain hartu behar izatea Durangon euskarazko telebista bat bideratzeko egitasmoa. Hala ere. Baina aurrera doan gure herri honean, hau eta gehiago. Hala ere, txapo hori bideragarri egin dutenengatik. Benetetan. Ni poztu naiz; beste behin Bizkaiko aberatsen, diru kudeatzaileen eta abiadura handiko politikari batzuen tamaina eskasa nabarmen erakutsi duelako. Agian, BECen izango dute orain burua, edo Sabinoren etxean, bilkura ezin erabakigarriagoetan izango dira. Petronor eta eitb zelan irabazi pentsatzen, edo Azkue nori eta zelan ezagutzera eman… edo auskalo zertan!
Niri egia esan, nork lagundu duen baingo gehiago interesatzen zait zelan gauzatu den. Telebista eredu berri bat. Kulturala, euskaraz, apala, egunekoa, modernoa, azkarra eta digitala egiten ari da egunotan. Nork berea, eduki amankomunetan… azkar eta txukun. Pantaila handi batzuk daude azokako txoko batean, gora begira… eta entzuteko moduan.
Eztabaidatu genezake telebistaz, ikusentzunezkoen gainean, etorkizunaz, orainaz eta telebistaren iraganaz. Baina nik uste, telebista -orohar- beharrezko duela euskal kulturak. Ikusentzunezko komunikazio digitala erronka interesgarria da, hemendik aurrera ere. Eta Durangokoa adibide, eta bide xume bezain interesgarria izan da niretzat.
Durangon izan da Ahotsenea ere. Eta han telebista digitala ere sortu da. Blog batean ikusi dugu ETB3ko hainbat kamerek grabatu, errealizazio txukun bat egin, eta zuzenean egun osoan gure kultura munduan. Egia da gitxi zabaldu dela, Interneteko promoziorik ez duela izan… baina erakutsi da; beste behin ere, teknologia berriekin, kultura bizia eta jarrera izan ezkero, gauza asko asko asko egin daitezkela. Txukun eta interesgarri. Musika, literatura eta sorkuntza digitala. Kultura eta teknologia berriak, adibide interesantea. Beste bat.Baikorra nintzateke, euskaldunak ondo konpontzen garela jakingo banu. Ez da horrela, eta arazoa ez da politikoa, ez da kulturala, ez da soziala…. euskaldunak horrelakoak gara, eta punto. Baina hala ere, zenbaitetan ari gara konpontzen, eta hasten garena… ez gara erraz gelditzekoak. Telebista ikusteko gogoa dut, batez ere horrenbeste zabor, txatxukeri, hipokresia, gezur, irain eta manipulazio jasan ostean. Telebista eredu berri, herritar, moderno, kultural, euskaldun eta digitala behar dugu. Azokan ikusi dugu zerbait.
Orain etxean ikusi behar dugu, tamaina guztietako pantailetan. Eta denok. Edozein ordutan.Piztu dezagun telebista berria orduan.
-
sarea elkarrizketa da
#nickdutnik gogoeta xume bat
Merkatuak, sareak, hedabideak, etxea, sukaldeak elkarrizketak dira. Ez dago dudarik. Kafea ez dugu twitter bidez eskatzen, maitasuna agian ez da 140 karakterretan sartzen ahal, irudi guztiak ezin daitezke hitzez deskribatu eta ametsek ez bide dute lekurik bit artean.
Baina sarea elkarrizketa bilakatzen ari da. Erantzunak, iritziak, proposamenak, ideiak, kexuak, aldarriak, penak, eskaerak, salaketak… tokia dute gure elkarrizketa digitaletan. Gure erantzun eta mezuetan.
Mezu labur zein programa konprimituetan.
