- albisteak 2.0, gaztelumendi.eus, hurrengo geltokia, ikusi eta ikasi, software librea, su-etena | ceasefire | tregua, teknologia berriak
zelan urtea badoan
Milurtekoa izan zen, hamarkada, eta hau ere badoa.
10 urte 2000an, XXI. mendeon… eta hau ere badoa.
2011 dator, bihar, edo etzi. Eta urtea badoa, negua joaten den bezala. Egunak datozenlez.
Ez gara zaharragoak, bizkorragoak, jakintsuagoak… atzokoak gara, bihar. Ere.
Tokatzen da esatea, gogoratzea, oroitzea, agurtzea, eta ondo ondo geratzea.
Urteak askorako eman du, beste buelta bat eman du gure mundu arrano honek. Eta buruari ere buelta asko eman dizkiogu, ideia txoro asko izan ditugu buruan, eta batzuk gauzatzeko aukera suertatu zaigu. Eta ez da gutxi. Pentsatzen jarrita, asko, askotxo… larregi inoiz ez. Baina badoa, eta oroimenean geratzen dira. Egunerokotasunean.
Azkar, urteko hiruzpalau flash.
euskalherrian.info proiektuan murgildu gara aurten. Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdera horrek, badu erantzuna sarean. Bizkor ari da hedatzen. Proiektu berriak, irekiak, partehartzaileak ari dira sortzen. Eta batzutan, harritu ere egiten gara, abiadurarekin. Indarrarekin. Kemenarekin. Ausardiarekin. Irudimenarekin. Eta egia esan, Euskal Herrian gauza asko ari da gertatzen. ZoriONez. Eta ari gara kontatzen. Eta zabaltzen. Libre, partehartzaile, zabal, ireki, euskaldun. Hori da nahi duguna, horrela nahi dugu, horrela kontatzen dugu. komunikazioa, Informazioa, Teknologia (sarea + euskal herria)albisteak 2.0 webtv libre eta euskalduna sortu gura genuen, eta ikasten ari gara, sortzen. Astero. Eta asteko berri ematen dugu albistegi teknologiko bitxi batean. Bi lagun, lantalde itzela, medio onak, giro aproposa eta gogoa batipat. Eta urtean egindakoa biltzen hasi, eta ematen du zeozer aurreratu dugula. Balio izan duela. Merezi duela saiatzeak, aurrera egiteak, ikasteak, egunean jartzeak… baina batez ere ahalegintzeak.
#albisteak2010
Teknologia berriak hizpide hartzen ditugu, tresna moduan erabiltzen ditugu, komunikazio kanal dira. Internet, irratigintza, mezu libreak uztartzeko parada ematen digute. Berdin Info7 irratian, Hala Bedin edo beste nonbaiten. Zebrabidean geldi geratu barik, oinez ibiltzen gara, Bilbon bide gorritik baina isilik inoiz ez.
ekultura.net Euskal kulturgintza hizpide izan ohi dugu, eta berba egiteko jakin egin behar da. Kulturgintzan euskaldunzaharra naizen arren, alfabetatzeko beharra ikusi nuen. Eta horretarako eskolara jo behar. Hartu ninduten. Eta gustura ari naiz, eguaztenero Eskoriatzan, HUHEZIko EKT ikastaroan. Nire koadernoa da ekultura.net eta nire lanaren ardatza izan nahi du. Euskal kultura digitalaz mintzatu nahi dut, eta formazio fasean nago. Apunteak hartzen. Baina izango duzue lanaren berri, ikerketaren emaitza, ikasitakoaren ondorioak. Sintesi bat. www.ekultura.net
Sabin Intxaurraga ere joan da, Lete bezala, Bidador bezala, gertukoak bezala, urrunagokoak bezala… eta Sabinen egoeraren berri izan nuenetik, bueltaka ibili zait ideia bera. Zenbat lan isil egin duen, ikusi gura lukeena besteok ikusi dezagun. Bizi dezagun. Lagun nuen Sabin, bertsoa hizpide. Eta batez be, zaletasunak batzen gintuen. Herria, kultura, hizkuntza. Eta batez be, plazan batzen ginen. Plazak batzen gintuen. Txapelketa, saioa, antzokia… azkenekoz irailaren 11an izan nintzen beragaz, eta oroitzapen horregaz geratuko naz, duintasunaren irudia. Zor diogu, ikusi behar dugun hau. Beste guztia historia izango da.
