• ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Lotsa pixka bat es mucho

    Astelehena. Laneko ikastaro bat Bizkaiko Foru Aldundiaren Lantik zentro teknologikoan. Topatu dut, heldu naiz.
    NAN eskatu, segurtasun neurri batzuk igarota sartu naiz bulegoetara.
    Pantailaz mukuru dagoen gelara sartu eta nire burua aurkeztu, dena bat. Bertan dira Bizkaiko Gazte Informazio bulegoetako informatzaileak. Hogei bat edo.
    Arrasateko gazte bulegoan ari naiz azken bi urteotan. Eta formazio saio dexente izaten ditugu lan kontuak direla eta.
    Normalean Gipuzkoako Diputazioak antolatutakora joan izan naiz, guk geuk proposatuak gehienak. Onak, oso onak batzuk –Gimp software librearekin irudi tratamendua egin genuenekoa adibidez- eta ohikoak beste batzuk, honetara dedikatzen diren enpresek emana.

    Gaurkoa ezberdina da. Eusko Jaurlaritzak burutzen du. Hauteskundeen aurretik, eta legegintzaldia bukatu aurretik, duela lau urte prometitu zuten tresna eskaini behar ziguten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazte informatzaileei.

    Tira, gelan sartuta, gaztelaniaz agurtu nau emaileak. Nire pantailaren aurrean jezarri naiz eta windowspeko ordenadorea, explorer zahar batekin, soilik gaztelaniaz. Noski.

    Jaurlaritzak prestatu digun Manual de uso de la nueva herramienta informática del sije. Departamento de Cultura. Dirección de juventud y acción comunitaria. Eusko Jaurlaritza.

    Uauu! Super fashion! Webgunera sartzeko http://212.145.147.187 idatzi digute arbelean, eta bost bat minutu eman ditugu, horretara sartzeko lortzeko. Eta hau ere gaztelania hutsez. Piska bat es mucho badakizu… izena euskaraz dauka: Gazte informazioa. Nahikoa da ezta Patxi? Baztarrika… es mucho?
    gazte informazioa solo en español, piska bat es...

    Tira, gogoa piztu zait. Lan egiteko, ikasteko… edozertarako. Tweet batzuk idatzi ditut, nabigatzen hasi naiz, mozilla firefox ere deskargatu dut euskaraz… eta hau eta beste.
    Argi dago, tresnak ez nauela asko erakarri. Irakaslearen jardunak ere ez, eta gazte informatzaile bizkaitar hauen pasibitateak ere ez. Isil isilik ardiak bezala.
    Ez dakit bihar etorriko naizen ere, beharbada Ibarretxeren mitinen batera joatea nahiago… piska bat.

  • hurrengo geltokia

    zer esan?

    Zita bat daukat bihar, neska batekin.
    Zer esan ez dakidala nago, horrelakoetan ez baitut jakiten zelan erantzun, zer galdetu, nola moldatu.
    Hasiberriaren urduritasun horrek harrapatzen nau, zelan esan, zelan adierazi…
    Kafe Antzokian gaude zitatuta… eta, tximeletak sabelean.
    Izan ere bihar Anhitz elkarrizketatuko dugu, lehenengo errobot euskalduna. Neska da, eta euskaraz erantzuten ditu zientzia eta teknologiari buruzko galderak.
    Zer esan, zer galdetu ez nagoela nago ni. Lehen aldia baita errobotarekin zitatzen naizela bizitza osoan. Tximeletak sabelean, badakizue…
    Eskertuko nuke zuen laguntza, zuen galdera proposamenak….
    irratia.com saiorako da, asteazkenero 13:00etatik 14:00etara egiten duguna Bilbo Hiria irratiko estudioetatik, sarean mundu osoan entzuten dena, podcast bidez hedatzen dugun hori bera.

    eguneraketa>
    AnHitz

    AnHitz ezagutu eta elkarrizketa, dana bat. Kalabazak tarteko, entzuteko moduan dago irratia.com gunean.

