• #bidegorritik,  agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    irratia.com berriz martxan

    2000. urtean asmatu genuen euskarazko irrati digitala. Aitzindaria izan zen. Eta Internet bidez euskarazko irratigintzara jauzia eman genuen, Bilboko irrati libre batetik, modem batetik, eta ordenadore bat faxaren lineara konektatuta.
    Bertsio, izaera eta modu ugari hartu ditu gure irratigintzak gerora.
    Eta 2018ko udazkenean, asteroko podcast saioa egiten dihardugu oraindik, jo ta ke!


    Musika beltza eta Angela Davis aipagai izan genituen 2016ko ilbeltzean, Angela Davis Euskal Herrira etorri zenean.

    Azken saioa entzun gura baduzue:

  • agit/prop

    bat bi hiru 10…. 40 urte egin egunkaria sortu zela

    1977ko irailaren 29an argitaratu zen egin egunkariaren lehen zenbakia. Duela 40 urte. Herri ekimenetik sortutako egunkaria. 1998ko uztailaren 15ean poliziak indarrez itxi zuena.


    Nik gazte sasoiarekin lotzen dut egin egunkaria. Akordatzen naiz 14-15 urterekin igandetako dirutik 50 pezeta gorde eta ostegunetan egin erosten nuela, bertako bat, bi, hiru musika gehigarria izugarri maite nuelako. Rock garaia zen Euskal Herrian. Musika taldeak, gaztetxeak, disko berriak, musika eztanda 80. hamarkada bukaeran.
    1986ko negutik Hori Bai gaztetxean ematen genituen ordu gehienak, eta bertako musika izan zen gure banda sonoroa. Entzuten genuena, jartzen genuena eta antolatzen genituen kontzertuetakoa.
    Orduko oroitzapenak etortzen zaizkit disko hau entzuten edo ikusten dudan bakoitzean.

    Ostegunero, asteburuko kontzertuen agenda ekartzen zuen bat, bi, hiru gehigarriak. Eta Euskal Herriko gazteriaren zati handi baten agenda funtzioa betetzen zuen.

    Egin, gazte belaunaldia, orduko borrokak, osteko gogoetak, ametsak eta lorpenak datozkit gogora orain. Indarrez itxi zuten, eta gogotsu ekin genion herrian bertan beste proiektu komunikatibo baten aldeko kanpainari. Egingo dugu! deitu genion. Eta baita egin ere. Sekulako diru bilketa egin genuen 1998ko neguan gerora GARA egunkaria izango zenaren alde.

    1998ko uztailaren 15ean itxi zuten egin.
    Hau izan zen azken egunkaria.


    Eta 40 urte beranduago oraindik bizirik eta umoretsu dirauena Zakilixut da.
    1977ko irailaren 29an sortu zen bera ere, eta oraindik -orain koloretan gainera- egunero agertzen da kioskoan.

  • ikusi eta ikasi,  info 7,  musika

    Deustuko Gazte Lokalarekin kezkatuta

    Gutun bat jaso zuten Gazte Lokalekoek. Deustun 26 urtean mantendu duten kulturgunea itxi behar dutela. 15 egun horretarako. Eta mugitzen hasi dira. Eta zelan.
    Ekintzak areagotu dituzte, jende gehiago batzen da beraien bileretara, indartu egin dute kaleko dinamika, eta sustenguak -lehendik ere bazuten nahikoa- gehitu dira.

    Telebistan eta irratian suertatu zait Deustuko Gazte Lokalaren inguruan aritzea. Informatzea. Beraien berri ematea. Ahotsa ematea. Pozik eta harro. Beharrezkoa delako, Deusturako, kulturgintzan ari den ororentzat, aske bizi nahi dutenentzat, auzokideentzat, belaunaldi berrientzat… guztientzat.

    Info 7ko Kale Gorrian saioan

    Deustuko Gazte Lokaleko istorioak ezagutu ditugu desalojo mehatxuaren erdian

    1991. urtean okupatu zuten Deustuko Gazte Lokala. 26 urteotan bertan izandako belaunaldi ezberdinetako kideekin batu ginen Gazte Lokalean betan, eta entzundako istorioak irratian hedatu ditugu. 15 eguneko epea eman zion Bilboko udalak, eta mobilizazio eta ekitaldi ugari antolatu dituzte aste hauetan guztietan. Katixa, Santi, Maza, Ane, Amaia eta Guruznek esandakoak batu ditugu.
    Irratsaioa entzuteko:

    Momentuz ez dute itxiko

  • musika

    #30egun30doinu

    …eta askoz gehiago!

