-
Patakon astoa eta biok telebistan
Bart Jon Artanok ETBko nagusiak aztoratu ditu, erreportaia eskaini die albistegietarako. Eta hona etortzekoak dira grabatzera. Askizura.
Nik neure aldetik, modu naturalenean azaldu asmo diet nire bidaia.
Etorri dira kamara eta Jon. Askizun, Serorategi txakolindegiaren aurrean hasi gara grabatzen. Oinez jarraitu dugu. Mahasti artetik oso plano onak daude atzean itsasoak lagunduta. Politak irudiak. Ederra eguna.Galderak hemen, eta erantzunak hor. Astoa txintxo txintxo. Aske. Geldi. Mugitu. Nik baino hobeto hartu ditu toma guztiak. Euskaraz egin dugu elkarrizketa, eta antza kate bietan ematekoak dira. Eguerdiko albistegirako heltzea du helburu Artanok. Lortuko du. Kazetari handia da.
Guk gure bidean jarraituko dugu, lasai. Gaurko etapa laburra prestatu dut. Askizu gainetik Meagara heldu, mahasti artetik, eta handik Elkanorantz. Zarautz gainean dagoen Aiako auzoa. Txatxarrora heltzekok Joritz elkartuko zait bidean. Leire eta Asierren etxean egin dugu hitzordua. Egun bat beranduago nator, baina arrasti guztia libre hartu behar dut. Atsedena. Oraindik hartu ez dudan lehen bainua izango dut sari, zorte apur batekin Zarauzko hondartzen.
Barikua. 5 egun jadanik oinez. Nekea eta ilusioa uztartzen dira kresala, mahatsa eta gure izerdiarekin.Gaur egun Euskal Telebista
Nik ez dut telebista ikusi, baina heldu zaizkit mezuak. Horrela agertu da eguerdiko albistegi nagusian. Mila esker Jon.ETB 2 Teleberri
-
Al jazeera euskaraz nahi dugu
Al Jazeera telebistari begira gabiltza egunotan. Arrazoiak hamaika: direla Arabiar eremuetako matxinadak, Japoneko lurrikara edo arrisku nuklearra, nazioarteko egoera, kultura eta sorkuntza, twitter zelan baliatzen duten, edo iragarri diguten The Stream emankizun barria. Hara begira gabiltza hemen. Gure pantailetaraino heldu da Al jazeera.
al bisteak 2.0
Hurrengo geltokia: Al Jazeera euskaraz
Horrelako telebista bat interesgarri egiten bazaigu, zergatik ez aldarrikatu holango telebista gurean, euskaraz?
Eta hori eskatzen ez gara hasi ba? #aljazeeraEuskaraz nahi dugula eskatzen hasi gara sare sozialetan. Broma dirudi, baina ironia baino gehiago daroa berarekin aldarrikapenak.
Aldarrikapenak, berehala hartzen du itxura eta izaera sarean. Egun bakar bat, aski da…. gori gori jartzeko eskaera bera. Zuzeu.com albistegian idatzi, sare sozialetan mugitu… eta ikasi dugu euskaldunok ere, holango tresnak zelan erabili.
Eskatu? Aldarrikatu?
Gure hacker izaera frogan jarri, eta Al Jazeera bera euskaratu dugu, euskarazko edukiak sartuta. Gure iritziemaileen artikuluak, kulturgileen sorkuntza, bideoak, elkartasun bideoak, musikarien lana, iritzi politikoak…. Euskal Herritik Al Jazeera bat behar dugula aldarrikatu eta pantailaratu dugu.
Eta bapatean, Fermin Muguruzak telefonoz deitu, sarean ekimenaren berri izan duela, blogean jarri ez ezik, Al Jazeera english kateko zuzendariari deitu behar diola, asko gustatu zaiola ekimena… flipatuta dagoela, flipatzen ari dela… hiruzpalau aldiz flipatu erabili du, mugikorrean utzi duen mezuan.Sare sozialetan oihartzuna
Eskaera aldarrikapen egiteko ere, kodeak ditugu, hoiek kopiatu, sarean jarri… eta gehiago zabaltzeko.