  • gaztelumendi.eus

    yes we kan

    yes we kan.
    bai, guk kan
    gaur irratsaio berezia -gaur ere- egingo dugu Bilboko kafe antzokitik.
    kan: kafe antzokia, euskara, bilbo, kontzertuak, birrak, farrak, euskaraz, gaua, goiza, zenbat gara, lau, bat, hiru, bost, zazpi, musika, djak, antzerkia, umeak, gintonic, jose anjel irigaray, kantuak, bertsoak, bazkariak, egibar, goirizelaia, zu, ni, guk, euskaraz… zuk zergaitik ez?
    Ikusi duzue inoiz Azkuna antzokian?
    Ez zaio gustatzen.
    guri bai, horregatik kafe antzokia martxan nahi dugu, kan…. we kan.

    zer da zuretzat Bilboko kafe antzokia? erantzunak irratia.com emankizunean. Gaur.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi

    Hasi gara eta ez da gitxi

    Urriarekin, martxan dago martxan egon beharreko guztiak. Normaltasuna, ordutegi berriak, promesak gauzatzen edo ez… eta batez be erritmoa. Musikaren erritmora mugitzen hasi gara… eta holan hobeto ezta?

    Lagun batek esan dit, blogak twitter itxura hartu duela, what are you doing? galderari erantzuten nabilela etengabe… eta agian egia izango da. Agian bai. Blog hau, zuekaz harremanetan jarraitzeko, kontatzeko, iritzia emateko baliatzen dut. Kazetaritza eta informazio gitxiago ei dago, iritzi eta hapenning gehiago, momentukoagoa beharbada. Arrazoi izango du, baina bloga norberak gura duena denez…  gorputzak hau eskatzen dit. Eskuek hori idazten dute. Hala beharko du.

    Eta musikaren erritmora, abiatu dugu ikasturte behar duena. Ikasi gitxi beharbada, baina zer ikusi asko egon badago. Gaur irratia.com 121. saioa egin dugu Bilbo Hiria irratiko estudioetan. Dena bere lekuan. Hango esatariak. Hango lagunak. Gure teknikaria, beti lez, jenial.  Txuma Murugarrenen berri, Jabi Zabalaren adiskidantza… eta zer gehiago.

    irratia.com hasi dugu, eta ez da gitxi. Ekainean laga gendun 120. saioagaz. Eta etenaren ostean, 121. saioagaz berriro hasi. Gogotsu hasi ere. Software librea aipagai hartuta.

    Eta irrati emankizunekin hasteak, asetu egin nau. Musikari sentitu, esatariarena egin, dj-ak bagina lez. Ordu betez, lainotan egotea dakar irratigintzak. Itzela da, eta asterokoa laburrago eta intentsoago egingo digu.

    Podcast bat da irratia.com eta oso gustura egiten dugu. Entzun gura baduzu, sarean dago online.

  • hurrengo geltokia,  teknologia berriak

    lostinbilbao.tv ere denboraldi berriagaz


    Gustatu zaizu? Ni egia esan orijinaltasunak txunditu ninduen. Aurreko denboraldi ona egin badute, badirudi datorrena hobea izango dela.
    Beraien Deustuko estudiotik, irudimena, irudia eta sorkuntza lantzeko gogoz ikusten ditut lostintv-ko lagunak.
    Aurkezpena txapo!

  • hurrengo geltokia

    Hurrengo geltokia, ezin surrealistagoa

    Ezagutuko duzue Niko Vazquez, MCD taldeko sortzailea, diseinugile aparta (Eitbko txoria be egin zuen), sortzailea,infografista, artista multimedia…. eta bistan denez, bideogile itzela. Bere lanak oro imbecil.com eta grafismo.com guneetan batuta daude. 

    Guggemheim museoak YouTuberekin batera antolatutako lehiaketa irabazi du Hurrengo geltokia izeneko lanagaz. Txalogarria lana, ezin surrealistagoa.

    Ikusi gura baduzue:

    Aurki, Nikorekin egindako elkarrizketa argitaratuko dugu blog honetan bertan, aspaldiko laguna dugulako. Musikari, Internetzale, copyleft defendatzaile sutsu eta gainera, jatorra be bada, oso.
    Aupa Niko!

  • musika,  teknologia berriak

    irratia.com Kerobia eta Lauroba Bilbon

    irratia.com Entzuleak batzea dugu helburu. Astetik astera gure podcast saioak entzuten dituztenak gonbidatuz. Gure irratsaioa Internetetik entzuten dutenekin batuz, aurpegia jarriz ahotsari, entzumenari.

    Partehartzea esaten dugu, baina irratia egiten duenarentzat itzela da entzulearekin egon ahal izana. Esaten duguna, egiten duguna, jartzen dugun musika entzuleari zuzendua dago. Elkarrizketak, albisteak, gaiak, aipamenak eskaintzen ditugu, musikarekin tartekatuz.

