-
m9: analisi labur bat Bilbo Hiria irratian
Astelehenero aritzen naiz Bilbo Hiria irratian, Bide gorritik atalean. Herriko gaiak batzutan, Internetekoak bestetan, politika, gai sozialak, kultura… astelehenero gai bat jorratzen dugu Mieltxo Monfortek eta biok. Galdera erantzunetan aritzen gara, barikuro adostutako gaiaren inguruan.
Gaur, zelan ez, Euskal Herriko hauteskundeak izan ditugu hizpide. Hego Euskal Herrikoak eta Espainiakoak nagusiki, baina aipatu ditugu ere Ipar Euskal Herrikoak eta Frantziar estatukoak.
Tarte hori entzun gura baduzue:
[audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/bidegorritik080310.mp3] -
m9 hauteskundeak
m7: ostirala, Arrasate
zurrunbiloa modurik gordinenean nabarmendu da. ETAk PSEko zinegotzi izandako Isaias Carrasko hil du Arrasaten. Hauteskunde kanpainan zehar, ETAk beste bi ekintza apalago egin baditu ere (telebista antena eta errepetidoreen kontra Bilbon, Derioko PSOEren egoitzaren kontra) Arrasatekoan, modurik gogorrenean erasotu du. Kalean bertan, herritar bat akabatuz. Gogorra. Berriz ere, aurreko estrategiara jauzia. PSOEri mezu zuzena.
PSOEk egun berean erreakzionatzen du, mundu bat batzen du Arrasaten bertan. Gaitzezpena. Mina. Amorrua. Komunikabideak Gipuzkoako herri honetatik zuzenean emititzen. Zapaterok Malagatik Madrilerako hegazkina hartu, eta Madriletik Arrasatera egun berean. Rajoy ere Mondragoira hurbiltzen da. Lehen kalapita PP eta PSOEren artean, udaletxeko aretoan bertan. Arreta informatibo guztia ANVk kudeatzen duen herrian. ANVk ez du erasoa gaitzezten, eta komunikatu propioa biharamunean.
Gatazkaren gordintasuna, hauteskundeetako kanpainaren azken egunean.
Informazioa, etengabe eguneratzen: goiena.netm8: erreflexio eguna
erreflexio behar zuena, mobilizazio eta komunikabide handien eguna. Emakumeen egunerako deialdi zenbait debekatuta -Nafarroan batipat-. Udaletxeen aurreko bilkura instituzionalak, Gesto Por La Pazek 120 ohiko kontzentrazio. Komunikabide gehienak, egun osoko albistegiak Arrasatetik zuzenean. Bozkatzeko deia, abstentzioaren aurrean. Hileta elizkizunak eta kontzentrazio jendetsua Arrasaten.
m9: Hauteskunde eguna
- PSOEk irabazi du Espainian. PPk hala ere, sekulako boto gorakada.
- PSEk nabarmen irabazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
- Nafarroan, UPN-k zein PSN-k boto asko. NaBai mantendu egin da. (Diputatu bat)
- PNVren beste beherakada bat. Itzela. Lehen Imaz, orain Urkullu. Beheranza oraindik. Jeltzaleen blogosfera borborka dago, adibide bat.
- Ezker abertzaleak abstentziorako jarrera mantenduz, abstentzioak puntu dexente gora. Herri txiki eta euskaldun askotan, %50etik gorako abstentzioa. Ikustekoa.
- IUk, Aralarrek, EA, eta orohar alderdi txikiek, sekulako beherakada. Desagerpenetik hurbil.
Beraz, argi dago ETAren agerpenak erabat baldintzatu duela panorama politikoa. Lehenengo aldiz, PSEk Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan nabarmen irabazi du. Bilbon zein Donostian nagusitasuna erakutsi du. Orokorrean igo ditu botoak. Debagoienean ere lehen indarra, Arrasaten ere bozka kopuru nabarmena.
PNV-k beherantz egin du. ETAren ekintzarik gabe ere, beherantz egingo luke, ezker abertzaleak deitutako abstentzioak ere eragingo zukeelako ziurrenik jeltzaleengan.