    Musika asko maite dugunontzat ariketa zaila da kantuak eta diskoak hautatzea. Nahiko buruhauste izaten dugu autoan, edo etxean edo gaztetxean musika jarri behar dugunean.
    Hala ere, ekin diogu sareko jolasari. Hariak sortzeari.


  • agit/prop,  musika

    Aupa EHZ!

    EHZ festibala duela 22 urte Arrosan sortutako Euskal Herriko musika jaialdi aitzindaria da. Urtez urte iraun duena. Aurten zoritxarrez eguraldi traketsagatik bertan behera geratu dena. Erabaki gogorra. Ausarta. Baina behar beharrezkoa.


    Elkartasun erauntsia Euskal Herri osoan

    2017ko EHZ festibaleko taldeen kantu zerrenda

  • gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  musika

    Fermin Muguruza larriki saritua

    Ez da adar jotzea! Musikaren egunarekin saritu dute. Aurretik Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Ruper Ordorika saritu izan dituzten moduan. Ez da zaharra saria. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate zela hasi ziren musikariak saritzen. Berton. Ez Madrilen, edo Parisen. Hemengo erreferentziak bultzatu eta aupatzeko.
    Eta ehundaka lagun batu ginen ekainaren 21 berotsuan Victoria Egunia antzokian.

    Diskurtso ofiziala > alternatiboa

    2017-06-21, Donostia. Adarra saria, Fermin Muguruza

    Eneko Goia alkatea izan zen diskurtso ofiziala aipatu zuena. Sariaren zioak. Arrazoiak. Ibilbidea.
    Alkateari zuzen zuzendu zitzaion musikaria albotik, saria eskuetan zuela. Kortxoenea ekarri zuen gogora. Gaztetxeak. Aretoak. Bukowski bereziki.
    Eta txalo zaparrada luze eta hunkigarria entzun zen publikotik. Kontzertu batekoa baino intentsidade handiagokoa.

    Micaela Chalmeta sekulako neska banda


    Bartzelonatik etorritako hogeikotea, sekulako haize sekzioa, bateria sendo eta bizkor bat eta arreglo oso potenteak. Muguruza berriz dena emateko prest, istorio kronologiko bizia, tartean joandako lagun asko gogoratuz -aita, musikari lagunak, eta azkenaldian joandako hiru adiskide: Jon Arretxe, Hasier Etxeberria eta Juanba Berasategi; eta une hunkigarrienetako bat bigarren lerroko kantua Amaia Apaolazari eskani zionean-.
    Kontzertu intentsoa. Bakarka ibilbideko kantu esanguratsuak, Kortatu garaiko himnoak, Negu Gorriak sasoiko hiruzpalau baino ez. Baina esanguratsuak.

    brass dub manifest!

    donostia kulturak egindako txio kronika momentua


  • agit/prop,  musika

    New Orleanseko doinuak Nafarroan

    Nafarroa berezia da. Ez dago esan beharrik.
    Punk mugimendua sortu zenean, Tijuana in Blue beste banda guztietatik ezberdina zen.
    Heavy banda kañeroena izan zen Txantrean sortutako Barricada, eta barrikadaren alde berean jarri ziren heavyak eta punkiak.
    Urte batzuk beranduagoa Mexikoko doinuak kantatzeari ekin zioten Huajaloteek, euskaraz Napartheid eta Intsumisioaren doinuak egin zituzten.
    Bizardunak taldearekin irish kutsua hartu zuen hiriburu zaharrak.
    Eta orain brass band baten atzetik kalean doaz guztiak, aldarrika. Sanferminetan txarangekin bezala, umeak kiliki eta buruhandien atzetik doazen gisara.

    Sigue adelante

    Antropologo amerikar batek idatzitako liburua argitaratu dute Katakrak-eko lagunek. Musika, soziologia, hango borrokak, bigarren lerroa eta beste zenbait kontu interesgarri orri artean. Fermin Muguruzak hitzaurre ederra eskaini dio. Gaztelaniara ekarri dute Matt Sakakeenyren lana. Arraza, boterea eta musika barra barra.


    Elkarrizketa-erreportajea idatzi nuen GARA egunkarian, bi itzultzaile -Xabi Maeztu eta Luis Soldevila- eta Katakrakeko sukaldariei egindakoa.

    Sigue adelante liburuari buruz Xabi Maeztu eta Luis Soldevila sukaldari/itzultzaileekin.
    Sigue adelante liburuari buruz Xabi Maeztu eta Luis Soldevila sukaldari/itzultzaileekin.