-
Txinaurri lana
euskal kultura gaur, eta bihar
Argazkiak.org | Liburu eta diskoak, euskarazko edukiak © cc-by-sa: gaztelumendiDurangoko azoka hasten da gaur. Urteroko zita, aspalditik. Euskal kulturgintzan, sorkuntza diharduenarentzat garrantzitsua. Sosak batetik, eta topagunea bestetik. Urteko balantzea, eta urteko uzta. Merkatua da Durango. Eta merkatua ere elkarrizketak dira… ezta?
Euskarazko kultura, sorkuntza maite ditugunok badakigu ze garrantzia duten horrelako uneek, guneek. Eta gurean, sorkuntzaren adierazpenari dagokionez, garrantzitsua da, urte osoko, eta batez ere udazkeneko guztia ikustarazten baita bertan. Euskarazkoa eta bestelakoa ere.euskal kultura eta sarea
txinaurri lana
Iñaki Perurena eta
Zuzeu Komunitatea
Argazkiak.org | Iñaki Perurena eta ZuZeu komunitatea, biba zuek! © cc-by-sa: gaztelumendi
Abenduak 6, arratsaldeko 18:00etan, Durangoko Plateruenan, zita bat daukagu Iñaki Perurenarekin. Zuzeu komunitate osoa dago gonbidatua bertara: sortzaile, erredaktore, kolaboratzaile, partehartzaile, irakurle… eta zu zeu!lip dub Euskal Herrian
beste zita bat
Azkenik, abenduaren 6a, egun berdetzat deitu du Independentistak sareak. Eta besteak beste, egun horretan Independentziaren aldeko lip dub koloretsua ere grabatuko da Durangon.
-
Bideojokoak aitite amonen kontuak direla?
Zur eta lur geratu nintzen, Aiora Kintana adiskideak esandakoak entzuterakoan. Belaunaldi berriekin jokoan, gusturen karta joko, bingo eta bestelako jolasetan ibilitako aiton/amonak direla ez digu esan ba?!
Bideojokoen ikuspegi hezitzailea, kolaboratiboa, gorputza lantzen duten joera berriak (wii eta horrelakoak), interakzioa, pentsamendua lantzekoak… mundu bat dago eremu horretan. Eta ni, barka, ezjakina naiz.[ Txikitan horrelakoekin zaletasunik ez -makinetarako txanponak be urri poltsikoetan-, ordenadore kontuetan berandu hasitakoa, lehen ordenadorean 1996an izan nuen niretzat, aurretik gaztetxerako hartu genuen bat, unibertsitatean irakasleen bulegoetan egiten genituen autoediziozko kartelak… eta jokoei ez diet batere jaramonik egin inoiz. ]
Aste honetako telebista saioa prestatzen ordea, zeozer irakurri, ikusi eta murgiltzeko aukera izan dut. Jolasteko betarik ez dut hartu. Baina badago egon, mundu ikaragarri bat atzean. Softwarea, diseinua, interakzioa, ekonomia berri bat, lehiaketak, topaketak, garapenak, aplikazioak… eta gure inguruan ere jende ugari dabil langintza hoietan. Gehienak oso gazteak, baina era berean oso trebeak.
Belaunaldi berriagoek, aisialdian garrantzia handia ematen diete horrelako joko eta trikimailu digitalei. Harremanak, jolas kolektiboak, topaketa fisikoak ere bultzatzen dituzte… eta mundu horri so geratuko naiz bide batez.
Gogoeta bat, zer pentsatua ematen du gai honek. Horretan gaudela, hurrengo geltokia zein den pentsatzen hasi beharko gara. Asko egunotan BECen izango dute geldialdia.
-
munduko herri bat
Denboraldi berriari ekin diogu albisteak 2.0 saioan ere.
Hasi… Lost edo beste horrelako telesailen bat eman dezakeen fikzioarekin hasi dugu… aurreko denboraldietako irudi edo eszenak izango balira bezala. Gero, programak bere ohiko bidea hartzen du. Interneteko nabigazioak eskaini beharrean, bideoak dira nagusi oraingoan.