Ezker abertzalearen jarraitzaileek, ETAren agerpenaren gainetik ere, bere horretan jarraitu dute. Aski da 2004ko emaitzei so egitea (abstentzioa+nuloak> gaurko abstentzioa). Orduan Espainiako hauteskundeetan boto baliogabetzat jo zuten ezker abertzalearen hautua, egun abstentziora jo du. Emaitzak hor dira, agerian.
m10 eta hemendik aurrera
- Elkarrizketa politikoak berebiziko garrantzia hartzen du, konponbide bat bilatu gura bada.
- ETAren jarduera armatua ekiditeko, Loiolako elkarrizketak bere horretan berrartu beharko lituzkete alderdi politikoek.
- Ezker abertzalea desagertarazi gura dutenek; bere gaitasuna murrizten saiatu barik, bide politikoan parte hartzeko aukera eskaini beharko liokete.
- PSOEk, PPrekiko abantaila ez du haunditu, eta balizko prozesu negoziatzaileari begira, ez du horrek asko laguntzen. Hego Euskal Herrian gora egin badu ere, are gorago egin du PPk Espainian. Eta gaur ere, gero eta nabarmenago bi Espainia irudika daitezke: Goi partean zein behean PSOE da nagusi (Katalunia, Hego Euskal Herria-ia, Asturias, Aragoi eta Extremadura eta Andaluzia). Gainontzekoa, Gaztela osoa, Valentzia eta kostalde hori, Burgos… guzti hori PPkoa da. Madrilen PPk jaun eta jabe jarraitzen du.
- Euskal Herrian bizi dugun gatazka honek, irtenbide erraza dauka. Elkarrizketa, akordioa eta gizartearen partehartzea.
Erabilitako iturriak:
- Hauteskundeetako emaitzak: Berria.info
- Arrasateko gertaeren jarraipena: Goiena.net
- Emaitzak, konparaketak, abstentzioaren grafikoak: Gara.net
-
Astelehena da gaur
Astelehena da gaur. Aspaldi, gazteagotan, astelehena atzera begira ematen nuen. Asteburukoak kontatzea gustatu ohi zitzaigun. Non, zer, zelan, zenbat galderak erantzuten genituen, hitz jarioan.
Gogoan ditut ikasle garaiko astelehenak. Pozaren pozez. Astelehenean zer kontatu eukitzea zen gure asteburuko kezka. Eta asteburuak inbertsio gune ziren. Hobeak txarragoak beteak hutsak osoak etengabeak zoriontsuak grinatsuak tristeak lainotuak gogoratzen ditut orduko kontakizunak.
Bestela da orain, asteburukoak ahaztu gura, eta asteak zer ekarriko digun pentsatzen hasten naiz astero. Astelehenero.
Inork ez baitaki zer daukagun aurrean. Pentsaezinak direnak ere gertatu ohi zaizkigu, pasatzen dira eta. Astelehenero aurrean daukagunari aurre egiten nahiko lan. Nahikoa burukomin. Eta hastera doan hau ere… tankera horretako.
Nork igarri? Zer gertatu behar du gaur hasi eta domeka gauerdian bukatzen den aste honetan? Zenbat albiste? Zenbat gertaera? Zenbat hildako gehiago? -errepideetan, etxeetan, han hemengo gatazka guztietan, …- Zenbat?
Astelehena dela pentsatu, eta zorabio ttiki bat bizi dut. Bai badakit, datorren astelehenerako presidente berria izango dute espainolek, obispoek nagusia, patroiek non eskatu, diputatuak, ekintzak, atxilotu gehiago… datorren astelehena ere berbaz emango dugu. Gertatu denaz baino, gertatu daitekeenaz eta hori lagunok, mareatzeko modukoa da.