Independentistak sarea, abian den prozesu politikoa, egoera, aldaketa, urratsak… bada zerbait, eta pozik nago horrekin ere. Eta urte hau, garrantzitsua izan da bide horretan. Altsasu, Brusela, Gernika…. toki izenak, mapa bat osatzeko. Mapa horrek, Euskal Herria du helburu. Ni neu, herrigintzan ari naiz. Pozik. Baina nazio mailako edo nazioarteko ekimenetan parte hartzeko sarea badut, eta sareak ematen digu aukerarik.. ekimenak zabaldu, ireki eta antolatzeko. Horra hor nire eskuhartzea. independentistak.net
Argazkiak.org | Independentzia lip dub koloretsua © cc-by-sa: gaztelumendi -
Txinaurri lana
euskal kultura gaur, eta bihar
Argazkiak.org | Liburu eta diskoak, euskarazko edukiak © cc-by-sa: gaztelumendiDurangoko azoka hasten da gaur. Urteroko zita, aspalditik. Euskal kulturgintzan, sorkuntza diharduenarentzat garrantzitsua. Sosak batetik, eta topagunea bestetik. Urteko balantzea, eta urteko uzta. Merkatua da Durango. Eta merkatua ere elkarrizketak dira… ezta?
Euskarazko kultura, sorkuntza maite ditugunok badakigu ze garrantzia duten horrelako uneek, guneek. Eta gurean, sorkuntzaren adierazpenari dagokionez, garrantzitsua da, urte osoko, eta batez ere udazkeneko guztia ikustarazten baita bertan. Euskarazkoa eta bestelakoa ere.euskal kultura eta sarea
txinaurri lana
Iñaki Perurena eta
Zuzeu Komunitatea
Argazkiak.org | Iñaki Perurena eta ZuZeu komunitatea, biba zuek! © cc-by-sa: gaztelumendi
Abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan, Durangoko Plateruenan, zita bat daukagu Iñaki Perurenarekin. Zuzeu komunitate osoa dago gonbidatua bertara: sortzaile, erredaktore, kolaboratzaile, partehartzaile, irakurle… eta zu zeu!lip dub Euskal Herrian
beste zita bat
Azkenik, abenduaren 6a, egun berdetzat deitu du Independentistak sareak. Eta besteak beste, egun horretan Independentziaren aldeko lip dub koloretsua ere grabatuko da Durangon.
-
#Azkuefacts
Waka waka! ari gara aste honetan sarean. Ezin errazago jarri digute Azkue fundaziokoek. Egia esan, ez dakigu zertan ari diren… baina barregura ematen digu batzutan, pena bestetan, amorrua be bai, lantzean behin. Milioiak eta milioiak ari dira eskuratzen instituzio publikoetatik euskara sarea josteko, eta azkenean besteok ari gara euren kontura, sarea euskara, umorez eta alegrantziaz betetzen.
Aurreko baten, gauerdian facebooken argazki hau ikusi ostean, hau idaztea otu zitzaidan. Eta jendeak umorez ere, hartu duenez…
- … #azkuefacts ezberdinak idazteari ekin zion. Aurretik Patxi Lopezen aipamen leloekin egin izan den moduan, umoretsu, alai… eta kritika kutsuarekin. Sareko logikan eta hizkuntza. Eta labur.
- Eta horrez gain, jendeak, modu espontaneoan gauza gehiago idatzi ditu, bai Zuzeun, bai Facebook eta twitter sare sozialetan… ikusgai daude sarean.
- Baten batek gainera, joko bat ere ekarri du pantaila aurrera. Waka waka doinuarekin, makinetara jolasteko moduan. Libre, doan, alai eta… gustagarri. Frogatu dozu? ba wakatu enter!
-
Euskal Herria eta Japoniaren arteko linkak
Link munduan bizi gara. Loturak. Harremanak. Bidaiak. Globala eta lokala uztartzen diren sasoia. Eta horregatik Ekialderen dauden herriek eta gurea bezalako kultura txiki batek harremana izan dezakete.
Gora Japon deitu daiteke hemengo musika talde bat, eta gizon probak egingo dituzte Tokyoko kale batean bitamina iragarki baterako. Alaitz eta Maiderren doinu batek sukaldaritza progama baten sintoniarako balio dezake, eta Gosek Japoneko bideoak aurkezten dizkigu sarean.