Hasi gara, eta pozik gaude horrekin. -
11amaika ikusteko, 11 minutu eta 11 segundutan
11amaika telebistara joaten gara astero. Eta bertan webtv apal bat egiten saiatzen. Eta sarean eskaini. Eta elkarrizketa sortzen ahalegindu. Eta horrela aste bat eta beste bat, bat eta bat magazinean.
Gureak dira ideiak eta gidoiak, gure zuzendaritzapean egiten dugu. Errealizazioan jo ta su aritzen da Lander, Oskarrek aholkuak eman ohi dizkigu, eta Anek hasieratik lagundu digu saioa patxadaz egiten. Erredakzioko Anek, edo Ainarak, edo Ziharak edo Ikerrek asko lagundu digute, asko dugu beraiengandik ikasteko.
Albisteak 2.0.011 from Albisteak 2.0 on Vimeo.
Hamaika telebista ikusi ikusten da. Horretaz jabetu gara. Orain Internet bidez, 24 orduz ikusi daiteke, munduko edozein txokotatik. Euskal Herri osoan dago ikusgai, eta horrela ikusi daitekeen telebista bakarra da gainera.
Hamaika eta Internet lotuta daude, eta horretan bidelagun gaituzte. -
zer ari da gertatzen Euskal Herrian?
Zer ari da gertatzen Euskal Herrian? galdetu dugu asteon, eta sareak damaigu erantzuna. Sarean ari da jendea idazten, sortzen, erakusten gure herrietako berri. Gure herri mugimenduetako albisteak -hedabideetan aipatzen ez diren hoiek berak- eta sareak eskaintzen digu sarelarien, blogarien, hacktibisten barri. Sarean sortzen dena erakustea du xede EuskalHerrian.info ekimen xume honek.
Sareko proiektu herritar eta libreei, bisibilitatea ematea da helburua. Bizitasuna, bisitak lortzea ekimen hoietako bakoitzak. Eta ez ordea, Euskal Herria. info berak.
Bereziki da interesgarria twitter eta facebook sare sozialetako saiakera. Berria eta teknologikoki aurreratua, RSS jarioen logikaren gainean eraikitako proiektu multimedia bat. Blogak, webguneak, argazkiak, bideoak….
Albisteak 2.0 egiten hasi ginen, baina sareko dinamikari kolorea ematea dugu helburu. Horretan ari gara astetik astera, eta benetan pozgarria da, bide horretan bidelagun asko eta asko topatzen ari garela. Hackerrak, webmasterrak, diseinu grafiko arloko kideak, irakurleak, telebista ezberdinetako profesionalak, literatura munduko adiskideak…. denetarik. Guztioi mila esker anonimo bana. Eta auzolan digital honetan, jarraitu dezagun bide berriak urratzen. Beharrezkoa da eta.
-
Euskal Herria eta Japoniaren arteko linkak
Link munduan bizi gara. Loturak. Harremanak. Bidaiak. Globala eta lokala uztartzen diren sasoia. Eta horregatik Ekialderen dauden herriek eta gurea bezalako kultura txiki batek harremana izan dezakete.
Gora Japon deitu daiteke hemengo musika talde bat, eta gizon probak egingo dituzte Tokyoko kale batean bitamina iragarki baterako. Alaitz eta Maiderren doinu batek sukaldaritza progama baten sintoniarako balio dezake, eta Gosek Japoneko bideoak aurkezten dizkigu sarean.
Albisteak 2.0 saio berezia egin dugu Japon eta Euskal Herriaren artekoa. Eta ikusirik gurean, zelango zaletasuna dagoen horrelako gaiekiko, bideoa azpititulatzeari ekin diogu, eta ea lortzen dugun japonierazko bertsiora heltzea. Demasa litzateke! Euskara bezalako hizkuntza batek, aukera itzelak ditu sareari esker. Telebista saio ttiki bati, Internetek mila aukera eskaintzen dizkio. Hoiek profitatzen asmatu beharra dago. Eta asmatzea, lagunok… inbentatzea ere badenez, ea aziertaten dugun.