    Eta guk jaitxo/kontzertu bat egin asmo dugu. Kerobia eta Lauroba gonbidatu ditugu gurera, Bilbora. Kerobia taldeak arrakasta itzela izan du, sarean bezala kalean ere. Eta beraiekin batera ospatu gura dugu guzti hau. Eta Lauroba talde berriagoa da, diskoa kaleratuko dute udazkenean, eta agian entzutetsuagoak izango dira gero, baina guri hori ere gustatzen zaigu. Musikaren giro underground horretan murgiltzea. Eta Euskal Herrian zer egiten den jakitea. Jendeari erakustea. Marino Goñik proposatu zigun talde hori, eta Marinok, ojo, begi ona izan du beti. 25 urte daramatza musikagintzan eta Kerobiari ere begia joko zion inoiz, lehenago beste hamaika talde fitxatu dituen moduan.

    Ikasturtea amaitzen
    Ikasturtea amaitzen joateko aitzakia da. Hurrengo urteko planak zehazten joateko. Entzuleekin partekatzeko. Ideia berriak jaso eta gure buruetan daudenak kontrastatzeko. Eta euki baditugu zenbait asmo. Bertsio berriak, ikasturteko. Aurrera goazen seinale. 8 urte daramatzagu irratigintza, teknologia berriak eta musika uztartzen. Eta pozik gaude. Oso. Eta oraindik gauza asko ditugu ikasteko, egiteko, garatzeko.

    Bideoa zuzenean
    Lostinbilbao.tv ko lagunak gurekin izango dira. Eta kontzertua ere zuzenean eskainiko dugu sarean. Gure blogetan, irratia.com gunean zuzenean ikusiko duzue. Beraz, lasai, munduaren beste puntan baldin bazaudete ere, irratia.com proiektu globala da. Euskalduna baina mundu osoari eskainia. Aprobetxatuko dugu irratiari buruzko erreportaia bat egiteko. Taldeak elkarrizketatzeko, ikusentzunezkoen munduan gure jakinmina asetzeko.

    Gogoan hartu beraz. Ekainak 12 (osteguna) Bilboko kafe antzokian.
    gonbidapen mezua info7 irratian:
    [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/06/20080610_1138.mp3]

  • musika

    josetxo anitua joan zaigu

    josetxo anituaBilbo ilunago esnatu da gaur. musikazale, rockero, antzokiko lagunak, loreak mendian dendako erosleak, disko jartzailearen doinuetara dantzan egindako horrenbeste belaunaldi… triste gaude.

    josetxo anituak agur esan digu.

    musikari handi bat galdu dugu. musikazale petoa joan da. ez adiorik josetxo.

    Bitartean, cancer moon taldearen kantuak entzun, athom rumbarekin grabatutako disko hori berriro jarri eta kafe antzokian dantzan egin beharko dugu, gora begira… diskoen kabinara. hutsunea binilozko diskoen zulo handi bat izango da.

    ARGIA aldizkarian elkarrizketa polita egin zion behinola fermin etxegoien kazetari eta lagunak.

  • agit/prop

    Argazkiari begira, 5 urte beranduago

    Ordubeteko lanuztea zegoen deitua. Gu Bilbora joan ginen, han zerbait egin asmo genuelako.
    Egunkaria itxi zutela aste batzuk, eta gizartean eragin zuen ezustekoak, mobiliazioak, elkartasuna eta bestelakoak eragin zituen.

    Bilbon, eguerdiz. Ordubeteko lanuztea.

    Kalderapeko kultur gunean aulkiak eskatu eta hartu genituen. Eta Gran Viara joan ginen, zenbait irakurle.

    Eta han, pasozebrak berdez jartzen ziren bakoitzean, egunkaria irakurtzen genuen. Gorri jarritakoan, berriz ere espaloira irakurtzera. Berdez, bide erdian. Gorriz, espaloian.
    Egunkaria irakurtzen Bilbon
    argazkia: egunkaria.info

    Euskaldunon Egunkaria itxi arren, inoiz egin genuen irakurketarik atseginena izan zen. Intentsitate handiarekin bizi izan genituen une haiek. Bitxia zitzaion jende askori. Itxierak sortutako etsipen/amorru horrek ere, bitxi behar zuen nonbait. Baina egunkaria itxia.

    5 urte igaro dira. Argazkiaren fitxak martxoaren 13an zela dio. Digitalizazioaren aroa, badakizue.

    5 urte Egunkaria barik. Gogoratzen jarrita…