Albisteak 2.0 saio berezia egin dugu Japon eta Euskal Herriaren artekoa. Eta ikusirik gurean, zelango zaletasuna dagoen horrelako gaiekiko, bideoa azpititulatzeari ekin diogu, eta ea lortzen dugun japonierazko bertsiora heltzea. Demasa litzateke! Euskara bezalako hizkuntza batek, aukera itzelak ditu sareari esker. Telebista saio ttiki bati, Internetek mila aukera eskaintzen dizkio. Hoiek profitatzen asmatu beharra dago. Eta asmatzea, lagunok… inbentatzea ere badenez, ea aziertaten dugun.
-
Porrotxekin berbetan
Telefonoak jotzen du, iluntzean. Ez duzu zenbakia ezagutzen, baina ahotsa gertukoa zaizu. Ikusi duzulako telebistan, egon zarelako ekitaldiren batean, kantatu duzulako beragaz, barre egiteko gogoa pizten zaizu…
Ohikoan baino serioago dator ordea, telefonoaren beste aldetik. Joxe Mari Agirretxe Porrotx da.
Bloga irakurri duela, eta erantzun aurretik berba egin nahi duela. Hori da komunikazioa esan diot. Eta berbetan hasi gara. Lasai, elkar entzunez. Atsegin, eta serio.
Argazkiak.org | Porrotx © cc-by-sa: gaztelumendiEta zuekin, irakurleokin konpartitu nahi dut hori ere. Izan ere, benetan kezkatzekoa da asuntu honen atzean dagoen guztia.
Ez Pirritxek, ez Porrotxek ez Mari Mototsek ez du jakin beraien espektakuluak 12 euro balio duela Txorierriko irrien lagunentzat. Eta ez zaie gustatu gainera. Ez lukete onartuko.
Nik, neure kolkoari esaten diot, post horren helburua betea dela. Kafe osteko marmarra izan baino, gurago nuela egoeraren barri emon. Eta egin. Eta idatzi. Eta serio. Eta erantzunak. Eta eztabaida. Eta pozik nago.
Inor minduta sentitu bada berben koloreagatik, barka nazala. Berba okerrik suertatu bada, esateko zer, eta aldatzeko, egokitzeko, kentzeko prest nago ni.
Irrien laguna be banaiz ni. Ez naiz bape diruzalea, eta are gehiago.. diruaren logikatik at, barre egin daitekela uste duenetakoa. Ordaindu behar denean ordaindu, hartu behar duenean hartu, tratua egin behar denean tratatu… baina pasatu barik txo, eta gitxiago umeen kontuen gainean.
- Hizkuntzak integratu behar duela uste dut. Eta gurean be, badira euskaldunak baino gitxiago duen umerik, eta euskaraz polito egiten dutenak, eta euskaraz bizi gura dutenak, eta bizitzeko ahalegina egiten dute milaka kilometrotatik gurera etorritako gurasoek be. Hoiek erakarri behar ditugu irrien lagunartera.
- Gurean badira, euskararen edozein aitzaki, hartu eta euskarazko komunitateak egurtzeko baliatzen dituztenak. Eta ez diegu holango aitzakirik emon behar. Euskarak ezin du izan elitista, pijoa, baztertzailea… zabala, irekia, malgua, alaia, txukuna bai. Eta aldea dago, nire ustez.
- Irrien lagun izaten jarraituko dut nik, baina uste dut… propagandatik hasita, apur bat iruzurra egin zaigula herritarroi.
- Karteletan ez da agertzen ezelango preziorik, ez da agertzen dirua (etekinak egon ezkero) zertarako dan, eta bai agertzen da ordea Lezamako udalaren logotipoa. Beraz… batenbat guzurretan dabil, edo txarto esaka apropos. Eta hori be argitute komeniko da, eztok?
- 600 lagun sartuko da emanaldi bakoitzean Lezamako frontoian. Zuek atara kontuak….
Argazkiak.org | Lezama zorrizketan 12 euro © cc-by-sa: gaztelumendi
Bitartean, bihar Porrotxengana doazenak… gozatu, barre egin, kantatu… eta ondo ondo pasa. Eta gorantziak emon…. txorixo panplona… ze ona! -
gora Ramonzin!
Probokazioa gustatzen zaigu, baina edukiekin. Esaten duguna, zergatik esaten dugun badakigu.