Bart, etb3ko Nickdutnik saioa tarteka ikusten egon denetakoa naiz neu ere. Parte hartzen zelanbait esateko, twitter bidez. Eta gure mezu laburrak, pantaila handian agertu dira, lurreko telebista digitalak aukera hori eman digu. etb3ko arduradunek onetsi dute proposamena eta #nickdutnik saioan zuzeneko mezuak pantailaratu ditugu, ordaindu barik eta nahiko libre.Aurrekariak gurean eta munduan
irratia.com emankizunean aspaldian baliatu ditugu twitter eta facebook, edota zuzeneko txat elkarrizketa web bidez… sortu ginen egunetik bertatik.Greba orokorraren karietara, antolatu genuen telebista libre eta herritarrean, mezuak klikagarri zeuden Interneteko telebistaren pantailan.
Orduan oso esperientzia interesgarria izan zen, duda barik. Asko ikasi genuen, eta telebista interaktiboago, partehartzaileago, libreago batekin hasi ginen pentsatzen. Gauzatzea posible zen, ezberdina, irekiagoa, libreagoa.
etb3 bide onena, digitala
Eta orain, telebista publikoak, hemengoak, bide hori hautatu du. Interesgarria da. Oso. Eta poztu egin gara, zergaitik ez esan. Eta parte hartu eta zoriondu egin ditugu. Bide berria erakusten duelako. Partehartzaileagoa, irekiagoa, sarekoagoa. Zelan adierazi bestela?
2009ko uztailaren 1eko gaueko esperientziaren berri damaigu Ruben Sanchez (lostin.tv / factoria cross media) ia zuzenean prestatutako bideo honetan. Idatzizko post bat ere.
<title> hack the debate </title>Â ekimen interesgarria
Twitter bidez jakin dugu, Current ekimeneko mediaktibistek antzeko zerbait plazaratu zutela AEBko hauteskundeetan. Beraz, bide berri eta interesgarria han bezala hemen ere. Hemen eta han, munduan alegia.
iturria: current.com -
irratia.com nickdutnik telebista saioan
zer da podcast bat? galdetzen dizu telebista aurkezleak, eta wikipediako definizioari adibide pratikoa jartzen dio gero. irratia.com bota dute telebistatik. Elkarrizketa eta zuzeneko irudiak. Nickdutnik euskarazko telebistan lehenengo Interneti buruzko saioa da, eta gugana ere jo dute.
Asko gustatu zaigu erreportaia-elkarrizketatua.
Mila esker Sara, Garazi, Arantza eta Ruben! -
webtv
ez da besterik entzuten aspaldion.
telebistaren aurrean ordu gitxi pasatakoa naiz. txikitan bezala geroagokoetan.
ez naiz inoiz oso ikusentzunezkoa izan. aitor dut hori aurretik.
prentsa ta irratia maite izan ditut beti gehiago, sortzeko zein jasortzeko. kontsumitu esaten da?kontua da baina, aspaldion sarean bideo irudiak ari direla etengabe nagusitzen. Internet kontsumo azkarra. eta irudiak lilura dakar; irudien kudeaketak ere bai.
ni neu be, horrelako proiektu, egitasmo eta zereginetara jarria nago aspaldion.
albisteak 2.0 eraberritzen ari gara Ibaizabal Telebistakoekin batera, greba orokorraren inguruko telebista sortzen laguntzen ari naiz, herriko bideoei beste ateraldi bat zelan emon pentsatzen dugu tabernetako poteoetan, irudiak zuzenean ematea erraztu den honetan, irratigintza eta letrak horrenbeste maite dituen honek, aukera berriak ditu buruan. begien aurrean.webtv hitz arrunta da. telebista egitea beti izan da garesti, boteretsuenen kontua. eskurago dago orain, baliatzeko ordua da beraz.
webtv, telebista interaktiboa, partehartzailea, zabala bultzatu gura duenetakoa bazara, maizago elkartuko gara, izango dugu elkarren berri.
kontua da, egitasmoak egitasmo, sarean zer egin franko dagoela oraindik. baina, egin egingo ditugu.
aste honetako irratia.com emankizunean kontua hauek guztiak izango ditugu aipagai. kezkak badirauelako. egunean jarri beharra dagoelako. ikuspegi kritikoarekin landu behar delako hau guztiau.