    New Orleans – Iruñea playlist bat

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  musika,  teknologia berriak

    Hala Bedi komunikazio libre eta alternatiboa

    Hala Bedi Gasteizen sortutako irrati librea da. Baina gaur egun, irrati bat baino askoz gehiago da Hala Bedi. Proiektu komunikatibo integral eta multimedia da, dudarik gabe.
    halabedi
    Sortu zenetik irrati librea erreferentzia izan da; ez soilik Gasteizko alde zaharrean eta inguruan, ez horixe. Arabako eskualde ezberdinetan laguntza taldeak eta antenak sortu eta jarri izan ditu. Tokian tokiko informazioa landu du. Magazineak sortu ditu goiz eta arratsaldez (Suelta la olla edota Zebrabidea), beste irratiekin franjak eta saioak konpartitu ditu, eta gaur egun herrialde ezberdinetan entzuten dira Gasteiztik ekoiztutako saioak. Etengabeko kolaborazioan ari da Euskal Herriko beste irrati euskaldun eta libreeekin.

    Irrati librea baino gehiago

    Gaur egun Hala Bedi bat eta Hala Bedi bi -euskarazko kanala- ditu irratiak. Programa mordoa. Giro itzela. Entzungarriak diren kuñak. Saio mitikoak eta sortzen direnak. Magazine konpartituak beste irrati libreetan – Suelta la olla Bilboko 97 irratian, Hala Bedin bertan, Eguzki irratian… eskaintzen da besteak beste-, eta Zebrabidea Arrosa sareko irrati ezberdinetan entzuten ahal da.
    Sarean ere aspalditik emititzen duen irratia da. Zelan ez. HalaBedi.org Interneten hastapenetan sortu zuten, eta zuzeneko emisioa eta podcastak egiten denbora dexente daramate arabarrek.

    Sare sozialetan bizi bizi

    Hala Bideo

    Hala Beditarrak

    Hala Bedi Rock

    Ikuspegi transmedia, bizia, horizontala eta soziala

    Medio alternatiboa da Hala Bedi. Herri mugimenduaren parte da. Herri mugimenduekin batera ari da, lanean, sarean, uhinetan… Baina mugimendu sozial gisa ere, aberatsa da. Taberna bat dauka Gasteizko alde zaharrean, espazio soziala. Bere kamisetekin milaka lagun ikusiko dituzu nahinon. Ekitaldiak antolatzen dituzte beste elkarte, gaztetxe eta mugimenduekin batera. Bizitza kulturala dauka.
    Komunikazioa, agitazioa, kaleko espresio ezberdinen gune anitza delako. Transmedia. Horizontala. Bizia. Eta oso soziala.

  • agit/prop,  musika

    Pete Seeger Euskal Herrian

    Atsegin ditut kantautoreak. Are gehiago beraien letrekin mundua aldatzeko indarra erakusten dutenean.
    Pete Seeger abeslariaren berri Benito Lertxundiren bitartez izan nuen. Maiz aipatzen zuen. Zelan bera Euskal Herrira ekarri zuten Ez dok amairukoek, eta gerora bere bertsioa.
    Bart Pete Seeger omendu dute Arriaga antzokian. Lou Topet taldeak zuzeneko emanaldia egin du bere kantuekin. Eta hainbat euskal artista ezagun gonbidatu dituzte eskenatokira. Jende asko batu da antzokian. Eta pozik atera dira gehienak.

    Ez dok amairu

    1971. urtean ekarri zuten Victoria Eugeniara. Eta orduko argazki bakarra dago sarean, Josemari Velez de Mendizabalek jarria.

    Pete Seeger Donostian Lete eta Artze begira dituela.  Argazkia: JM Velez de Mendizabal
    Pete Seeger Donostian Lete eta Artze begira dituela.
    Argazkia: JM Velez de Mendizabal
    Diario Vascon.
    Diario Vascon.
    seegerED13
    ARGIA aldizkarian

    Herri irratian orduan, Euskadi irratian orain


    2014an Pete Seeger hil zenean berreskuratu genuen gure memoria. Artxiboetan audioak bilatu eta Ez dok amairukoen kontzertuaren berri eta Herri Irratian Joxe Mari Iriondorekin 1971an egindako elkarrizketa entzungai dago zorionez.

    Loraldia jaialdian

    euskal bertsioak, ugari

    Benito Lertxundiri Larrabetzuko frontoian antolatu genuen kontzertuan entzun nion lehen aldiz Pete Seegerren bertsioa. Gerora asko entzun da, artean argitaratu barik zeukan, eta atsegin izan nuen. Gari abeslariak ere egin zuen Eutsiko diogu kantuarena, eta orain Lou Topet taldeak 5 kantu argitaratu ditu, oso edizio berezian. Harkaitz Canok orain eta hil zenean Josu Landak hainbat kantu ekarri zituzten euskarara. Hori ere badugu.