RamonEZ! saio berezia egin genuen aurrekoan irratia.com emankizunean.Irratia.com egiten ondo pasatzen dugula erakutsi nahi dugu, inongo mediok egiten ez duena egiten ausartzen gara… Sgae eta enparauek zer esango pentsatu barik, -pentsatu arren, badakigu gutaz paso egingo dutela, guk haietaz egingo dugun arren…-.
Ramoncinek berak, bere kontraesanak zelan bizi izan dituen ere nabarmen geratuko da saioa entzun ahala. Entzutekoa delako batez ere saio hau, apur bat kantatu, entzun, hausnartu, irakurketara gonbidatu… edo auskalo…
Argazkiak.org | Gora Ramonzin! RamonEZ zuzenean © cc-by-sa: gaztelumendi- Gainera, euskaldun asko asko asko dago Sgaen.
- Guai asko, bertsolari, pentsalari, musikari hiper alternatiboak….
- Espainiatik etorriko zaizkien ogi birrinei begira, beraien edukietan mundu justua zelan egin, deuseztu, sortu, eragin esaten diguten bitartean.
- Gora gure kontraesanak…. gora gu ta beste asko!
Saioa entzun gura baduzu(e):
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100215ramoncin.mp3] -
puntuEUS | bideo interesgarria, abiapuntu beharrezkoa
puntuEUS ekimena aurkeztu zeneko bideoa. Sarean zabiltzala, batzuetan topatzen dituzu horrelakoak. Aurkeztu zutenean interesgarri neritzon, eta geroztik aspaldian bisitatu gabeko gunea izan da euskara eta euskal kulturaren aterpe edo dominioarena. PuntuEUS ekimenak lan interesgarria, apala, zabala eta sendoa egin du geroztik.
Azkenekoz Durangoko azokan agertu ziren jendaurrean, baina gure komunitateak beti presente izan beharko du ekimen hau.
Bideak jarraitzen du. Eta noizbait helduko da dominioa eta euskararen presentziaren areagotzen bat sarean. Nortasun propioarekin.Bitartean, balio beza gogoetarako Xabi Erkiziak zuzendutako bideo (ikusentzunezko) eder honek.
-
Bo hizkuntza, euskara, bertsoak eta software librea
Irratia.com ez da filologia
Irratsaio bat egiten dugu astero Jabi Zabala eta biok: irratia.com. Eta 10 urte betetzen ari gara, sarean, lanean.
Euskal kultura digitalaz aritzen gara, gure apalean. Eta zer da ba euskal kultura digitala? Duela hamar bat urte hasi ginen termino horrekin, eta hori izan da gure iparra, hori gure egitekoa. Gure kultura digitalizazioaren alorrean murgiltzea, kultura digitala euskaldunduz, bidenabar. Eta horretan dihardugu oraindik, zalantza berdinekin, gogo itzelarekin, galderak egiten, erantzunak bilatzen. Google bilatzaileak ez digu erantzuna eman, baina software librea baliatuta igual garatuko dugu zeozer, kode irekian edo…Hizkuntzak, kultura, teknologia, musika, albisteak, irratiak…. ditugu hizpide eta euskaraz ari gara, baina gurea ez da filologia, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Konturatzen gara, aspaldion eztabaida filologiko gehiegi dabilela euskal blogosferan, zelako zalaparta eta kalapitak sortzen diren hizkuntzaren inguruan, formaren inguruan batipat… fondoaz ez dugulako duda asko egiten. Eta horrek are gehiago kezkatu beharko gintuzke. Sarritan, hala ere kezka filologikoa da nagusi hala ere…
Eta bitartean Bo hizkuntza desagertu da munduan, eta guk Ruper Ordorikaren kantuak entzuten ditugu irratitik. Eta gogoeta munduaz, globalizazioaz, progresoaz, gureaz…. pentsatu lokalki, eragin globalki esan eta play tekla zapaltzen du Ibon gure disko jartzaileak. Eta sareko berri eman, software librearen azken bilkurari buruzko elkarrizketa edota albiste teknologiko oso bat osatzen dugu, apurka apurka.