Astelehena da, eta aste emankorra datorrelakoan
-
Astea astinduz
Astelehena. Atsegin handiz ekin nion asteari. Hastea kostatu ez nonbait. Gogotsu nintzen, zernahitarako. Asteburu atsegina izan nuen Karrantza aldean. Gailurretan landetxean ondo hartu gintuzten, batera eta bestera hainbat ibilaldi, txango eta halako egin ostean, asko ikasi genuen gure herriaz. 48 auzo ditu Karrantzak. Euskal Herriko herri handiena izanen da ziurrenik, eta bataz beste km karratuko 13 biztanle baino ez ditu. Atara kontuak. Egun 2.800 biztanle inguru. 1900. urtean 4.000 bueltan. Baserri auzoak, behi asko, ardiak eta bestelakoak.
Asteartea. Oraindik buruan nerabilen asteburuan Mikelek -11 urteko mutiko karrantzarra- egindako galdera. Euskaraz ikasten du berak, euskaraz mintzatzeko gai da bere arreba Maialen ere. Baina eurentzat euskara eskolako hizkuntza baino ez da. Gure herriari buruz galdetu zidan, ea euskaraz egiten ote zen… eta galdera hau bota zidan:
– Zure gurasoek ere badakite euskaraz?
Baietz esan nion. Baina berak, bere adinekoekin bakarrik egin dezake euskaraz, edo bestela irakasleekin. Bizitza arruntean ez dauka euskara erabiltzerik. Mutikoaren galderak zer pentsatua eman dit.
Euskal Herria ezagutzen dugula pentsatzen dugu maiz. Euskal Herria bere zabalean, berezia da, ezberdina da, ikasteko asko dauka… eta dena ez da sartzen geografia eta historia liburuetan. Albistegi eta egunkarietan ere ez dugu dena ikusten. Euskal Herria. Karrantza, mendebalderen dagoen eskualdea. Martitzenean ondiño akorduan.
Asteazkena. Atutxak ez du justizian sinesten. Barregura ematen dit. Ibarretxe inhabilitatzeko prest dira Madrilen. PNV gure erakundeen aldeko manifa konbokatzen. Ze erakunde? ETA? 18/98ko erakunde politikoak? Instituzioetaz ari dira? Udalbiltza ere esan gura dute? Erakundeak, erakundeak…
Osteguna. Atzo. Marian Hernaniko alkatea Madrilen deklaratzen, maite zaituztegu! ozen esateagatik. Cabo Verden 22 urtez deportatuta egon ostean Endika santurtziarra hil zen, Urruñan Villabonako gazte bat atxilotuta –el mas buscado, no iba armado, no tenia documentacion falsa…. arriskutsua zinez- , Lea Artibaiko gazteak inkomunikatuta, ostia piloa jasotzen ziurrenik. Astea ez dugu ondo amaitu behar.Ostirala. Goiz jeiki eta Azpeitia aldera. Euskararen eremua. Urola ikastolan hitzaldia web 2.0 gaiaren inguruan. 30 urolako ikasle. Irakasle batzuk. Ordenadorea sarera lotu, pantaila handian erakutsi eta berba jarioa… konbentzitu ditut. 1.0 eta 2.0 bereizten dituzte. Youtubez gain, bada mundua. Sarean ibili gara, gauzak ikusten, flickr erakutsi diet -fotolog ezagutzen dute-, blogak.com, zabaldu.com, euskaltube, irratia.com… flipatu dute apur bat. Twitter gustatu zaie, eta Txioka. Eta irakasleentzat euskaljakintza.com adibide on bat, ikastolan teknologia berriak eta hezkuntza uztartzeko. (Ikasle batzuk ezagutzen zuten, EGAko ariketak direla eta, irakasleek berriz ez). Uztarria ezagutzen ei zuten -azpeitiarrek behintzat-, hori ere 2.0 dela esan diet, 1.0 zer litzatekeen beraiek asmatu dute. Pozik itzuli naiz Urolatik.
Eta orain asteburua dator. Hori hurrengorako. Bitartean, Euskal Herria hemen da. Sagardotegi garaian. Eta bihar ARGIA sarien berri izango dugu egunkarietan. Ez dakit blogaririk gonbidatu duten… hori ez da oso 2.0 ala?