-
Albisteak 2.0
Telebista eta Internet bertsio barriagoan
Eta lotsa asko barik ausartu gara gu ere. Inoren zain egon barik, ikusentzunezkoen sarean murgiltzeko beta izan dugu. Gerrilla komunikazioko ekintzetatik, iraunkorragoa izan nahi duen batera igaro gara, eta esperientzia metatzen ikasiko dugu telebistan jarduten, sarean eragiten.
Gerrilla komunikazioak hori du, ekintzetan ikasten duzula, kalean ari zarela hartzen duzula esperientzia, eta esperientziatik teorizatzen dela gero. Gogoeta batzuk abiapuntu hartu, eta beharrak erakusten dizu bidea eta norabidea.Sarea hizpide
Eta albisteak 2.0 egitarako orduan, sarea bera hartuko dugu hizpide. Euskal komunitatean sortu eta garatzen diren proiektuak hartuko ditugu gaitzat, sareko eztabaiden hariak oinarri, sorkuntzari boza ematea da helburua.TB partehartzailea
Telebista partehartzailea dugu helburu. Sareko esperientziak hori erakutsi baitigu. Baina zelan egiten da telebista partehartzailea? Guk ere ez dakigu, baina horretan saiatuko gara. Horretarako, web tb hau ikusten dutenek, mandoaren aurrean zapping egiten geratu barik, sarean sortzen jarraitu beharko dute, komunikazioan parte hartuz, hartzaile izatetatik parte hartzaile izatera….Adibideak sarean
Digg nation ezagutu dugu, sareko elkarrizketan. Irudi luke, hau hartu dugula eredu gurea egitean. Baina antza, beste askoren eredu da. Guk egin ostean jakin dugu telebista saio arrakastatsu honen berri. Zabaldu.com globala da digg eta hango albiste bozkatuenak hartzen dituzte hizpide digg nation saioko Kevin Rose eta Mickey Albrecht aurkezleek. Guk ez bezala, edaria beti eskuan dutela egiten dute saio biek. Oso sareko estetika, geek zamarra daukate, eta badirudi zintzotasun eta ondo entsaiatutako jarrera horrek laguntzen duela sarean atsegin izaten. Geek antzezpen ona egiten dute. Biek.
eduki multimedia libreak
Internet elkarrizketak direla diogunean, partehartzea, zabalkuntza, iritzi trukaketa eta erremix kultura ditugu buruan.
Hasi gara, beta saioa egin genuen eta astero emankizun bat egitea dugu orain helburu.Albisteak 2.0 Beta saioa
Albisteak 2.0Â lehen saioa:
Hemendik aurrera sareari buruzko albistegi hau, telebistan eta sarean zabalduko dugu. Herri telebistetan, blogetan, komunitatean…
-
Telebista eta Internet
Egunotan gai hauek ekarri ditugu hizpidera. Apropos? Kontestuagatik?
Esango nuke, gaiak hor daudela, eta arretaz begiratzen diegula aspaldion. Kezka sortzen dute, irrika ere bai, gogoa, ardura…
Videoweb10 burutu zen duela ez asko Bilboko eitb-ren egoitzan. Han izan ginen. Komunikaldiak dira gaur, eta lan kontuengatik bertan izango gara.
Argazkiak.org | webtv web telebista telebista Interneten
© cc-by-sa: gaztelumendiGreba Orokora | Egunkaria libre!
