• agit/prop,  teknologia berriak

    Soitu.es itxi dute, Indymediarekin ezingo lukete

    dont hate the media
    become the media


    Soituren itxiera izan zen atzoko albiste nagusia inguruko sarean. Espainiako albiste gune garrantzitsu eta ezberdinena itxi zuten, finantziazio arazoak tarteko. Gauza jakina da BBVA banketxeak diru mordoa zuela jarria Gumersindo Lafuenteren eduki digitalen proiektu honetan.
    Nik aitortzen dut, soitu.es eta bere sareko ekimenak asko gustatu zaizkit. Jarraitzailea izan naiz, artikulu asko irakurri eta ideia asko konpartitu ditut soitun. Informazioa lantzeko beste modu hori erakargarri egiten zitzaidan.

    Baina Interneten aspaldian berriz ere -batipat 2.0 aro berri honetan- negozioen inguruan dagoen eredu ustelak ez nau erakartzen. Ondo dago jendea partehartzen ikustea, oso ondo dago web sozialagoa egin gura izatea, ondo daude tresna guzti hauek… baina eredu ekonomikoa ustela dute askok eta askok. Pelotazoaren kultura (dotcom burbuila gogoan) ez da eten. Enprendedore eta CEO gazte eta ez hain gazte flipatu gehiegi somatzen da Interneti lotutako ekimen asko eta askotan.
    Eredu horrek porrot egitea, normala da. Gehiago kapitalismoaren eta finantza globalen krisi honen erdian.

    Indymediaren eredua
    Partehartzea, argitaratze irekia, jerarkiarik eza, erredakzio horizontala ez daude hain modan. Baina ez dute zertan porrot egin behar. Indymediarena izan zen, komunikazioaren aroan ezagutu dudan aurrerapausu handiena. Urrats garrantzitsuena kazetaritza eta komunikazio molde hiritar eta partehartzailean.
    Indymedia ezin du banketxe batek zarratu. Ez inbertsiogileen porrotak, ez krisi kapitalista batek. Agian polizia eta juezak saiatu daitezke Indymedia lokalen bati presio egiten. Baina sarea bera, globala da dagoeneko. Eta Indymediak hamaika gune ezberdin ditu. Ilusioa, borondatezko lana eta mundu libreago baten aldeko determinazioak egiten du, han hemenka ehundaka aktibistek informazio librearen alde jarraitzea.
    Indymediak ere behar ditu aldaketak, berrikuntzak, itxura modernoagoa, software azkarragoak…. baina ziurrenik lortuko du hori eta gehiago ere.
    Informazio librearen bidean urratsak emango ditu, emango ditugu.

  • agit/prop

    Ino libre

    Bulegoan sartu, eta irratia piztu dena bat. Ordenadorea abiatzen. Arratsaldeko lauretako albistegia Euskadi Irratia. Informatiboak esaten zuena ezin sinetsi nuen.
    Bulegorako bidean, margoketa erraldoia ikusten dut egunero. Eta, benetan diotsuet, Ino ateratzen denean margoketa horrekin zer egin beharko litzatekeen pentsatzen egon naiz.
    -Ez da posible! halakorik.

    Albiste ona dudarik gabe. Laurak, bostak, seirak, zazpirak, zortzirak…. Bederatziak igaro direnean kaleratu omen da. Sms bat jaso dut Soto del Realetik, kanpotik. Ordurako etxera bidean ziren zinegotzi, lagun eta Ino Galparsoro.

    Orduak erraz joan dira gero. Minutu etengabeak. Kazetariek kontatu dute herri mailan, albistegiak ireki ditu Euskal Herriko eta Espainiako komunikabideetan. Jendearen bihotz taupadak azkartu dira. Besarkada estuak. Hitz gozoak.

    Ino libre

    Albiste ona. Albiste on bat. Ez da gutxi.

    Arrasatek aspaldi honetan zer bizi izan duen, hangoek bakarrik dakite. Aurrera bolie!  Merezi duzuen alkatea daukazue, benetan. Inok herri zoragarria duela aitortu du plazan bertan, jendeaurrean.