  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  literatura,  musika

    Udagoieneko kultur eskaintza oparoa

    Liburuak, diskoak, opariak, bildumak, bitxikeriak, kontzertuak, aretoak, emanaldiak, erosketak…. udagoienarekin hasi dira negu aurreko lanak plazaratzen.
    Pozik nago. Kulturaren inguruan aritzen garenontzako sasoi emankorra delako hau. Hasi gara saltzen, eskaintzen, aurkezten, prestatzen, erakusten…. eta batez ere gehiago irakurtzen, entzuten, gozatzen.

    Susa Franco sasoian

    Susa literatura argitaletxearen udazkeneko liburu ekoizpenak gerra osteko sasoia eta Franco hil aurretikoa biltzen du. Kirmen Uribek Ondarroako bikote baten ibilerak eskaintzen dizkigu Elkarrekin esnatzeko ordua nobela ezin narratzaileagoan. Kazetaritza erreportaia literario arnas luzeko bat. Mussche idatzi ostean, badirudi gustua hartu diola horri.

    Feriatzaileak lehen liburua du Patxi Larrionek, eta 1969ko aste bateko kontuak dakartza zine errodaia baten aitzakian. Militarrak, birigarroak, karlistak, familiak, amarruak Iruñea eta Nafarroako Urbasa inguruan. Ri rau irakurtzeko nobela ezin interesgarriago bat. Badu beltzetik, badu memoriatik, badu zinematografikotik… eta batez ere badu -eta asko- Larrionetik.

    Koldo Izagirrek, Sua nahi Mr Churchil? ipuin liburua plazaratu zuen duela urte batzuk, garai haren segidan datozen beste 9 narrazio eskaintzen ditu orain Franco hil zuten egunak berri honetan. 9 pasadizo, gertaera… Pasaian eta inguruan kokatuak.

    Mitxel Sarasketa eta Bide Ertzean

    1998ko abendua. Lizarra Garazi garaiko lehen negua. Dana lanbrotute ikustot ikuskizuna. Gu Tas Tas irrati librean asteroko Ai eneak! saioa egiten Basauriko presoentzat. Mitxel Sarasketak 20 urte espetxean. Omenaldia Eibarren. Bide ertzean sortu da. Lehen maxia. Bai euskarari jaialdia 5 estadioetan. Mitxel askatu dute omenaldia baino aste pare bat beranduago. Ongi etorria Eibarren. Bide Ertzean kontzertuak ematen.
    Urteak igaro dira, disko mordo bat. Ataramiñe sortu zuen Mitxel Sarasketak beste preso lagun eta kide askorekin.
    Urteotako soinu banda izan dugu etxean, lagunartean eta bikotearekin. Zutaz kantatzeko irakurri edo entzun… eta bakoitzak badauka zu bat kantatzeko. Kantu bat gure minari. Lur bat gure ametsei.

    Mixtape bat, sarean gozatzeko


    Gorka Suaia eta Kimo dira. Kantaria eta musika eta disko jartzailea. Eta youtubeko bideo honetan egin duten mixtape hau ikaragarri interesgarria egin zait. Kantuak aukeratu eta automatikoki aktibatzen direlako… hiperloturak egiteko modu erakargarria.

    Zea mays taldearen beste bideo izugarri bat

    Zea Mays taldeak Negua joan da eta kantuarekin goia jo zuen. Kantua ederra bazen ere, bideoak zoratu egin gintuen. Eta irauten du. Gerora ere obra itzel batzuk egin izan ditu Gaizka Izagirre bideogileak. Zuzeneko irudia eta argiztapena egiten iaioa da… eta Harro azken lanerako burutu duen lana….. izendaezina da. Bestelakoa!
    Time lapse bat asmatu dute grafitiekin. 8 argazki segunduko bideo honetan… 2000 margoketa eta argazki inguru klip ikaragarri hau egiteko. Garikoitz Arregi grafitigilea eta Gaizka Izagirre errealizadoreak irudi biziak jarri dizkiote Zea Mays taldearen Orain kantu ederrari.

    Etorriko direnak

    La Basu, Fermin Muguruza, Zazkel, Anari, Ruper Ordorika, Neighbor, Lekore literatur aldizkaria, Joseba Tapiaren liburua, maketa berri batzu, edota garai bateko Ikuska kultur laburmetraiak…. ederra izango da aurtengo neguan, sutondoan musika entzun, bideoak ikusi edota liburuak irakurtzen egotea… beste ezertarako denbora barik.