Ikusentzunezkoen testuingurua aztertzean baina, iaz arrakastatsuak -sarearen neurrian, beti ere- izandako bi ekimen ekarri gura nituzke hizpidera: greba orokorra eta Egunkaria libre.info. Bietan, maila aktibo batean, telebista eta ikuspegi multimedia partehartzailea, librea, irekia uztartzen saiatu ginelako. Eskura genituen tresnak baliatuta -eta ez dira gitxi, egia esan- bestelako informazioa posible dela erakutsi eta frogatu gura izan genuen. Bi adibideak, auzolanean sortutako ekimenak izan ziren. Ekimen hacktibistak, informazioaren eta adierazpen askatasunaren aldekoak. Pikete informatiboa maiatzaren 21ekoa, ozen kendu digutena salatzekoa abenduaren 17aren ingurukoa.Zu, ni, gu
Esan eta esan ari gara, ikusentzunezkoen garrantziari buruz, Telebista eta Internetaren uztarketari buruz, youtube bezalako guneek munduan sortu duten aztoraketaz. Gu geu garela informatzaileak, baita bideoen aroan ere. Baina horri gauzapen praktikoa eman behar zaio. Telebistak ez du iraultza emanen, baina guri kontatzea dagokigu. Ez du balio EITBren programazioaz edo informatiboen ildoaz kexu agertu eta ezer ez egitea. Kontatu zure inguruan gertatzen dena, parte hartu elkarrizketan, sortu bloga, utzi erantzuna…. norbanakoon indarrak ez du mugarik. Blogosferak erakutsi du, Euskal Herrian bezala, mundu zabalean ere, zertarako gai den. Denbora kontua izan da, Dan gillmor egilearen We the media eta antzeko liburuetan kontatzen zena, egiaztatzeko. Guk geuk frogatzeko. Eta urrats hori ikusentzunezkoen alorrean ere bizitzen ari gara. Aukera hori daukagu.koloretako gogoeta irratian
Eta irratiko argi gorria piztu denean, hizketaldiari ekin diogu Teketenek eta biok. Zalantzak uxatu, orain artekoak hizpidera ekarri, aukeren gainean mintzatu eta etorkizuna marrazten hasi da Gorka Julio. Koloretan atera zaio irudia, obikua da, efimeroa… joan etorriko komunikazioan. Globalizazioa bizi dugu ikusentzunezkoen kontsumoan ere, eta horri erantzun lokalak bilatu behar dizkiogu.
Musika lagun, pantaila aurrean, konektatuta, eta elkarrizketa digitaletan parte hartuta egin dugu saioa. Irratia ikusentzunezkoen laguna da, sare sozialetan mintzatu daitekena, bideoa adiskidetzat lukeena, blogariak entzule…. komunikazioaren historian, uhinek aportatu dutena ikusita… bide luzea du oraindik irratigintzak. Eta sarean ondo baino hobeto murgildu da mp3ak sortu eta RSS bidez igortzen hasi denean. Podcastinga baino gauza modernoagorik!
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100308.mp3]
Saioan zehar aipatu ditugun adibide polit batzuk:- Iparraldea XXI Dokumentala, bideo laburrak eta bloga
- ORAIN: debolex ekoiztetxearen lanak
- azpitituluak.com
Teoriatik pratikara, blogosferatik telebistara
Esan bakarrik ez, ikasitakoa frogatzea gustuko duenetakoa bazara, zu ere gutarra zara. Teoria ta pratika uztartzea, oso metodo marxista ei da. Akzioa komunikazioan. Eta horretan nahi genuke frogatu. Gauza txiki batzuk egin ostean, sareak ze aukera ematen dituen ondo asko ikasi dugu. Esanetik, eta egitetik. Bizitzetik. Eta erantzunak hor daude. Orain baina, urrats bat gehiago ematea erabaki dugu komunikazio horizontal eta libre horretan. Telebista partehartzaile bat osatzea dugu helburu orain. Eta hori zelan egiten da? Nork argituko du bidea? Zer egin daiteke?
Galdera hoiek eta gehiago guk geuk ere baditugu sorbalda gainean. Motxila bete itaun ditu gure jardunak. Baina apurka apurka, egitera goazela dirudi. Auzolanean, eragile ezberdinak inplikatuz. Telebista eta Internet uztartuz. Blogosferako esperientziak, jendea, informazioa, jakintza sozializatzera. Berriro ere gure mezuak blogosferaren bidez zabalzeko.
Horretan ari gara Albisteak 2.0 egitasmoan. Beta saio bat sarean jarri, eta elkarrizketa abiatu da. Izan ere, gaur atzo baino argiago daukagu Internet elkarrizketak direla.
albisteak 2.0
0 beta saioa
Albisteak 2.0.000 from Albisteak 2.0 on Vimeo.
Orain gurea, zurea da hitza. Bota pentsatzen duzuena, adierazi kezkak. Parte hartu elkarrizketan. Komunikazioa, azken finean elkarrizketa da.