    Goizaldeko laurak. Autoa hartu eta irratia piztu. Dena bat. Albistegia hasi dute. Kontatu behar duten guzti hori badakigu. Gainera leherketa txiki bat izan omen da Andaluziako kostaldean, krisiaz berba egin du ekonomia ministroren batek, Errealak marokoar bat fitxatu du. Etxera bidean noa. Pozik. Jornada laborala ez dakit, baina egun itzela izan da gaurkoa. Ez daukat astelehenik.

    Eta gaur, berriz, irakurri eta idazteari ekin diot.

    Albistea Goiena.net eta Mondraberri Arrasateko herri komunikabideetan.
    Kontakizuna aurrerabolie.org gunean
    Wikipedia entziklopedia librean dagoeneko eguneratu dute Inori buruzko sarrera, txapo!
    Iban Arantzabal adiskidearen post-a.

  • agit/prop

    Argazkiari begira, 5 urte beranduago

    Ordubeteko lanuztea zegoen deitua. Gu Bilbora joan ginen, han zerbait egin asmo genuelako.
    Egunkaria itxi zutela aste batzuk, eta gizartean eragin zuen ezustekoak, mobiliazioak, elkartasuna eta bestelakoak eragin zituen.

    Bilbon, eguerdiz. Ordubeteko lanuztea.

    Kalderapeko kultur gunean aulkiak eskatu eta hartu genituen. Eta Gran Viara joan ginen, zenbait irakurle.

    Eta han, pasozebrak berdez jartzen ziren bakoitzean, egunkaria irakurtzen genuen. Gorri jarritakoan, berriz ere espaloira irakurtzera. Berdez, bide erdian. Gorriz, espaloian.
    Egunkaria irakurtzen Bilbon
    argazkia: egunkaria.info

    Euskaldunon Egunkaria itxi arren, inoiz egin genuen irakurketarik atseginena izan zen. Intentsitate handiarekin bizi izan genituen une haiek. Bitxia zitzaion jende askori. Itxierak sortutako etsipen/amorru horrek ere, bitxi behar zuen nonbait. Baina egunkaria itxia.

    5 urte igaro dira. Argazkiaren fitxak martxoaren 13an zela dio. Digitalizazioaren aroa, badakizue.

    5 urte Egunkaria barik. Gogoratzen jarrita…

  • agit/prop,  teknologia berriak

    #Egunkaria libre saio berezia irratia.com emankizunean

    2008ko otsailaren 20an, bost urte atzera.

    Guk ere, irratia.com emankizunean zeozer berezia egin gura genuen. Egin gura eta egin. Andoain, Bartzelona eta Bilbo lotu ditugu irrati bidez, eta gure uhinak zabaldu eta gure irratsaioa mundura zabaldu dugu.

    Egunkaria libre! @ irratia.com

    Emankizu berezia izan da. Andoaingo ekitaldiari buruz berba egin digu Juan Luis Zabala Pipi kazetari eta idazleak; Bartzelonako ekitaldiak eta elkartasuna izan ditu hizpide Jon Elordik, eta Bizkaian antolatu direnei buruz berba egin digu Gotzon Hermosillak.

    Sarean Egunkariaren aldeko elkartasunak izan duen oihartzunaz be mintzatu gara.
    Kauta, Conxita, Ruper Ordorika, Hertzainak… izan ditugu entzuteko. Kantu hautatuak. Horretan ere fin ibili da Ibon gure teknikari eta argazkilaria.

    107. saioa entzun gura baduzu:

    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom080220.mp3]

  • agit/prop

    Zaindu maite duzun hori #Egunkaria libre!

    Kantu hau entzuten dudan aldiro, Euskaldunon Egunkaria etortzen zait burura. Badakit, Ruper Ordorikak ere, sasoi horretan sortu zuela kantua. Bost urte igaro dira, baina hutsunea nabarmena da.
    Gaur beraz, kantu bat, hutsune hori betetzeko. Kantu hau, 5 urteotako zuloa estaltzeko. Kantu bat minari eusteko. Kantu bat, negar malkoak lehortu, eta ukabilak zabaldu eta idazten jarraitzeko.

    Egunkaria libre! ozen esaten dugu. Gaur eta hemen. Larrabetzun, Andoainen, Bilbon, Euskal Herrian.

    Technorati: Egunkarialibre!