Horrelako saioa izan da aste honetakoa, Bilbo Hiria irratian egiten dugun 169. saio hau. Fosdem-en hasi, Flandriako hiriburu Bruselan burutu den software libre garatzaileen bilkuraren karietara, Bertso egunetik pasa, eta Bo hizkuntzaren gainean filosofatzen amaitu dugu. Eta gure kezka tekno/etniko/identitarioak nabarmendu ditugu podcast batean. Eta musika, rockanrolla batez ere entzun dugu, hitzekin uztartuta…. euskara eta Bo, irratia.com saio gogoangarri batean. Euskara eta biok, irratia eta gu. Podcasting-a eta zu.
irratia.com 169. saioa: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100208.mp3]
-
Pablo Picasso eta Gernika: beste ikuspegi bat hiru dimentsiotan [erremix kultura]
Sarean zabaltzen ari da. Mezuetan, sare sozialetan. Leku eta toki ezberdinetatik heldu eta irakurri dut. Ikusi dut. Eta merezi du erakusteak.
Lena Gieseke artistak webgune berezia atondu du Pablo Picassoren lanaren gainean. Eta hiru dimentsiotako kuadroa erakusten digu gero.
[Erremix kultura]
Erremix kulturan txertatzeko moduko adibidea, duda barik, hemendik aurrera ohikoagoa izango dena.
Lan bat, kantu bat, hitz batzuk hartu eta bertsio propio eta ezberdina egitea. Sareak areagotuko duen sorkuntza.Hona hemen Lenak egindako arte lan bikaina. Musika aproposa, artelan bikaina, gogoeta bultzatzen duen obra, duda barik.
-
[kafe hutsa] sorkuntza kolektiboa
LetrARTean ekimenean proiektu ezberdinak aurkeztu genituen, jendaurrean. Eta jendeak bere izena eta kontaktua -zer egiteko gogoa duen gehitzearekin batera- eman eta idatzi zituen. Hainbat ekimen interesgarri ezagutu genituen, eta jende gehiagoren artean, hauetako bakoitza burutzeko bidean jarri ginen.
[kafe hutsa] proiektuaren nondik norakoak azaldu nituen orduan, ahoz. Eta apurka apurka garatzen joango ginela adostu genuen zelanbait. Eta jende dexente agertu zen auzolanerako prest. Eta proiektua zertan bilaka zitekeen, hainbat buelta eman dizkiogu geroztik. Hemen proposamena, guztion artean osatu eta gauzatu ahal izateko.
sorkuntza kolektiboa- Kafe hutsa sorkuntza kolektiboa izango da. Guztion artean sortutako lan librea. Parte hartzea oinarri duen sorkuntza prozesua. Pentsatu, asmatu, sortu, ekoiztu, gauzatu, aurkeztu, zabaldu eta eragin. Erantzuna jaso eta kritikatu. Berriro sorkuntzan murgiltzeko.
- Ikusentzunezkoak eta arlo multimedia landuko du. Kultura digitalaren baitan, artea, sorkuntza, musika, irudia…. uztartuko ditu.
- Elkarrizketa izango du etiketa nagusia. Hitza, berbak, komunikazioa, elkarrizketa…Â tag bezala. Ez bakarrak ordea.
- Librea izango da. Copyleft. Gure helburua ez da komertziala izango, eta gure sorkuntza guztia sarean eta kalean banatuko dugu, ahalik eta leku gehienetara, jende gehienarengana heltzeko helburuagaz.
- Euskaraz sortuko dugu. Eta gure sorkuntza beste hizkuntza batzuetara itzuli, azpititulatu eta marraztuko dugu.
- Parte hartzea bultzatuz. Auzolanean lan eginez. Kode eta jarrera irekian, aportazioan oinarrituta. Modu horizontalean, jerarkia barik.
[kafe hutsa] lehen proiektua: laburmetraia
Eta lanean hasteko, hilabete batean ikusentzunezko laburmetraia sortzea da lehen erronka. Internetera zuzendutako lana. Euskarazko laburmetraia partehartzaile eta librea. Guztion artean pentsatu, idatzi, grabatu, errealizatu, zuzendu, editatu, gorde, aldatu eta aurkeztutakoa.
Gaurdanik, lantaldea osatu eta lanean hasteko. Posta zerrenda, wiki, bloga, eposta bidezko harremana, bazkari, kontzertu osteko garagardo… guztiak balio digu, gure sormena martxan jarri, medioak aurkitu eta lanean hasteko. Erronka botata dago. Otsailaren 26rako lana bukatzea da erronka, eta bide batez sarean euskaldunok daukagun lehiaketa interesgarri honetarako martxan jarri. Adibidez.
Kanalak baditugu, materiala eta ideiak ere bai. Lantaldea osatu, eta lanean, auzolanean jarriko gara. Gura duzuenean.